Erakusleihoa Bonus Track: Wilson payadorea, Fredi Paia, Xabi Paya
Gaur goizean ikusi dugu Berrian, Wilson Saliwoncyk payadore argentinarrari eginiko elkarrizketa. Bertan, Euskal Herriko zenbait herritan egingo duen biraren berri ematen zuen.
Bira horrek geldialdia izango du ekainaren 6an kultur etxean.
Maiatzaren 10ean, Wilson Gu ta Gutarrak taldearen gonbidatu sorpresa izan zen Donostiako Via Foran, kultur etxeek antolaturiko Poltsiko Antzerkian. Gu ta gutarrak taldearen webgunean klik eginda ikus dezakezu emanaldiaren zati bat eta bertan ageri da Wilson eskurrik asko esaten (edo antzeko zerbait).
Hona hemen prentsa-oharra:
Ernest Lluch Kultur Etxeak jakinarazten dizue ekainaren 6an Wilson Saliwoncyk payadoreak saio bat egingo duela gure zentroan Fredi Paia eta Xabi Paya bertsolariekin batera. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.
Apirilaren 19an Igor Calzadaren FTF proiektua aurkeztu genuenean, gure asmoa zen urrira arte ez programatzea Erakusleihoako saio gehiagorik. Hala ere, proposamen eder honi ezin uko egin eta horregatik Erakusleihoa Bonus Track programatu dugu ekainean.
Wilson Saliwoncyk Argentinako Los Toldos General Viamonten jaio den payadorea da. Artearen inguruan urte mordoa daraman arren, modu profesionalean Terneroko festan irabazitako sariaz geroztik hasia da (1996an). Egun emanaldiak egiten ditu festibaletan, kultur guneetan eta payadoreen tailerretan.
Payadorea, gitarraz lagundurik, bere kantuak eta inprobisatutako dezimekin batera, Xabi Paya eta Fredi Paia bertsolariekin arituko da.
Emanaldiaren ardatza Wilson izango da, baina bertsolariak ere saiatuko dira payadoreari desafioa edo payadas egiten. Munduko bi inprobisazioen arteko jolasa, jokoa, borroka… gozamena hitz batean.