Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Gainbeherak ez dira beti tristeak

Gainbeherak ez dira beti tristeak

Mikel Iturria 2015/10/04 22:55
Badira aste bikainak kultur eskaintzari dagokionez. Ez kopuruagatik, kalitateagatik baizik: Rafael Berrio & Banda eta Oskar Alegria.

Asteazkenean etorri zen Oskar Alegria Donostiara esku artean dituen proiektu batzuk erakustera. Jon Benitok eta Beñat Sarasolak antolatutako #Berrirakurtzen programaren denboraldi berriaren lehen ekitaldia izan zen nafarraren markoa.

Berandu iritsi nintzen KMKra eta galdu egin nuen hasiera. Ulertu nuenez, aitak (Jesus Alegriak) idatzitako Artazu liburua izan zen hitzaldi-performancearen abiapuntua. Aretoan sartu nintzenean belardi baten argazkia zegoen pantailan. Gu bezalakoek belar berdea ikusten genuen fotoan, baina Oskarrek galdetu zuen ea zenbat belar-mota identifikatzeko gai izango ote zen pertsona adindu bat. Belarrak identifikatzeko olinpiadak antolatu behar zirela eta lehiaketa horretarako txapeldun bat bazuela berak: 31 belar mota ezagutzen zituen baserritarraren ahotsa entzun genuen.

Gainbeherei buruzkoa izan zen saioa eta hainbat gauza erakutsi zizkigun. Adibidez, biniloa bezala galbidean dauden txorimaloak (biniloaren arrazoi berberengatik desagertze bidean daudenak, Oskarrek esan bezala: CDengatik).

Gainbeherak gora eta behera, Pirinioetan 1000 metrotan urte luzez bizi izandako hainbat artzainen bordetan pasatutako azken eguna (gaua barne) grabatzen ari dela aitortu zigun. Harrigarriena dela nola altuera horietan hain ondo egokitzen den jendea ze azkar gaixotzen den herrira jaisterakoan.

Ilunpean uzi zuen aretoa artzain batek lotarako kandela itzali zuenean eta euskaraz hasi zen orduan Oskar. Bere ametsa Francisco Albistur Albistur bezalakoa izatea dela. Umetan uda pasatzen zuen herrian bi euskaldun egoten zirela: Francisco eta Oskarren osaba bat. Angelusaren orduan biak ibaiaren albo banatan elkartzen ziren euskaraz mintzatzera. Horregatik euskara garai batean ibaiko hizkuntza izan zela berarentzat.

Francisco duela urte batzuk hil egin zen eta inoiz ez omen zuen dirua erabili, beti trukea erabiltzen baitzuen beharrezkoa zuena eskuratzeko. Argazki bat pantaileratu zuen. Lagun bertsolari bati hura erakutsitakoan "gizon orekatu" baten planta zuela esan ei zion. Alegria bezain orekatua eta jakintsua, seguruenik.

Hau ez zuen jarri, baina hona hemen Filipe Oyhambururi buruz egindako film laburra: Galtzerdi Berdeak.

Ostegunean, Donostikluba jaialdiaren X. edizioa hasi zen Egia Kultur Etxean. Gazteszena inoiz baino gazteago, eszenatokian behintzat. Oier Aranzabalek bataiatu zituen bezala, Eraul izan daiteke gaur egungo Sorotan Bele, zelta baino amerikar kutsukoak. Musikari trebeak eta abeslari-lider sinesgarria. Gaztea emisorak benetako irrati publikoaren papera beteko balu, horrelako taldeak bultzatu beharko lituzke.

Rafael Berrio ez da gaur jaio: urteak daramatza musika egiten. Joserra Senperenarekin crooner eta chanson-etik gertu egindako bi disko borobilen ondoren, rockera egin du salto Berriok (jatorrira bueltatuz). Banda aparta bildu du, gainera: atal erritmiko sendoa (Felix Buff eta Fernando Lutxo Neira) eta labana bezala mozten duten bi hegalekoak (Joseba B. Lenoir eta Rafa Rueda gitarristak).  Errepertorioan azken lanak (Paradoja) badu pisua, baina baita karrera luzean ondutako abestiek ere.

Banda osoarekin hasi zen eta gero bakarka aritu zen, bukaeran berriro talde osoarekin gauari amaiera emateko. Paradoja diskoak irabazi egiten du zuzenean, ikusgarria baita boskotea. Bolada batez ez dirudi agertoki gainean elkarrekin ikusteko aukera handirik egongo denik (musikari lanpetuak eta kontzertu gutxi formatu honetan), baina zuen herritik gertu pasatzen bada, zoazte zuzenean ikustera.

Hiruzpalau lagunek grabatu zituzten bideoan egun horretako kantuak, baina oraindik ez dituzte igo. Bitartean, hona hemen Mis ayeres muertos (Angel Aldarondok egindakoa klipa).

Urriaren 9ko eguneratzea: Jon Iraundegik igo du jada bideo bat. Behean itsatsi dut.

No son tristes todos los ocasos, este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter