Ez nuen honetaz idatzi nahi
Gaur xelebrekeria bati buruz idatzi nahi nuen. Buruan nuen Gregorio Morán-ek duela bi aste pasatxo idatzitako Nuestra muerte será un suicidio izeneko intempestiva. Nola Moránek salatzen zuen zutabea publikatzen zioen periodiko berak akats larria egin zuela Londresko soldaduaren hilketaren berri emateko azpititulu batean ("degollan”).
Handik egun gutxira, La Vanguardiako beste zutabegile batek, Màrius Serrak, Sabelotodo Morán artikulua dedikatu zion. Bertan, Moránek berriki publikatu duen La decadencia de Cataluña. Contada por un charnego artikuluen bilduman dauden hainbat akats aipatzen zituen. Katalanez egindakoak, kasu honetan. Tartean, Pasqual Maragall-en izena.
Hori eta beste txorakeria batzuk kontatzeko asmoa nuen, baina arratsaldean Ion Ansaren tuit bat irakurri dut eta loturan egin dut klik. "No sabemos nada. Se dijo que un comedor social, un banco de alimentos..." Eta tripako mina hasi zait.
Hau da, Una apuesta alimentaria diferente testuan irakurri dudanez Donostiako Alde Zaharrean hutsik dagoen Zorroaga Patronatuko lokal bat garbitzen hasi dira bertan, Gureak-ekin batera, janaria banatzen hasteko (oraindik zehazteke dagoen formula baten bidez). Udala ere tartean dago.
Bizilagun batzuk aztoratu egin dira eta tabernetan idatzi anonimo batzuk banatu dituzte, sinadura eske. Tartean, hiru perla hauek:
"¿Dónde está la posibilidad de consulta y participación?"
"Si la intención del Ayuntamiento sigue adelante nos conocerán como los vecinos del comedor de la Parte Vieja y no por los de la calle Pescadería".
"No estamos en contra de los comedores sociales -puntualiza este escrito- pero seguro que el Ayuntamiento y Zorroaga tienen otros locales mejor ubicados y apropiados que una calle estrecha y pequeña como Pescadería".
Pasa den gabonetan Madrilen ikusitako irudiak etorri zaizkit gogora. Jende mordoa eliza bateko komedorean. Zai. Gran Vía kaletik gertu, oso gertu. Gu denok kontsumismoaren itsasoan murgiltzen ginen bitartean.
Eta nik nire burua ikusi nuen ilara hartan. Horrelako egoera batetik gertu egon gaitezkeelako. Oso gertu.
Zer kalte egiten dio Donostiako Alde Zaharrari horrelako lokal batek?
Hoy no quería escribir de esto, este apunte en castellano
Eta jarrera inzibikoak beti egon dira, eta Gipuzkoan karlismoa guztiz desagertu gabe dagoela ere egia da. Baina zaborren kontuarekin, politikoki eta mediatikoki errentagarri bihurtu da inzibismoa, eta are gehiago, inzibismoaren aldarri egitea (zakar-poltsak balkoian) ez da jada lotsagarri.
Iruditzen zait Alde Zaharreko honetan, zaborren gerrarekin bultzatu den jarrera horren oihartzun bat egon daitekeela. Eta era berean, beldur naiz, beste gatazka batzuetan ere ez ote diren karlistak harroago sentituko, adibidez aurtengo udan izango ditugun Irungo eta Hondarribiko alardeetan. Ez ote duten "betikoek" pentsatuko, finean, "herritik kanpokoen" artean uste zutena baino aliatu gehiago dituztela, inzibismoa intsumisioz mozorrotuta ikustean justifikatuago sentitzeko beren miserian.