Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gizonezkoa, desagertzeko zorian

Gizonezkoa, desagertzeko zorian

Amatiño 2016/08/17 00:05
Segurutik, munduan zehar desagertzeko zorian dauden espezien artean, gizonezkoa da arriskurik gehien dutenetakoa. Inork aitortzen ez duen arren, desagertzeko beldur hau izan daiteke, zenbait alardetan, emakumeari sartzen ez lagatzeko arrazoirik nagusiena.

Lar urte ez dela, asko jota hogeiren bat edo, ez gehiago, abuztuaren 14an Debako elizan "erreberentzia" egiten zuten dantzari den-denak mutilak izaten ziren. Baita, orain dela lau urte eskas, mutilak neskak baino gehiago ere. Aurtengo San-Rokeetako Salbean, ostera, txarto zenbatu ez badut behintzat, hamaika dantzarietatik bederatzi neskak izan dira. Martxa honetan, berandu baino lehen, denak, emakumeak. Ehun urte barru, zergatik ez, "erreberentzia" neska-dantza izango da. 

Eta, dantzan ez ezik, baita kantuan ere. Egungo orfeoiek, abesbatzek eta koruek duten arazorik larrienetakoa gizon falta da. Dantzan egiteko berdin samarra da, behar bada, mutila edo neska izatea. Kantatzeko orduan, aldiz, tenorra, baritonoa edo baxua izateko, oraindik, gizonezkoa behar omen da izan. Oraindik…

Inork zehatz mehatz aitortzen ez duen arren, seguru gero gizonezkoak desagertuko ote diren beldurra dela, hainbat alardetan behintzat, emakumeari sartzen ez lagatzeko arrazoirik nagusienetakoa.

Blog

"Erreberentzia"

San Roke2016

Etorkizunean, emakumeek dantzan eta kantan egingo dute. Eta, gizonek, berez dagozkien lan aproposak

jaime
jaime dio:
2016/08/17 17:12
1959. urtean, BH enpresa gasteiztartu zen urtean hain zuzen ere, askori suertatu zitzaigun Eibartik Arabako hiriburura gure bizileku aldatzea, familia, altzariak eta etxeko traste guztiak batera. Hurrengo urtean udal-euskal dantzak Txirinbil izeneko taldean hasi nintzen dantzatzen. Garai haietan gizonezko eta andrazkoen dantzak guztiz finkatu eta mugaturik izaten ziren: aurresku, ezpata edota makil-dantza, Arretxinagako San Migel dantza, Luzaideko jauziak eta abar gizonezkoak ziren. Kontrapasa, sagar dantza, zinta-dantza eta abar andrazkoak. Ez zegoen inolako zalantzarik.
Aurten, Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaietan, gure blusa taldeko bi mutil eta bi neskek dantzatu zuten aurreskua Birjinaren horma-hobiaren aurrean. Esan behar dut beti-beti neskek aurreskua dantzatzearen kontrako amorratua izan naizela, baina, nire dantzari denborako talderik onenak (Dindirri, Gaztedi, Duguna, Oinkari…) ezagutu izan arren, aitortu behar dut ez dudala inoiz ikusi aurreskua hain ongi dantzaturik (airezko birak, oin-gurutzaketa dobleak, hanka altxatze zerurantz zut, gurpilak, pausu markatze zehatzak eta abar) bi neska haien batek dantzatu zuen bezala.
Beharbada, Amatiñokin bat eginik, gizonezkoak sobran gaude azken bolada honetan, erlamando abaraskan bezala!
Oier A.
Oier A. dio:
2016/09/12 11:43
Ez dakit etorkizunean zer izango ote den, baina iraganak erakusten digun apurretik ikus dezakegu izan direla garaiak emakumeek gaur egun baino gehiago dantzatu dutenak, eta baita gizonezkoek emakumeak dantzatik desagertarazi dituztenak ere. Gure dantzaren historia debekuz beteta dago, eta debeku gehienak gizonezkoek emanak emakumeek ez dezaten dantzatu. Gizonezkoek dantzatu dezaten emakumeek dantzatzea debekatu beharra badago, hemen arazoa ez dago emakumeengan. Euskara bultzatzeko gaztelera debekatzea modukoa litzateke hori. A bai, hori gertatu izan dela, baina alderantziz,...

Jaime, pozten naiz zure dantzari ibilbideen berri izateaz. Txirinbil dantza talde garrantzitsua izan zen, bai horixe. Aurreskuari buruz, XX. mendean gizonezkoek "beretzat" hartu du aurreskua, baina XVIII-XIX. mendeetan ohikoa zen emakumeek aurreskua dantzatzea. XX. mende hasieran, orain 100 urte inguru, Santurtzin, bertako arraunlariek estropada irabazi eta herriko neskek dantzatu zute aurreskua arraunlariekin garaipena ospatzeko. Ikusi hemen:
https://dantzan.eus/[…]/santurtzi-1921-emakumeen-aurreskua-soka-dantza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: