XXI. mendean, Europan
Ibarretxek bota zuen aurreko batean badagoela jendea zuloan sartuta dagoenean, zuloa handitzea baino ez zaiona okurritzen. Gustatu zitzaidan esaldia.
Handik egun batzuetara, ETBn atera zen berriro. Mexikon zegoela uste dut. Deigarria egin zitzaidan haren ahotan entzutea nola litekeen XXI. mendean, Europan, pertsonak, politikariak, beraien artean hitz egiteagatik epaitu nahi izatea. Hurrengo kortean Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia, atera zen eta antzeko-parezido aritu zen. "A estas alturas del siglo XXI".
Gogoratu behar al zaizkie bi hauei XXI. mende honetan zenbat bidegabekeria gertatzen ari den hemen, Europan? Larria da hiru probintzietako lehendakaria(eta gainerako solaskideak) beste alderdi politiko bateko solaskideekin hitz egiteagatik epaitu nahi izatea, baina XXI. mendean Europara sartzeko kaiuko edo patera batean 56 lagun hil izanak, Realeko David Vaughan jokalariaren pubisaren lesioak merezitako toki bera izan zuen Gipuzkoako periodiko salduenean. Azalean eta azaletik. Porsiakaso.
Max izeneko mutil senegaldarra ezagutu nuen asteazkenean Irunen. Espainiako erreinuaren terrenoetan hiru urte eta piko daramatza bizitza aurrera atera nahian. Azken hilabete hauetan nire herrian dago. Beste hiruzpalau lagunekin hartu du pisua. Gela puta bat izateagatik 300 euro pagatzen omen ditu hileko… XXI. mendean, Europan.
Ez dugu lotsarik. Bakoitzak badugu gure aitzakia ezer egin gabe jarraitzeko. Erlojuak jada ez du tik-tak egiten, digitala delako.
XXI. mendean, Europan. Ez ahaztu.