Donostikluba eta periferiak
Ostegun arratsaldean KMra hurbildu nintzen Periferiak izeneko topaketek aurtengoan zer eskaintzen zuten jakiteko. Dionisio Cañas poeta espainiarraren hitzak entzuteko aukera izan nuen. Tomelloson jaioa, Frantzian hezia eta Manhattan-La Manchan bizitutakoa (batez ere AEBetan, baina Espainian ere denbora asko pasatuz). Gaur egun, 60 urtetik gertu, La Manchan bizi da berriro. Han eta hemen, hemen eta han, bi mundutan bizitzea. Artistek New York-en sartzeko dituzten trabak aipatu zituen ere. Irailaren 11ren ondorioak. Telefonoa eta erantzungailuak. Horri buruz egin zuen jendaurrean hausnar.
Atzo, berriz, Donostikluba jaialdia nuen agendan. Elektronikaldia zenaren lekukoa hartu duen jaialdia. Okendora hurbildu nintzen musika elektronikoaren eremu zabalean etxeko harrobiak zer zuen eskaintzeko jakin nahian. Hantxe zegoen blogeatzen gure Processblack. Patxi Piperra publikoari eta ordenagailuari begira eseri zen, soinu frekuentziekin jolastuz, pantailak Eskorbuto taldearen irudiak erakusten zizkigun bitartean. Kul beasaindarra, berriz, gitarra eta soinu pregrabatuekin atera zen. Arratsaldeko ezustekorik ederrena Fairlight taldearen erritmo dantzagarriak eta bi partaideen jarrera. Bukaeran, Duo Tonoren dance kluba. Lastima publikoa donostiarra izatea!
Mokadutxo bat jan ondoren, Gazteszenara igo ginen. Bartzelonako 12Twelve laukotearen emanaldia eta Jack The rapper bizardunaren show-a ikustera. Gauak jarraipena zuen, baina nire gorputzak ezin zuen gehiago.
Bukatu dira udako jaialdi erraldoiak Donostian. Beste giro batean gaude jada murgilduta. Lastima jende gutxik mugitzen duela ipurdia Bainuetxean. Eta ez da, kasu honetan behintzat, dirua aitzaki.
Ez dugu apenas ahaleginik egiten proposamen berriak ikusteko.
Post Scriptum: ederto jorratzen du azken kontu hau Lo jaunak.