Loretopetik (II) Sedukzioa eta prestigioa
Irutxuloko Hitzan ekainaren 28an argitaratutakoa.
John eskoziarra Glasgow-koa da. 1990. hamarkadaren hasieran etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, Bergarara. Bere ustez, Espainiara zetorren, eguzkiaren, flamenkoaren eta zezenen eremura. Bergaran pare bat urtez egon ondoren, Donostiara etorri zen. Beti ingeles irakasle gisa.
Glasgow-n pasa zuen uda batean, Malagako Lola ezagutu zuen eta berarekin ezkondu zen duela 10 urte, Andaluziako ekain beroan, koadrodun gona eta artilezko galtzerdiak soinean zituela. Kordobako herri batean bizi ondoren, Malaga, Lisboa eta Caracas izan ziren bikotearen hurrengo geltokiak.
Venezuelan jaio zen familiako ttikiena, Jack. Hango giroa semearentzat egoki ez zela iritzita, Suitzako Geneva ingurutik gertu bizi dira orain, herrixka batean. Ekainaren hasieran etorri dira hiruzpalau egun pasatzera eta ordu erdiz egon nintzen beraiekin.
Jack ondoan nuela bururatu zitzaidan nire (gertuko) familian ez dagoela inor Gipuzkoatik kanpokoa dena, baina ume honek hiru pasaporte ditu: britainiarra, espainiarra eta venezuelarra. Amak ere esaten zuen: "nongoa den galdetzerakoan hamar minutu beharko ditu gizajoak esplikazioak emateko".
Hau da lehen mailako globalizazioa, paperduna.
Aste bukaeran Ondarroan egon naiz. Igande arratsaldean ordubete pasa dugu Alamedan eserita, kafe bat hartzen, kontu kontari. Denbora tarte horretan ume aljeriarrak, nigeriarrak, senegaldarrak, pakistandarrak, uruguaiarrak, txinatarrak… ikusi nituen jolasean.
Euskal Herria kolorea hartzen ari da. Denak erdi-lehengusu ginen garaiak pasatzen ari dira. Globalizazioak, adituen hitzetan, identitate-paradigmen aldaketa dakar, besteak beste.
Luix Baringarrementeriak ekainaren 15eko zutabean Atabal tabernan egitekoa zen Arnaldo eta Mariaren enkontruaren berri ematerakoan, Otegiri hartutako hitzak erabili zituen. Konfrontaziotik sedukziora. Etorkinei begira ere berdin jokatzea izango litzateke kontua. Seduzitu ditzagun.
Hori bai, Manuel Delgado irakasle kataluniarraren hitzak ahaztu gabe. Delgadoren gurasoak Bartzelonara joan ziren bizitzera eta "70. hamarkadan, gurasoek katalana ikastera eramaten ninduten. Zergatik? Kataluniako kulturaz enamoratu zirelako? Ez, seme katalan hiztunak errazago lortuko zuelakoan lana gizarte hartan". Beraz, sedukzioa bai, baina prestigioz blaitu dezagun gure kultura.