Bidaiatzeko beharraz
Euskal Herriak gu akabatu baino lehen, hobe da bolada batez hemendik hanka egitea. Aste honetan bidaiatzearekin loturiko pare bat notizien berri izan dut.
Imanol Alvarez
Arrate eskubaloi taldeko bigarren entrenatzailea da Imanol eta, apustu bat tarteko, Ermuatik Hungariako Tatabanya herrira abiatu da bizikletan. Hori kontatu zuen, behintzat, asteazkeneko Noticias de Gipuzkoan.
"Arrateko jokalari nintzela, harreman ona nuen Jenörekin. Bera Athleticzalea zen eta ni Realzalea, eta egun batean esan nion Reala jaisten zen egunean bere etxera txirrindan joango nintzela. Aurten gauzak itsusi jartzen ari zirela ikusirik, eta Viktor (Debre) zein Jenö-rekin dudan harreman ona aintzat hartuz, prestaketak hasi nituen urte hasieran. Nahiz eta mailari eutsi, bidean naiz jada. Apustua tarteko, gustuko gauza egiten ari naiz".
Abentura uztailaren lehen egunetan burutzeko asmoa dauka Imanolek. Egunero nondik nora dabilen kontatzeko konpromisoa hartu du eta, horretarako, Sin cadena bloga erabiliko du.
Zorte on eta ea Realak gaur beste astebetez Lehen Mailan jarraitzeko aukerari adiorik esaten ez dion.
Dina Bilbao Bidaia Beka
Dina Bilbao abenturazale ondarrutarraren omenez haren lagunek antolaturiko beka deialdia aurkeztu da aste honetan ere. Dina Karibeko uretan desagertu zela hamargarren urteurrena beteko dela aprobetxatu dute, urtero antolatu izan den Tolosa Ondarroa bizikleta martxa (Zapato Azulen, Dina Martxi) ahaztu gabe.
Hona hemen bekaren oinarriak.
Laburbilduz:
Gazte jendeari zuzendurikoa da (16-18 urteko gazteei).
Zazpi eta hamar egun bitarteko bidaia proposamen bat aurkeztu beharko dute.
Gehienez hamar orri aldetan azaldu behar da asmoa (euskaraz).
Proiektu irabazleak denbora eta laguntza izango du bidaia prestatzeko (irailean).
Bidaia bederatzi lagunentzat bereziki prestatutako furgoneta batean egingo da.
Talde irabazlearekin Josu Iztueta bidaiaria eta beste pertsona bat joango lirateke.
Bidaiak gehienez 3.000 euroko aurrekontua izango du.
Lanak jasotzeko epea ekainaren 20a izango da, eta 23an emango da ezagutzera irabazlea.
Lanak bidaltzeko:
Postaz: Dina Bidaia-Beka; 104 Posta Kutxa; 20400 TOLOSA; GIPUZKOA
Posta elektronikoz: dinabidaiabeka@gmail.com