2050eko Txina Benoît Cézard-en argazkietan
Txina 2050. Argazkilaria: Benoît Cézard.
Rue 89n bidez (La Chine en 2050: et si les immigrés, c’était nous?) izan dut Benoît Cézard argazkilariaren berri. Lotura horrek eraman nau elkarrizketa honetara: Et si la Chine était la nouvelle terre d’immigration des Occidentaux?
Benoît Cézard musikaria, argazkilaria eta frantses irakaslea eta Txinan bizi da 2006tik. Buelta eman dio orain arte gure munduan ikusten ohituta gauden irudiei (nahiz eta jada gauzak nabarmen aldatzen ari diren). 2050 urteko Txina irudikatu du argazki erakusketa batean eta bertan mendebaldarrok gara Txinara lan bila joango garenak. Goiko argazkian ikusi bezala, gurean etorkinek egiten dituzten lanak han guk egiten ditugu.
2020. urtearen bueltan Txina munduko lehen potentzia ekonomikoa izango da. Mendebaldearen gainbehera, Ekialdeak gailurra ukitzen duen bitartean.
Immigrazioa ironiaz ikusteko arrazoiei buruz galdetuta (espero dut itzulpenean hankasartzerik ez egitea): "Txinan makina bat urte pasa ondoren kezkatzen nauen gaia delako, Frantzian eta Txinan gaurkotasun handiko gaia delako eta, azkenik, punk mugimendutik natorrelako (punk-hardcore taldeetan abestu dut) eta mugimenduaren oinarrietako bat diskriminazio era guztien aurka borrokatzea delako".
Amaitzeko: "Zorionekoa naiz: hemen jendeak mendebaldarrak tratatzeko moduak ez du zerikusirik Mendebaldean atzerritarrak tratatzeko moduarekin. Nahiz eta egunero topo egiterik duzun pertsona xenofoboekin, jende gehiena oso atsegina, abegitsua eta kuriosoa da gurekiko".
La China del 2050 en las fotos de Benoît Cézard, este apunte en castellano.