Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Garapen teknologikoak desagertaraziko dituen lanpostuak

Garapen teknologikoak desagertaraziko dituen lanpostuak

Mikel Iturria 2014/04/21 22:00
Atzo, igandea, Euskadi Irratiko Amarauna saioko blogarien tartean software automatizatuak oinarrizko hainbat lan egingo dituela izan genuen aipagai.

Martxoaren erdialdean Bill Gatesek emandako hitzaldi baten haritik tiraka, La Vanguardia egunkariak bi orrialde eskaini zizkion gaiari: ¿Trabajo sin trabajadores? (paperean ikusi nuen nik eta sarean harpidedunentzat da soilik).

Ordubete pasatxoko solasaldia izan zuen Bill Gates-ek AEI institutuan eta bertan esan zuen 20 urte barru software automatizatuak oinarrizko hainbat lan egingo dituela eta gaur egungo lanpostu asko desagertu egingo direla.

Hilabete batzuk lehenago, urte hasieran, The Economistek erreportaje luzea eskaini zion gaiari: The Future of Jobs: The Onrushing Wave.

Desagertzeko zorian dauden lanbideak

Pasa den mendeko 70. hamarkadatik, kutxazain automatikoek bankuetako hainbat langileren lanak egiten dituzte, testu prozesatzaileek mekanografoak baztertu dituzte, ahots-teknologiak telefonistak ordezkatu dituzte, logistika eta kontabilitate software-ak kontableak baztertu ditu eta edizio elektronikoak tipografoak.

Zeintzuk dira desagertzeko aukera gehien duten lanbideak? Kualifikaziorik eskasena dutenak eta makinek hobeto eta merkeago egingo dituztenak, noski: teleoperadoreak, estolden mantenimendu lanak, aseguru enpresetako langileak, erlojugileak eta erloju-konpontzaileak, merkantzien karga eta deskarga lanak egiten dituzten langileak, aholkulari fiskalak, liburutegietako teknikariak, datu prozesatzaileak, saltzaileak, kutxazainak, pakete-egileak, mekanikariak, kreditu-analistak, harreragileak, zerbitzariak (kamareroak), gidariak (Google car delakoak Kalifornian), zaintzaileak, tren-gidariak, etxe-saltzaileak, idazle teknikoak...

1eko eskalan, 0,2tik behera aipatzen diren lanpostuak ondorengo hauek dira. Hau da, lanpostu hauek ez leudeke desagertzeko zorian: Suhiltzaileak, 0,17; editoreak, 0,006; elizjendea, 0,008; kirol entrenatzaileak, 0,007; dentistak, 0,004; aisialdirako terapeutak, 0,003.

Oxford unibertsitateko James Martinek dio hogei urte barru Erresuma Batuko lanik erdienak desagertu egingo direla eta ordenagailu eta roboten esku geratuko direla. Carl Benedikt Frey eta Michael A. Osborne bikoteak AEBetako 702 lanpostu aztertu dituzte eta beraiek diote horietako %47 desagertzeko bidean daudela (The Future of Employment... pdf formatuan; laburpen oso grafikoa hemen, Profesionales que serán sustituidos por máquinas).

Erik Brynjolfsson eta Andrew McAfee irakasleek The Second Machine Age argitaratu zuten urte hasieran (bitxikeria bat: Amazon-en ikusi dut merkeagoa dela papereko liburua, e-booka baino; 17 dolar lehenak, ia 22 dolar bigarrenak).

Liburuan irakasle hauek aipatzen ei dituzte makinen bigarren aro honek dituen arriskuak, baina baita aukerak ere. Beraiek defendatutako tesia da iraultza digitala areagotzen ari dela eta gizarte desorekatuagoa sortzen ari dela, batez ere klase ertainei eragiten diolako.

Ludismoa eta selfactina

La Vanguardiako erreportajeak, ludismoa eta selfactina aipatzen ditu (Eric J. Hobsbawmn historiagileak “errebelde primitibo” deitutakoak).

Ned Ludd 1799an hainbat ehungailu txikitu zituen ehule bat izan zen. Sinbolo bihurtu zen eta haren ekintzak ludismoa sortu zuen.

Selfactinen gatazka izena hartu zuen Katalunian: self-acting makinen kontrako protestak, milaka iruleren lanpostuekin bukatu baitzuen ehungailuak. 1854ko uztailaren 14an istilu galantak egon ziren (hainbat fabrika txikitu eta su eman zieten). Azkenik, negoziazio kolektiboa egon zen nagusien eta langileen artean.

Uber: autoa konpartitzeko aukera Bartzelonan

Irratsaioan ez genuen hau aipatu, baina Motorpasion.com webgunean irakurri dut autoa konpartitzeko Uber zerbitzua jarri dutela martxan Bartzelonan. Lehen zerbitzua apirilaren 11n egin zuten eta debalde atera zitzaien (promozioan daude, lehen 15 euroak debalde).

UberPOP zerbitzua da Bartzelonan abiatu dutena: profesionalak ez diren txoferrekin. Dirudienez, AEBetako enpresa honek eskaintzen du beste hiri batzuetan zerbitzua gidari profesionalekin.

Zeintzuk dira txoferra izateko baldintzak? 23 urte izatea, gida-baimena izatea, autoaren aseguru pertsonala eta lau ateko modeloa.

Ez da dirurik eramaten soinean eta aplikazio baten bidez kontratatzen da.

Ez dago batere garbi legala ote den jarduera hau Espainiako Estatuan. Gozoak daudenak taxistak dira eta Bartzelonakoak hasi dira protestak egiten. Frantziako Estatuan, berriz, istiluak ere egon izan dira Uber dela eta ez dela.

Las profesiones que se llevará por delante el desarrollo tecnológico, este apunte en castellano.

etiketak: bill_gates, ekonomia, lana
Iñaki Murua
Iñaki Murua dio:
2014/04/23 08:43
Eta editorearen kontua ez nuela argi ikusten hasieran ;-)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter