Sanmartzial arratsaldea Irunen
Bazkaltzera joan gara Irunera. Sorkunek eta biok, nire gurasoekin, Munantxo jatetxean. Gauza batek deitu dit atentzioa han barruan nengoela: bi urteko neskato bat kantinera jantziekin danborra jotzen. Alarde tradizionalekoak ziren gurasoen koadrilakoek ez zioten kasurik egiten. Normala. Hamabost urte barru irudikatu dut neska hori egoera berberean. 17 urteko neskari utziko al liokete berdin jokatzen? Gaur egunean ez, hamabost urte barru espero dut baietz.
Bazkaldu ondoren, alardea ikustera joan gara. Ez naiz entsaio-garaian Irunen egoten eta kolpe latza hartu dut alarde berdinzalekoak Kale Nagusitik pasatzen ziren bitartean beste alardeko jarraitzaile askoren irainak eta oihuak entzuterakoan. Eskerrak Balzaren gizon-emakumeak bertan zeudela. Hori da ibilbidearen tramorik gogorrena.
Beraz, Kale Nagusiaren sarreran ikusi ditut lehenengo aldiz desfilean. Ondo, harro, pozik. Denak pasa ondoren, Junkal Elizara daraman maldan ikusi ditut berriro, plazatik sartzen eta ateratzen. Iñaki Altube agurtzeko aukera izan dut. Gustura zegoen. Gero eta jende gehiago biltzen dela, gero eta hobeto pasatzen dutela.
Gorako bidean zihoazela Iker Pou eskalatzailea zegoen nire parean, neska batekin. Harridura aurpegia jartzen zuen kontrako jarrera zuten neska gazteen piurak ikusterakoan. Normala.
Zabaltza plazara joan gara, Colon ibilbidetik. Enparantzan koadrilako lagun bat agurtu dut. Beste alardearen etorrera itxoiten ari zen bera. Juan Etxenike eta batxilergoan nirekin egondako pare bat ikaskide ohi ere saludatu ditut. Trago bat hartu dugu alardeak martxa abiatu aurretik.
Gipuzkoa hiribidetik gora joan da txilibito eta danbor hotsa. Gu, Colon ibilbidea zeharkatu ondoren, Luis Marianotik San Juan plazara hurbildu gara. Bidean jada jubilatuta dagoen lehengusu bat eta bere emaztea agurtu ditut. Goizean lanean egon naizela esan diot, ea nork pagatuko dion berari jubilazioa bestela. Andreari ez zaio gustatu broma.
Ioana ikusi dut San Juan plazan. Jai hartu duela esan dit. Hantxe despeditu ditugu konpainia guztiak, txalo artean. Bukatzeko, trago bat Kabigorrin.
Bertan nengoela amaren deia jaso dut. Bere lehengusu bat ospitaleratu behar dutela. Etxera joan behar izan gara. Lerro hauek Donostian idatziak dira. Amaren lehengusuaren berririk ez dut oraingoz.
Beste mezu batek goibeldu dit kopeta gaurko goizean. Lo-ren sms-ak zioen: "Gixane jun egin da". Pena hartu dut. Gutxi ezagutzen nuen emakumea, baina on puska zela esango nuke. Gixane, mezu hau ere zuretzat.
Bihar zapato azule Ondarroan.
Despiste batengatik Markos Zapiainen blogean jarri zintudan erantzuna eta gaur konturatu naiz. Hemen doa:
"Gu gara etorkizuneko Alardea", esaldi horrekin gelditzen naiz gaur (uztailak 1) egunkariei errepasoa egitean. Gu gara etorkizuneko Alardea gu garelako garai berrietara moldatu eta emakumea berdintasunean ikusten dugunok.
Beraz, 15 urte barru espero dut gaurko neskatxo horri inolako arazorik gabe Alardean parte hartzea uztea. Biharko nerabeak etorkizuna dira eta etorkizuneko Alardea gu.