Elena Odriozola ilustratzailearen Minimo erakusketa
Ostiralean, irailaren 29an, inauguratuko dugu Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean Elena Odriozola ilustratzailearen "Minimo" erakusketa. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da erakusketa aretoan (sarrera Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean).
Urriaren 21erarte, egunero bisita daiteke, jai-egunetan izan ezik: 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera; 16:30etatik 20:30etara larunbatetan.
"Ilustratzea testu baten interpretazioa egitea da. Hau da, testua irakurri ondoren, sentitzen duzuna marrazkien bidez irudikatzea. Dena dela, testuan dagoena marraztea ez da nahikoa. Urrunago joan behar da. Irudimena erabili behar da, ezinbestean. Azken batean, testuak esaten dizu zer marraztu behar duzun” (Irutxuloko Hitza, 2006ko uztailak 3).
"Ez dut umeengan pentsatzen ilustratzen dudanean; gustatzen zaidana egiten dut (…) Idazleak ere ez du baldintzatzen bere lana: "Ezin dut egin beste baten buruan dagoena. Nire erara egingo dut. Nire istorioa da, nire ikuspegia. Gustatzen ez bazaio, beste norbait bilatu beharko du" (Berria, 2006ko maiatzak 21).
Publizitatean hasi zen lanean Elena Odriozola (Donostia, 1967) eta mundu horretan pasa zituen zortzi urte. Aldi berean, liburuak ilustratzen hasi zen, baina 1998 urtean publizitatea utzi eta bere lana marraztea, ilustratzea zela erabaki zuen. Testuliburu asko, kartelak, programak eta era askotako ilustrazioak egiteaz gain, hainbat liburu irudiz bete ditu (60 baino gehiago).
Espainiako 2005eko Gazte eta Haur Literaturako ilustrazio onenaren bigarren saria eskuratu du "La princesa que bostezaba a todas horas" (Carmen Gil, OQO Editora) libururako egindako ilustrazioengatik.
Erakusketan egongo dira, batez ere, azken urteko liburuen irudiak eta testu ezezagun batean oinarrituriko ilustrazioa.
Urriaren 21eko eguneratzea: hemen jarrai dezakezue sarean erakusketa honen berri agertu diren zenbait albiste, tartean Elenari eginiko elkarrizketa batzuk.