Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Emozioaren diktadura arrazoiaren gainetik

Emozioaren diktadura arrazoiaren gainetik

Mikel Iturria 2013/10/27 22:45
Estrasburgo. Ines del Río. Biktimak.

Buruan bueltaka dauzkat Estrasburgoko epaiaren ondoren irakurritako astakeria batzuk eta min eman dit ikusteak ustez zentzuzkoa dirudien jendeak nola begiratzen dien giza eskubideei unibertsalak izango ez balira bezala.

Baina bada ere lezioak ematen ari den jendea eta arnasgune dira bizi ditugun une ilunetan.

Manchesterretik bueltan entzun nituen Oier Araolazak ETBko Airean saioan esandakoak (15 min. 40 segundutik aurrera). Parot Doktrinari buruz ari ziren hizketan saioan eta Jaime Otamendi aurkezleak PPko Arantza Quirogak eta Sortuko Hasier Arraizek hitzak neurtu zituztela bota zuenean zera esan zuen Oierrek:

“Bazen ordua! Bazen ordua bi aldeetatik. Aipatzen da keinuak egin behar direla, keinuak egin behar direla eta ez dugu apenas keinurik ikusi. Alderdi Popularraren aipu horiek nahiko hautatuak dira, zeren eta era bateko mordoska bat ere aurki zitezkeen, baina lehen ez zegoen hautatzeko aukerarik ere ez. Bazen ordua eta pozteko kontua da.”

“Gure familian behintzat gaur oso egun berezia da. Dolu-eguna da. Gaur 33 urte, 1980ko urriaren 23an, Jaime Arrese Arizmendiarreta akabatu zuten tiroz. Eta benetan inoiz uzten ez zaituen zerbait da, baina horrelako egunetan, hain zuzen ere urteurrena denean, eta gai hauek pil-pilean daudenean, are gehiago”.

“Giza eskubideei buruz hitz egiten da, justiziaz hitz egiten da eta nik oso garbi daukat gure osabaren hiltzailea Parot doktrinaren ondorioz egon baldin bada behar baino gehiago kartzelan hori erabat injustua izan dela eta ez zegokiola. Eta hori oso garbi daukat.”

“Baina oso garbi daukat baita ere bera, eta bera moduan, beste inor hiltzeagatik zigortuta daudenak ez direla ez heroiak ez txalotzeko gudariak ez ongi etorria eskaintzeko inor. Gaizkileak dira, hiltzaileak. Gordina bada ere edo gogorra bada ere hau esatea, hala da. Eta horren neurriko harrera egin behar zaiela uste dut.”

“Oso ongi ulertzen dut familiak eta lagunek luzaroan ikusi ez duten edo besarkatu ezin izan duten senide eta laguna ongi hartzea, baina hortik aurrera luzaroan orain arte egin diren bezala omenaldi publikoak eta ongi etorri zabalak antolatzea uste dut giza eskubideen kontrako izugarrizko ankerkeria direla eta ezin dugula ibili salatzen presoen giza eskubideak errespetatu behar direla eta aldi berean preso horiek eragindako mina, aintzat hartu gabe, beraiek egindako giza eskubideen urraketa horiei inolako halako halo batean sartu eta gainera goraipatzea.”

Jaime Otamendik izebak ea zer pentsatzen duen galdetu zion Oierri eta isilik segundo batzuk eman ondoren, hauxe erantzun zuen: “Nik pentsatzen dut senide gehienontzat mingarria dela zure senidea erail duen pertsona kalean ikustea. Hori garbi dago: hori mingarria da. Baina horrek ez du zerikusia justiziarekin.”

Ederra errematea. Imanol Muruak laburbildu ditu adierazpen hauek gaurko Berrian argitaratu duten Piztiaren itzala zutabean eta gero hauxe gehitu du: “Mereziko luke orain arte baino arreta handiagoa jartzea halako ahotsei gure hedabideetan, ikuspegi hau jasotzea ere pedagogia baita”.

Ez da lehenengo aldia Oierrek bere osabari buruz zerbait esaten duela jendaurrean. Bloga erabili zuen, adibidez, 25. urteurrena bete zenean: Osaba Jaime hil zutela 25 urte.

Muruak dioen bezala, Arraizek esan du Sortuk ez dituela omenaldiak antolatutako. Barruan daudenen baldintzak ez zailtzeko estrategia izan daiteke.

ETAko biktimen erabilerari buruz asko idatzi zuen Javier Ortiz zenak eta haren hitzek gaurkotasuna mantentzen dute. Hona hemen hiru apunte haren irakurleek aste honetan sare sozialetan mugitu dituztenak:

Las víctimas y la razón: 2000ko urriaren 21ekoa.

De lo de Parot o de cómo esto va de mal en peor: 2006ko otsailaren 21ekoa.

Las víctimas: 2007ko martxoaren 5ekoa.

