Buelta gehiegi telefono zenbaki bat topatzeko
Demagun oporren azken astean zaudela (honetan jada lanean nago, zoritxarrez). Liburu bat irakurtzen ari zaren bitartean, orrialde batzuk akasdunak direla konturatu zara gauean.
Hurrengo goizean gogoratu zara gauekoaz eta pasa den astean eman zizuten tiketa aurkitu duzu mahaiaren kaxoian. Tiketan ez du liburudendaren telefonorik jartzen (Aste Nagusia da eta jakin nahi duzu ordutegia). Elkar megadenda soilik eta Donostian duten liburudendetako baten helbidea (Bergara kalea 6). Buelta eman diozu tiketari: elkar.com eta logoa errepikatzen ditu behin eta berriz.
Zuk, baina, ordenagailua itzali berri duzu eta nahiago ez piztea. Garai bateko medioetara jo duzu telefonoaren bila: paperezko orrialde zuriak. Elkar jartzen duen orrialdera jo, baina bertan bakarrik Elkarlanean SL ageri da, Portuetxeko telefonoa. Hori ez duzu behar. Liburudenda eta Librería sarreretan ere ez dago ezer. Megadenda izango da? Ez, hori ere ez. Albo batera utzi dituzu orrialde zuriak.
Probatu paperezko orrialde horiak. Liburudendak atala 372. orrialdean dago, baina han ere ez da azaltzen Elkar megadenden berri. Euskal Kulturgintza SA bai, baina nik liburudendako telefono zuzena behar dut.
Dei baten truke informazioa ematen duten telefono zenbakiak ahaztuta ditut (eta gainera ez diet beraiei deitu nahi). Ez dago beste erremediorik: ordenagailua piztu beharko da.
Ordenagailua piztu eta sarean sartu naiz. Elkar.com jarri diot Google-i. Liburuak, CDak eta beste kultur produktuak saltzeko orrialdea ateratzen zait, baina hor ez da bat-batean ikusten non arraio dagoen megadendei buruzko informazioa. Beheko aldean 1998-2007 Elkar Megadenda; dioen atalaren gainean jarrita Nor gara agertu zait. Eta hortxe bai, hortxe badago Bergara kaleko dendaren telefono zenbakia.
Egun batzuk pasa dira hori gertatu zitzaidanetik eta pasa den astean emandako urrats guztiak errepikatzen ari nintzela pentsatu dut telefonoak ez direla Telefónicaren orrialdetan agertuko beste enpresa batekin kontratatu zutelako telekomunikazio zerbitzua. Baina hori ez da horrela: sarean Páginas Blancas bilatu dut Googlen eta bertan Elkar megadenda jarri eta hamalau emaitza atera zaizkit.
Ez dut uste ezer gaizki egin dudanik (oporren amaieraren sindromepean nago eta zalantza dut oraindik), baina arraroa dirudi Euskal Herrian hain sare zabala duen liburudenda kateko telefono zenbaki ziztrin bat topatzeko hainbeste buelta eman beharra.
Gauzaren bat edo beste dute hobetzeko, bezero ez digitalak bereganatu nahi badituzte bederen. Adibidez, liburudenda bakoitzaren telefono zenbakia jartzea tiketean.
Oharra: Hau txorakeri bat da. Serioagoa Hatxeri atzo gertatutakoa. Bordelera joan zen preso dagoen lagun bat bisitatzera. 423 kilometro alferrik. Animo, Hatxe.
Kaixo Iturri: Beharbada arrazoia izango duzu. Hainbeste marketingen aurrean ez da ezer kostatzen, ematen diguten erosketa bakoitzeko poltsetan telefono zenbakia jartzea. Kosto berdintsua izango da ziur aski. Garai batean Berriako azken orrialdean elkarren publizitatea agertzen zen eta han bai agertzen ziren ditxosozko telefonoak. Baina harira. Gauzak erraztu egin behar dira telefono zenbaki bat aurkitzeko, nire ustez, eta Elkarrekoek akats hori konpontzen duten bitartean, apuntatu: Telefonicaren liburu txuri potoloan 48. orrialdean Euskal Kulturgintza S.A., hor agertzen dira telefono zenbakiak. Beno, ondo izan, ea ostiralean elkar ikusten gara Irunen, Carlos Nuñezen Kontzertuan. Izan untsa. Mikel.