Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Kontakizun basatiak

Markos Zapiain 2020/04/24 08:15
Relatos salvajes hau Motibazioak eta emozioak gaiari lotuta

Hemen dago filma

 

Filmeko sei kontakizunetan injustizia baten aurkako mendekuak erakusten zaizkigu: Pasternaki hegazkinean doazen guztiek eta lorategian egunkaria irakurtzen duten gurasoek izorratu diote bizitza; jatetxeko bezeroak zerbitzariaren aita suizidiora bultzatu du eta ondoren amarekin larrua jotzen ahalegindu da, eta sukaldaria gizarteak zapaltzen du, libreago sentitzen du bere burua espetxean; hirugarrenean, bi auto-gidariek elkar oztopatu eta iraintzen dute; Simon Fischerri garabiak bidegabeki eramaten dio autoa; bosgarren kontakizunean, aberaskume batek haurdun dagoen andre bat autoz harrapatu, hil eta ihes egingo du, alarguna utzirik; eta seigarren eta azkenekoan, Rominari senargaiak adarrak jarri dizkio. Boteretsuek, gizonek, harroek, aberatsek eta agintari arbitrarioek iraindutakoen mendekuak erakusten dizkigu filmak. Lehenbiziko kontakizuneko Pasternak, esaterako, hedabideetako aginteak iraindu zuen (kritikariak), aginte akademikoak eta psikiatrikoak ere bai, enpresako ugazabak, bullying egin zioten, gurasoek eta neskalagunek ere iraindu zutela sentitu zuen…

“Kontakizun basatiak” filmeko protagonistek normalean jokabide etikoki zuzentzat jotzen denaren kontrakoa egiten dute. Gure ikastetxeetako testu-liburuek bere egiten duten normaltasun horrek saltzen digunaren arabera, gizakiok arrazoiak bereizten gaitu animaliengandik, senetik eta naturatik libre gara adimenari esker, giza harreman zibilizatu, atsegin eta emankorrak sor ditzakegu. Kontakizun basatiek, berriz, beren onetik aterata erakusten dizkigute protagonistak, pasiozko instintuen menpe, zeharo deskontrolaturik. Kaltetuko dituen pasio irrazionala jabetzen da haietaz, eta desarrazoiz jokatzera behartzen ditu. Eta arrazoia erabiltzen dutenean ez dute elkarbizitza hobetzeko egiten, baizik eta mendekua planifikatzeko. Filmean emozioak badira ere protagonista, zirrara intentsu itsuak, eta ez horrenbeste denboran luzatzen diren sentimendu epelagoak, hala ere emozio horiek zenbaitetan pasio bilakatzen dira, gorroto mendekatia bihotzetik adimenera igo eta egitasmo antolatu eta humanoagoa bilakatzen da, animalia-mendeku berehalakotik giza mendeku burutsura igotzen da. Pasternaken eta Fischerren mendekuak ez dira primarioak, baizik eta oso gizatiarrak, maltzurrak. Ordea, inteligentzia ez dago hemen helburu zibilizatuen zerbitzura, baizik eta grinarenera. Eta min handiagoa egiten dute astiro eta modu hotzean pentsatutako mendekuek, berehalako mendeku sutsuek baino.

  

1-Zinemarako eta literaturarako joko handiagoa ematen du deskontrolak zibilizazioak baino, ikusleak eskertzen du bere animaliatasunaren errainua. Adibidez, umoreari begira, bistan da barregarriagoak garela gure buruaren jabe izateari utzi eta gure onetik ateratzen garenean, autokontrolak ondo funtzionatzen digunean baino. Zuri ere emankorragoa iruditzen zaizu literaturan eta zineman desoreka oreka baino? Zergatik?

2-Animaliak gara, ugaztunak, primateak. Uste duzu, hala ere, gizakiok animaliazko pasioak menpera ditzakegula? Libreak gara, bideragarria da etika, ala azken batean gure psikologia goitik behera dago emozio primario gobernaezinen menpe? Gure etika, ustezko gure askatasuna, ez da laugarren kontakizunean jausten den eraikina bezain hauskorra?

3-Mendeku-gosea ezin denean berehala ase, epe luzerako planifikazioa sor daiteke. Sinesgarria iruditzen zaizu lehenbiziko kontakizuneko Gabriel Pasternaken mendekua?

4-Bigarren kontakizuneko sukaldari hiltzaileak gizarte ordena injustuaren aurkako mendekua hartuko du, etxe-lapurrarengan mamitua ikusiko duena. Berak xaxatuko du zerbitzari aita-zurtza gizonaren aurka, berak jarriko dio arratoien aurkako pozoia eta hilko du sastakatuta. Ez zaio axola espetxera eraman dezaten.

Ezaguna du espetxea. Gure gizarteetako bizimodua kaka zaharra dela dio, hobeto barruan, kezka gutxiago, janaria eta ohea prest, lagun-talde egoki bat aurkitu eta ondo pasa dezakezu... Ados zaude?

5-Barne gatazka bat izaten da guztion baitan: alde batetik, uste izaten dugu zibilizazioan, elkarbizitza helburu, mendeku-gosea eta beste edozein pasio epeldu behar direla, eta beharrezkoa dela legea ahalik eta modurik hotz eta objektiboenean aplikatzea. Epaiketa objektibo batek erabaki behar du zigorra. Bestetik, ordea, ahulegia iruditzen zaigu neutraltasun hori, gaizkileak sufritzea eskatzen digu erraiak, begia begi truk gutxienez. 

Desberdinak dira legelariaren eta psikologoaren mintzamoldeak. Legeak zigorra bilatzen du, ahal bezain zuzen eta zuhurra; psikologoak, aldiz, jokabideen arrazoiak, jokabide kriminal nazkagarrienak barne. Delitua pairatu duenari sarritan iruditzen zaio psikologoak gaizkilearen jokabidea zuritzen duela, hau ulertzen saiatzen den heinean. Biktimarekin enpatizatzeak ezinbestez dakar biktimaren zigor-eskaera onartzea?

6-Nietzscheren ustez, hobe da irainari lehenbailehen erantzun eta barruko harraz libratzea, eta ez amorrua barruan luzaro eramatea; kolpe egoki bat garaiz, eta ez urteak eta urteak barne-muinak gorrotoz usteltzen. Hirugarren kontakizunak iradokitzen du irainaz paso egin ezean, iraintzaileaz gainera iraindu mendekatia ere galtzaile irten daitekeela. Iraintzen zaituztenean, (“Negro resentido! Forro!"), iharduki behar al da, erraiek eskatzen duten bezala, edo zuhurragoa da, eta epe luzera irainduarentzat egokiagoa, erantzuteari uko egin, amorrua apaldu eta lehenbailehen ahaztea? Jarrera hori ez da zure burua babestu eta hobeto bizitzeko egokiagoa, mendeku-irrikari kosta lain kosta eutsi nahi izatea baino? Zein da indartsuagoa, mendekatzeko irrikari bidea ematen dion pertsona, ala gai dena mendeku-gosea bere bizitzatik desagerrarazteko?

7-Auto barruan inoiz baino gehiago iraintzen dugu, errazago ateratzen dugu alde iluna. Gotorleku batean sentitzen dugu gure burua, babestuta, helezin. Ez al da koldarkeria adierazpen bat aurrez aurre egingo ez genukeena autoaren babespetik egitea, adibidez zaunka eta keinuz iraindu?

8-Hirugarren kontakizunak gorrotoa eta maitasuna zeinen antzekoak diren adierazten digu: bi protagonistak, bereizteko eta bizia salbatzeko aukera dutenean ere, pasio bortitzago batek elkarrengana itzularazten ditu, laguntasuna bezain ahaltsua baita etsaitasuna. Mendeku-goseak itsutzen du Iturralde. Bizirik irten zitekeen, baina herra batzuetan indartsuagoa da maitasuna baino; eta indartsuagoa ez denean ere, oso antzekoa izaten da, indiferentzia baino antzekoagoa bai, bederen. Auto barruan elkar hiltzen ahalegintzen diren bitartean, nahi gabe irratia piztu eta maitasun-kantu bat entzuten da, eta azkenik bi eskeletoak besarkaturik ageri dira, amodioaren suak kixkalitako maitaleak bailiran. Komisarioak hipotesi gisa adierazten duelarik pasiozko krimen bat izan dela, goitik behera asmatzen du, baina ez berak uste duen zentzuan. Zer iruditzen zaizu gogorragoa, maitasuna ala gorrotoa? 

9-Laugarren kontakizunean, hasieran Simon Fischerrek eraikin bat lehergailuz eraisten du; ondoren, bere bizitzaren demolizioa erakutsiko zaigu: autoa era bidegabean eramaten dio garabiak, ez da Fischerren errua alabaren urtebetetze-ospakizunera garaiz ez iristea; emazteak ordea ez dio barkatuko. Bere egiari, duintasunari eta zintzotasunari legearen aurka eusteagatik eskatuko dio emazteak dibortzioa eta botako dute lanetik: aurrerantzean familia, enpresa, abokatua, udaletxea, den-denak irudituko zaizkio Fischerri traidoreak, gezurtiak, eroak, gaiztoak. 

Seigarren kontakizunean Romik bezala, Fischerrek Lacan psikoanalistak “ekintza” leritzokeena gauzatuko du: normaltasun ustela goitik behera inarrosiko duen ustekabeko akzio bortitza. “Kontakizun basatiak” filmak batzuetan aditzera ematen badu ere hobe dela irainari ez erantzutea, ondorioak iraina irenstea bera baino kaltegarriagoak izan baitaitezke irainduarentzat, laugarren eta seigarren kontakizunetan bestelakoa da ikuspuntua. Iharduki kontundenterik ezean gizajo abandonatu bat izaten jarraituko zukeen Fischerrek, primeran erabiltzen dakien lehergailuekin garabiak txarto aparkatutako autoak eramaten dituen parkinga suntsituko du, eta horrela, aurrerantzean “bonbatxo” ezizenez ezagutua izango denak, garabien mafiaren aurkako amorruari bidea eman eta injustiziari ausarki erantzuteari esker, alabak, emazteak, abokatuak eta oro har gizarteak ukatua zion onarpena eta maitasuna berreskuratuko ditu. Kartzelaldia bete beharko du, baina preso-kideen eta kartzelarien mirespenak ere lagunduko dio. 

Zure ustez, zer da etikoki zuzenagoa, Simonek egiten duen bezala injustiziari aurka egin eta erantzutea, bortizki bada ere, edota legea zenbaitetan ez dela era egokian aplikatzen onartu eta injustizia onartzea eta aurrera jotzea? Eta psikologikoki onuragarriagoa?

10-Simonen lehenbiziko erantzuna, su-itzalgailuarekin kristala apurtzeko ahalegina, porrota da: atxilo daramate Simon eta ez du benetako minik eragin; bigarrenak bai aitzitik. Mendeku planifikatuaren apologia iruditzen zaizu kontakizun hau?

11-Gure gizarteek berez hausten dute giza eskubide bat: hiritarron arteko berdintasuna, ekonomikoa noski, baina baita legearen aurrekoa ere. Aberatsek abokaturik onenak eros ditzakete, eta diru-truke txiroak zigortzea lor dezakete beraiek libre geldituta. Bosgarren kontakizunak gordin erakusten digu klase-arteko borroka: Santiago aberaskumeak haurdun dagoen emakume bat autoz hil eta ihes egin du. Bere familiak lortu du etxeko morroiak delitua bere gain har dezan, diru-truke. Alargunak mehatxu egiten du, edonon ezkutatuta ere, hiltzailea aurkitu eta ordainaraziko diola. Eta aurkituko du bere mendeku-irrika norengan asaskatu, baina ez da benetako hiltzailea izango, baizik eta delitua bere gain hartzea onartu duen etxezain txiroa. Diruak desbideratuko du mendekatzailearen arma, aberatsarengandik txiroagana. Mailukadaka hilko du. 

Kontakizun honetan, ba ote dago inongo errurik ez duen pertsonaiaren bat?

12-Bosgarren kontakizun honek, alkohola edan eta porroak erretzeagatik zer gerta dakizukeen jakinarazteaz gain (gure ikasle batzuentzako abisua dirudi), mendekuaren beste alde oker bat erakusten digu: mendekatzaileak, gorrotoak itsututa, bere jo-puntua huts egin eta errugabea akabatuko du. Pasioa beti al da buru argitasunaren eta zuhurtziaren oztopo, ala zenbaitetan buru argitasuna eta zuhurtzia sendotzera hel daiteke, adimenaren gasolina izatera?

13-Bosgarren kontakizunak Nietzscheren tesi bat argitzen du: erakunde zibilizatu guztiak azpitik bultzaka dabiltzan pasioen sublimazioak dira, pasio horien bideratze adimentsuak. Esaterako, justizia-eskaeraren oinarrian mendeku-gosea dago, justiziari gure mendeku-irrika asetzeko eskatzen diogu, horregatik izan da eta da hain arrakastatsua “begia begi truk” exijentzia, gaizkileari sufriarazi duena sufriaraztea, edo gehiago, eta abar. Bat zatoz justiziaren oinarri gisa “begia begi truk” hori ezartzearekin?

14-Hasieran esan bezala, filmak gurean nagusi dabilen etikaren arabera egin behar ez dena erakusten du. Eta etikaren arabera ez jokatze horrek ondorio kaltegarriak ekarriko dizkio gizakiari: heriotza (Pasternak, Iturralde eta kakontzia), espetxea (jatetxekoa, Fischer), errugabea hiltzea (alarguna)… Ordea, mendekua gauzatzeko orduan ez dago salbuespenik gabeko lege orokorrik: kalkulurik eta planifikaziorik gabeko mendekua ia beti txarto irteten bada ere, seigarren kontakizuneko Rominaren kasuan onuragarria dirudi. Bikotearen egoera argitzen du. Lehen esan bezala, Lacan psikoanalistak “ekintza” deitzen duena duzu Romiren jelosiazko mendeku itsua: inork ez zuen horrelakorik espero, bortitza da, eta ekintzaren ostean normaltasunaren parametroak goitik behera aldatuko dira, iraultza politikoetan bezala.

Erantzuna, mendekua, sukaldariarekin larrua jotzea eta irudikatutako mendekuaren berri Ariel senarrari oihukatzeak on egiten dio Romiri. Senarra erraietan kolpatzen du, hau goitika hasiko da. Ekintzari esker, Romi igaroko da jarrera pasibo negarti batetik ekimena bere gain hartzera. Odoletan utziko du bere senarrarekin oheratu zen emakumea. Barruko amorrua eta etsipena ateratzeak Arieli ere on egingo dio. Erantzun irrazionalak, bortitzak, kontakizun honetan garbitu egiten ditu eguneroko elkarbizitzan pilatzen joan diren gaizki-ulertuak, gezurtxoak, adar-jartzeak, airean pilatu den zikinkeria ekaitzak garbitzen duen legez. Ekintza ekaiztsuaren ostean, eguraldia argitu eta harremana aurrera joango da. Hori da iraultza bat. Biolentzia adierazi, gorrotoa eta egia gordina erakutsi, mina azaldu zuhurtziarik eta kalkulurik gabe, pasio itsuak bultzatuta, arriskuan jarriz harremana eta are bizitza: ezustean, ondorioa ez da kaltegarria, alderantziz. Horrela gertatzen da bizitzan?

15-Romi jelosiak itsututa mendekatuko da. Normalean, gizartea begira dugunean, pasioak disimulatzen ahalegintzen gara. Romik, berriz, bere ezkontzan mendekatuko da preseski, gizarte osoa berari inoiz baino erneago begira duenean erakutsiko du bere oinaze eroa. Zer iruditzen zaizkizu ezkontzak? Kontraste handia izaten da eman beharreko itxura alaiaren eta barrutik ibil daitezkeen sentimendu ilunen artean?

16-Romi ederto ohartzen da intzestuak bizi duela Arielen ama, semearenganako pasio beroegiak: maizegi laztantzen du Ariel, eta honek bortizki kendu behar izaten du gainetik amaren eskua, Romirengana abiatu baino lehen. Ariel Romirekin benetan elkartzeko oztopoak dira, batetik, amaren irrika hori, eta bestetik, gizartearen iritziari ematen dion gehiegizko garrantzia. Bere bizitza goitik behera erabakitzen du bere irudi publikoak, ezkontzan ere ezin kamerak eta jendearen onespena apur bat ahaztu. Begirada gonbidatuengan dauka finkatua, hasiera batean prest dago Romiren maitasuna jendearen onarpenaren aldarean sakrifikatzeko. Romiren ekintza iraultzaileari esker askatuko da amaren eta gizartearen atzaparretatik, eta izango da azkenik Romi benetan maitatzeko gai eta duin. Bat zatoz interpretazio horrekin?  


 

Zinezko kalipua

Markos Zapiain 2020/04/16 17:35
Coen anaien True Grit (Valor de ley, Le vrai courage) hau ere Ikasmenari dagokio, Ume basatia bezala

1-Filmak Mattieren ikasbidea erakusten du, ume izatetik heldu izatera, ez jakitetik jakitera. Iniziazio-bidaia horretan, heriotza izango da nagusi: aita hil diote, hiru gizonen urkatzea, urkatuen gorpuen artean lo, Cogburn aukeratuko du ez duelako gaizkileak hiltzeko arazorik, adar altuegi batean eskegita dagoen urkatua ikusiko du, txabolan Emmet eta Moonen heriotzaren lekuko izango da, Moonen agoniarena, ikusiko du nola hilko duen Cogburnek Moon honi sufrimendua amaitu dakion, Chaneyren gaizkide berrien sarraskiaren lekuko izango da txabolaren kanpoaldean, eta azkenik berak hilko du Chaney. Gero, leizezuloaren barruan, hildako gizon batean ezkutatuko da suge pozoitsua. Hori gizakiei dagokienez. Baina agian Little Blackieren heriotza egingo zaio gogorrena.

Gainera, zehaztasunez hitz egitera amaiera-heriotzak ez izan arren, Mattiek heriotzaren hainbat aurrekari eta adierazpeni ere aurre egin beharko dio iniziazio-bidaia horretan: jipoia, odola, bakardadea, sufrimendua, abandonoa, gaixotasuna, gaua. 

Ipuin tradizional askotan, heroiak, osasun argira iritsi baino lehen, hainbat proba gainditu beharko ditu: uraren mehatxua eta indarra menperatu (Mattiek Little Blackierekin batera erreka harrotua igarotzea lortzen du); leizezuloko azpimundu hilgarriari aurrez aurre begiratu (Tom Chaneyri tiro egin ostean horrelako batean jausiko da atzez); suge satanikoaren pozoiagatik gaixotu; gaua zeharkatu… Horiek osatuko dute, besteak beste, Mattieren gurutze-bidea.

Ados zaude interpretazio honekin? Zergatik? 

2-Esan bezala, iniziazioan ohikoa izaten da ura, trantsizio-bidea uraren bitartez egitea. Bataioaren zeregina, adibidez, kristaua jatorrizko bekatutik garbitzea eta askatzea da. Cogburn Mattierenganako begirunea sentitzen hasiko da ikustean gai dela bera bakarrik zaldiz ur biziak dauzkan erreka zeharkatzeko. Ordu arte ez du serio hartu. Bat zatoz? 

3-Ezagutza-prozesu horretan, Mattiek ezinbesteko laguntzaile izango du Cogburn. Nietzscheren aholkua: ez bazaizu zure aita gustatzen aukeratu beste bat; aita hiltzen bazaizu, edo bestelako arrazoiengatik aitaren falta baduzu, asmatu edo sortu beste bat. Mattieri aita hil diote eta filmak erakusten du psikologian funtsezkoa den gertakizun bat: transferentzia. Aita biologikoa hil zaio eta geldika-geldika Cogburn mariskal begi-bakarrarengana bideratuko ditu aitari dagozkion sentimendu anbibalenteak. 

Aitaren pistola heredatua eskuetan hartzean benetan hunkituko da. Aita berria bereziki trebea da pistola erabiltzeko orduan, zahartzen ari den arren. Gainera, pentsa liteke Cogburnen zigarretak biltzeko duen trebetasuna aitarenak prestatzen landu zuela eta berez eta segituan igaroko dela aitarenak biltzetik alguazilarenak biltzera. Gero sortuko dira trabak, Mattiek gogoan duen aitaren etika eta Cogburnena ez datozelako bat.

Dena den, lotuta daude Mattiek ez ezagutzetik ezagutzera egingo duen iniziazio-bidaia eta maisu desastroso eta azkenik salbatzaile izango duen Cogburnenganako transferentzia-prozesua. Cogburnek badu seme bat, Horace, baina izango ez balu bezala, ez dute harremanik; eta pixkanaka alabatzat hartuko du Mattie, babestu eta salbatu egingo du.

Zuk ere sumatu duzu Cogburn aitaren ordezko bilakatze hori Mattierentzat, eta Mattie Cogburnen alaba? 

4-Ipuin tradizionaletako beste ezaugarri bat: Hanselek harrixkak eta ogi-apurrak edota Erpurutxok ogi-apurrak bezala,  Cogburnek botila hutsak utziko ditu basoko zuhaitzetako adarretan zintzilik, itzulerako bidea seinalatu eta ez galtzeko. Zertan bereizten dira Hansel eta Cogburn? Eta zertan harrixken eta ogi-apurren funtzioa eta botila hutsena? 

5-Fort Smithen badaude legeak, sarritan betetzen ez badira ere; behin-behinekoak dira, hauskorrak. Chaneyren bila indiarren naziora joan beharko dute ordea, lurralde basati legebakora (gerora Oklahoma izango zena).

Bestalde, Cogburn legearen agente bat da, baina baita mozkor hiltzaile bat ere; haren jokabideak beti zuzenak ez diren arren, badu hala ere kode etiko partikular bat. Harentzat erosoa litzateke Mattie gaizkileen esku uztea, baina neska salbatzen ahalegintzera itzuliko da, bere bizia arriskuan jarri beharko badu ere. Prest dago bere odola Mattieren alde emateko, bere bizitzaren gainetik ipiniko du Mattierena. Zein litzateke Cogburnen balio etiko nagusia? Gertu egote hori bere bizitza sakrifikatzeko, bera baino indartsuago, zintzoago eta bizkorrago datorrenaren alde? Fideltasuna beharbada, emandako hitzari eustea?  

6-Mattieren asmoa da Tom Chaney hiltzea baldin eta Justiziak ez badu egiten. LaBoeufek eta Cogburnek bi bider abandonatuko dute Mattie, honen aitaren hiltzailearen bilaketan. Hain zuzen, bigarren aldiz neska abandonatzea erabakitzen dutenean agertuko da Tom Chaney. Neskak erakutsiko du prest dagoela Chaney hiltzeko. Psikologikoki ulergarria den arren, etikoki zuzena iruditzen zaizu? Zer gertatuko litzateke legea eta legearen aplikazioa nahikotzat jotzen ez duen jende guztiak justizia bere esku hartuko balu? Desobeditzearen eta legea beti eta nonahi betetzearen dialektikan, uko egin beharko genioke apika edozein irizpide unibertsali? 

7-Amerikako Estatu Batuak bertan bizi ziren indiarren genozidioaren gainean eraiki da. True Grit-en bi aldiz ageri dira indiarrak: filmaren hasieran hiru lagun urkatu behar dituzte: zuriak eta beltzak urkatuak izan aurretik hitz batzuk esaten dituzte ikusleen aurrean; aldiz, indiarra hizketan hasi bezain laster urkatuko dute, ez diote utziko; berehala hil behar badute ere, azkeneko hitz horiek ere ukatuko dizkiote.

Gero, Chaneyren bila doazela, txabolaren kanpoaldean bi ume indiar daude eta, aurretik inongo probokazio ez elkarrizketa izan ez duten arren, Cogburnek portxetik lurrera botako ditu ostikadaka.

Zer iruditzen zaizu Europarrok kolonizatutako herri eta jendearekin erabili izan dugun jarrera? 

8-Ez soilik AEB, historiako zibilizazio guztiak eraiki dira biolentziaren gainean. Batetik, esan bezala, AEBak indioen genozidioa du oinarri. Bestalde, Cogburn mariskalak AEBen sortzean berebiziko garrantzia izan zuten pioneroak ordezkatzen ditu; eta Mattiek, berriz, pioneroen ostean etorri ziren kolonizatzaile merkatari puritanoak. Bi figura horiek erabakigarriak izan ziren mendebaldea gobernatzen duen AEB egikaritzeko orduan. Biolentziak bien gorputzetan utzi ditu aztarnak: Cogburn begibakarra da, eta Mattie besobakarra. Bai ala ez? 

9-Bai Cogburnek eta bai LaBoeufek gizon gogortzat dute beren burua, bi matxoman dira, eta hortaz erdi naturala dirudi beren arteko lehiak: zu baino hobea naiz pistolarekin, zurea baino interesgarriagoa da nire bizitza… Lehia hori, edonola ere, ez al du Mattieren presentziak areagotzen? Ez al diete umekeriazko norgehiagoka horiei ekiten, neurri batean, Mattieren mirespena nork erakarriko? Edo berdintsua litzateke zure ustez Mattie gabe ere? 

10-LaBoeufen eta Cogburnen arteko lehia horren aitzakietako bat AEBeko gerra zibila da. Sezesio-gerraren oihartzunak bizirik daude oraindik, eta Cogburn eta LaBoeuf, bi-biak konfederatuak izan ziren arren, elkarren etsai ziren azpitaldeetako kideak ziren, Cogburn gerrillari-talde batekoa eta LaBoeuf armada ofizialekoa; nolabait esateko, Cogburn ETAkoa eta LaBoeuf ertzaina. Konfederatuen ala unionisten alde egingo zenuke AEBetako gerra zibilean? Zergatik?

Hemen daukazu gerra hura barrutik bizi izan zuen galtzaile baten ikuspuntua darabilen kanta eder bat, The Night They Drove Old Dixie Down. 

11-Jendetza erakarri izan dute beti exekuzio publikoek: urkatzeak, gillotinak… Angiolillori Cánovas hiltzeagatik Bergaran garrotea sartu ziotenean, Euskal Herriko edozein muturretako baserritarrak oinez joan ziren mendiz mendi exekuzioa ikustera. Kondenatua aulki elektrikoan nola hiltzen duten telebistatik botatzen dutenean ere, audientzia ikaragarri igotzen da. Zeuk ere erakarmen hori sentitzen duzu? Jendeari berdin litzaioke erakargarria exekuzio publikoa hildakoa gaizkilea ez balitz ere?

12-Infernu iluna, bizitzaren jatorri biolentoa edo amaren altzoa irudika lezakeen leizezuloan erori eta suge biblikoak pozoia sartuko dio Mattieri. Inoiz baino hurbilago izango du neskak orduan heriotza, baina Little Blackiek eta Cogburnek salbatuko dute. Mattie salbatzeko, haatik, beharrezkoa izango da zaldi maitea hiltzea.

Hegelen ustez, pertsona izatera iritsi eta izpirituaren txinparta pizteko biologia sakrifikatu behar izaten da, edo prest egon behar duzu behintzat bizitza arriskatzeko, animaliatasun inozentea galtzeko, gorputza hiltzeko. 

Biologiari nagusitzeko bezain ausarta denak nagusi gisa bizitzea merezi du; aldiz, beldurragatik gai ez dena bere bizitza arriskuan jartzeko ez da izango langile arrunt bat baizik, inoiz ez behar bezalako buruzagi bat. Bat zatoz Hegelekin, soilik heriotza fisikoari aurre egiteak ahalbidetzen du gizatasunera jauzia, izpiritua piztea? Ala izan zaitezke goitik beherako izpiritu eta pertsona zure animaliatasuna salbatu nahi izan arren, edo koldarra izanik, edota heroitasunik gabeko bizimodu arrunt eta eroso batean? Badago biologiaren menpe legokeen giza askatasunik?  

13-Jipoiak gorabehera, eragotzitako maitasun-harreman bat da LaBoeuf eta Mattieren artekoa? Zuzena iruditzen zaizu Cogburn-aita sinbolikoa eta LaBoeuf-senar sinbolikoa eskema?










 


 

 

 

Ume basatia

Markos Zapiain 2020/04/08 12:55
L'Enfant sauvage bosgarren gaiari dagokio, "Ikasmena" izenekoari

Filma hemen

1-Victorren rola antzezteko ijito bat aukeratu zuen Truffaut zuzendariak, “Manitas de plata” gitarra-jole flamenkoaren iloba, hain zuzen. Iritzi-emaile batzuek arrazakeria leporatu diote, aditzera ematen baitu ijitoa paioa baino naturatik hurbilago eta kulturatik urrutiago dagoela. Ados zaude?

2-Zein uste duzu izan dela zuzendariaren helburua film hau egiterakoan? Jacques Itard doktoreak idatzitako txostena ahal bezain fidelki islatzea, beste barik?

3-Victor aurkitzen dutenean, ezagutzen ditugun gizakiak ez bezalakoa da oso. Zer ezaugarrik bereizten dute horrenbeste besteengandik? Zein ezaugarri dira, orduan, gizabanako naturala pertsona zibilizatu bilakatzen dutenak?

4-Zer dio zure intuizioak: hamaika urteko isolamenduak basoan sortu dizkio Victorri arazoak hizkeran? Ala pertsona gorra edo autista zelako abandonatu zuten bere gurasoek, hiltzen ahalegindu ostean, lepoan duen orbain luzeak erakutsiko lukeenez? Beste hipotesiren bat?

5-Aipatu Jean Itard-ek Victor hezteko erabiltzen dituen teknika batzuk. Zein iruditu zaizu baliagarriena?

6-Victorrek ura edaten duenean basorantz nola begiratzen duen, nostalgiaz bezala, edo umearen poza euripean dantzan, edota bere ihesaldiak basora Itard despistatzen denean, horrek adierazten du baduela bizimodu naturalera itzultzeko joera bat. Zilegi al da Victor bizitza basatitik aldendu eta irakaskuntza-prozesuan murgilaraztea? Itard eta bere ingurukoek eskubidea dute Victor izaki sozial bihurtzen saiatzeko, nahiz eta umeak nahi ez izan? Zergatik?

7-Aristotelesek dio soilik Jainkoak edo animalia batzuk daudela bakardadean bizitzeko eginak. Aldiz, gizakiaren berezitasunik garrantzitsuena, alegia, logos, arrazoia, mintzamena, soilik gizartean gara liteke. Beraz, Itardek aitzakia etiko aristoteliko bat leukake Victor bizimodu bakartitik erauzi eta zibilizaziora erakartzeko: Victorren beraren ahalmen nagusiak bakarrik mamituko dira baldin beste gizaki batzuekin harremantzen bada. Zer deritzozu?

8-Film hau ikusi ostean zer iruditzen zaizu, gizakia izaki soziala dela berez, edo sozial bilakatzen dela jasotzen duen hezkuntzaren eta ingurukoen eraginez? Alderatu Victorren eta Robinson Crusoeren kasuak.

9-Victorrek ikasketen aurkako erresistentzia bortitzena adieraziko du Itard hizkuntzaren oinarria irakasten ahalegintzen zaionean, hala nola orrazia “orrazi” hitzari lotzea. Zergatik ote da, Victorrek sumatzen duelako hizkuntza dela ordu arte bizileku izan duen naturatik behin betiko aldenduko duena?

10-Itardek gela ilunean sartuta zigortu eta Victorrek lehenbiziko aldiz negar egin ondoren, orduan bai, ondo burutuko du hizki marraztuak eta egurrezko hizkiak erlazionatzeko ariketa. Hizkuntzaz jabetzea litzateke ume basatia zibilizatzeko iniziazio-prozesu funtsezkoena?

11-Itarden ustez, basatia pertsona moral izatera igotzen duena da justiziaren eta injustiziaren arteko bereizketa ulertzea. Itardek bidegabeki zigortzen duenean, Victor matxinatu eta eskuan haginka egingo dio. Horrek hunkitu egingo du Itard, pozez beteko du jakintsuaren bihotza. Mintzamenaz gain, sentimendu etikoak izateak bihurtuko luke agian gizabanako naturala pertsona zibilizatu? Edo litekeena da basatiak ere gurean nagusi diren etikak ez bezalako bat izatea, bere bizimodu desberdinak ahalbidetua?

12-Uste duzu filmaren amaieran Victor pertsona zibilizatutzat har daitekeela, edo zibilizatu izateko bidean dagoela, behintzat?

13-Jakinik benetako gertaeretan oinarritutako filma dela, uste duzu Victorrek noizbait gainditu zuela berriz basoan aske bizitzeko gogoa? Zer da garrantzitsuagoa, gizarteak ematen diguna ala kentzen diguna?

14-Zein litzateke askeago: Victor basoan, gizarteaz ezjakin, inongo kulturarik gabe, senek gidatua, mintzatzen ere jakiteke, edo gure antzekoren bat, gizartean zeharo sartua, pertsonez inguratua, gailu teknikoak etengabe darabiltzala, trepeten menpe?

15-Zure ustez, zer da askatasuna, nahi duzuna egitea, alegia, biologiak agintzen dizuna, ala era arrazoizkoan zure buruari eman diozun legeari obeditzea?

16-Victorren eta Itarden garaian bizi izan zen Rousseauren ustez, gizakia, zenbat eta hurbilago naturatik, orduan eta bihotz onekoagoa. Zibilizazioak gizakia usteltzen ei du. Gure gizartea patologia gogor batek joa dagoela erakutsiko lukete edozerengatiko lehiak, benetan asetzen ez zaituzten helburu ergelen bila zeharo estresatuta bizitzeak, txutxumutxu eta zurrumurruen nagusitasunak. Bat zatoz Rousseaurekin?

17-Egokia iruditzen zaizu Jacques Itard-en jarrera Victor hezteko orduan, diziplina ezartzeko orduan tinko, are zigor fisikoak erabiltzeraino, baina aldi berean hurbiltasun afektibo bat erakutsiz; zorroztasunez irakasteko gai baina aldi berean umearekin jolasean, danborrarekin, argia islatzen duen ispiluarekin, eta abar?