Azken honetatik esaldi bat euskaratu dut:

“Biktimaren figurak betetzen duen funtzioa oinarri-oinarrizkoa da gaur egungo ordenaren beste oinarri bati eusteko: arrazoiaren gainetik emozioaren diktadurarena, hain zuzen”.

La dictadura de la emoción sobre la razón, este apunte en castellano.

Vía Paul Rios youtuben jarritako zatia lortu dut.

Luistxo Fernandez
Luistxo Fernandez dio:
2013/10/28 10:13
Ortizen 2000. urteko zutabeko esaldia, Mayor Orejak orduan esandako ('Las víctimas siempre tienen la razón'), atzo ere esan zuen Madrilgo manifestazioan, gaur albistegi batean bideo batean ikusi dudanez.

Bestalde, nik ulertzen dut Oier Araolazak esandakoa, baina nik neuk ez nioke hiltzaile deituko hain erraz inori, ezta hilketengatik kondenatutakoei. Kondenatu horien artean, <a href=2http://www.27zapata.com/?p=751">Gurutz Agirresaroberena bezalako kasuak daude</a>, zintzotasun pixkatekin begiratuta, asmatu frogekin kondenatu dutela esan daiteke. Beste kondena asko torturapeko adierazpenen gainean oinarritu dira. Kondenatuak kalifikatzeko orduan, niri pertsonalki, horrek pittin bat zuhur jokatzera narama.

Zer nori aurpegiratzeko... adibidez, Paco Larrañaga baimenekin hara eta hona ibiltzen da. Inork ez dio hiltzaile eta bortxatzaile deitzen, baina kondena sendoak ditu, inongo epaitegik baliogabetu ez dituenak (heriotza zigorra aldatu zioten, ez besterik). Hemen <a href="http://framedinthephilippin[…]agaMunti.jpg">Jorge Moragas, Rajoy presidentearen gabinete burua, "bortxatzaile eta hiltzailearekin"</a>. Honela esanda, gogorra ematen du, ezta? Neuk komatxoekin utziko dut.
Luistxo
Luistxo dio:
2013/10/28 10:14
Estekak ondo:

Agirresaroberena: http://www.27zapata.com/?p=751

PPko Moragas, Paco Larrañagarekin: http://framedinthephilippines.com/[…]/METRO2005_08LarranagaMunti.jpg
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2013/10/28 22:01
Eskerrik asko komentarioagatik, Luistxo.

Oso ondo gogoratzen dut Gurutzena. Gaztelaniazko blogean idatzi nuen "En el nombre del padre: ¿otro caso más?: http://www.javierortiz.net/[…]/en-el-nombre-del-padre-otro-caso-mas
Ane Urkiola
Ane Urkiola dio:
2013/11/04 19:02
Interesgarria plazaratutako artikulua, Mikel.
Zaila da oraindik ere honetaz berba egitea publikoki, batez ere: aldamenekoa mindu gabe. Azken finean, bakoitzak nola edo hala berea bizi izan du eta kosta egiten zaigu bestearen lekuan jartzea. (Zer esango dizuet zuei, ni baino 30 urte bat gehiago izanda.)
Harira joanda, Oierren ekarpena aurrerapauso bat iruditzen zait gatazkaren konponbidean, batez ere isilik dagoen jende askoren iritzia pizteko, ez baitu inor hotz uzten.
Komunikatzaile handiek dioten moduan: "Zeresana eman badu, zerbait komunikatu duenaren seinale."
Azkenik, Luistxo, Oierrek hiltzaile deitzen die ETAkide batzuei, baina ez du esaten estatuko terrorismoa existitzen ez denik, edota bestelako hiltzaile asko kalean libre ez dagoenik. Iruditzen zait, orohar, justua dela bere ekarpenean, eta saiatu dela alde guztiei heltzen, egokitu zaion gaiean, errespetuz gainera.
Jakin badakigu, “onak” eta “txarrak” leku guztietan daudela, bai. Egin dezagun aurrera. (Zer esango dizuet zuei, ni baino 30 urte bat gehiago izanda.) (BIS) ;)

Ane Urkiola
Ane Urkiola dio:
2013/11/04 19:04
Bestetik, emozioaren diktadura dela eta, iaz Elsa Punset-ek hitzaldi batean, oso adibide polita jarri zuen emozioa eta arrazoiaren arteko guda hori adierazteko. Darwin-ek ezkontzearekin zalantza asko zituen, beraz, ezkontzearen alde onak eta alde txarrak idatzi zituen orri batean. Orduan, ikusi zuen askoz arrazoi gehiago zituela ez ezkontzeko, baina....... ezkondu egin zen!!
Esteka honetan Darwin-en anekdotatxoa (blog batekoa da) http://goo.gl/oSTLpE
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2013/11/04 21:09
Mila esker iruzkinengatik, Ane. Goazen pixkanaka-pixkanaka bidea egiten... baina zer esango dizut zuri guk baino 20 urte gutxiago badituzu ;-)
Ane urkiola
Ane urkiola dio:
2013/11/04 23:02
20, hori, 20. ;)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter