Elkano Browning Cream eta kale musikaria
Mikel Azpirozek Gaua diskoa aurkeztu zuen larunbatean Victoria Eugenia Cluben. Ez nintzen joan beste plan bat suertatu zitzaidalako. Asteazkenean, apirilaren 2an, Donostiako Le Bukowski-n egongo da Elkano Browning Cream hirukoaren lan berriena aurkezten eta hurrengo egunean, apirilaren 3an, Bilboko Kafe Antzokian.
Iluntzean, elkarrizketa egin dio Arratsaldea saioan Arantxa Iturbek. Ez dut ondo entzun, baina atentzioa deitu dit Azpirozek kontatutako anekdota batek.
Madrilgo Fuencarral kalean ikusi omen zuen behin kale musikari bat. Asko gustatu zitzaion (ahotsa, oker ez banago) eta harremanetan egoteko datuak (zaharrek señak esango lukete) trukatu omen zituen Mikelek ezezagun harekin.
Elkano Browning Cream-en lan berrirako berarekin akordatu zen Azpiroz eta parte hartu du grabazioan. Normala den bezala, kale musikariak harrituta jaso zuen deia.
Hirukotearen bira Madrilera iritsiko da laster (apirilaren 5ean Clamores aretoan) eta bertan pare bat egunez geratuko omen da Azpiroz kale musikariaren kanta batzuk grabatzeko. Grabazio hori CD bihurtu eta kalean saltzeko aukera izan dezan lagun ezezagunak.
Bideo labur honetan Mikelek dio musika esperientzia antropologiko gisa bizi nahi duela. Uste dut horrelako esperientziak dituela buruan esaldi zehatz hori erabiltzen duenean.
P.S.: musikariaren izena Sunny Abbey da.
Elkano Browning Cream y el músico callejero, este apunte en castellano.