Hemen zaude: Hasiera Blogak Ortozik ortozik

Ortozik

ortozik

Ortozik berriz oinez

Hilabete luzetako geldialdiaren ostean berriro ere martxan jartzeko asmotan hemen naiz. Ia ba, zapata-zapatillen erosotasun arriskutsuan ez naizen ostera erortzen.

Blogaren kontu honekin inongo jarraitasunik ez dut izan. Arrazoi bat edo beste dela, edo aitzakia bat edo beste...errezena egin nuen. Utzi. Zertarako idatzi ere...ez nekien. Beharrik ez nuen ikusten. Orain ere ez dut blog beharrik ikusten, baina hasi naiz.

Eraren baten blog honen hirugarren faseari ekingo diot. Berez, fasea den ere ez dakit, baina bai bigarren ixilaldi luzearen apurtzea. Era kuriosoan bigarren apurketa hau ere egoera pertsonalaren gorabeherek eragindakoa izan daiteke. Eta ni harritzen nauen beste kontu bat, zera da, benetan zapata galtzerdiak kendu eta oin azpiko masaje naturalera, ortozik ibiltzera bueltatu naizela honetan ere. Horretara, beharbada bai, idatzi egin beharko nuke zerbait, barne beharren bat asetzeko, baina ez blog honetan edo ez inorendako, niretzat idatzi eta kitto. Bizitzari buruz, maitasunari buruz, heriotzari buruz gogoa bueltaka ari zaidanean, nolabait, irakurtzeko eta idazteko beharrak sortzen zaizkit.

Kontatzeko ez dakit askorik izango dudan, edo bai, beharbada bai, zertzuk kontatua egongo da. Beste kontu bat izango da hemen agertzen ditudan kontuak inori irakurtzeko atsegin egiten zaizkion edo ez. Edozein pertsonak irakurtzeko moduan agertuko direnez Eibar.org honetan, atsegin edo besteentzat erabilgarri izatearenak, helburu izan beharko luke. Irakurle apur batzuk izanda ere, horietako bakar batzuri erabilgarri suertatzen bazaizkie, idatzitakoen helburu hau betetzat ematen dut. 

 

 

 

 

Asier Arregi 2011/01/17

ortozik nago

blogari nago

 

ezkerroin

Ortozik, oin hutsik, oin biluzik egotea eta ibiltzea munduko millaka milloikaren egunerokoa da. Gehien-gehienak halabearrez, baina  badira naturari erantzuten dion logika aplikatuz egiten dutenak ere. Esaterako, ortozik egoteari zerbait gehitzeko xedez honekin egin dut topo.

Nirea ez da horrenbesterako, baina ezta bloga egiteko erabiltzen dudan izen hutsa ere. Metaforak alde batera utzita, asko dirakela, horiek baino gehiago ere bada apurtxo bat...Duela urte bat baino gehiagotik hilean behin gutxienez, gure baserritik gertu dagoen Kalamua mendia igotzen dut, ortozik.

Egun baten Miquel Colomer lagun eta errefrexologoaren aholkuz, froga moduan zein mailara arte posible den ikusteko ibiltzen hasi eta ordu erdira neukan totontorra jo nuen (bidetik kanporako sailak pasatuz). Ordutik, errepikatu, ibili eta bizio bihurtu da. Behar, ia. Gogaitua edo nekatu xamar nagoen garaitan bueltatxoa falta zaidala somatzen dut. Masajea musutruk, eta gehiago...

Behin, baserriko obra-erropa zaharrak jantzita abiatu nintzen, eta beharbada, aste bateko bizarrarekin. Ordu arrarotan joaten naiz eta ohikoena inorekin topo ez egitea da. Baina eguraldi traketseko astelehen batez, bidez kanpora nindoala hogei bat metrotara pertsona bat agertu zen. Begiratu, eta “bueltia hartu eskumatara” (gure tomtomak bezala) egin zuen. Beldurtu egin nuen...uxatu edo, nire uneko aurpegi lotsatiz.

Inoiz, eguraldi onarekin, jendearekin gurutzatzean agur ixil samarrak jaso ditut (jazkera txukunagoz, ordea).

Mendian beti agurtzea betiko ohitura da. Mantendu beharreko ohituren taldekoa.

Ortozik ibiltzea, probatu beharrekoen taldekoa.

Eta askorentzat, ni, txoroen taldean sartzekoa...bai, mendian topatu nuen harentzat bai seguru.

Baina orain ere ortozik, blogari nago.

Asier Arregi 2008/07/09