Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Nire ingurua 1985 urtearen amaieran

Nire ingurua 1985 urtearen amaieran

Mikel Iturria 2015/11/08 22:20
Pasa den astean esnatu nintzen egun batean pentsatuz nolakoa zen nire ingurua duela 30 urte. Eta buelta batzuk eman nizkion gaiari. Seguru ez zaizuela ezer interesatzen, baina beharra nuen idazteko eta argitaratzeko.

Pio Baroja Institutuan nengoen unibertsitate aurreko batxilergoa amaitzen (UBI zelakoa egiten). Ez naiz gogoratzen zein zen nire ordutegia, baina bai gogoratzen dudala goiz eta arratsaldez ibiltzen nintzela klasean. Eguraldiak laguntzen zuenean, oinez joaten nintzen klasera. Gutxitan hartzen nuen autobusa.

Goizeko 6ak baino lehen jaikitzen zen aita behiak jeztera. Bi behi izaten genituen etxean. Beranduxeago, baina ez askoz gehiago, jaikitzen zen ama. Garai hartan aitak 53 urte zituen eta amak 48. Aitak errepide nazionalaren beste aldean zegoen Porcelanas Bidasoan egiten zuen lan. 7ak aldera sartzen zen eta arratsaldeko 16:00ak aldera bueltan zen etxean. Amak etxea gobernatzen zuen.

Goizeko 8ak baino lehen etortzen zen ogi banatzailea. Panaderuak Pablo zuen izena. Errepide nazionaletik jaitsi, Lapitzeko Errotan geratu (oker ez banago) eta Altzubide aldera joaten zen. Handik minutu batzuetara jotzen zuen klaxona eta harri txintxarrez beteriko ehun bat metroko maldaxka igo behar izaten genuen (amak, Mañu anaiak edo nik), korrika, ogia jasotzera.

Ordu horretan ibiltzen zen ere etxeko behien esnea jasotzen zuen esneketaria, Pakita. Urte amaiera hartan, bihurritua egin nuen hanka batean eta, garaiko kontuak, hura sendatzeko igeltsua jarri zidaten eskuineko hankan. Urtarrileko egun gehienetan berak eraman ninduen institutura.

Melchora-Enean bizi ziren Juanito eta Merche. Bost seme-alaba zituzten. Zaharrena, Juanjo, 20 urte ez zituela hil zen motor istripu batean, 1980. hamarkadaren hasierako abenduko egun batean. Gainerako laurak: Ina, Miguel, Marimertxe eta Javi.

Lapitzeko Errotan Joxemiel eta Pantxika bizi ziren. Seme-alaba asko zituzten, baina garai hartan Luismariz gain ez dakit beste norbait bizi ote zen beraiekin. Agian, Mila. Joxemielen arreba Isabel bizi zen goiko aldean. Senarrari Valencia esaten zioten, inguru hartakoa zelako.

Hauen aurreko aldean: Berberana ardo almazena zegoen. Lehendik Solbes, gaur egun Iturria etxegintzarako almazena da. Fabrika txiki bi ere baziren inguru haietan: Alapont eta Neofibra.

Nik Ezurriki baserria ezagutu nuen, baina jada ez zen inor bizi bertan. Gogoan dut bota aurretik autopista egitera etorritako langileen almazen gisa erabili zutela. Lurrak, berriz, baratze bihurtu zituzten Irungo hainbat kaletarrek, dozenaka baratze eta txabola. Militarren kuartela ere gertu zegoen eta, batez ere udan, soldaduak aritzen ziren ariketak egiten (ez bakarrik gimnastikoak).

Ugalde izeneko errekatik gertu, iturri bat zegoen. Anaiari edo niri tokatzen zitzaigun ur bila joatea. Errekaren beste aldean: Ugaldeko Errota eta bertan bizi ziren Esteban eta Joxepa. Urtebete lehenago etorri zen Joxeparen anaia, Manuel. Baserri hau eta errepide nazionalaren tartean, hiru etxe, 1950. edo 1960. hamarkadan egindakoak: Quintillán bizi zen lehenean, emaztearekin; Quintillán galiziar honen arreba bigarrenean, Señora Carmen; azkenik, hirugarrenean, Señora Isabel, semeren bat edo bi eta Adolfo izeneko apopiloa. Jabeen izena zuen etxe bakoitzak: Villa Quintillán, Villa Carmen eta Villa Isabel.

Arritene Baserriko Tio Manuelek baratzea zuen, errepide nazionalaren albo batean. Arritene Arretxeko gainean zegoen eta 1970. hamarkadan bota zuten. Arretxen bizi zen Tio Agustin eta Tia Rosario. Bost seme-alaba zituzten: Agustintxo, lehena, 1985ko ekainaren 20an hil egin zen, Donostian. Elkarrekin ari ginen lanean obra batean eta berak istripua izan zuen. Haren anai-arrebak, berriz: Manuel, Mari Carmen, Maite eta Iñaki.

Pakita, esneketaria, Arretxen bizi zen ere. Senarra Joxeantonio eta seme-alabekin. Ez dakit jada denak ote zeuden etxean, baina Txus eta Belen seguru baietz.

Bi taberna zeuden: Arzak bata, Lekuzar bestea. Anton eta Prexenta ziren Arzakeko aiton-amonak; orain ahaztu egin zaizkit taberna eramaten zutenen izenak. Lekuzar-eko jabea Vicente zen. Oraindik ere, makuluak lagun, ikusi izan dut inguruan paseatzen. 90 urte baino gehiago dituela esango nuke.

XXI. mende hasieran gure inguruko baserri, tailer eta baratzez beteriko zonalde hura Industrialde bihurtzea erabaki zuten. 1980. hamarkada hura baino pixka bat lehenago autobideak banatu zuen bailara. Autopistaz haratago geratu ziren Lizardi eta Altzubide biak (goikoa eta behekoa). Okerrena Mendiola baserrikoentzat izan zen: muino batean zuten baserria eta gure etxe alboan, autopistatik honuntzago lursailik onenak, batere maldarik gabeak.

30 urte pasa dira. 30 urte besterik ez. Eta ingurua erabat aldatuta dago. Lizardi, Altzubide, Mendiola, Villa Isabel eta izena galdu duten beste bi etxeak, Carmen eta Quintillán. Berberana orain Iturria da. Eta kitto.

Notarioarena egin nahi nuen gaur. Lekunberri baserritik, akta jaso.

Oharra: ez dut amarekin hitz egin, ez dut ezer irakurri. Memoria-ariketa bat izan da.

Allá por 1985, este apunte en castellano.

Juan Mari Celihueta
Juan Mari Celihueta dio:
2015/11/12 11:45
Ederra egin duzun kronika. Ni ere Irungoa naiz, Anaka aldekoa, baina garai hartan Hondarribiko institutuan nenbilen. Hala ere, ingurua ondo ezagutzen nuen, Landetxako "Arsenal" izeneko futbol taldean ibili bainintzen, eta kuartelean entrenatzen eta jokatzen genuen. Batzuetan baloiak erortzen zaizkigun baserriak zeuden aldera, eta haien bila joan behar. Nola aldatu den dena.

Garai hartako mapa eta airetik ateratako argazkia ikusi nahi badituzu:

Gipuzkoako Foru Aldundiko 1:5.000 mapa, 1985 aldekoa:
http://bit.ly/1OG0hni

1983 ortofotoa:
http://bit.ly/1MCPGHs

Ondo izan.
iturri
iturri dio:
2015/11/15 11:01
Eskerrik asko komentarioagatik eta argazkien loturengatik, Juan Mari.

Ahaztuta nuen Arsenal taldea! Gogoan ditut, berriz, Racing Irun, Irundarra, Montecarlo, Gwendoline, etab.
patxi lurra
patxi lurra dio:
2015/12/15 04:20
Nik bai, Wikipediara jo dot eta 1985eko amaiera hartan bi gertakari harrapatu dot. Bata ingurukoa eta bestea ez (nahiz eta geuk danok oso gertukotzat bizi). Bata Mikel Zabalzaren atxiloketa da. Bestea Omayraren heriotza: http://arinduz.org/inaki/2013/10/31/omayra-sanchez/

14 urte egin nituan eta Valladoliden bizi ginan, nahiz eta Gabonetarako urte hartan ere Leioara etorri. Geure sutondoa oraindik piztuta zegoen 1985eko amaiera hartan.
Xaun
Xaun dio:
2018/08/17 20:15
Kaixo Mikel:
Etnografia eta bizimodu alorreko ariketa polita! Noizpait -pour la posterité- aipatu dituzun horien abizenak erregistratzea ere ondo legoke.

Bestalde, aipatu dituzun tabernak, Arzak eta Lekuzar, non zeuden zehazki? Oiángun (Oianguren) eta Txemenea baserrietan akaso, N-1 errepidearen ondoan Arretxe baserriaren eta izen bereko gainaren aldamenean, ala trenbide alderago?

Eta Lekuzar izen horren segida ote zen zuen Lekunberri baserriaren izena? Behinere aditu edota leitu gabe nituen hala Arzak nola Lekuzar izenak Irunen (bueno, Vinos Arzac-en saltoki bat bazela uste dut). Txemenea baserrian-edo taberna bat ezagutu nuen, baina izena jakin gabe.

Zuen baserria Kateari (Ventas) ala Lapitzeri dagokio? Lapitze zelakoan nengoen. Iñaki Linazasorok CAP kutxaren 'Documento' bilduman 1974an argitaratutako 'Caseríos de Guipúzcoa' liburuan Katea auzoko zerrendan ageri da (eta Lapitzekoa den Larreandi, aldiz, Olaberriakoan).

Lapitze auzorako (berak 'etxadi' hitza erabiltzen du) 27 baserri ageri dire. Kontuan izan behar da liburua 1972ko bukaeran eman zuela bukatutzat, eta urte horien bueltan baserri franko desagerrarazi zituztela Irunen eta beste hainbat lekutan, bereziki Behobia-Bilbo autopista eraikitzean. Kontuak kontu Lapitzen baserri hauen izenak jaso zituen Linazasorok, parentesi artean ohar batzuekin, laburdura moduan: Col. = maizterra; prop. = jabea; desh. = hutsa, jendez hustua; transf. en viv. = etxebizitza bilakatua; en ruinas = aurrietan, eroria...
Izenak berak emandako grafian ekarri ditut:

ALATRISTA (transf. en viv.)
ALTAMIRA (desh.)
ALZUBIDE (prop.)
ALZUBIDEKO ERROTA (prop.)
ALZUBIDE LEGARRE (ALZULEGARRE) ((prop.)
AÑEZENEA (transf. en viv.)
ARBOLENEA (en ruinas)
ARRABATENEA (prop.)
ARRIETANEA (prop.)
AZPILKUETA (col.)
EIZAGIRRE (col.)
ELORDI (transf. en viv.)
ELORDI TXIPI (prop.)
IPARRAGIRRE (prop.)
JAROLA (col.)
JAROLA BERRI (en ruinas)
LEGARRE (col.)
LIZARDI (prop.)
LUBERRI (en ruinas, por incen.)
MARTINDOZENEA (transf. en granja)
MOTZENEA (prop.)
OLAKETA (desh.)
OYANGUREN (prop.)
TXENPERENEA (col.)
TXEMENEA (prop.)
UGALDEKO ERROTA (prop.)
ZABALA ZAR (transf. en viv.)

Lapitzen liburuaren garaian edota lehenago egondako baserri guziak ez ditu aipatzen liburuan. Buruz aipatuta, hauek ziren batzuk: Maintzia, Lartzabal, Enekoitz, Enekoitz-berri, Belaskoenea (etxebizitza gisa dirau), Belaskoenea-berri, Oñaurre, Patxienea, Artaleku, ARRETXE, Errementari, Intza Berri, Labandibar (etxebizitza gisa dirau), Elizatxo, Egiluze...).

Katea, Landetxa edo Ventas auzorako honako baserrien zerrenda dakar Linazasororen lanaren 1.go argitaraldiak:

