Ondas saria Javier Vizcaínoren cociditoari
Asteazkenean egin zuten publiko Ondas Saria eman diotela Javier Vizcaínori Madrilgo tertulietan entzundako astakeriekin astero cociditoa prestatzeagatik. Saria Irratigintzako Berrikuntza atalean lortu du.
Albistearen berri izan ondorengo lehen elkarrizketan, Javierrek aitortu zuen hautagaitza bere iritziaren kontra aurkeztu zutela. Berandu enteratu nintzen, baina poztu egin nintzen berarengatik, batez ere, eta berarekin batera irratian aritu (aritzen) direnengatik.
Ondas Saria niri bost, baina irakurritako datu hau egia bada kontutan hartzekoa iruditzen zait. Iaz Vaya Semanita telebista saioari eman zioten sari bat. Orduan, 276 hautagaitza aurkeztu omen ziren. Aurten, berriz, 696.
Nahiz eta jakin egunetik egunera kaka hertzianoaren maila igotzen ari dela, Cociditoaren zikloa amaitu dela uste dut. Javier: aitzakiarik gabe geratu zara. Laster atera behar duzun bigarren liburuarekin eta sari honekin, barraka ixteko tenorea iritsi da. (Bere jefeek hau irakurtzen badute, zera pentsatuko dute, porloscojones).
Portzierto, irrati esatariaren blogean gabiltzanok duela zenbait aste jaso genuen urriaren 27an irratiaren egoitza berria bisitatzeko gonbitea. Horrela, sariarena ospatuko dugu larunbatean. Norbaitek joan nahi badu, goiko loturan agertzen den e-postara idatzi beharko luke.
Bide batez, dagokionari zuzendutako premiazko mezua: norbaitek egingo al du zerbait Javierren bloga, baita EITBko gainerakoak, hobeto funtziona dezaten? Amorragarria da intermitentzia: batzutan erantzunak onartzen ditu, beste batzutan ez; idatzi eta dena pikutara doa; ustez, galdu egin denean, hara non bikoiztua agertzen den zuk idatzitakoa. Enpin.
Kontatuko dizuet zer iruditzen zaidan hain handia den egoitza berria.
Eguneratzea: 23:35: oraintxe entzun berri dut urriaren 24an Graffitin eginiko elkarrizketatxoa. Javik dio hautagaitza ia bere iritziaren kontra aurkeztu zutela eta aitortzen du eutanasia egin nahi diola cociditoari.