Millás eta Bestiarium Gastronomicae
Asteartean Juan José Millás idazlea egon zen Donostian argitaratu berri duen Laura y Julio eleberriari buruz hizketan. Goizean Madrilgo aireportutik Hondarribiara etortzeko izan zituen arazoak ederto gaindituz, arratsalde bikaina pasa genuen Millás-ekin egoterik izan genuenok. Aretoa 130 lagunez bete zen eta Eduardo Yáñez kazetariak ez zuen gehiegi zirikatu behar izan, idazlea gai baita lasai asko 15 minutuz jarraian hitz egiteko, tartean une gorenak lortuz. Adibidez, aitak, inflazio garaietan, Espasa entziklopedia erosi zuela kontatu zigunean eta nola bera intelektualki elikatu den aipatu entziklopedia irentsiz; edota botiken prospektuak, autopsiak eta espediente klinikoak literatur generoekin parekatu zituenean (poesia, kontakizun laburra eta eleberria, hurrenez hurren, oker ez banago).
Asteazkenean, berriz, KMra joan nintzen Bestiarium Gastronomicae erakusketaren inaugurazio-ekitaldira: Gyula Madarâsz hungariar ornitologoari buruzkoa da eta José Belmonte, Andoni Luis Aduriz, Usagi Enoki eta Harkaitz Cano aritu dira, besteak beste, dena moldatzen.
Ekitaldira joan aurretik, goizean, Konatxeren blogean irakurri nuen Rafael García Santos kalifikaezinaren Lo mejor de la gastronomía azokari buruzko apuntea. Arzak eta Aduriz sukaldariak feria horretatik kanpo daudela aipatzen zuen Hasierrek.
Bertan utzitako erantzunean Mugaritz jatetxera behin joan nintzela bazkaltzera gogoratzen du eta zorte eskasa izan nuela. Aldameneko mahaian Rafael Pantagruel eta Fernando San Martín erori zitzaizkidalako. Bikote horrek izorratu zidan bazkaria.
Ez da lehenengo aldia Adurizi buruz hemen idazten dudala. Eta ez dut uste azkena izango denik: tipo hau azkarra da eta ez dio hainbeste begiratzen diruari, negozioari. Goi mailan horrelako sukaldariak behar ditugula uste dut.
Oharra: bide batez, bikaina da ere Alberto Moyanok feria hori buruz blogean idatzi duena.