Hemen zaude: Hasiera Blogak Ortozik aldaketa klimatikoa

Ortozik

aldaketa klimatikoa

Bai, petrolioaren izenean

Munduko hiri haundi askotan, Mexico DF, Mosku edo Beijing kasu, airea arnastea arriskutsua izan daiteke. Zentzu honetan, maskarillak erabiltzeko eta toki jakin batzutan ume eta agureak ez ibiltzeko gomedioak daude, baita bertan kirolik ez egitekoak ere. Hau batipat, ibilgailuetako keari zor zaio.

Eibarren bertan ere, trafiko asko eta jarraiko edo ez oso jarraiko  momentuetan (ohiko auto-ilaratan), CO (karbono monoxido) neurgailuarekin 10 ppm tik gora sarritan neurtu izan ditut.

Arazo honi irtenbidea aspaldidanik ezagutzen da.

1996an AEBetan General Motorsek seriean fabrikaturiko lehendabiziko kotxeak ekoiztu zituen. EV1 (Electric Vehicle 1) izendatu zuten. Ezaugarri ikusgarriak zituen, 0 tik 100 km tara 9 segundutan, etxeko argindarrarekin kargatzea, oso ixila, garbia, eta abar. Alokairuan eman zituzten Kalifornia inguruan eta denbora batera, GM-k erabiltzaileen nahiaren kontra guztiak bildu zituen, hauei kotxea erosteko aukerarik utzi gabe. Gero, deusezteko.

EV1

Hurrengo argazkiko kamisetan, “save EV1” irakur daiteke. Alperrik ordea, guztiak desguazera. Indar errepresiboak beti boterearekin daude, eta boterea, nahiz eta sistema “demokrazia” hitzaz izendatu, ez dago herriarengan, kapital multinazionalean baino.

saveEV1
destroyEV1


1997an Nissanek Hypermini elektrikoa kaleratu zuen eta berriz ere Kalifornian (guardia zibilik ez dagoelako ote?) Pasadenako Udalak bere langileentzako auto profesionalak modelo honetakoak jarri zituen. 2006an alokairu kontratua bukatzen zen eta Nissanek kotxe guztiak batu zituen. Udalak autoak erosteko saiakera egin zuen, baina hau ere alperrik. Kotxetxoak desegin egin zituen Nissanek.

EVmininissan

Toyota etxearen 4x4 modelo batekin ere istorioak errepikatzeko bidea egin du. Toyotak 2003an RAV4-EV kotxearen ekoizpena gelditzen du eta 2005era arteko alokairu kontratuak bukatu eta gero...zaborrontzira ateak zabalik. Kasu honetan ordea, DontCrush izeneko kapainaren presioz, azkenik Toyota etxeak ordura arteko erabiltzaileei erosketa baimendu zien. Info gehiago: pluginamerica

Badago ere ibilgailuak ibiltzeko hidrogenoaren teknologia, baina oso kontrolpean, eta oraindik ere petrolioaren lobbya munduko ekonomian indartsuenetakoa da (idartsuena ez bada), honekin ondo lotuta dagoen armenarekin batera (Bush, Rockefeler, Rothchild...). Petrolioaren prezioa altu xamar mantentzeko interes ugari dago, eta horretan armak gastatzea estrategikoki komenigarria da...edo hobeto esanda, komenigarri zaie.

Eta lobby hauek, ez dabiltza ekologiaren izenean, honen aurka baino. Gizateriaren bizi iraupena helburutzat izanik, hauek, bizitzaren etsaiak dira.

Erabiltzaile arruntok badaukagu zer egin:

  • Teknologia berri eta garbiak eskatu
  • Ibilgailu berri bat erosi beharra izan ezkero, beti teknologia hauek eskatu, eta ibilgailu garbiena erosten saiatu.
  • Petrolio kontsumo haundiko ibilgailurik ez erosi.

 

eta beharbada garrantzitsuena:

  • Informazioa zabaldu, zabaldu, zabaldu, zabaldu...
  • Eta ia kontzientzia ere paraleloki piskat zabaltzen zaigun...
Asier Arregi 2008/08/07

Irakeko gerra, aldaketa klimatikoa eta gerra nuklearra

Oraintsu kaleratutako txosten baten aurrerapenak berotegi efektua eta gerren arteko harremana lantzen du. Ejerzitoek gerretan sortutako emisioak itzelak dira. Honi, munduan zehar egiten dituzten maniobretan sortutakoak gehitu behar zaizkio.

Txostenak Irakeko gerra ardatz du eta laburpen moduan:

1. AEBen Irakeko gerrako gastuek hemendik 2030 urte bitartean energia berriztagarrietan egin beharko lirateken inbertsio guztiak berdintzen dituzte.

2. Gerra honetan, 141 milioi tona CO2 isuri dira. Zenbat den irudikatzeko: wikipedian

3. Dirutan, 600.000 milioi dolar izan dira, 50MW tako 9.000 parke eoliko eraikitzeko haina.

4. 2006 urtean AEBek Irakeko gerran gastatutakoa, mundu osoan energia berriztagarrien inbertsiotan orain arte gastatutakoa baino gehiago da.

5. Obamak hurrengo 10 urtetan energia berdeen teknologia eta belaunaldi berrian 150.000 milioi dolar gastatuko dituela esan omen du (Irakeko urteko gastua).

Estimazio hauek oso kontserbatzaileak dira, erregaien erabilera intentsiboan, petrolio putzuen suteetan, gas eztandetan eta lehergaietako produktu kimikoek eragindako berotegi efektuan oinarrituak daude. Ez dira kontutan hartu neurtzeko zailagoak diren gerrako garraio jarduera guztiak (tropen mugimenduak, merkantziak eta abar).

Txosten osoa aurten kaleratuko da.

Bestalde, hari berdinari tiraka baina gaiz aldatuz, amerikarrek Iraken egin dutenak izenik ez du. Eta pobretutako uranioaz ari naiz. Pentagonoaren datuen arabera 4 milioi libra uranio zabaldu dituzte (1,8 milioi kilo pasatxo). Hau, erradiaktibitate kantitateari erreparatuz astakirtenkeria handia da, Nagasakiko bonbarena baino 250.000 aldiz gehiagokoa. Honen efektuak epe ertain luzera, oso gogorrak izan daitezke, jada ez badira.

Gerra nuklear modernoa.

 

 

Asier Arregi 2008/04/24