Elkano Browning Cream Victoria Eugenian
Victoria Eugenia Antzokian egon naiz Elkano Browning Cream taldearen emanaldia ikusten. Azken aldiz, 2000ko udaberrian egon nintzen teatroan. Gaur euria ari zuen sartzerakoan. Beraz, korrika eta presaka egin dugu barrurantz. Kanpoko obrak amaitu gabe daude oraindik eta eguraldi honekin ez zen giro (itoginak pergolan). Barrukoari ere gutxi erreparatu diot, baina uste dut jende asko zegoela.
Mikel Azpiroz donostiarraren proiektua da Elkano Browning Cream. Duela bi urteko formatua aldatuz (Fran Iturbe eta Karlos Aranzegi), kanpoko bi musikarirekin elkartu da diskoa grabatzeko: aspaldiko laguna duen Matt Harding, New Yorken bizi den Salt Lake Citytarra, eta Frank Mantegari paristarra, Alpha Blondy reggae taldeko bateria izandakoa zortzi urtez.
Gaztelumendiri irakurri diogu Berri Txarrak rock talde nafarra hemendik kanpo dabilela gora eta behera. Ez da makala ere Azpirozek gidatzen duen hirukoteak daraman bidea. Txina-AEB-EHn grabatutako diskoa, Europan eta Amerikan ari dira aurkezten (ikusi bira). Hilabete honetan Estatu espainiarrean ariko dira eta aukera izango duzue zuzenean ikusteko.
Zer eskaintzen duen EBCk? Musika beltza. Groovy, man! Ez zuten jende aproposena gaur aurrean (publikoa irrikitan dago antzoki berritua ikusteko eta askori bost axola zaio eskaintza), baina gozatu dutelakoan nago. Organoa, bateria eta gitarra, denak maila berean lerratuta. Argi gutxi, gehienetan estatikoa. Nahikoa zen gaur musika.
Bateriari begirik kendu gabe egon naiz ia emanaldi guztian. Izugarri gustatu zait.
Gauza bat, Iturri, instrumental hutsa da Elkanoren musika?