18-Heziketa eta instrukzioa bereiziko zenituzke? Pedagogo batzuen ustez, soilik etxean behar bezala heziriko ikaslea izango da eskolan ikasteko gai. Ados zaude banaketa horrekin, edukazioa etxean eta ikasketa eskolan? Jolasa eta autoerrealizazioa etxean eta eskolan, berriz, diziplinaren bitartez ikaslearen jakintza-maila igo?

19-Zarena garatu eta barruan daukazuna loratu dadila, hori da jarrera pedagogiko batek heziketari eskatzen diona: zu zeu izaten jarraitzea. Beste ikuspuntu baten arabera, berriz, ikasleak aldatu egin behar du, beste norbait bilakatu. Lehenengo jarrerak hezkuntza jolasari lotu izan dio, eta bigarrenak diziplinari. Zure ustez, nola ikasten da hobeto, lan eginez ala jolastuz? Autoritate jakintsuari obedituz ala barruan daukazuna espresatuz? Hobeto ikasten da Matematika xakean eta musean, ariketa zailak diziplinaz ebazten baino?

20-Guztiok ezagutu ditugu DBHn ez irakurtzen eta are gutxiago idazten dakiten ikasleak, adinagatik mailaz automatikoki igotakoak. Nietzschek XIX. mendean zioenez, hezkuntzaren funtsa da zenbatzen, irakurtzen, pentsatzen eta idazten irakastea. Eta helburua, ostera, nor bere baitaraino eta bere goi-mailaraino heltzea, bere aukera onenetaraino. Eta hori ezin ei da modu masiboan eta teknikoan egin. Nietzschek hori idatzi zuenez geroztik 150 urte igaro diren arren, ez al da gaur egungo irakaskuntzaren arazo nagusia ere, ez duela lortzen gazteek behar bezala irakurtzen, pentsatzen eta idazten ikas dezaten, salbuespenak salbuespen?

21-Nietzscheren iritziz, merezi duen heziketa orok dantza barnebildu beharko luke: oinekin dantzatu, ideiekin, hitzekin, eta, esan gabe doa, baita boligrafoarekin eta teklatuarekin ere. Ondo idaztea da boligrafoa eta teklatua bizkor eta harmoniaz dantzaraztea. Aski sartua dago gorputza eta erritmoa gure hezkuntza-planetan?

Adimen gomutabakoaren distira eternala

Markos Zapiain 2020/04/04 14:22
Eternal Sunshine of the Spotless Mind hau ere (Olvídate de mí, Du soleil plein la tête) Oroimenari dagokion atalean, laugarrenean

1-Zure ustez, ondo amaitzen da filma ala txarto? Zergatik?

 

2-Zer funtzio betetzen du Clemen ilearen kolore-aldaketak?

 

3-Zure iritziz, oroitzapenek kokapen zehatz bat dute garunean, filmak iradoki bezala, ala espirituan edo arima materiagabean daude, eta ez leku fisiko batean?

 

4-Denboragarrenean, zientziari eta teknikari esker, heldu ahalko gara gure oroimen eta oro har arima osoa pen-drive batera jaitsi ahal izatera, alegia, garenaren funtsa usb batean garraiatu ahal izatera?

 

5-Zerk bultzatzen ditu elkarrengana Clem eta Joel, edota Mary Svevo eta Laguna Inc.-eko nagusi Mierzwiak doktorea? Maiteari lotutako oroitzapen guztiak ezabatu arren, maitasun-txingar batek bizirik dirau. Nondik nora? Maitasuna ez dago beti oroimenari lotua, amari, aitari, are karen edo plazentari?

 

6-Zerk bultza dezake Mary Svevo bezalako neska gazte lirain bat Mierzwiak doktore zaharraz maitemintzera? Gaztelaniaz “hambre de padre” esaten zaionak, apika?

 

7-Aditu batzuek uste dute Stanek Mary Svevo ligatu zuela Patrickek Clem bereganatzeko darabilen azpijoko iruzurti berdina baliatuz, alegia, Mierzwiak doktorea ezabatzeko Svevok erakutsi behar izan zituen gauzaki esanguratsuak eta grabazioak erabiliz. Sinesgarria deritzozu?

 

8-Noren oroitzapenak ezabatuko zenituzke zure burutik? Zergatik?

 

9-Merezi du oroitzapen txarrengatik pertsona bati lotutako oroitzapen guztiak ezabatzea, politak barne?

 

10-Filmean aipatzen den Nietzscheren esaldiak dio soilik pertsona ahazkorrak izan daitezkeela zoriontsuak. Eta filmari izenburua ematen dion Alexander Poperen bertsoak, era berean, oroitzapenik gabeko adimena distira eternal batean bizi dela. Bat zatoz?

 

11-Esaten da eskarmentua dela jakinduriaren guraso, hanka-sartzeetatik ikasten dugula; eta, ondo ikasiz gero, ez ditugula errepikatuko. Ordea, ahazten baditugu, Joelek eta Clemek bezala urte biko harremana oroimenetik ezabatuz, ez ote ditugu ezinbestez errepikatuko akats horiek behin eta berriro? Ez al da zuhurragoa erroreak buruan presente samar edukitzea?

 

Memento

Markos Zapiain 2020/03/31 09:50
Oroimena izeneko laugarren gaia ilustratzeko film egokia

Euskal-Encodingsen jatorrizko bertsioa daukazu, euskarazko azpitituluekin.

1-Zure ustez, izan daiteke oroimena SOILIK zorion-iturri? Kontrolatu daiteke erabat?

2-Interpretazio baten arabera, Teddy beti dabil gezurretan. Ez da egia Leonardek bere emaztea hil zuela. Leonardek lioke egia: Sammyk hil zuen emaztea, intsulina-txertoak ipiniz. Teddyk Leonardi gezur horiek kontatuko lizkioke denbora behar duelako Leonardek ahaztu dezan Jimmy hil duela.

Kontrako interpretazioaren esanetan, Teddyk funtsean egia dio: Leonardek, ezin duenez bere damua eraman, Sammyrengan proiektatuko du bere emaztearen heriotzaren errua. Nori sinesten diozu? Zergatik?

3-Zentzuzkoa da orobat ez batari ez besteari sinestea. Bai Teddyk eta bai Leonardek saldu nahi dituzten pelikulek dituzte inkoherentziak eta akatsak. Teddyk dio berak harrapatu zuela benetako John G. eta Leonardek hil zuela, argazkia lekuko. Baina aldi berean dio Leonardek hil zuela intsulina gaindosiz bere emazte diabetikoa, nahiz eta emaztea horrela hiltzea Sammy Jankisengan proiektatu.

Halako batean, Leonarden "oroitzapen" bat ageri da: ohean dago emaztearekin. Betiko tatuajea dauka bularrean: "Nire emaztearen biolatzailea eta hiltzailea hil behar dut". Eta beherago: "Egin dut". Oroitzapenik zoriontsuena: emaztea bizirik eta bere zeregina beterik. Ordea, erabat ezinezkoa da oroitzapen hori, ezinezkoa baita gertaera bera: "dagoeneko hil dut nire emaztearen hiltzailea, eta aldi berean alboan daukat emaztea ondo bizirik." 

Kontuan hartu behar da narratzailea Leonard dela, eta, ezin dituenez oroitzapenak atxiki, ia ezinezkoa zaiola kontakizun koherente bat bilbatzea. 

Zer iruditzen zaizu, zuzendariak nahita utzi dituela hainbat hari solte, ezin direla kontakizuneko atal guztiak bildu eta ulertu, ala filmak eutsi egiten diola interpretazio koherente ulergarri bati?  

4-Garenak edo egin dugunak oinazea eragiten badigu, ohikoa da gure akatsak besteren batengan proiektatzea, Teddyk dioenez Leonardek Sammy Jankisekin egiten duen bezala. Ezin omen du bere gain hartu oraindik hainbeste maite duen emaztearen heriotzaren errua. Zoriontsu izaten ahalegintzeko, gezurra esaten diogu gure buruari, edo errealitate gordinaren oroitzapenak apaindu egiten ditugu. Memento-n diote hori denok egiten dugula. Bat zatoz? Ala indartsuagoa da egia osoa jakiteko bultzada, batez ere zure burua ez engainatzekoa?

5-Teddyk Leonardi: “Ez duzu egia nahi, zuk sortu duzu zure egia”. Alegia, Leonard oroitzen da ez egiaz, intsulina-txertoa sartzen ziola emazteari, baizik eta errua uxatzeko komeni zaion gezurraz, hau da, atximur egiten ziola. Zein neurritan berrasmatzen ditugu gure ustezko oroitzapenak? Fidagarriak gara omen garenaz gure buruari edo besteei kontatzen dizkiegun pasadizoei dagokienez? Zein neurritan dago ezinbestez nahastua fikzioa gomutarekin? Leonarden gogoeta: garrantzitsuagoak dira gertaerak oroitzapenak baino. Lor genezake jatorrizko gertaeraren oroitzapen garbi gordinik, ala lehenbiziko oroitzapenetik beretik tartekatzen eta proiektatzen dugu interpretazioa, koherentzia, zentzua?

6-”Ez dakizu nor zaren benetan”, diotso Teddyk Leonardi. Zein neurritan dago oroimenean oinarrituta zuk zure buruari saltzen diozun autobiografia eta beraz nortasuna?

7-Kronologiaren arabera, aurrena zuri-beltzekoa gertatzen da; Leonardek Jimmyren hilotzari argazkia ateratzen dionean egiten dute bat zuri-beltzak eta koloreak, eta ordutik aurrera dena kolorez eta ohiko denbora-geziak mugitutakoa izango da.

Koloreko eszenak atzekoz aurrera joatea ez da zuzendariaren apeta artistiko bat, ez dabil interesgarriarena egiten: nahi duena da ikusleak sentitzea protagonistak errealitatea ulertzeko dituen zailtasunak. Leonardek bezala, ikusleak ere filma berregin behar du, ez daki-eta zer gertatu den lehenago. Ezin du filma lehenbiziko ikustaldian ulertu, ez dakielako zein den orain ikusten ari denaren zentzua, zentzu hori lehenago gertatutakoak sortzen baitu, eta gero ikusiko du lehenago zer gertatu den.

Zure ustez, lotura horrek justifikatzen du atzekoz aurrera joate nahasgarri hori? Ala eszenak betiko ordena kronologikoan antolatuta ere, ikusleak behar bezala ulertuko luke filmaren funtsezko mezua?


8-Leonarden azken oroitzapena bere emaztearen biolazioa eta hilketa da. Horrela, gaizkilea bilatzea eta hiltzeak emango dio zentzua bere bizitzari, zentzu erromantiko bat. Eta, oroimena galdu duenez, etengabe berritu ahalko du, Jimmy G. piloa baitago munduan.

“Nola senda naiteke ezin badut denbora sentitu?”, galdetzen dio Leonardek bere buruari. "Ezin naiz zu ahazteaz oroitu", diotso emazte hilari bere gauzak erretzen dituen bitartean. Ezin duenez oroitu bere emaztearen heriotzaz geroztiko ezer, eta huts egingo duenez emaztea prostituta baten bidez berpizteko ahaleginean, kondenatua dirudi etengabe sentitzera mendekatzeko gosea, inoiz ez uztera John G. izenekoak hiltzeari. Bat zatoz horrela lotzearekin Leonarden eritasuna, azken oroitzapena eta ezin asetuzko mendeku-gosea? Maiteen izan duena infinituraino mendekatzeaz gain, asma diezaiokezu Leonarden bizitzari bestelako zentzu bat, edo bestelako irtenbideren bat, behintzat?

 

9-Definitu eta azaldu zer den

a)    Amnesia

b)   Leonardek pairatzen duen amnesia anterogradoa, iraupen laburreko oroimenaren galera

c)    Alzheimerra

d)   Hipermnesia

 

10-Amnesia anterogradoak jotakoak bi minutuz euts diezaioke oroitzapenari, ondoren ahazten zaio. Dena den, jarduera edo istorioren bat atxiki nahi izanez gero, ez memoria baizik eta ohitura eta are instintu bihurtu behar du. Errepikatzearen errepikatzez bihur dezake Leonardek Sammyren kontakizuna zinezko errealitate (bere buruarentzat, bederen). Gezurra hamaika bider errepikatuta egia bihurtzen dela esaten den bezala, Memento-n ere errepika eragile: oroitzapen apaindu edo asmatuak behin eta berriro errepikatuta jatorrizko gertaeraren oroitzapen bilakaraz daitezke. Nahiak eta borondateak iragan errealari irabaz diezaiokete. Gaur egun “postegia”ren garaian bizi ei gara. Manifestazio beraren berri emateko, hedabide batzuek 5.000 lagun elkartu zirela diote, eta beste batzuek 97.000. Ez da gertatu dena gertatu, niri komeni zaidana baizik. Zu zeu, fidatzen al zara aldizkari, telebista edo webguneren batez? Aipatu fidagarrienak zaizkizunak, nahiz eta guztiz fidagarriak ez izan. 

11-Zertan laguntzen dio Teddyk Leonardi, eta zertan erabiltzen du? Eta Nataliek? Zure ustez, zuzena da filmaren funtsetako bat Natalieren eta Teddyren arteko borroka dela dioen interpretazioa, Leonarden eritasuna aprobetxatuta hiltzaile bilakarazi eta bakoitzak bere alde erabiltzeko?

