Amarako Belaunaldi Arteko Lehen Topaketen kronika
Amara Osinaga Auzo Elkarteak Belaunaldi Arteko Lehen Topaketak antolatu ditu hilabete honetan. Ez da egitasmo originala, baina ezin uka interesgarria denik.
Sarrera
Hasieran uste baino gehiago kostatu da tailerra aurrera eramatea, baina merezi izan du. María José Rubio izan da ideia izan zuena eta José Luis Fernándezekin batera gauzatu du. Bien artean lortu dute jende ezberdina nahastea: Amarako Karmelo Ikastetxea, ACEX-ESKE (Esperientzia geletan ibilitako ikasle ohiak) eta Ernest Lluch Kultur Etxea.
Hiru jardunaldi aurreikusi dira maiatzaren 7, 14 eta 21ean. Bakoitzean ordubeteko bi saio daude. Eta saio bakoitzean 20-25 ikaslek hartuko du parte. Denak Karmelo Ikastetxekoak dira, 8 eta 9 urteko neska-mutilak, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak.
Egunero hizlari bat dago: maiatzaren 7an Javier María Sadak “Amarako Historia” jorratu zuen; 14an Juanjo Ozcarizek “Amarako kirola”ren berri emango die eta 21ean, Carmen de las Cuevasek kantu herrikoiak hartuko ditu hizpide.
Hizlariak amaitzerakoan, umeak lau taldetan banatzen dira eta talde bakoitzaren ardura tutore batek (pertsona adindua) hartzen du. Eguneko gaiari buruzko gauza ezberdinak lantzen dituzte denen artean.
José Luisek eskatu zidan lehen eguneko kronika idaztea. Hortxe doa.
Maiatzak 7, 14:30etan
Esandako ordua baino minutu batzuk beranduago agertu ginen auzo elkartearen lokalean Edorta Azpiazu (Udalaren Gizarte Ongizate Sailaren zuzendaria) eta ni neu. José Luisekin batera zeuden bertan Mª Carmen Aldanondo eta Merche De Pedro (ACEX-ESKE). Beranduxeago iritsi ziren beste bi tutore gehiago: Juanjo Ozcariz eta Fernando Ochoa.
Laster azaldu zen ere Javier María Sada, Donostiako kronista. Gainera, María José Rubio eta ezagutzen ez nituen auzo elkartearen kolaboratzaile gehiago. Raúl Pérez kazetaria etorri zen jardueraren berri emateko Irutxuloko Hitzan.
Egile eskubideak: Raúl Pérez eta Irutxuloko Hitza
Arratsaldeko 15:05etan
Aretoan sartu dira 24 neska-mutil (12 eta 12). Beraiekin batera Arantxa Cortés irakaslea. Bi mahai daude. Haurrak eseritzen dira. Denek tokia hartu dutenean, neska bat dago mutilen mahaian. Tokia libratu eta beste mahaira doa. Jarrera honek harritzen nau: jardunaldia belaunaldiartekoa izango da, baina gaztetxoen artean ez dago nahasketarik.
Auzo Elkarteko ordezkarien agur elebidunaren ondoren, Javier Mª Sadak du hitza. 20ren bat erretratu eta argazki erabiliko ditu Amarako historiari buruz aritzeko.
Lehenengo grabatua duela 700 edo 800 urtekoa da. Gero, emakume batzuk ageri dira Ehunurteurrenaren plazan, Amara baserria, Osasun Iturria, ura eramateko arkuak…
Beroiz, hiriko alkate izandakoa eta laster Loiolako Erriberetan kale baten jabe izango dena, izan zen XVII. mendean Urumea ibaia lehortzeko burutazioa izan zuena bertan mahastiak landatzeko.
Javierrek aipatzen du bere belaunaldiko haurrentzat arratsalde osoko txangoa zela Urbieta kaletik Anoeta ingurura hurbiltzea. Urruti zegoela, alegia, gaur egun hogei minututan oinez egiten dena. Perspektiba da kontua.
Errotatxo baserriaz ere aritu da. Gaur egungo ibaiaren erdi-erdian zegoen, Amara Plaza Hotelaren parean. Errotarria laugarren zubiaren inguruan jarrita omen dago, Espai Catalunya Topalekuaren aldamenean.
Amarako zabaltzea 1940 urtean hasi zen. Javierrek moto, auto eta bizikleta lasterketak erakusten ditu. Isilik daude umeak, adi.
Hurrengo diapositiban neska batzuk ageri dira futbolean Sahats Plazan egondako futbol zelaian. Bizitza laburra izan zuen ekipamenduak (1943-1949).
Gaur egungo Donostiaren bista panoramikoarekin amaitzen da Sadaren lana. Gero tutoreekin batera aritu dira. Txalo egin dugu denok eta haurrak badoaz eskolara berriro.
Arratsaldeko 16:05etan
Aintzane Legorburu irakasleak gidatuta etorri dira 4. mailako 21 neska-mutiko. Urtebete zaharragoak dira eta laster antzematen da hori: besteek baino zaratatsuagoak direlako, adibidez. Mahaietan eseri dira eta, kasu honetan, neskak eta mutilak nahastuta hartu dute tokia.
Hauek ere adi jarraitu dute Javierren jarduna, baina galdera piloa bota dute. Arraroa bada ere, galdetzaileak beti mutilak dira. Neskak isilik gelditzen dira, entzuten.
Anoeta Estadiotik 500 metrora gaude. Inork ez du ekarri Realaren elastikorik. Lehen taldeko haur batek bai ekarri duela talde baten kamiseta. Thierry Henry jokalari frantsesarena zekarren soinean.
Sadak nik ezagutzen ez nuen datu bat eman du: 2014an mila urte beteko omen dira Donostiari buruzko lehen aipamen historikotik. Batzuk 1054an kokatzen dute datu hori, baina bertsiorik zabalduena 1014koa dela gehitu du kronistak.
Arratsaldeko 17:00etan
Umeak eta irakaslea agurtu ondoren, kafetxo bat hartzen geratu gara batzuk eta tailerrari buruzko gure inpresioak elkarri kontatzen. Oso ondo atera dira gauzak.
Mahaiak jaso behar dira. 18:00etan dantza klasea dago bertan. Amara ez da gelditzen.