Euskal udaberriaren atarian al gaude?
Gaur bukatzen den astea Segiko kide izateagatik kondenatutako zortzi gazte donostiarren aldeko kanpaldiak markatu du (230/2013 Auzitegi Gorenaren epaia, pdf). Azken egun hauetan ehundaka lagun egon da Boulevard-ean txandak egiten gazte hauek presondegira eraman ez zitzaten.
Ezker abertzaleak praktikara eramandako desobedientzia zibilaren ariketa deigarria izan da. Mario Zubiagak zioen Garan ez dela hau lehen aldia: 2007ko otsailean Bilboko Esperanza frontoian (youtubeko bideoa) Ertzainzak Segiko 18 kide eraman zituela. Bideo honetan ikus daitekeenez, dozenaka lagun zeuden bertan, baina gutxiago kostatu zitzaien ertzainei kide horiek harrapatzea.
Donostian, berriz, giza-harresiak zailago jarri zituen gauzak. Hainbat egun itxaroten egon ondoren, polizi-operazioa apirilaren 19an hasi zen, goizeko 6:00ak pasata, eta lau ordu behar izan zituzten dena bukatutzat emateko (halere, goizeko 8:30ak aldera atxilotuta zeuden gehienak).
Hasi dira jada Euskal Udaberria aipatzen (Gararen barruko gehigarria, pdf) eta garbi dago gauzak mugitzen hasi direla, nahiz eta oraindik oso goiz den jakiteko zer gertatzen den eta zer gertatuko den jakiteko. Baina kontutan hartzekoa da berrehun pertsona daudela epaiketa zai oraindik.
Alain Coloma, PSEko gazteriako kideak, zioen bere blogean "con carácter general, (...) estamos en contra de que se detenga a cualquier persona por el único delito de organizarse" (...) "La Ley de partidos se hizo con una filosofía que hemos defendido y defendemos. Lo que no nos parece tan bien es que haya quien aprovecha esa filosofía para el "todo es ETA".
Oso esanguratsua izan da komunikabide gehienek nola apenas informatu duten Donostian egun hauetan gertatzen ari zenaren aurrean. Ostiralean bertan, Ertzaintzaren operazioa abian zela, hainbat despistatuk ez zekiten zergatik zeuden hainbeste trafiko arazo hirian.
Baina komunikabideek zutaz hitz egiteko zain egoteko garaiak paseak dira jada. AskeGunearen komunikazio-estrategia etxetik abiatzen zen, webgunetik, eta sare sozialetan ondo mugituz hedatu da (Iñaki Larrañagaren analisia Zuzeun).
Egun hauetan Boulevardean egon den kazetari bakan horietako bat Lander Arbelaitz izan da (hona hemen azken gaueko kronika: AskeGuneko gauaren kronika harresiaren bihotzetik).
Boulevardean egon zen Lander gauean eta Ertzaintza iritsi zenean hainbat bideo grabatu zituen giza-harresiaren barrutik. Hemen ikusten da nola eramaten zuten jendea banaka eta beste honetan azken hogei minutuak daude grabatuak.
Halako batean baina, ertzainek malamaneran hartu zuten Lander (esku batean kazetari karneta zuela eta bestean telefonoa), lurrera bota eta handik atera zuten. Bideo honetan ikusten da dena.
Ez Urkullu lehendakariak ezta Beltran de Heredia kontseilariak ere (ona Imanol Muruaren analisia) ez dute ondo ikusten pertsonak kartzelaratzea ideologiagatik edo erakunde bateko militante izateagatik. Baina Imanolek ondo adierazten duen bezala, EAJ ez dago egonkortasun instituzionala arriskuan jartzeko prest.
Ikusteko dago zer egingo duen Bilduk.
¿Ya es primavera en Euskal Herria?, este apunte en castellano.