Zuzenbidea edo gurutzebidea
Blogaren aurkezpenean kontatu nuen bezala, Zuzenbidea ikasitakoa naiz. Hamabost urte pasa dira karrera amaitu nuenetik (bide batez, animoak ikasturte honen amaieran azterketen gurutzebidean laster sartuko diren ikasleei). Bizimodua beste zenbait gauza eginez atera dut aurrera eta, beraz, Zuzenbidearekin nuen harreman urria galdu dut jada.
Dena den, ez da asko jakin behar "kutsatuta" egoteak ziurtasun juridikoaren printzipioarekin zer ikusi gutxi duela jakiteko. Kutsadura hitza beste eremu batekoa da. Adibidez, egokiagoa erraustegiari aplikatzeko.
Baina, izar bilakatu nahi duten epaile andana dago gaur egun suelto. Azkena, gauez Pantojaren bila polizia bidali zuena. Eta Sustatuk kontatu bezala, honetan ere euskaldunok badugu zer ikusia.
El País egunkariak argitaratu zuen pasa den asteazkenean Quimi Portet eta Ruper Ordorika musikarien arteko solasaldia. Portet kataluniarrak zera esan omen zuen: "Pantojari ez diote galdetzen zergatik abesten duen gaztelaniaz". Noski. Bera diruduna da eta berari galdetzen diote nondik ateratzen duen dirua, zergak pagatzen ote dituen, etab.
Gauzak dauden bezala, ez nau penatu Zuzenbidearen estratatik barrena ez ibiltzea. Zorionekoa ni.
"The Country"n argitaratutako alkarrizketa zoragarri horretatik atarata, Ruper handiak esanda:
"Euskaraz zergaitik kantatzen dozun galdetzen deutsuna beste hainbat gauza dabil galdezka. Funtsean, gazteleraz zergaitik ez dozun kantatzen galdetzen deutsu.".
Superb...