50 emanaldi ispiluaren aurrean
Esan bezala, maiatzaren 23an eskaini zuten DOKA kafe antzokian Ispilua antzezlanaren azken emanaldia. Lagunez inguraturik esan zioten agur. Izan ere, ez da makala antzerki amateurraren munduan berrogeita hamar emanaldi eskaintzea, are gutxiago euskaraz.
Berandu iritsi nintzen eta Jon Plazaolaren bakarrizketa galdu nuen. Bikotearekin batera obraren soinu banda osatzen duten kantak jo zituzten zuzenean hainbat musikarik: Oreka TX, Demodé Quartet, Xabi Strubell eta Jurgi Willis Drummond, hain zuzen ere.
Zirrara izan zen nagusi amaieran. Xabino Artedramak zioen bezala, ez baita erraza zurekin hiru urteko ibilbidea egin duen antzezlanari adio esatea.
Ez dut Saioa ezagutzen, baina honek ondo baino hobeto definitu zuen Ion Martinez. Txikiri pasioa, gauzak egiterako orduan duen grina eskertu zion. Eta nik ere gauza bera azpimarratu nahiko nuke. Antiguako edo Donostiako hainbat jaitan ikusiko duzu lanerako beti prest. Emozioz beterik kontatuko dizu kristoren emanaldia eskaini zuela ez dakit non Euskal Herriko ez dakit zein antzokitan.
Izan ere, ohikoa bada jendea gurean kontzertuak ikustera mugitzea, baina arraroak dira Txiki bezalakoak teatroa ikustera alde batetik bestera ibiltzen direnak.
Ispiluaren bukaera iritsi da, baina seguru beste zerbait dutela esku artean Aldatzen Laguntzen taldekoek.
Espejo cincuenta veces representado, este apunte en castellano.