ANTOJU (col.) Escudo
ANTOJUKO ERROTA (prop)
ARANIBAR (2 viv) (prop)
ARESO (prop)
ARIZTI (prop)
ARIZTIZAR (prop)
AZKARTZENA (MAZKARTENEA) (prop)
BARRAKA (desh)
BIDAURRE (col)
BORDA (prop)
BORDA BERRI (desh)
BORDA TXIKI (desh)
EBANJEIETAKO BORDA (desh)
ELENANEA (prop)
ENPARAN BERRI (prop)
ENPARAN TXIKI (prop)
ENPARAN ZAR (prop)
ERBITEGI (prop)
ERROMERIETA (desh) (adquirido por el Club de Golf)
ERROTAZAR (prop)
ETXEBERRI GOIKOA (col)
EZKORTZA (prop)
EZKORTZA MAGDALENA (transf. en viv.)
EZURRIKI (desh)
GABIRIA (transf. en granja avícola)
GABIRI BORDA (transf. en granja avícola)
GURUTZEBERRI (desh)
INKULLEGI (en ruinas)
KASKOITEGI ((desh)
LARRABURU (en ruinas)
LEKUNBERRI (prop)
LOIDI (prop)
LOIDI BERRI (prop)
LOKAIZTEGI (prop)
LOYOLA (prop)
MAZUELA BERRI (col)
MAZUELA ZAR (desh)
MENDIOLA (prop)
MoKOZORROTZ (prop)
MUXIKA BERRI ((col)
NORMANDIA ((prop)
OLAIZOLANEA (prop)
OLAKIÑETA (col)
OTATZE (prop)
OTATZE BERRI (prop)
OTXOENEA (2 viv.) (prop)
OYARZABALETA (prop)
PERUBUSTAN (absorbido por el Club de Golf)
PRIMAUTZ ZAR (trn. en chalet)
PRIMAUTEKO ERROTA (prop)
SASIKOETXEA (prop)
SEMEON BERRI (prop)
SEMEZARREN (2 viv.) (col)
TELLERIA (col)
TONPEZENEA (3 viv.) (absorbido por el Club de Golf) ???
TXUMARRAGA (col)
UGALDE (desh)
UREDER (2 viv) (col)
URRUZENEA BERRI (prop)
URRUZENEA ZAR (prop)
USATEGIETA (col)
ZABALETA (prop)
ZABALETA BERRI (transf. en chalet)
ZELAIBURU (desh)
iturri
iturri dio:
2018/08/20 21:41
Kaixo, Xaun.

Arzak (Vinos Arzac bertan zegoela esango nuke) errepidearen aldamenean zegoen etxe handi bat zen. Sarrera nagusitik eskuin aldera zegoen Txemenea eta haren alboan Lekuzar taberna.

Ez dakit Lekunberri eta Lekuzar etxeen artean harremanen bat ote zegoen (izendapenari dagokionez). Vicente, Lekuzarrekoa, bizi da oraindik.

Ez nuen Linazasorok egindako lan horren berri eta ondo kokatua dago: Katean, Ventasen baitzegoen. Ugaldeko errekak markatzen zuen muga bi auzoen artean. Lapitzeko Errota baserria ere gure aldean zegoen, nahiz eta izenak beste zerbait iradoki.

Arrazoi duzu autopistak ekarri zuela hainbat baserriren desagertzea.

Mila esker.

@iturri
Xaun
Xaun dio:
2018/08/23 19:48
Kaixo berriz, Mikel:

Arretxe-Oianguren-Txemena ingurua gutxi gogoratzen dut, eta orain dela urte batzuk baserri horiek botatu zituztenez... Josetxo Riofrioren 'Irungo baserriak' liburuan baserriak eta Txemenea ondoko/azpiko taberna bat ikusi ditut oraintxe, baina 'Bar Restaurant' eta izen propiorik ez!

Linazasororen liburuko orri batzuk (Irun, Hondarribia, Oiartzun, Orereta, Pasaia) eskaneatuta dauzkat. Nere e-mailera erantzunez gero, nahi izatera bidaliko ttizut. Lapitzeko Errota Katearen eremukoa izateari dagokionez, beharbada horrelaxe utzi zuten Lapitze auzo zaharretik Katea eta Anaka auzo berriagoak bereizi zituztenean, XIX. mende bukaeran.

Lekuzar-Lekunberri balizko lotura hori interesgarria litzateke areago aztertzeko. Gustura hitz egingo nuke Vicenterekin, zerorri ere tartean izaki.

Ondo izan!

