Pertsonak pasa, erakundeak geratu
Lerro hauek idazten hasi nintzenean, Illarra oraindik Realeko jokalaria zen. Lerro hauek argitaratzen direnean Reala utzi eta Real Madrideko jokalari bihurtu da. Tartean, ia 40 milioi. Astakeria bat.
Illarrak Bahía Internacional izeneko enpresako aholkulariak ditu. Enpresa hau punta-puntakoa da futbolariak alde batetik bestera eramateko orduan. Jokalariak kristoren denboraldia egin zuen (tartean, Europako txapeldun 21 urtetik azpikoen mailan) eta mundu mailako klub indartsuenetako batek, Real Madrid ahalguztidunak, fitxatu egin du.
Illarrak Reala utzi eta beste nonbaiten jokatu nahi badu, ezer gutxi dut esateko. Klausula pagatu eta kitto. Realean bertan jokatu nahi duen jendea nahi dudalako.
Hori bai, zaila egiten zait ulertzen Mutrikutik apenas atera den gazte bati zer kristo galdu zaion Madrilgo oihanean. Oso jokalari ona da, baina uste dut goizegi utzi duela Reala eta gaizki pasako duela gauzak okertzen badira. Iruretak zioen bezala, aldagela batean 22 enpresa daude eta aldagela hori ez da nolanahikoa.
Realzale gisa, oso tristea da ikustea apenas 50 partida jokatu dituen jokalaria nola eramaten duten. Bere garaian, bospasei denboraldi egin zituzten Bakerok, Txikik eta Rekartek Bartzelonara joan aurretik eta 100 partidatik gora jokatu zituen elastiko txuri-urdinarekin Xabi Alonsok. Argi hitz egin zuen agurreko prentsaurrekoan Aperribayk, harrobia lantzen duen talde batek babesa behar duelako.
Kezkagarria da ikustea Realean 10 urte daraman jokalari bat ez dela gai baloratzeko beste gauzen gainetik azken hamarkadako denboraldirik erakargarrienaren aurrean gaudela eta kristoren zuloa uzten duela. Juan Rodríguez Millánek ondo baino hobeto adierazten du ideia hau.
Dena den, aurrekoan bota nuen twitter-en realzaleek ez zutela ahaztu behar iaz Javi Martínez eta Llorente auziak zirela eta botatakoak. Berdin pentsatzen dut gaur egun ere. Alde horretatik, behintzat, Illarra ezin da kexatu (Zubietan zaleek kristoren harrera egin zioten ostegunean eta zuzendaritzak babestu du agurreko prentsaurrekoan).
Illarraren garaia pasa da (futbolak buelta asko ematen ditu eta igual bueltatuko da; ateak zabalik izango ditu), baina garbi dago erakundeak jarraituko duela. Ez da komeni albo batera uztea Athletic-ek amaitu berri den denboraldian eta guk duela hamar urte egindako hankasartzeak. Ea zerbait ikasi dugun.
Orain gogoan ez dudan jokalari batek zioen polita dela talde handi batean jokatzea, baina askoz ere politagoa dela zure taldearekin horien kontra jokatzea eta irabaztea. Hori da Illarrak galdu duena.
Kitto. Ez dut honi buruz gehiago idatziko. Ilusioz beterik ekin beharko diogu denboraldiari, taldea eta entrenatzailea babestu eta aurrera egin.
Martín Lasarte style, "¡no se desunan!". #realsocialismo style.
Las personas se van, las instituciones permanecen, este apunte en castellano.