Telebistaren programazio eskaintzaren bilakaera 1990eko hamarkadan
McLuhan-ek esana da "The medium is the message", eta honek zerikusi askorik du programazioarekin. Izan ere, nekez uler eta azter daiteke telebista-programazioa baldin aldez aurretik teknika eta legeriaren eragina kontutan hartzen ez badugu. 50 urte luze joan dira gaur egun mendebaldeko gizartean indarrean dagoen telebista-eredua Estatu Batuetan barreiatu zenetik hona. Europan, aldiz, telebista pribatuak, komertzialak alegia, hamar urte besterik ez du. Eta prozedura guzti honetan filosofiak eta politikak ez ezik teknikak ere izugarrizko eragina izan du eta, datozkigun datuen arabera, are eragin handiagoa izango du ondoko urteetan. Sekulako iraultzaren ataritan gaude eta orain dugun telebista-motak zer ikusirik gehiago du Balduino eta Fabiolaren ezkontzaren berri eman zigun telebista hasiberri harekin, bost-hamar urte barru izango dugunarekin baino. Izan eta izango diren telebista-aldaketa handien atzean teknika, legeria eta merkatua agertzen zaizkigu jaun eta jabe eta, besterik iruditu arren ere, programazio-aldaketen atzekaldean ere hiru zirkunstantzia horiek ditugu eragile.
Ondoren eskaini ahal izango dudan lan honetan 1990eko hamarkadan telebista-programazioak izan duen bilakaera aztertuko dut batez ere, baina hamarkada honen nondik norakoa hobeto ulertu ahal izateko ezin besteko deritzat 1970 zein 1980ko hamarkadak kontutan hartzeari lehenik eta, gero, baita 2000. urtearen inguruko hamarkadari ere.
Laburbilduz, Estatu espainiarreko merkatuari bagagozkio, 1970eko hamarkadan TVE zen telebista bat eta bakarra, monopolioa alegia. 1983tik 1989ra bitartean sei telebista autonomiko sortu ziren, TVE bera bezain publikoak. Egiazko aldaketa, ostera, 1990etik aurrera gertatu da, telebista pribatuen sorrerarekin batera eta, laster asko gainean izango ditugun kable, satelite eta "pay-per-view" antzeko sistema berriek hankaz gora jarriko dute orain arteko merkatu-oreka.
- -MERKATUAREN EGOERA 199O URTERARTE
1983ko urtarrilaren 1ean ETB sortu zen arte, TVEk (bi kateak) biltzen zuen, ezinbestean, audientziaren %100. Datu hau kontutan hartzea guztiz garrantzitsua da, baina ez azterlan honen helburua audientziak ikertzea delako, monopoliozko egoera batean ari den telebistak erabili ditzakeen programazio-erizpideak eta merkatu irekian lehiatu beharraren beharrez praktikan jarri beharrekoak zeharo desberdinak direlako baizik.
Sarritan entzun izaten dugu gaur egun "ez dagoela ezer telebistan". Ez dakit nik egia ala gezurra den, baina, horrelakorik diotenei jaramonik egiten baldin badiegu pentsatu beharko dugu orain dela hainbat urtetako telebistan, aurreko garaietako telebistan alegia, bazela zerbait baino gehiago. Hau da, oraingo aukerak ez bide du lehengoaren parekorik eskaintzen.
Hala ere, nahiko arrazoi objetibo badago pentsatzeko oraingo programazioa, orohar, orain dela hogei urtekoa baino hobea dela, nahiz eta jendeari entzunez gero besterik iruditu. Programa bakarra zegoenean ez zegoen besterik eta beraz, harekin konformatu beharra, ona nahiz txarra izan. Orain berriz, inoiz baino aukera gehiago dagoenean ikusentzulea inoiz baino kexuago.
Guzti honekin adierazi nahi dudana honako hau besterik ez da: monopolio-egoeran oso erraza dela programatzea eta, gainera, "ondo" programatzea. Hitz batez, inori ez zaio orain entzuten TVEren monopolio garaiko programazioa txarra zenik. Are gehiago, zenbait nostalgikori entzunez gero, badirudi "hobea" zela antzerkia ere prime-timean programatzen bait zen. Gaur egun, beharbada ez lituzke antzerki haiek inork ikusiko, baina hori beste kontu bat da.
Telebista autonomikoen agerpenak ez zuen alde honetatik panorama askorik aldatu. Telebista berri haiek, TVE bera bezalaxe, publiko izaten jaio ziren, bitarteko gutxiz, eta nolabait esateko, telebista-genero alternatiboak baino gehiago, tokian tokiko hizkuntza eta informatiboen hurbiltasun geografiko eta politikoa erakarri zituzten.
TVEaren programazioa ezer gutxi aldatu zen autonomikoak agertu ondoren. Telebista kate berriak ez ziren jaio Estatu espainiarreko kobertura osoa egiteko eta TVEk ez zituen konpetentzia seriotzat hartu. Horrez gainera, baliapide teknikoek ez zieten telebista berriei askorik lagundu TVEa berak bait zuen sarearen monopolioa, teilatu gaineko antenak ezer gutxi mugitu ziren eta etxeetako telebistagailu zaharrek non sakatu botoi askorik ere ez zuten.
Eskal Autonomi Elkartean, 1989ko datuak aipatuko baditugu, ETB %14ak ikusten zuen eta gainerako guztiek, %86ak alegia, TVE.
1990eko bigarren hiruhilabetean berriz, pribatuak agertu bezain laister, audientzi-datuak honelatsu ziren (24 orduko sharea): TVEk %79,7%, ETBk %14.9 eta pribatuek %5.3.
- -1991ean TELEBISTA PRIBATUEN AGERPENA, EUREN ERAGINA MERKATUAN ETA LEHEN ALDIZ AURDIENTZIA-NEURKETA SINESGARRIA
Laurogeiko hamarkadan zegoen telebista-eskaintzaren oreka bertan behera gelditu zen azken urteotan Estatu espainiarrean jazo ziren bi gertaerak zirela eta. - 1990eko apirilean audientzia-neurketa sinesgarria ezarri zen Euskal Herrian. - 1991eko abenduan, telebista pribatuak euskal lurralde osoan ikusi ahal izan ziren nahiz eta Madrilen zenbait hilabete lehenago hasi. - 1992tik aurrera, euskal telebistaren merkatuan ezer ez da berdin 1989. urtearekin konparatuz gero.
Audientziaren eragina
Gaur egun, programazio eskaintzaren oinarrietako bat audientzia dela uka ezina da; edozein telebistak bere programazioa eratzerakoan kontutan hartzen duena alegia. Bere ezagutzak programek arrakasta duten edo ez jakiteko baino gehiago balio du. Audientzia-datuak eskaintzen duten informazioarekin honako gauzak egin daitezke: estrategiak ezarri, lehentasunak ipini, arriskuak neurtu, gastuak banatu, produktuari behar hainbateko etekina ateratzen ahalegindu eta azkenik, errendimenduak hobetu.
Audientziek gauza asko adierazten dute, besteak beste, programa bat ona ala txarra den, orduketa ona duen ala ez; baina horrez gainera, programa batzuk orduketa finko edo jakinerako balio dutela eta beste batzuk beste ordutegi batean ipini behar direla jakinarazten du. Erreportai batek, esate baterako, izugarrizko arrakasta izan dezake igande arratsaldean, baina larunbat edo ostiral gauean emititzeak, berriz, programa horren desagerpena erakarriko luke.
Maila intelektuala duten programen "etsaiak" hiru izango lirateke bereziki: - Familia giroan gehiengoaren onespena jasotzeko zailtasuna dutenek. Giro horretan, programa generalistak ikusteko joera dago; eztabaida gogorrik sortuko ez duen programa mota, hain zuzen ere. - Arinkerian oinarritutako programak, kaxkarrak eta hala-nolakoak direnak ikusten ohituak daudenen interesa suspertzeko ezintasuna. -Izugarrizko arrakasta duten programa "light" horien kontra aritzeak dakarren erronka. Askotan pentsatu izan da jendeak ez dituela horrelako programak ikusten baina audientziak ikertzerakoan alderantzizkoa gertatzen dela argitzen da.
Datuei jaramonik egingo badiegu, uka ezina da jendeak ikusten ez omen dituen programak ikusten dituela eta gustora ikusiko lituzketela aldarrikatuz eskatzen dituztenak ez dituztela gero ikusten. Audientzi-datuen arabera, hipokresia kolektiboa bizi dugu. Gustatu ala ez, audientzi-datuak egunero egiten den erreferenduma da eta zifra haundiek agintzen duten sektore honetan ezin nabarmenago da hainbat autorek aipatu izan duten inozoen iraultza, argien galera, ergelen azpijana eta modernitatearen porrota. Eta hau guzti hau jakin ahal izan da orain dela bost urte arte ez zeuden audientzi-datuei esker.
Pribatuen agerpena
1991ko udaberrian gertatu zen bi telebista pribatuen agerpenak aldaketa handiak eragin zituen euskal merkatuan. Programen mamiei zegokienez, telebista publikoek ezin izan zuten pribatuen bidetik abiatu gabe jarraitu. Audientzien diktadura ezin besteko bihurtu zen eta telebista publikoek euren hainbat izaera alde batera utzi behar izan zituzten. Hau da, publikoek mortalak eta bi egin behar izan zituzten teoria eta praktikaren arteko zubigintza lortzeko: batetik, nola erantzun telebistarengandik espero den funtzioari eta, bestetik, zelan erantzun publikoak dituen gustoei.
Programak "arintzeko" tentazioak krisi-egoerarekin batera azaldu ziren eta kasu askotan aurrekontuen murrizketa oso atxakia ona izan da erdipurdiko programak behar baino sarriago egiteko eta emititzeko.
Gaur egun, programatzaileek inoiz baino hobeto dakite zer gustatzen zaion audientziaren gehiengoari eta audientziak berak inoiz baino bere gustoko programa gehiago du. Horrela ikusirik, programatzaileen eta ikusleen arteko ezkontza inoiz baino zoriontsuagoa dirudi. Baina egoera honek ezin du luzaroan iraun. Azken finean, gauza jakina omen da errutina eta irudipenik eza direla edozein ezkontzaren arriskurik handienak.
Telebista pribatuen agerpenak programazio-eskaintza gehitu zuen eta hau, ETBren onerako izan omen den arren, ez bide da gauza bera gertatu TVEren kasuan. Zer gerta ere, aldaketak aldaketa, teknika aldetik antenak egokitu behar izan ziren eta gero etorri ziren telebistagailu modernoagoek mugarik gabeko aukerabideak eskaini zituzten.
Gainera, zenbait urte lehenago telebista autonomikoak isil eta apal jaio baziren ere, telebista pribatuak habarroska plazaratu ziren edozein negoziok merkatura atera behar duen gisa berean. Eta horra non, TVE-etik telebista pribatuetarako transitoan, hainbat ikusentzulek erdi ezkutuan zeuden telebista autonomikoak "aurkitu" zituen ia ia ustekabean eta gero eta usuago nagusituz zen zapping-ari esker.
Hain zuzen ere, zapping-aren erabilpenak ekarri duen telebista ikusteko modu berriak betidaniko lehialtasun finkoak hautsi ditu eta batere morroitzarik gabeko pasamisiko kultura indarrean jarri. Prozedura guzti honetan, ETBk behera ezezik gora egin du.
Kontraprogramazioa
Kate publikoak alde batetik eta pribatuak bestetik, guztira, eskaintza izugarri handitu da baina audientzia lehengo berbera da edota, onenean ere, ez da proporzio berean gehitu. Ondorioz, merkatuan urri den audientzia hori bereganatu nahirik telebista-kateek berebiziko ahaleginak egin behar izan dituzte. Ahalegin hauek eraz eta moldez izan behar izan dute: eraz, ahalik eta programaziorik komertzialena eskainiz eta moldez, kate bakoitzak duen programazio horri ahalik eta etekinik handiena atereaz. Honela, sortu da "kontraprogramazioa" deritzan programatzeko molde berria. Zer ote den kontraprogramazioa¬? Ba, hitz batez, gainerako lehiakideek programatzen dutena kontutan hartu ostean burututako programazioa.
Oraintsu arte, telebista-kate bakoitzak bere programazio aproposa zuen, aldez aurretik erabakitako estrategia, bokazio, estilo eta diru-ahalmenen arauera. Telebista pribatuak agertu arte merkatuan zeuden telebista publikoen programazioa urtean behin aldatzen zen eta programen kontratoak uztailetik ekainera bitartekoak izan ohi ziren. Telebista pribatuek erakarri duten lehia zorrotza eta audientzi-neurketen ondotik berriz, programazio-prebisioak hiru hilabeterako besterik ez dira eta programaren batek arrakastarik ez baldin badu, bizpahiru aste baino ez du irauten.
Baina kontraprogramazioak prebisio-epeak moztu ezezik, programen egutegiaren finkotasuna ere erabat hautsi du. Kontua ez da honezkero behar besteko audientziarik ez duten programak lehenbaitlehen kentzea, baita indarrean jarraitzen duten bitartean ahalik eta egunik eta ordurik aproposenean jartzea ere. Eta, "apropos" hitzak bi zentzu ditu: bata, ikusentzule-kopururik handiena lor dezakeen egun eta ordua asmatzea eta bestea, egun eta ordu berberorretan lehia zuzenik egingo ez dion bestelako programarik beste ezein katetan ez egotea. Esate baterako, alferrik da egun eta ordu jakinean lehiaketa edo filme onen bat eskaintzea, baldin egun eta ordu berean beste kateren batek lehiaketa edo filme hoberik eskaintzen baldin badu. Programatzaile onak bere produktuei ahalik eta etekinik onena ateratzen jain behar du eta lehiarik gutxien aurki dezakeen unean programatzen jakin. Programak "amortizatzen" asmatu behar du eta ez, ordea, alferrik "erretzen".
Prozedura guzti honen ondotik, hainbat urte luzez aldagaitz izan den programazio-kontzeptua erabat aldatu da eta gero eta zailago gertatzen ari da aldez aurretikako prebisioei eutsi ahal izatea. Hasieran, egun batetik besterako programazio-aldaketa honek erabateko kritikak jaso zituen batere serioa ez omen zelakoan. Gaur egun ordea, nahiko normaltzat joten da eta zapping-aginteak dexente erraztu du normaltze hau. Izan ere, bizpahiru telebista-kate besterik ez zegoenean ikusentzuleak ia buruz zekizkien programa guztiak eta haserretu ere haserretzen zen espero ez zuena aurkitzen zuenean. Orain ostera, esku-aginteari esker, kate batetik besterako transitoa zeharo erraz egiten da, unean unekoa ikusten da (zenbait unetan hainbat programa ezberdin batera) eta ez du garai bateko garrantzirik programazioen berri ez jakiteak edota azken orduan aldaketaren bat egiteak ikusentzuleak "datorkionaren" arauerako aukera egiten baitu. Honek, egia esan, programa-astekari espezialduen porrota ekarri du baina hau beste kontu bat litzateke.
Kontraprogramazio-estrategia hau ez dagokie bakarrik programa-edukiei, baita iragarkiei ere. Erabat frogatzerik ez dagoen arren, zenbait azterlarik salatu izan duenez, T5ek A3ren iragarki-denbora berberean emititu izan ditu bere iragarkiak. Zalantzarik ez, emisio-sistema hau ezin dela aldez aurretik planifikatu, beraz, honek esan nahi du T5ren emisio-arduradunak adi adi egon beharko duela A3ren programazioa ikusten, kate honek iragarkiak noiz sartu, berak ere beste horrenbeste egin ahal izateko.
Hala ere, zer gerta ere, onartu ere onartu beharko, kontraprogramazio-estrategia honek beherantza egin duela azken urtean eta beti ere askoz ere gehiago nabarmendu dela telebista pribatuetan telebista publikoetan baino. Eta telebista publikoen artean ETB eta Kataluniako TV3 izan omen dira kontraprogramaziotan gutxien aritu diren kateak.
Ordutegi aproposa
Programazioa burutzerakoan eta edukien araberako banaketa egiterakoan, erabateko garrantzia du ordutegiak. Oinarrizko kontzeptu-mailan ia ez dago eztabaidarik: mundu guztiak ontzat ematen du prime-time delakoa dela ordutegirik aproposena, zalantzarik ez dago haurrak telebista aurrean dauden uneetan ez dela pornografiarik eskaini behar eta albistegiak ez direla "desorduetan" egin behar. Eztabaida sortzen da ordea, prime-time noiz den erabakitzerakoan, haurren orduak zeintzuk diren asmatzerakoan eta "ordua" eta "desordua"ren artean aukera egiterakoan.
Ikusentzule bakoitzak bere erizpide partikularra du beretzat onena omen den ordutegiari buruz eta bere erizpide horren arabera egin ohi ditu bere kritika eta balorazioak. Goizeko seiretan lanean hasi behar duenarentzat gaueko hamaiketako pelikula beranduegi dateke baina, lanetik bueltan gaueko hamarretan etxeratu ohi denarentzat, bederatziretako informatiboa hutsaren hurrengoa besterik ez.
Ordutegi aproposa zein den asmatu ahal izateko telebista zuzendariek hainbat inkesta egin eta datu-bilketa osotu behar izaten dute. Datu hauen arabera, programazio arduradunek jakin ahal izaten dute zein den ikusle-kopurua orduz ordu eta baita sektorerik sektore ere, hala adinaren nola sexuaren arabera, zein estatus mailaz, hizkuntzaz eta bizilekuz.
Datuek hainbat eskema hausten dute, esate baterako, hainbatek besterik uste izan arren, astelehenetik ostegunera bitartean, haur gehiago dago telebista aurrean gaueko 10etatik 10.30etara, iluntzeko 7.30etatik 8etara baino. Beraz, zein litzateke haurrentzat ordutegirik aproposena?
Beste horrenbeste gaueko ordutegiei buruz. Jende heldu asko kexatu ohi da hainbat programa beranduegi eman ohi direlako. Baina inkesten arabera, gizonezko gehiago dago telebista aurrean 12etatik 12.30etara bitartean, 8etatik 8.30etara baino; eta emakume gehiago gaueko 11etan iluntzeko 9etan baino. Aldi berean, besterik uste arren, gizonezko gehiago dago telebista ikusteko gertu goizaldeko ordu batean, eguerdiko ordu batean baino.
Esan bezala, aipaturiko datu guzti hauek astelehenetik ostegunera bitartekoak dira, baina asteburuetan ere hainbat "jakineko" eskema apurtzen dira. Esate baterako, inork gutxi sinetsi arren, teleikuslea beranduago oheratzen da igandeetan astelehenetik ostegunera bitartean baino eta, besterik badirudi ere, emakumeak gizonezkoak baino lehenago oheratzen dira. Haurrei dagokienez berriz, ume gehiago dago telebista ikusten larunbat gauerdian arratsaldeko zein iluntzeko edozein ordutan baino.
Datu hauek, gustatu ala ez, hor daude, ikusentzulegoaren ohituren lekuko dira eta edozein programazio arduradunek kontutan hartu beharrean aurkitzen du bere burua.
Amerikarren hildotik
Zer esanik ez Europako telebista-merkatuak sekulako iraultza ezagutu izan duela azken hamabi urteotan. 1983an ETB sortu zenean, ez zen Europa osoan Estatu mailako telebista-kate pribaturik. Bretainia Handian, Alemanian, Frantzian, Espainian eta bestelako estatu europarretan tokian tokiko telebista nazionalak besterik ez zeuden. Italian, hasiak ziren ordurako kate pribatuak baina eremu txikietatik ezin atera izateaz gainera, ez zuten elkarrekin programazio bateraturik egiterik. Hau da, RAI zen Italia guztia biltzen zuen telebista bakarra. Hitz gutxitan, Euskal Telebista izan zen telebista publiko estatalista haundi-maundien monopolioa hautsi zuen lehen katea baina, hala ere, hainbat urte gehiagok pasatu behar izan zuen telebista pribatuak europar merkatuan zehar barreiatu aurretik. Eta, telebista-eskaintza pribatua agertzearekin batera, telebista amerikarraren eredua hasi zen nagusitzen Europan ere.
Telebista betidanik, sortze beretik, izan da pribatua Estatu Batuetan, ez baita alferrik zinea ere industria pribatua izan hasiera beretik Ipar Ameriketan. Eta industria indartsua gainera, Wall Streeteko hondamendi ospetsuaren ondotik Roosvelt presidentearen New Deal delakoak zinea industria estrategikotzat jo zuenetik bai behintzat. Bai lehenago, eta geroztik zer esanik ez, zinea eta telebista lanbide industrialak izan dira Ameriketan, Europan bata zein bestea kultura izan diren bitartean.
Ekintza pribatuak izateak erabat baldintzapetu izan ditu zine eta telebista amerikarrak, beraien eragileek ez bait dute sekula zalantzarik izan negoziotan ari zirenik eta beti jakin izan dute ez zutela erakundeengandik batere dirurik jasoko.
Honek ez du esan nahi telebista amerikarra gaur bezain light eta live izan denik beti. 1950eko hamarkadararte, EEBBtan ere telebista nahiko serioa zen edota, gutxienez, orain baino askoz ere serioagoa. Garai hartan polemika zertan zen ikusteko, orduko filmeak ikusterik besterik ez dago. Programatzaileak prime -timeko albistegi eta mahai inguruak kentzeari ekin zioten eta, bere ordez, maritxuentzako labadora-lehiaketak jarri. Une hartantxe bertantxe, telebistaren historia aldatu egin zen, telebista eskola ezik ikuskizuna dela erabaki eta iragarki gabeko telebistarik ez zela aurrerantzean sekula santa gehiago izango frogatu.
Bueltarik gabeko iraultza hau EEBBtan gertatzen ari zen bitartean Espainian telebista agertzeke zegoen, eta berrogei urte geroago ere, oraindik ere, han hemenka hainbat ikastaro eta mintegi eratu ohi dira unibertsitate eta bestelako forumetan telebistaren funtzioa zein arraio den eztabaidatu ahal izateko.
- -1991TIK 1994RA BITARTEKO MERKATU-BANAKETA
ETBren zuzendaritzak 1994eko balantzea prentsaurrean egiterakoan aurkeztu zituen datuen arabera, azken urteotako bilakaera honela izan da:
- orduko sharea
- 1992 1993 1994
ETB 14 13,8 16,2 17,8 TVE 58,9 47,8 39,9 36,4 A3 10,3 17 23,3 26,3 T5 15 19,4 18,5 16,7 C+ 0,9 1,6 1,6 1,9
Prime time sharea
- 1992 1993 1994
ETB 18,6 19,3 20 22 TVE 57,5 45 39,6 37,1 A3 9 14,8 19,8 22,7 T5 13,5 18,3 17,5 15,2 C+ 1,4 2,4 2,6 2,7
Datu hauen arabera, zenbait ondorio begibistakoak dira: 1. ETB astiro baina etengabe igo egiten da urtez urte. 2. TVE maldan behera doa eta pribatuek irabazi duten guztia bere kaltetan izan da. 3. Pribatuei dagokienez, lehen urteetan T5 goitik aritu bazen ere, bere programazio-motak porrot egin du eta A3ren programazioak, ostera, asmatu egin du. 4. C+-en ordain-sistemak ere ondo dihardu eta bera omen da diru-irabaziak dituen telebista pribaturik bakarra.
- -1994EKO EGOERA ZERTAN DEN
Jende arruntari galdetuz gero, sarri asko ematen du telebista guztiak berdinak direla, ez dagoela euren artean batere diferentziarik eta, azken batean, guztiek antzerako programak eskaintzen dituztela.
Hala ere, telebista-kate bakoitzak eskaintzen dituen programa motak generoz aztertuz gero, hona hemen 1994eko perfila katez kate:
Albisteak Zabalkundea Barne prod.
ETB 19,5 11,9 67,9 TVE 12,2 9,1 57,2 A3 8,4 2,7 37,8 T5 8,1 6,3 42,7 TVV 12,8 7,9 53,2 TVC 14,7 11,5 58,5 TVM 18,7 8,7 15,9 TVG 15,9 6,7 56,1 CST 14,7 11,4 63,7
Datu hauek gaingiroki aztertuz gero, begi bistakoa da: 1) Albisteak, zabalkunde-programak eta barne produkzioa nagusi direla telebista publikoetan. 2) Telebista publikoen artean zenbait autonomiko TVEren aurretik ari direla. 3) Telebista autonomikoen artean ETB dela lehena albiste, zabalkunde-programa eta barne produkzioan.
Bestalde, euskaldunek eta erdaldunek balorazio desberdina dute programazioarekiko, hona hemen batak zein besteak izan dutena 1994en urtean:
Oso ona edo ona: Oo-o Oso txarra edo txarra: Ot-t Ez daki edo ez du erantzun: Ed-ee
Euskaldunak
Oo-o Ot-t Ed-ee ETB1 58 9 4 ETB2 53 7 5 TVE1 29 20 4 TVE2 43 9 5 A3 26 32 8 T5 16 50 7
Erdaldunak
Oo-o Ot-t Ed-d ETB1 19 7 51 ETB2 59 7 5 TVE1 36 17 2 TVE2 53 11 4 A3 42 21 3 T5 22 46 4
Datu hauen arabera, ETB1 da euskaldunen artean baloraziorik onena duen katea. Kontu izan, balorazioaz ari garela, ez audientziaz. Aldi berean, ETB da orohar hiritarren artean baloraziorik onena jasotzen duen telebista, ondotik, beste bi kate publikoek eta azkenik pribatuek. Erdaldunen arteko ETBri buruzko iritzi "eskasak" hainbat azalpen behar du erabat nagusi baitira batere erantzunik ez dutenak, hizkuntzaren muga tarteko jendeak ez baitaki zer esan.
- -XXI MENDEA: ETORKIZUNA
Adierazle guztiek jakinarazten dutenez izugarrizko teknologi-iraultzen ataritan gaude eta bitarteko teknologiko berriek erabat aldatuko omen dute ondoko hamar urteetan telekomunikabideen panorama orohar eta telebistarena bereziki.
Telebistaren historiaren hasieran kate bakar bat zegoen merkatu bakoitzerako eta kate horrek denetarik eskaintzen zuen, era guztitako programak alegia telebista bakar batean. Sistema hartan ikusentzuleak bere esku zeukan erabaki-ahalmen bakarra telebista piztea ala itzaltzea zen.
Ondoren, era bereko telebista gehiago sortu ziren eta telebista bakoitzak denetarik eskaintzen jarraitu zuen. Hau da, antzerako telebista gehiago eta telebista bakoitzak antzerako programa gehiago. Orain arte iraun duen sistema honetan ikusentzuleak bere esku izan duen erabaki ahalmen bakarra telebista-katez aldatzea izan da.
Hurrengo urteetako merkatuak ordea hiru teknologia berri elkarrekin lotuko ditu: satelitea, konpresio digitala eta fibra optikoa. Sateliteak mundu guztiko kateak etxeratuko dizkigu; konpresio digitalak, hogei aldiz biderkatuko digu oraingo eskaintza; eta fibra optikoak, bi zentzuko komunikazio-ahalmena eskainiko digu, hau da, orain telebistaren programazioa jasotzen dugu baina ez dugu erantzuterik, fibra optikoari esker informazioa jaso ezezik erantzun ere erantzun ahal izango dugu. Erantzun ahal izateko ahalmen honi interaktibitatea deritza.
Bistan da beraz mundu guztiko informazioa etxean jaso ahal izango dugula eta informazio hori guztiz anitza izango dela. Baina egiazko iraultza ez datza denetarik gehiago jasotzeko ahalmen horretan, erantzuteko izango dugun aukera berrian baizik, interaktibitatean alegia.
Sistema interaktiboei esker, mundua zeharo murriztuko zaigu, hainbat aukeren artean hautatu ahal izango dugu eta, batez ere, gure aukeraren islada guztiz zehatz mehatza izango da. Hau da, orain arteko telebista-ikusentzule isil eta pasiboa, ozen eta aktiboa bihurtuko da. Eta bere iritziak orain indarrean dagoen telebista merkatu oreka hautsiko du.
Gaurko fikzioa, biharko errealitatea
Orain gezurra dirudien arren, bost-hamar urte barru, fibra optikoa etxeraino ekarriko digun kablez ikusi ahal izango dugu telebista eta, aldi berean, kable horren bitartez jaso ahal izango ditugu gainerako telekomunikabide-zerbitzu guztiak.
Telebistari dagokionez soil soilik, hilero ordaindu beharreko diru-kopuruaren truke 40 inguru telebista-kate ezberdin ikusi ahal izango ditugu. Baina nolabaiteko ohiko telebista-aukeraz gainera, beste hainbat aukera ere izango dugu. Aukera horiek hain berriak dira eze, izenak inglesez baino ez direla oraindik: pay-per-view, near video on demand eta video on demand.
Pay-per-view
Ingelesez esangura duenez, ikusteagatik ordaindu baino ez da "pay-per-view". Telebistak hainbat programa berezi eskainiko du era kodifikatuaz ikusentzuleak ordainduz gero bere etxean ikusi ahal izango dituena. Adibidez, Athletic-Real futbol partidua zuzenean San Mamesetik. Orain bezalaxe, gero ere behar bada, hainbat partidu telebista irekian eman ahal izango dira baina honek ez du esanahi beste zenbait ematerik ez denik, ikuslegoaren eskabideari amore emanez eta ordainduz noski. Zentzu honetan horrelakorik ikusi nahi izango duen ikusentzuleak bere etxeko telebistaren aginteaz hainbat agindu eman ahal izango ditu eta nahiago duen programa ikusteagatik ordaindu.
Near video on demand
"On demand" delakoak gaztelaniazko "a la carta" edo norberaren gustoko menua esan nahi du eta "near on demand" menu mugatuari esaten zaio.
Praktikan zera da: kable telebistak aldez aurretik erabakitako programazio finkoa eskainiko du eta antzinako zine-aretoetako "sesión continua"ren antzera, hainbat pelikula behin eta berriz errepikatuko dira eta ez bakarrik hasi amaitu bezain laister, baita filme bakoitza hamabost minuturo hasi ere sekulako errazkada eta harrapaladan. Honela, ikusentzuleak nahiago duen filmea aukeratu nahi izango du egokien datorkion orduan.
Funtsean, "near video on demand" (NVOD) delakoa geroxeago etorriko den "video on demand" (VOD) deritzanaren aintzindari edo aurrepausoa da.
Video on demand
VOD sistemak ia neurririk eta mugarik gabeko menua eskainiko du. Ikusentzuleak nahiago duen programa aukeratu ezezik, berak nahi duen ordu zehatza aukeratu ahal izango du. Baita, programa geratu ere eta baita atzera eta aurrera korritu ere. Praktikan mugarik gabeko bideotekaz baliatzearen pareko izango da, hainbat diferentziaz: batetik, bideoa ez da etxean egongo hainbat kilometrotara dagoen kable-telebistan baizik; bestetik, bideoak ez dira bideodendetan erosi edo errentan hartuko, ikusi nahi den bakoitzeko kablez eskatu eta ordaindu baizik.
- -KABLEAREN AUKERABIDEAK: MULTIMEDIA
Telebistaren eskaintza anitzak ez ditu hala ere kablearen aukerak asetuko. Kableak beste hainbat aukerabide eskainiko ditu eta, behar bada, telebista izango da datorkigun multimedia mundu horretako parterik txikiena.
Kableari esker, telebistaz gainera, beste hainbat zerbitzu iritsi ahal izango zaizkigu gure etxebaitaraino: telelana, telehezkuntza, teleosasuna, telesegurtasuna, teledenda, telegunkaria, teleposta eta teleabar. Hainbat urte barru, kable bitartez komunikatu ahal izango dugu elkarrekin, kablez egin ahal izango dugu errenta aitorpena eta kablez aukeratu ahal izango ditugu Europako legebiltzarreko parlamentariak.
Funtsean, hainbat urtetan gizartea alfabetatu eta ez-alfabetatuen artean, ikasiak eta ez-ikasien artean, bereiztu izan den bezalaxe, ondoko urteetan kabledun eta kablerik gabekoen artean bereiztuko da, informatizatu eta ez-informatizatuen artean. Hitz batez, multimediadun eta multimediarik gabekoen artean.
Etorkizun hurbilean, jendea hirietatik kanpo biziko da, ez du lantokira joan behar izango lan egiteko, giza-harreman zuzenak murriztuko dira eta telepolis horretan kablea izango da gizartearen barne-lotura eta muina.