Bihotzeko fonoteka
Ekainaren erdialdean deitu zidan Tere Belokik, Euskadi Irratiko kazetariak, proposamen bat egiteko: ea animatzen ote nintzen uztailean edo abuztuan ordubetez nire "Bihotzeko fonoteka" ezagutzera ematen. Azkar samar esan nion baietz eta abuztuaren 3rako geratu ginen. Astebete lehenago hamar kantu kuttunen zerrenda bidali behar nion.
Esandakoa betez, zazpi egun lehenago bidali nion hamarreko sorta, bi bonus track gehituta. Arrazoia? Euskaldunok ez dugulako hamarnaka kontatzen, dozenaka baizik (kar, kar, kar). Benetako arrazoia? Ezin izan nuela kopuru horretatik behera jaitsi, nahiz eta kantu dezente geratu bidean (lagunenak ere bai, baina espero dut beraiek barkatuko nautela).
Gustura geratu nintzen emaitzarekin eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiot, batez ere, Tere Belokiri baita bere lankideei ere (Nekane Peñagarikano eta oporretan zegoen Arantxa Iturbe). Oraintxe gogoratu dut Edurne Ayusok proposatu zidala iaz, baina orduan ezin izan nuen (zoritxarrez, bera jada ez dago irratian).
Badira urte batzuk Euskadi Irratiak formula hau erabiltzen duela udan eta esango nuke ondo funtzionatzen duela, gustura entzuten baitira elkarrizketa musikatu hauek. Hementxe duzue uda honetakoak: 2015eko udako bihotzeko fonoteka.
Irratsaioa entzungai dago esteka honetan: Mikel Iturriaren bihotzeko fonoteka.
Hamabi kantak bakarrik entzun nahiz izanez gero, hona hemen Spotify-ko zerrenda (Bihotzeko fonoteka).
Mi fonoteca del alma, este apunte en castellano.