Xaun
Xaun
Xaun dio:
2019/03/05 18:09
Kaixo berriro ere, Mikel:

Arretxe Gainaren eta Lapitzek Katearekin muga egiten duen inguruko argazkia ekarki diet orain. 1997ko martxoko argazkia duk, Irungo Udal Artxibotik ekarria. Lehenbiziko lerroan, ezkerretara, Oianguren baserria ("Oiángun") ageri duk.

http://www.irun.org/Fototeca/FCruz209/G61174.jpg

Beheragotik Arretxe Gain aldera begira ateratako argazkia, egun berekoa. Lehenbiziko lerroan Oianguren baserria; atzerago ezkerretara, Txemenea baserria, etxabean zeukan tabernarekin:

http://www.irun.org/Fototeca/FCruz209/G61177.jpg

Bestalde, eta denboran atzera gehiago eginda, honako istripu honetaz oroituko yaiz, ezta? 1977ko apirilaren 29an, Arretxeko maldatik Katea aldera zihoan autobus batek auto baten kontra jo, eta segidan etxe baten kontra jo eta amildu zen. Ze etxe (edo baserri) zuken hori? Baziken izenik? Ugalde errekaren eta N-1 errepidearen bazterrean izaki, gerora Zubelzu lantegia eraikiko zuten lekuan, Arrietenea baserria izan zitekeen?

http://www.irun.org/Fototeca/FCruz209/G60624.jpg

http://www.irun.org/Fototeca/FCruz209/G60620.jpg

http://www.irun.org/Fototeca/FCruz209/G60623.jpg
Xaun
Xaun dio:
2019/03/06 17:29
1896ko Irungo planoaren zati bat ikusita, autobusak jo zuen etxe edo baserria Arrietenea ez, baizik eta Ugaldeberri izan zitekeela ondorioztatu diet. Bainan hik hobeto ezagutzen dukenez inguru hori...
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2019/03/10 21:53
Aupa, Xaun.

Egun batzuk kanpoan eman ditut eta gaur arte ez dut astirik izan gauzak behar den bezala begiratzeko.

Oso ondo gogoratzen nuen Hondarribitik Donostiara zihoan autobus horren istripua. Nik ia 9 urte nituen. Kolpe latza izan zen eta gure imaginarioan beti geratu den istripua.

Anttoni (uste dut hori zela bere izena) Larreta bizi zen bertan, baina ez dut gogoratzen etxearen izena. Argaziren batean ikusten denez, Porcelanas-era iritsi baino pixka bat lehenago zegoen.

Oianguren baserriaren izena ere ez dut gogoratzen. Etxea bai ordea.

@iturri
Xaun
Xaun dio:
2019/03/12 15:27
Kaixo Mikel!

Istripu horrena egunkariaren bitartez jakin niken, oraindik mutiko nintzelarik. Baina gerora, nahastuta, pentsatu izan diet Arretxe baserria zela autobusak jo zuena, eta ez, ez zuken hura izan, beherago zegoen etxe/baserri hori baizik, 1896ko planoaren kokapenaren arabera Ugarteberri deitutakoa (edota honen leku berean eraikitako etxea?).

E-mailez beste zerbait bidaliko diet. :-)
Xaun
Xaun dio:
2019/03/29 16:44
Oianguren baserriaren argazki koloretsu honetan ikus daiteke etxabean taberna zeukala baserri honek ere(freskagarri baten publizitate plaka metalikoa ageri duk:

https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/1106399
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2019/04/07 13:02
Bai, hala da.

Tabernak argazkitzarra zuen barraren atzealdean: bertan ageri dira hainbat taldekide Luis Ocaña laguntzen, ez dakit ze itzulian kolpe latza hartu ondoren. Tartean Txomin Perurena, oker ez banago.

Arzak familiarena zen etxea. Garai batean ETBko "Gaur egun"eko aurkezle eta orain Radio Euskadiko kazetari den Ander Arzaken familia, hain zuzen ere.

Guk ez genion Oianguren deitzen.

Mila esker, Xaun.
Xaun
Xaun dio:
2019/04/09 18:58
Mikel, hik aipatzen duken argazki hori beste nonbait ikusi izan diet nik, hain zuzen ere Perurenako Bentan, Astigarragaren eta Oreretaren muga-mugan. Izugarrizko indarra zaukak argazki horrek, flakiak jotako txirrindulari izar bat elkarlanean aurrera mugiarazten duen indar batuketa erakusten duena, gainera.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter