Edozein gezurrek balio du sasiegia defenditzeko
Azken egunotan zenbait komunikabidetan agertu denez, 1996tik 2003ra bitartean Bizkaiko Meatzaldean hil ziren lagunen batez besteko kopurua Euskal Autonomia Erkidegoan aldi berean hil zirenena baino %14 handiagoa izan omen zen. Heriotzarik gehienak, berriz, zirkulazio-arazoz, biriketako gaitzez, hainbat minbizi-motaz eta erremediorik gabeko tumorez. Informazio honi erantsi zaio, bide batez, Petronor findegia Muskizen bertan dagoela.
Ezertan hasi aurretik aitortu behar da oinarrizko datuok egiazkoak direla bete-betean. Hau da, EUSTATen ikerketen arabera, Meatzaldeko heriotza-tasa Euskadi osoaren batez bestekoa baino altuagoa da, heriotzarik gehienak aipatutako gaixoengatik gertatzen dira eta, esan beharrik ez, Muskizko enpresarik handiena Petronor dela. Kontua da, ordea, datuok benetakoak izanik, ez dela inondik ere egia informazio horri darion susmoa. Alegia, atzekoz aurrera, Petronorren eraginez Muskizen beste inon baino jende gehiago hiltzen dela eta minbiziz zein biriketako gaitzez, gainera.
Egia edo da, bai, Muskizaldeko heriotza-tasa Euskadikoa baino %14 altuagoa dena (zehatz mehatz, %17). Baina hori egia izanda, egia ere bada, esaterako, Otxandion %43 handiagoa dena, Zeanurin %50, Diman %62 eta Karrantzan, berriz, %86 handiagoa. Honek zer esangura ote du? Menturaz, ardiz eta behiz inguratua bizi beharra kaltegarriago dela?
Inondik ere ez. Arrazoi bakarra da Meatzaldeko biztanleak Euskal Autonomia Erkidegoaren batez bestekoak baino zaharragoak direla, eta Otxandio, Zeanuri, Dima eta Karrantzakoak, berriz, are zaharragoak. Eta zaharrek, besteak beste, arazo bat dute: hil egiten direla eta, normalean, gazteak baino sarriago eta gehiago gainera.
Egia ere bada, jakina, zaharrak zirkulazio-arazoz, biriketako gaitzez, minbiziz eta tumore gaiztoz hiltzen direna baina, hain zuzen ere, horixe da normala. Muskizen, Karrantzan eta baita, gutxienez, Europa guztian ere. Ez dira behintzat hilgo elgorriz, gauerdiko moto-istripuz edo espeleologia egiten.
Dena dela, larriena ez da datuon interpretazio okerra, maltzur jokatu nahia baizik. Datu horiek kaleratzen dituenak horrenbeste badaki. Eta, hala ere, datuok manipulatzen ditu hobe beharrez, ingurumenaren izenean, salbatzailearenak eginez: bere sasiegia hain segurua da eze, beharrezko defentsa egiteko gezurrak ere balio baitio. Batere lotsa eta espanturik gabe, gainera.
Adinez adin, heriotza-arrazoien artean gaitzik ohikoenak Europako Batasunean