Loretopetik (IV) Kapital sortzailea
Irutxuloko Hitzan abuztuaren 10ean argitaratutakoa.
Uztailaren hasieran Miramar Jauregian egon nintzen EHUren Udako Ikastaroetan (lehenengo aldiz, dena esan behar bada). Zertara hurbildu nintzen Donostiako txoko eder horretara? "Kapital sortzailearen garrantzia: etorkizuneko lanak eta berrikuntza" gaia jorratu behar zuen ikastaroa jarraitzera.
Islandiako, Ingalaterrako eta Danimarkako adituak egoteaz gain, etxekoak ere baziren: MIKeko Igor Calzada antolatzailea eta Carlos Fernández, Foru Aldundiko Imanol Agote, Tabacalerako Josean Muñoz eta EITBko Juan Diego. Ostiral arratsaldean aritu zen hirukotea ahaztu gabe: Andoni Luis Aduriz sukaldaria, Iñaki Etxaniz, Angulas Aguinagako saltzailea eta La verdadera historia del kalimotxo liburua udaberrian argitaratu zuen Funky Projects etxeko Asier Pérez.
Oharra: El capital creativo webgunetik hartutako irudia.
Batzuk besteak baino gusturago entzun nituen, baina harrobiko hiru lagun hauek osatutako saioa ederra iruditu zitzaidan. Aduriz ez da hizlari aparta, baina bai komunikatzaile bikaina eta hain gaztea izanik ere, puntako sukaldaria da. Etxanizek, MBA eskolako gorbatadunak, ederki saldu zituen enpresaren produktuak. Honen ifrentzua Asier Pérez, Arte Ederretan lizentziaduna, Maoren kamiseta pop-a soinetik kendu eta euskal selekzioaren elastikoarekin hitzaldi probokatzailea eman zuena.
Handik egun gutxitara, Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordea gonbidatu zuen Euskadi Irratiko Mezularia saiora Maite Artolak. Ez naiz gogoratzen zertaz hitz egin zuten, baina dena oso makro izan zen eta hor bizkaitarra ederto mugitzen da. Halako batean, Txina aipatu zuen bietako batek. Iaz oporretan bertan egon zela esan zuen Idoiak. Ea zer iruditu zitzaion galdetu kazetariak eta Zenarruzabeitiak aitortu zuen beldurtuta etorri zela hango martxa ikusita.
Esaldi hori ez zuen politikariak bota, herritar arruntak baizik. Eta hori elkarrizketatzailearen meritua izan zen, oporrak aipatu eta adi egotearen txipa itzali egin zitzaion instante batez lehendakariordeari. Eta hanka sartu zuen.
Etengabe zilborrari begira egotea ez da sanoa, baina beldurra gehiegitan astintzea ez dut uste biderik eraginkorrena denik. Horregatik egon nintzen gustura ikastaroan, kanpoko eta etxeko adibide onak eman zituelako ezagutzera. Eta hau egitea ere garrantzitsua da.