Iñaki Dieguez irundarra Cirque du Soleil-ekin
Publiko egin duenez lasaiago kontatuko dut orain txoko honetan.
Iñaki Diéguez akordeonista irundarrak artista askorekin jo izan du akordeioa, besteak beste Pantxoa eta Peiorekin edo Gontzal Mendibilekin batera. Proiektu pertsonalenak, berriz, Ghatusain folk taldea eta Iñaki Diéguez trio jazz hirukotea dira.
Azken honekin grabatu du "Crossing time" diskoa eta aurten kaleratu du katalogo guztia iTunes-en duela iragartzen duen Etxe-ondo diskoetxean (zalantza daukat: gainerako diskoetxeek ez dute?). "Crossing time"n jazzaren mugetatik barrena eraman du instrumentua. Klasikoak jotzeaz aparte, bere zenbait konposizio sartu ditu. Igor Telletxea bateria jotzaile eta Ritxi Salaberria baxu jotzailearekin batera ari dira lan hau aurkezten eta, kostata, baina atera zaizkio zenbait emanaldi Euskal Herrian.
Dena dela, uste dut ezagunagoa egingo dela hemendik aurrera Cirque du Soleil konpainiarekin munduan barrena egingo duen biragatik. Dirudienez, duela zenbait hilabete multinazional horrek musikariak behar zituela esan omen zion norbaitek. Beraiekin harremanetan jarri ondoren, hiru bideo bidaltzeko esan zioten. Hiru pieza horiek grabatu eta bidali egin zizkien.
Dena ahaztuta zuenean, Parisen egitekoa zen casting batera joateko gonbitea jaso zuen. Zirkoak bitan banatzen du mundua horrelakoetan: batzuk Chicagora, besteak Parisera.
Pariseko langa gainditu ondoren, hartu egin dute eta hilabete batzuk barru deituko diote konpainia prestatzen ari den ikuskizun batean pare bat urtez munduan zehar emaztea eta bi semeekin ibiltzeko.
Cirque du Soleil-en ibilitako beste euskaldun bat ezagutzen dut nik: Virginia Imaz pailazoa, Oihulari Klown-ekoa.
Bietako inor ez da egongo Donostiako Antonio Elorza Belodromoan eskainiko duten ikuskizunean. Webgunearen arabera, sarrera guztiak saldu dituzte.
Kaixo Luistxo:
Youtube-ko bideoa ikusten baduzu, Iñakik aipatzen du 14 talde daudela munduan barrena biraka.