Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Anquetilen gaineko literatura

Anquetilen gaineko literatura

Amatiño 2013/02/15 15:50
Ez, hamaika bider errepikatu arren, Anquetilek ez zion Talamillori irabazi Bidebarrieta kaleko helmugan. Ez irabazi eta ez galdu. Bion arteko sprinta ez zen-eta sekula gertatu. Eibarren ez, behintzat.
Anquetilen gaineko literatura

Liburu-azala

Nire sasoikoon artean ezaguna da harako pasadizoa. Debagoienan barrena heldu omen ziren elkarrekin Anquetil eta Talamillo Bergarara. Frantziarra aurretik eta, pega-pega eginda, espainiarra atzetik. Osintxu, Soraluze, Maltzaga eta… normandiarra lehenik eta Burgoskoa gero, noiz aurreko errobera jango. Azitaindik gora abiatu, Urkusualdea gurutzatu, Bidebarrieta kalea gorantza hartu eta… horaila aitzinean eta, estu-mestuan, beltzarana gibelean. Azkenik, Rialtoren aurreko helmuga igaro eta, lehengo lepotik burua, Anquetil aurrenik eta Talamillo atzenik.

Jaitsi da Talamillo ito beharraren beharrez, arnasa larriaz laga du bizikleta bere gisara, eta kirol-zuzendariak diotsa: “Baina, Jose Luis, zelan ez duk azken metroetan sprintik jo, irabazita heukan-eta!”. Eta txirrindulariak, berriz, hasperenka: “Azken metroetan sprinta? Bergaratik hona sprint hutsean ekarri nau barren!”.

Ez da horrelakorik batere agertzen, ordea, Raul Perez Martinez kazetariak argitara emandako “Jacques Anquetil” liburuan. Are gehiago, harek eskainitako datuen arabera, Anquetilek parte hartu eta irabazi zuen Euskal Herriko Itzulia 1969koa izan zen, eta Talamillo 1965an hil zen, Burgostik Logroñora bidean entrenatzen ari zela auto batek, betiko, bazterreratu zuenean.

Bai, jakina da bai, Anquetilek eta Talamillok elkarrekin topo egin zutena 1963ko Espainiako Vueltan, baina Eibarren amaitu zen etapan ez zuen bietarik inork irabazi.

Marka gero, berrogeitaka urte inoiz jazo ez zen gertaera elkarri kontatzen!

 

Idaztankera eredugarria

Anekdotak alde batera utzita, zoragarria Raul Perez Martinez kazetariak liburuan barrena --ageriko ahalegin handirik gabe-- lantzen duen idaztankera. Kazetaritza peto-petoari dagokion kontakizuna, estilo eta molde egokiez, laburrez, artezez eta errazez. Eredugarria eredugarririk baldin bada, Informazio Zientzia Fakultatean gogoan hartzeko modukoa.

Ez dakit zein izan litekeen gure adituen eta kritikarien iritzia. Agian Anquetilen historiatxoak ez du merezi izango goi mailako literaturatzat jotzerik, baina zinez uste dut makinatxo bat ustezko literatura dagoela gure parnasoan dezente txarragoa, zailagoa, traketsagoa eta katramilatsuagoa. Baita harroagoa eta handinahiagoa ere. Hori bai.

Talamillo

Jacques Anquetil eta José Luis Talamillo

Raul Perez Martinez
Raul Perez Martinez dio:
2013/03/30 20:44
Oso pasadizo polita, bai horixe! Ez nuen ezagutzen, bestela aipamentxoa egingo nuen liburuan, noski. Mila esker liburu xume honi kasu egiteagatik; estimatuta dago. Agur bero bat
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: