Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Jesu Kristoren izenean

Markos Zapiain 2020/07/07 10:30
Hezkuntza laikoa, magrebtar feministak, Vargas Llosa, Gernika eta Deustu, Claudio Magris

Irakaskuntza publiko sendo eta laiko baten aldeko ekimenean ezusteko inguruetan sortzen dira aliatuak eta arerioak. Berriki Mario Vargas Llosarenean eta islamdar eremuan azaldu dira aliatuak; eragozpenak, aldiz, Eusko Jaurlaritzan daude.

Emakume etorkin magrebtar batzuek estatu laikoa eskatu dute, eta zehazki hezkuntza laikoa, ondo dakitelako nola eta zertarako erabiltzen den multikulturalismoa, zer den erlijio eta kultura berezitasunaren izenean patriarkatuaren interesen arabera identifikatua eta sailkatua izatea. Gainerako hiritarren askatasun eta eskubide berberak nahi dituzte. Diotenez, “ez dugu ‘kolektibo musulman’ gisa kategorizatuak izan nahi, ‘gure’ teologoek diktatutako aginduen arabera”. Belo islamiko edo hiyabik gabeko irakaskuntza nahi dute, zeren “neskatoak ez dira gurasoen erlijioaren arabera bisualki desberdindu behar”. Ikastetxeetatik berex nahi dute erlijioa. Konkretuki, eskatzen dute erlijioa ez onartzea aitzakia gisa zenbait ikasle, batik bat neskak, Gorputz Heziketatik salbuesteko: “Derrigorrezkoak behar dute kirol-saioek, igeriketa barne, funtsezkoa baita ez bakarrik motrizitatea garatzeko eta norberaren gorputza ezagutu eta gozatzeko; biziraupenerako ere bai.” Sarean dabil feminista magrebtar laiko horien manifestua.

Vargas Llosa bezalako liberal batentzat ere biziki garrantzitsua da haur eta gazte guztiei, dirudun zein behartsu, hezkuntza egoki bat eskaintzea, belaunaldi bakoitzeko kide guztiei abiapuntu komun bat ziurtatuko diena. Horixe dio “Las palabras de la tribu” saiakeran. Hezkuntzaren munduan pribilegioa da bidegabeena, alegia, gazte aberatsei goi-mailako prestakuntza ematea eta txiroei berriz kaskarra, biziraute triste batera kondenatuko dituena. Bereizketa hori gainditzea ez da utopikoa. Frantzian hezkuntza publiko eta doakoa hobea izan da pribatua baino, eta gizarte osoaren eskura egon da. Noski, Vargas Llosak ezikusia egiten dio Frantzia hizkuntzen hilerri bihurtu duen jakobinismo biolentoari, baina hori beste arazo bat da. Ganorazko instrukzio bat jasotzeko edonoren eskubideari dagokionez, Frantziaren ildo errepublikarrari arrakastaz jarraitu diote Eskandinaviako herriek, Suitzak, Japoniak eta Singapurrek: hezkuntzaren esparruan aukera-berdintasuna bermatzen dute, eta horrek ez die elkarbizitza demokratikoa eta ongizate ekonomikoa zapuztu. Vargas Llosaren esanetan, ez da bidezkoa gazte bat arrazoi ekonomikoengatik ezin ikastetxe onenetan sartzea. Talentua, lana eta meritua dira kontuan hartu beharrekoak, ez gurasoen kontu-korrontea.

Etorkin magrebtar feministak eta Vargas Llosak ez bezala, Eusko Jaurlaritzak egitez hezkuntza pribatua saritzen eta publikoa makaltzen jarraitzen du. Erabaki esanguratsu bi hartu ditu arestian zentzu horretan, hamaika mitin baino adierazgarriagoak, Deusturi eta Gernikari lotuak.

Gernikan lau ikastetxe hauetan egin daiteke DBH: Institutu publikoan, Merzede kristauan, Seber Altube ikastolan eta San Fidel ikastola kristauan. Behin DBH gaindituta, Batxilergoa egitera Gernikako Institutuan elkartzen ziren eskola horietako ikasleak. Primeran funtzionatzen zuen. Ez zegoen beste ezeren beharrik. Ikasturte honetan, ordea, Hezkuntza Sailak San Fidel itunpekoan Batxilergoa abiarazi du. Horrek ahuldu egin du Institutu publikoa, ikasleak eta irakasleak kendu dizkio eta gehiago kenduko. Bi talde gutxiago dauzkate aurreikusita datorren ikasturterako. Gainera, orain arte Bermeoko Jesusen Bihotzeko ikastetxetik gazteak Batxilergoa egitera Bermeoko Institutura inongo arazorik gabe joan izan badira ere, aurrerantzean Gernikako San Fidelera joateko aholkatuko diete, sare kristau berekoak baitira.

Bestalde, Unibertsitate publikoan Medikuntza ikas daiteke. Datorren ikasturtetik aurrera, Jaurlaritzaren konplizitateari eta laguntzari esker, Deustuko Unibertsitate pribatu kristauan ere ikasi ahalko da. Hamabost mila euro balioko du lehenbiziko ikasturteak. Aberatsek egin ahalko dute eta pobreek ez; ezta aberatsak baino argiagoak eta langileagoak diren pobreek ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berdintasuna eta inklusibotasuna oztopatu eta fededun sosdun jakin batzuk pribilegiatzen dihardu.

Arturo Carlo Jemolo italiarra historialaria eta jurista izan zen; eta katoliko sutsua. Garbi zeukan Ebanjelioak gizarte justuago bat sortzeko gogoa piztu dezakeela. Erabat laikoa zen haatik, Claudio Magrisek inoiz ezagututako laikorik handiena. Ezinezkotzat jotzen zuen behar bezalako jendarte bat bideratzea Estatuaren eta Elizaren arteko bereizketa argirik gabe. Ederki ulertzen eta azaltzen zuen zer dagokion batari eta zer besteari; horrenbestez, zorrozki egiten zion aurka eskola pribatuaren finantzaketa publikoari.

Jemolok inspiratua da Magrisen beraren gogoeta hauxe: benetako fedea ez da berotegi baten babes goxoan gordetzen; aitzitik, kale gorrira jaitsi eta edonorekin nahasten da, Jesu Kristo eta bere apostoluak bezala. Eta hori eskolan ikasi behar da, bestela ez baita inoiz zinez barneratzen. “Eskola publikoaren aldeko laikoek, eta horien artean asko dira katolikoak, hobeto aldezten dute erlijioa eskola katolikoaren defendatzaile gogorrek baino.” Jesu Kristoren izenean ere, lehenbailehen ekin beharko genioke hezkuntzan aukera-berdintasuna ezartzeari.

Gara-n uztailaren 24an argitaratua

Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 9, azkena

Markos Zapiain 2020/07/06 13:29
Zentzuaren oinarri zentzubakoa

Azurmendirentzat, giza mundu ezinbestez mugatuaren inguruan, sakonean, azpian, adiezina dago, enigma isila, ezereza. Horrek berez ez du zentzurik. Haatik, absurdoak asaldatu egiten du gizakia, zeinak segituan eta urduri ekiten baitio zentzuren bat bilatzeari, gordina egosteari, dagoena duena bilakaraztearren, errealitatea txabola bizigarri izan dakion. Halatan, enigma esanezin hori seinalatzeko eta zentzuz betetzeko ipuinak asmatzen ditu, mitoak, erlijioak. Ipuin eta mito zentzuforo horiek misterio ezkutura bideratzen zaituzte. Dena den, gizaki askok gurago dute zentzua ukatu.

Zentzuz jantzirik ere, dena den, gure mundua ezerez ulergaitz batek inguratzen du. Mitoak, erlijiozko ipuinak, atzemanezin horretara irekitzen gaituzten zeinuak dira. Enigma ezkuturanzko norabidea iradokitzen digute, eta ez, zientziak bezala, duguna ulergarri eta manipulagarri bihurtzen.

Erlijioaren eginkizun seinalizatzaile hori da Azurmendiri honezkero apurtu zaiona. Mito erlijiosoek jadanik ez diote bihotza enigma esanezinaren arrastoan jartzen. Doktrina eta ipuin horien bitartekaritza, bere gogoa hondo ulertezinera zabaltzeko orduan, hautsi egin zaio.

Edonola ere, eta bukatzeko, merezi du errepikatzea Azurmendiren iritziz bizitzaren azken fundamentua antzemanezina dela, eta zentzuaren oinarria zentzugabea. Hurbilago dago ziur aski Azurmendiren ikuspuntutik Beltza ateista Munilla teista baino. Eta Azurmendiren ideiak pizgarri berri eta sendoak dira laikotasuna aldeztu nahi lukeen edonorentzat, teologia kamuflatua ez den laikotasuna, behintzat.

 

 

Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 8

Markos Zapiain 2020/07/04 09:14
Mirande eta Gandiaga. Azurmendi bera

Teismoa eta ateismoa ez ezik, beste hiru jarrera ere aipatzen ditu zegamarrak: “mitologia berria” deitu izan dena: Hölderlin, Wagner, Nietzsche, Jünger eta Mirande kokatzen ditu hemen. Kristautasunarenak egin du, eman behar zuena eman du honezkero, arrazoi eta zientzia modernoek iraganera bota dute, eta orain erlijio berri bat asmatzea dagokigu, moderniaren kritiken ostekoa, gizakia eta natura ikuspegi berri libre bitalista batez ulertuko dituena. Feuerbachen eta Marxen fedea Gizadiarengan ere hementxe ikusten du Azurmendik.

Laugarren, Gandiagarena: haurtzaroko mitologiara itzuli da, bere buruarekin borroka egin eta krisia pasatu ostean. Mitologia guztia abandonatu ondoren zentzurik ez zuelakoan, “orain zentzu eder berriz betea ikusten du, baina oraingoa guztiz beste zentzu bat da” (Azken egunak Gandiagarekin, 354). Marxen eta Freuden kritikak ezagutu ditu, beste erlijio batzuek liluratu dute, baina ez du alternatibarik ikusi, eta ez du alternatibarik gabe bizi nahi izan. Ondorioz, itzuli egin da eta badu zentzua: zirtzikatu egin zitzaion, baina, bere poesia lekuko, edo, zehazkiago, bere poesiaren bitartez, berritu egin du, eta bertan bizitzeko moduko txabola zaio orain.

 

GALDERA GALDU

Azkenik, eta bosgarren, Azurmendirena berarena: Gandiaga ez bezala, zentzurik gabe gelditu da. Ez dauka alternatibarik behiala asebete izan zuen mitorako, alternatibarik dagoenik ere ez du uste. Mitoak maite ditu, baina zentzua puskatu zaio. Batik bat, zentzuari buruzko galdera bera arrakalatu zaiolako. Honezkero jakin ez daki zein galderari erantzuten omen zion zentzuak.

Gandiagarena zein Azurmendirena Odiseak izan dira, bakardadezko ezinegona bizi izandakoaren itzulerak. Aldiz, seminariotik leninismora eta segituan liberalismora aldatzea, gailen dabiltzan olatuetan kortxo, gogoeta kritikorik gabe, egindako etxetik egindako etxera ibiltzea, ziurtasunez ziurtasun, ez da Odisea bat: “Odisea da etxea utzi, galduta ibili, eta, batek ez daki nola, atzera Itakara itzulia aurkitzea. Bitartean, jakina, oso posible da Itaka hori arras aldatuta agertzea; edo Odiseo bera egotea aldatua beretarrentzat ere kasik ezagutezina izateraino, zakurren batentzat-edo ez bada; edo berak Itaka uste duen hori batere ez izatea Itaka, oraindik beaziarren beste uharteren bat gehiago baizik. Odisea ez da korronteak eta zorteak eraman zaitzaten uztea. Naufragioa da, borroka, desesperazioa, autoengainua, Gozo uharteko gozotasunaren limuria, meditazioa, ihesa zeure buruari eta gustuei, 'jainkoren baten' laguntza; azken finean, herrestan zaramatzan historia korapilotsu bat, antzaldatzen ari zaituena. Odisea da ez jakitea odisea dela; ez jakitea jada itzulia zaren ala inoiz baino galduago, eta ez jakitea jadagoneko etxerik eta Itakarik batere inon ba ote dagoen.” (Azken egunak Gandiagarekin, 345-6)

Azurmendi, horrenbestez, etxekoen tranbian ibili ondoren kanpora jauzi egitea deliberatu eta hainbat bilakaera eta aldaketa bizi izan ditu bere kasa, eztanda, etsipena eta barealdia, estasia eta hotza. Baina tranbiara igo da berriro. Hori bai, zeharo aldatua dago bera eta zeharo aldatua aurkitu du tranbia. Are, ez da ezinezkoa beste tranbia batera igo izana, edo kohete batera. Zentzuaren zati apurtuak baino ez zaizkio gelditzen, sakabanaturik. Galeren artean nagusi, esan bezala, zentzuari buruzko galderarena.

 

Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 7

Markos Zapiain 2020/06/30 11:09
Teistak eta zientifistak. Emozioa eta jakintza

Azurmendi berez erlatibista eta eszeptikoa da, eta erlijio kontuetan eszeptizismoak kutsu agnostikoa hartzen du. Horrela, kontra egiten die Euskal Herrian soziologikoki ugarienak diren taldeei: Villasante eta Munillaren eiteko katoliko teistak, eta ustez hipermodernoak diren ateo zientifistak, XIX. mendeko positibismo zaharkituenaren fededunak izaten direnak, ia beti ohartu gabe.

Aurrena, ortodoxoena, Sukia, Cañizares eta Aita Sainduena: Elizaren doktrinak zeharo asetzen ei du zentzuaren eskakizuna, no problemo. San Agustinenean legetxe, Azurmendik “mito” deritzon fedearen edukiak ez dauka arazorik zientziarekin, egiarekin, errealitatearekin. Besteek dute beti errua: munduaren gaiztotzeak, kontsumismoak, gazteen errespetu faltak; Biblia bera ez da inondik inora arazo-iturri.

Hurrena, ukatzaileena, ateista zientfistena: lehenbailehen ahaztu behar dira umekeria horiek, ipuin horiek; modernian ez dute lekurik, antzinako kontuak dira, elkarrezinak zientziarekin eta pentsamendu razionalarekin: errealistak izan behar dugu, ez dagoenik ez bilatu. Aspaldi gainditu zuen zientziak erlijioa.  

Gurean, jende gehienak bi jarrera horietako bat erakusten du.

 

EMOZIOA ETA JAKINTZA

Azurmendiren ustez, bizitza zentzuz jantzi zein zentzua ukatu, giza desirak egiten du. Horregatik inoiz ez dute inor konbentzitu Jainkoaren existentziaren edo inexistentziaren froga razionalek. Jendeari ez zaizkio axola, fedearen edo fedegabeziaren oinarrian ez dago-eta arrazoi logikoa, baizik eta emozioa, sentimendua, nahia. Azurmendirenean, mugarik esanguratsuena ez da fededuna eta fedegabea bereizten dituena, baizik tolerante librearen eta dogmatiko fundamentalistaren artekoa. Azurmendirekin ados, André Comte-Sponville ateistaren esanetan, ergela da aldarrikatzea “badakit badela Jainkoa” edota “badakit ez dagoela Jainkorik”. Zeren eta Jainkoa eta zentzua ez baitagozkio jakiteari. Zentzudunagoa eta zuhurragoa litzateke esatea “ez dakit Jainkoa badenetz, baina sinetsi nahi nuke badela”; edota “ez dakit Jainkorik badenetz, baina uste dut ez dagoela”; edota “ez dakit Jainkorik dagoen ala ez, ez naiz gai hori zehazteko, giza adimena ez da hain indartsua”.

Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 6

Markos Zapiain 2020/06/24 10:13
Askotarikoa da zentzu hori. Ateisten zentzua

Pertsona konkretuen bizitza errealetan zentzua beti da plurala. Batetik, gertaera bera zentzu desberdinez hornitu dezake jendeak. Azurmendik oroitarazten digu adibidez Vesuvioren erupzioak zentzu desberdinak izan zituela biktima batzuentzat eta besteentzat, are kontrako zentzuak: Jainkoen zigor, Jainkoek gizakien debozioari jarritako proba, Jainkorik ez dagoelako froga nabarmena... Txit bestela, Pliniok, Jainkoak zeharo ahazturik, patuak zekarkion sumendiaren eztanda estoikoki onartu zuen.

Bestetik, bizitzaren zentzuak askotarikoak dira eta aldakorrak, baita batzuetan gutako bakoitzaren baitan ere, arima ugari barnebiltzen baitugu, zenbaitetan nolabaiteko harmonia lortzen dutenak, sarriago gatazkan dabiltzanak. Azurmendik horietako zenbait zerrendatzek dizkigu: arima edo arrazoimen bat izan dezakegu zientifiko zorrotza, bestea erdi mistikoa, poetikoa, hedonista, eszeptiko hotza, beste bat mailua maite duen filosofikoa, edota mailua eta igitaia...

Azkenik, Azurmendik azpimarratzen duenez, zentzua, bere baitan ere,  singularrean aipatzen bada ere maiz, praktikan plurala izaten da: osagai etiko, estetiko, sentimental, politiko, filosofiko, erlijiosoen batuketa, giza esperientzian eta historian nahasturik baitabiltza etika, artea, politika eta erlijioa.

 

ATEISTEN ZENTZUA

Goetheren hitzak errepikatu izan ditu Azurmendik: Jainkoa, nork berea izaten du, komeni zaiona aukeratu edo asmatzen du. Jainkoari ukoa, berdin. Zentzua erlijiosoa izan daiteke, baina baita ateista ere. Zentzuz betea egon daiteke Jainkoari ukoa. Gurean, Jainkorik gabeko zentzuari dagokionez, Plinioren salbazio filosofiko pertsonalaren tankerakoek baino oihartzun handiagoa izan dute gizartea aldatzera emandakoek, justizia xede. Emilio Lopez Adan “Beltza”k laudorio bat egin zion Argia-n Iñako Trula bere adiskide hil berriari, eta hor munduko sufrimendua apaltzea ageri da zentzu gisa, eriak sendatzea, esplotazioa ezabatzea, orobat biolentzia eta tortura. Dena den, gure tradizioan, garamatzan tranbian, Gandiagarenean, oroz lehen erlijioak eman izan dio zentzua bizitzari, Jainkoak. Europan milioika lagun egon da Egiazko Jainkoaren alde bizia eskaintzeko prest. Iraultzak eta Aberriak ere bete izan dituzte zentzuz europarren bizitzak, baina ez hain luzaro. Gaur egun, betiko Europan, inor gutxiren bizitzari ematen diote zentzua Jainkoak, Iraultzak edota Aberriak, ez duzu idolo horien alde odola emateko gertu legokeen talde zabalik aurkituko. Pertsonen alde bai apika, seme-alaben alde. Aitzitik, ehunka mila lagun musulman topa ditzakezu orain bizia Egiaren alde emateko gertu. Michel Houellebecq batek uste du hortik etor daitekeela hurrengo zibilizazio-ziaboga garrantzitsua. Ostean, txinatarren uholde eskergak eramango omen ditu aurrean bai musulmanak eta bai ordurako geldituko diren kristau apurrak.

Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 5

Markos Zapiain 2020/06/22 20:08
Gogoaren txabola

Estasia, xede pertsonala eta argiaz gain, Azurmendik beste hainbat zentzu-mota aipatzen dizkigu. Zentzua “arau bat izan daiteke, ispilu bat, esperantzarako argi bat, abisu eta oharkizun bat, mehatxu bat ere, edo atseden ordu bat soila. Gizakiak, burua gora mundu zabalean, txabola bat egiten duen bezalaxe mendi hegalean gorputzaren aterperako, mito bat (zentzu bat) egiten du, haren barruan habitatzeko, gogoaren txabola. Mito bat (Jainko bat) zentzu bat da; zentzua espirituaren txabola bat.” (Azken egunak Gandiagarekin, 142)

Zentzua mitoan mamitzen da, ipuinetan, hitzetan. Fedearen edukia bideratzen duten ipuinak ez dira azalpen razionalak. Zehaztasunak egiten ditu hemen Azurmendik: mitoen bidez bizitza zentzuz janztea ez da irrazionala, baizik zientifikoa ez bezalako arrazoimen baten erabilera. Arrazoimen zientifikoak ez du zentzurik behar. Eta erlijioari ere arrazoimen bat dagokio, ez da i-razionala ez a-razionala. Bestelako gogoa darabil, munduko liluren aurrean zabalik dago eta ez ditu usainak eta koloreak zenbakira txirotzen.

Ebanjelioak bezalako erlijioetako ipuinen baitan bizi da sinestunaren zentzua. Heltzen doan heinean ipuin horiek, beren esanahiak eta eraginak, aldatuz doaz. Sinestuna ere aldatuz doa ipuin horien eraginez. Eta aldaketa horien guztien arabera, modu beti berriz ulertuz joango da unibertsoa, errua, heriotza, biziraupena, eta abar. Ttarttalo eta Koranaren gisako ipuinak “gizakiak bizitzeko asmatu dituen laguntza eskaintzak” dira (AeG, 177), gizakiari babesa emateko moduko txabola espiritualak.

 

Jose Azurmendi eta bizitzaren zentzua 4

Markos Zapiain 2020/06/19 09:42
Estasia, xede pertsonala, argia

Azurmendiren esanetan, hiru modu hauetan lotu izan dio nagusiki gure tradizioko gizabereak bere burua bizitzaren zentzuari:

Lehenbizi, estasia: zenbait gertakari zentzuz beteak ageri zaizkigu, perfektuak, goitik behera bereganatzen gaituzte, guztiz bestelakora garamatzate nostalgiazko poz baten hegaletan: emozio sakon bat kontzertuan, ibilian harrapatu zaituen egunsentia, jai zirraragarri hura, amodiozko betegintzarrea.

Bigarrenik, xede pertsonalari ere lotzen dio Azurmendik zentzua. “Pertsonala” esaten dion arren, Azurmendik azpimarratzen du zentzu-molde horrek askotan pertsona partikularraren interes pribatua gainditzen duela. Nire bizialdia mugatua da: zein zentzu eman nahi diot nire denborari, zeri merezi du nire bizitza entregatzea? Azurmendiren ustez, giza bizitzari zentzua ez dio emango helburua erdietsi izanak; aitzitik, mendizalearenean bezala, igotzeak berak hornitzen du ibilaldia zentzuz. Che Guevararen bizitza ez zuen zentzurik gabe utzi bere xedeak erdietsi ez izanak. Kristauen hizkeran, bizitzari zentzua ez dio zeruak ematen; aldiz, zentzuz jantziriko bizitza batean aurkitzen du bere tokia zeruak, itxaropenak; honaindian txertatzen da zeruaren zentzua.

Azurmendik dio, bizitzaren zentzua eta mendira igotzea parekatzen dituelarik, mendira igotzeko benetako arrazoia ez dela izaten mendizaleak berak aipatzen duena: gailurra zapaltzea, egunsentia gozatzea, ikuspegiaren ederra; aitzitik, “arrazoia igotzean bertan datza, bidean. Patarrean eta izerdian, sufrimenduan. Norbere ukoan, norbera gainditzean. Nahian eta ahaleginean. Agian zure burua bilatzen duzu. Zu zeu, zure arima, behartzen duzun gorputz horixe zarela egiaztatu gura duzu. Eta gorputz hori beste zerbait dela eguneroko errutinako norgabea baino. Zure buruaren -ahalaren, ezinaren-, zure mugen esperientzia egin, existentziaren esperientzia: existentziaren kontzientzia mugen kontzientzia baita. Eta, aldi berean, inguratzen zaituen guztiaren mugabakoa sumatu, mugabakoaren baitan ibiltzen sentitu. Izadi immentsoaren adiguri edo anparoan bildua ikusi zure izatea -borroka, inpotentzia. Beste mundu bat bilatzen duzu, bai; baina zeure barnean. Beste zeu bat, diferentea, etortzen, igotzen, inoiz ez ailegatzen, eta beti ailegatua nolabait. Eta agian, gero, izan daiteke egiaren parte bat hori ere, gailurreko argi posiblearen eta bideko txoriak entzuteko ideiaren pozak lagun egiten eta laguntzen diola mendizalearen eginahalari. Baina egintzaren egiazko zentzua egintzaren beraren barruan dago, ez dator kanpotik emanda; zentzua bideak dauka, ez gailurrak. Edo, hobe, zentzua mendizalearen erabaki(men)ak eta ahalegintzak dauka.” (Azken egunak Gandiagarekin, 285)

Hirugarrenik, horizontetzat eta argitzat ere hartu izan da zentzua, gauzak ageri zaizkigun hondotzat, ikustea eta ulergarritasuna ahalbidetzen duena, baina baita bizitza bera ere: zentzua ez da ezer, baina zentzurik gabe ezer ez da ezer. Mitologietan argia mundua baino lehenagokoa izaten ohi da, gauza ororen izatearentzako espazioa, Biblian zehazki eguzkia baino lehenagokoa. Argiari esker gainditzen da hasiera baino lehenagoko kaosa, argian atontzen da kosmosa, hasiera bera baita argia, formen unibertsoaren altzo, edozer ager dakigun beharrezko; gure baitatik atera ere egiten gaitu, gauzetara joan gaitezen. Zentzuan bizi garen bezalaxe, argian bizi baikara ohartu ere gabe argian gabiltzala. Gandiaga argindarrik gabeko baserri batean jaio eta koskortu zen; inoiz ez dugu jakingo zer izan ziren Gandiaga lakoentzat egunsentia eta ilunabarra; badugu bonbilla, baina galdua dugu argiaren eta ilunaren sentiberatasun derrigortu hura, Gandiaga egunero goizean goiz jaikitzera bultzatzen zuena, argiaren betiko etorrera eta zabaltze beti berria bizi ahal izateko.

Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 3

Markos Zapiain 2020/06/16 09:24
Komunitatea, tranbia

Azurmendiren askatasuna, bestalde, Hegelen handiosa ez izateaz gain, Sartreren indibidualista ere ez da. Zegamarrak gizakia praktika errealean beti ikusten du tradizio batean kokatua, inguru batean. Hermeneutika zuzen dabil: ez dago purutasunik, ezin da eraginik gabe pentsatu. Azurmendiri Descartesen tabula rasa egin eta hutsetik abiatu nahia ez zaio batere fidagarri. Nahiago du Montaigne Descartes baino, Erasmus eta Rabelais Newton baino, Errenazimenduko humanismoa zientzia modernoa baino, ortzadarra ekuazio batera murrizten baitu, eta zentzua legera.

Egia da bizitzaren zentzua asmatu egiten dela, ipini; askatasun apal hori duela abere hiztunak. Edonola ere, zentzugintza ez da hutsetik abiatzen, ez du indibiduo originalak deusezetik sortzen. Hizkuntza legez, komunitateak eskainiak aurkitzen ditugu bizitzaren zentzu posible batzuk. Zentzu horiekin zer egin, hori gure esku dago, hori da gure askatasuna. Onar ditzakegu, ukatu, paso egin, apur bat egokitu eta berrasmatu. Hizkuntza bezala, aldi berean erabilgarri eta oztopo izan dakizkiguke, gorabide eta herstura. Claude Lévi-Straussek erabili zuen metafora darabil hemen Azurmendik: komunitatearen tranbian goaz nahitaez. Komunitatearen tradiziotik jaso duzun bizitzaren zentzuaren tranbian zoaz, tranbia horrek zaramatza. Hala ere, bizitzako bidaiari pasibo hutsa ez bazara bederen, zeuk erabaki behar duzu tranbiatik jaitsi ala ez, zure burua tranbia martxan doala bota, tranbiaz aldatu, eseriko zaren, non eseriko zaren, leihotik paisaiari begiratuko diozun, bidaideekin solastuko zaren ala isil-isilik eta bakar-bakarrik geratuko, irakurtzen kasu. Tranbia batean zoaz, eta tranbia badoa, baina tranbia utzi ala ez, ala tranbian bertan zu nola joan, hori zeuk erabaki behar duzu. Zure erantzukizuna da komunitateak eskaintzen dizun zentzuarekin zer egin.

Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 2

Markos Zapiain 2020/06/10 08:46
Askatasuna eta hizkuntza

ASKATASUNA

Hauxe izaten da filosofoen eta filosofien sailkapenetako bat: batzuek zoriona dute xede gailen, eta beste batzuek ostera askatasuna. Zoriona helburu Aristoteles, Epikuro, estoikoak, San Agustin, Spinoza, Schopenhauer eta Nietzschek izan dute, besteak beste. Eta askatasuna giza ezaugarri nagusitzat hartu dutenen artean ditugu Platonek kontatutako Prometeoren mitoa, Pico dela Mirandolla, Rousseau, Kant, Hegel eta Sartre. Azurmendi ere maizago arduratu da askatasunaz zorionaz baino.

Libre delako galde dezake gizabereak bizitzaren zentzuaz; eta giza askatasunaren aukeretako bat da zentzuren bat onartu edo asmatzea, edo zentzua ukatzea. Gizakiak zentzua asmatu behar izan du zeharo babesgabe jaiotzen delako, ezin delako orainaldian bizi, senak ez duelako goitik behera determinatzen. Azurmendik bere egiten du Hegelen apotegma: gizakia bada ez dena, eta ez da badena. Beste abereak ez bezala, gehiago bizi da iraganean eta etorkizunean orainaldi naturalean baino. Urradura libre bat da. Zeharo determinatua ez izate horrek erabaki etiko, politiko eta are dietetikoak hartzera behartzen du.

Azurmendi ez da liburu edo autore bakar baten fededuna. Voltaire, Hegel, Nietzscheren pentsamendu batzuk bereganatu eta beste batzuk baztertzen ditu, libre. Rousseaurengandik, ez du onartzen gizakia zintzo jaio eta gizarteak gaiztotzen duela. Aitzitik, Azurmendik giza askatasun anbibalente gazi-gozoaz duen ikuspuntuarekin bat letorke Rousseauren bigarren diskurtsoak, Desberdintasunari buruzkoak, dakarren egiaztapen hau: biologiak erabaki du usoak alea jan behar duela eta katuak okela. Gose den uso bati alboan katilu bat bete okela uzten diozu, eta dastatu ere egin gabe hilko da katiluaren ondoan. Okela jateak bizirik atxik lezake, baina instintuak ez du okela jateko programatu. Gizakiak, berriz, goserik gabe ere jan dezake, desira barik masturbatzen jarraitu. Gizakiarenean, desira ase denean ere, gogoak bizirik baitirau. Gizakia abere hutsa da, baina biologiak ez du erabat determinatzen, eta indeterminazio horrek ematen digu kolesterolaren gainezkaldiagatik edo gose greban hiltzeko arriskua eta aukera. Era berean, indeterminazio horrek ahalbidetu digu mintzamena, zentzuaren adierazle eta medium nagusia.

Askatasunaren beste pentsalarien aldean, ezaugarri bereziak ditu Azurmendiren ikuspuntuak. Harena ez da Hegelen askatasun heroikoa, baizik eta askatasun apal bat, ahula. Batetik, agian, Euskal Herriaren historia eta gaur egungo egoera sakonki aztertu duen euskaldunak ezin diolako askatasun harro bati bidea eman. Bestetik, apika, Azurmendik hizkuntzaz duen kontzepzioagatik. Zabala bezain aberatsa da kontzepzio hori, eta hemen ezaugarri bat zirriborratzera mugatuko naiz.

 

HIZKUNTZA

Hegelek dioenez, erreala razionala da eta arrazoia erreala, bat datoz hitzak eta gauzak, hizkuntza eta mundua. “Zaldi” kontzeptuari ez zaio zaldi enpirikoaren funtsaren ezer falta. Beraz, gizakiak egia absolutua adieraz dezake.

Bestelakoa da Nietzscheren ikuspuntua, Azurmendik itxuraz bere egiten duena. Zegamarrak biziki maite du “Egiaz eta gezurraz moraletik kanpoko zentzuan” testua, hain gazte joan zitzaigun Igor Aristegik euskaratua. “Schopenhauer, Spengler, Nietzsche, Miranderen pentsamenduan” liburuan aztertu eta iruzkindu du. Hor Nietzschek dio, besteak beste, filosofiaren eta zientziaren funtsa, hots, kontzeptua, bere jatorri metaforikoa ahaztu duen sorkari artistikoa dela. Grekoz “garraio” esan nahi du “metafora” hitzak. Gaur egun ere, Atenasen, metafora-enpresak dira garraio-enpresak, eta hori arras iradokitzaile eta esanguratsua da filosofiari begira.

Hara giza hizkuntzaren jatorria eta ahultze-prozesua: aurrena, errealitateak gizakiari nerbio-kitzikadura eragiten dio; gero, kitzikadura hori irudi bilakatzen da: itsaso, mendi, harri. Eta azkenik soinu, hitz: “itsaso”, “mendi”, “harri”. Nerbio-kitzikadura indartsuago da irudia baino, eta irudia indartsuagoa soinua baino. Metafora-garraioaren ibilbidean, gero eta urrutiago gelditzen zaigu mundua, gero eta makalagoa dugu errealitatearekiko lotura. Dekadentziaren ondorio gara. Kitzikaduratik abiatuta metaforaz metafora gainbehera joan ondoren helduko gara zentzuari buruzko galderaren eta erantzunen ezinbesteko bitartekari den hizkuntzara. Halako tresna flakoan oinarrituriko askatasunak ezinbestez behar du umila izan.

Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 1

Markos Zapiain 2020/06/07 19:25
Jakin aldizkariaren hurrengo alean aterako da lan hau. Joxe Azurmendiren pentsamendua izango du ardatz. Zenbaki bikoitza izango da, 237-238, eta ekainaren 19an argitaratuko da. Jakinen webgunean (www.jakin.eus) eskura izango dituzu, aldizkariko artikuluak ez ezik, Joxe Azurmendiri buruzko joan den abenduko kongresuko testu guztiak eta hitzaldien bideoak.

Bizitzaren zentzuari buruzkoa bezalako itaunek arbuio antzeko bat eragiten dute gurean: hitzaldi eta mahai inguruetan nabari da, Interneteko foroetan. Arima, hilezkortasuna, Jainkoa, erlijioa eta bizitzaren zentzua ez dira gai popularrak. Giro ilun bat iradokitzen dute, tristura, gotzainaren gonaren fru-fru mehatxagarria sakristiako itxituran. Ez da harritzekoa auzi metafisikoek jende mordoa seko aspertu edo uxatzea. Itsu metafisikoak deritze Joxe Azurmendik, zentzu peioratiborik gabe. Lirikarako eta are musikarako sentiberatasunik ez duen jendea ere badago. Barietatea ez da txarra izaten. Zentzuari buruzko galdetzaileek ere, galdera ez dute egunero eta etengabe egiten. “Galdera”, Azurmendiren gogoeta honetan, ez dagokio hainbeste azterketa teoriko hutsari, nola eske existentzialari. Badira zenbait gertaera eta aldarte bizitzaren zentzuaz galdetzera zaramatzatenak: zure umearen heriotzak, depresio batek. Zergatik bota ninduten hona, nire baimenik gabe gainera? Merezi du biziari eustea? Egia bada ere bizitzaren zentzuari buruzko galdera maizago pizten duela tragediak, eta Auschwitzen etengabe zerabiltela gogoan, pozaldi sakonek ere sor dezakete, hala nola maitearen ezusteko agerpen batek. Ez dirudi gizabereok galdera hori egiteari inoiz zeharo utziko diogunik, agian ez duelako behin betiko erantzunik. Zientziak ezin dio erantzun. Kantek erakusten du zientziak egundo ez dituela galdera metafisikoak erantzungo. Hala ere, gizakiak, gizaki deno, beti galdetuko du ea Unibertsoa, Lurreko bizia edo norberaren bizitza zoriak ala helburu ulergarriren batek mugitzen ote duen, zerbait gertatuko al zaigun hil ostean, zer arraio egiten dudan mundu arrano honetan.

 

OSOTASUNA

Unibertsoaren azken oinarri gisa ere ulertua izan da zentzua, ikusiko dugu, baina sarritan gertatzen zaigu eguneroko bizitzako zeregin zehatzei zentzua aurkitzen diegula, eta bizitzaren osotasunari aldiz ez, eguneroko zereginen zentzu horiek ezerezetik zintzilik baleude bezala. Zentzua aurkitzen diogu esnagailua ipintzeari, ikastetxera garaiz iristeko tranbia hartzeari, gradua ikasteari, lana bilatzeari… Baina maite ditugunak oro hilko dira. Gero, gizateria, Lurra eta Esne Bidea ere desagertuko dira. Nondik nora hau guztia, zertarako? Zenbat eta osoagoa perspektiba, orduan eta problematikoagoa zentzua.

Azurmendik dioenez, auzia halaxe ageri zaigu dagoena, Schopenhauerrek bezala, soilik razionalki aztertuz gero. Dena den, gizakiak, oro har, nahiago izaten du zentzuren batean sinetsi erabateko absurdoa onartu baino, irensgaitza baitzaio errealitatearen krudelkeria bere gordinean. Abere neurotikoa da gizakia eta azalpenak behar ditu, nolabaiteko koherentzia, aurreikuspenek lasaitzen dute, tenporek, astrologiak, erlijioak, psikologiak, beti bete izan omen diren eta beteko omen diren lege fisikoak. Errealitate kosmikoak behin eta berriz erakusten badigu ere funtsean ez duela ez gurekin ez gure kontzeptuekin zerikusi handirik, hala ere heldulekuak bilatzen ditugu, zentzuak, partekatzen ez dituenari munduko zentzurik absurdoenak irudi dakizkiokeen arren.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.