Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zinearen omenezko zinea

Zinearen omenezko zinea

Amatiño 2011/12/17 23:00
"The Artist" filma, mutua eta zuri-beltzean, zine-zinea da, zinearen beraren oroipenez josia, batere bikoizketarik behar ez duena eta, aurpegien adierazkortasuna azpimarratzeaz gainera, edozein pasarte, sekuentzia, egoera, giro edo klimax nabarmentzeko musikaren ahalak aldarrikatzen dituena.

Urtean pare bat aldiz zinera joan ohi den ikusentzuleak hobe du hurrengo egunetarako iragarritako “Intocable” pelikula aukeratu eta “The Artist” filmari ez ikusi egin, ezer gutxi esango baitio eta astun samarra irudituko.  Baina zinearen magiaz gozatzera sarri edo tarteka-marteka joateaz gainera zinearen memoriaz jabetu nahi duenari ur-bitsetan eta hegaztadaren letxe igaroko zaizkio  film honek dirauen 100 minutuak. Ausarta izan behar da gero 3D eta efektu bereziak satsaren pare indarrean dauden garai honetan, film zuribeltz  eta mutua egiteko. Baina Michel Hazanavicius zuzendariak.egin egin du eta maisuki egin ere.

Zine mutua izatetik mintzatua izaterako pausua kontatzen digu zuzendari frantsesak, 1927 urte inguruan Hollywooden gertatua. George Valentin (Jean Dujardin) eta Peppy Miller (Bérénice Bejo) bikotearen historia erabat fikziozkoa da, jakina, baina ez horratik Greta Garbo izar distiratsuak eta Ramón Novarro latin-loverak benetan bizi izan zutenarendik urrutikoa. Greta Garbok eta Peppy Miller aktoresak zine mutua utzi eta eskakizun berrietara egokitzen asmatu zutenen eredu dira eta Ramón Novarro zein George Valentin, ordea, muga gainditzeko gauza izan ez zirenen adierazgarri.

Halaber, zer gerta ere, Hazanaviciusek filma ondo bukatu dadin nahi izan du eta George Valentinen eta Peppy Millerren arteko amaierak badu Gene Kelly eta Debbie  Reynolds  (Euritan dantzan) bikotearenarekin zer ikusirik. Ildo beretik, ez ditu hemen  “The Artist” filmak zinearen omenezko gomutak agortzen. Nabarmenak, besteak beste, Orson Wellesen (Valentin senar-emazteen etxea) edo Charles Chaplinen (aldagelan) zinegintzari egindako keinuak. Eta, non ikusi genuen orain hurrengo eskailera-buru osoaren plano zoragarria?

Film honek Ikusentzuleen Saria merezi izan zuen Donostiako Zinemaldian eta Jean Dujardinek aktore onenari zegokiona, berriz, Canneskoan. Ondotik,  hilabete barru erabakiko diren Urrezko Globoen zain eta gero… gerokoak.

ValentinMiller  NovarroGarbo

Ezkerrean, Jean Dujardin eta Bérénice Bejo. Eskuinean, Ramón Novarro eta Greta Garbo

The-Artist   Gene-Kelly

"The Artist" (2011) eta "Singing in the rain" (1952)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: