Gaur ere futbola ari du
Neguak, edo negu faltak, ez dit onik egin eta ez nago Anoetara joateko moduan. Taberna batean sartu naiz hasi berria den lehen zatia ikusteko.
Taberna garai batekoa da. Gehienak gizonezkoak gara. Jende nagusia, batez ere. Ez dago giro berezirik. Telebista partida ematen ari dira.
Barran tokia hartu, edatekoa eskatu eta pantailari begira jarri naiz. Aldameneko mahai batean dagoen gizon bati erreparatu diot. 70 bat urte izango ditu, bibotea, trakets mugitzen da bezero eta mahaien artean. Hitzak ere kostata ateratzen direla konturatu naiz.
Txikitan bozgorailua irentsi zuen zerbitzaria hurbildu zaio esateko ezin dela mahaitik altxatu, erori egingo dela aurrekoan bezala. Bere tokira itzuli da.
Handik gutxira baina, errepikatu egin du jokaldia gizonezkoak, Vila-realeko jokalaria izango balitz bezala. Bai, saiatu da, baina Realekoa ematen zuen, arin etorri baita zerbitzaria bi minutu lehenago esandakoak errepikatzera.
Serio-demonio hitz egin dio oraingoan eta hortik aurrera ez da tokitik mugitu.
Beste bezero batekin komentatu du tabernariak aurrekoan erori eta min hartu zuela. Emazteak tabernara lagundu eta bertan utzi duela bakarrik. Horrela ezin dela jokatu. Ardura gehiegi dela berarentzat.
Tabernako adinaren batez-bestekoari erreparatu diot berriro. Ikusi dudan paisaia ez zait batere gustatu. Hogeitabost urte barru horrelakoa izango naiz ni?
Ispiluaren beste aldean ikusitakoa ez zait batere gustatu. Tira, gaur ere futbola ari du.
Hoy también hace fútbol, este apunte en castellano.