12-Hala balitz, Teddyren eta Natalieren arteko gerra Nataliek irabaziko du, bere aukerak hobeto baliatzen dituelako (enpatia, identifikazioa: bai Leonard eta bai Natalie bera dira bizirauleak...); gainera, ematen du Leonardek atxikimendu handiagoa diela, berez, figura femeninoei figura maskulinoei baino (azken batean, gizon batek bortxatu eta hil ei zuen hainbeste maite zuen emaztea). Bat zatoz ikuspuntu horrekin?

13-Zer gertatu da, edo gertatuko, drogarekin trukatzeko asmoz Jimmy Grantzek eraikin abandonatura daramatzan 200.000 dolarrekin? Leonardek erabiliko duen autoaren maletategian gelditu dira. Teddyk ebatsiko ditu? Nataliek? Filma amaitu eta gero Leonardek aurkituko ditu, sorpresa handiz, ahaztua izango baitu nondik datozen? Hipotesi horiekin bat ez bazatoz, asmatu beste bat.

14-Nola argudiatuko zenuke Christopher Nolan zuzendariak aseguru-etxeak kritikatzen dituela? Zertan da zehazki kritika hori?

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Pulp Fiction. Galdetegia

Markos Zapiain 2020/03/28 09:25

Euskal-encodings-en dago Pulp Fiction, euskarazko azpitituluekin 

0-Pulp Fiction esamoldea erabiltzen da paper merkean inprimatutako aldizkari edo liburuxkak adierazteko (“Pulp” hori paper merkea da). Narrazioak, nobelak eta komikiak izaten dira, krimen eta misteriozko istorioak kontatzen dituztenak. Vincentek komunean irakurtzen ditu. Tarantinok horrela bataiatu zuen bere filma, nahi zuelako oroitaraz dezan horrelako argitalpenek eragiten duten sentsazioa.

1-Pulp Fiction-en ageri diren ordulariek 4:20 markatzen dute, 4-20 delako poliziak marihuana-kontsumoa adierazteko duen kodea. Dena den, drogei dagokienez, kokaina eta heroina dira filmean nagusi. Zer droga-mota da kokaina, eta zer heroina? Nola sailkatzen ditu Munduko Osasun Erakundeak? Nola desberdinduko zenituzke kokainaren eta heroinaren eraginak? Nola deskribatuko zenuke kokainarena Miarengan eta heroinarena Vincent Vegarengan? Kontuan hartu Miak bere kokaina esnifatu nahian tronpatu eta Vincenten heroina sudurreratzen duela, eta horren ondorioz datorkiola gaindosia.

 2-Heroinaren eraginaren peko eszenak filmatzeko John Travoltak ez zuen, noski, heroinarik hartu. Tekila dezente edan eta ur bero-beroan bainatu ondoren egin zituen. Esan izan da Miarena kokaina-dantza dela eta Vincentena heroina-dantza. Zergatik iruditzen zaizu hartzen dela Miaren eta Vincenten dantzaldia zinemaren historiako onenetakotzat? Zergatik ote da hain hipnotikoa? Begira nola kutsatu zitzaion Tarantino zuzendariari dantza horren poza grabatzen ari ziren bitartean.

3-Heroinaren albo-kalteetako bat idorreria da. Horregatik aurkituko dugu Vincent hain maiz komunean. Komunera doan aldiro, zerbait erabakigarria gertatuko da munduan. Pulp Fiction irakurriz kaka egiten edo ahalegintzen ari den bitartean, goitik behera irauliko ditu katastrofe batek bere egoeraren parametroak. Lehenbiziko atalean, Mia konorterik gabe aurkituko du. Bigarrenean, Butch eta heriotza. Eta hirugarrenean, Pumpkin eta Honey Bunny-ren lapurreta. Zer nahi izan du Tarantinok adierazi?

4-Bigarren atala da uzkiari lotuena. Vietnamen zela, uzkian eraman zuen Butchen aitak bere aitarengandik eta aitonarengandik jasotako urrezko ordularia bost urtez, eta ondoren aitaren adiskide Koons kapitainak beste bi urtez. Ordulari hori, alde batetik, T objektua da, trantsizio-objektua, amaren bularraren ordezkoa, ziurtasun psikologikoa ematen dizuna. Bestetik, familia-jarraitutasuna bermatzen du, sustrai emozionala. Azkenik, bizitzari zentzua ematen dio, munduko egonaldi krudela goxatzen digun talisman horietako bat da.

Objektiboki, gauza gisa, trantsizio-objektua edo talismana ez da beti garrantzitsua. Guk haiengan proiektatzen ditugun beharrek egiten dute garrantzitsu. Zupakia izan daiteke, panpina, ordularia, gitarra-pua, argazki edo liburu bat, edozer. (Baita ere, beste maila batean, ohitura bat, droga, zinema-zaletasuna, adikzioa, bikotekidea, Athletic.) Amaren bularrean edo amaren plazentan hasi zen serie baten osagaiak dira. Amarekiko atxikimendua ordezten dute eta zure bizitzaren zentzua barnebiltzen eta adierazten dute. Iruditzen zaigu hori gabe ezingo ginatekeela bizi. Ulergarria da Butchek bizia arriskatzea urrezko ordularia berreskuratzearren, bestela familia-loturak eta sustraitzea desagertu eta zentzubako bilakatuko litzateke haren bizitza. (Trantsizio-objektuak eta talismanak ia beti ahoarekin dute lotura. Pulp Fiction-eko urrezko ordulariaren bitxitasuna da ahoari baino gehiago uzkiari dagokiola.)

Galdetu etxean zein izan zen txikitako zure trantsizio-objektua. Eta, gaur egun, baduzu halako kutun edo talismanik? Beti daramazu zurekin ala tiraderaren batean daukazu gordeta? Zelako harreman psikologikoa duzu talisman horrekin?

5-Freudek dioenez, urrea kaka da. Uzkiko erloju horrek erabakiko ditu hain zuzen Marsellus Wallaceren biolazioa eta heroinaren erruz beti komunean dagoen Vincenten heriotza. Urrezko ordularia familia-iraganetik eta haurtzarotik dator, oraina kordokatu eta aztoratzera .

Bestalde, Marsellusek ia esaldi bakoitzean aipatzen du ipurdia. Adibidez, Butchi borrokaldia galtzeko agintzen dionean:

 Marsellus: I think you're gonna find, when all this shit is over, I think you're gonna find yourself one smiling motherfucker. The thing is, Butch, right now you got ability. But painful as it may be, ability don't last. And your days are just about over. Now that's a hard motherfuckin' fact of life, but that's a fact of life your ass is gonna have to get realistic about. See, this business is filled to the brim with unrealistic motherfuckers. Motherfuckers who thought their ass would age like wine. If you mean it turns to vinegar, it does. If you mean it gets better with age, it don't. Besides, Butch, how many fights do you think you got in you anyhow? Two? Boxers don't have an Old Timers Place. You came close but you never made it. And if you were gonna make it, you would have made it before now. (holds out the envelope of cash to Butch, but just out of his reach) You're mine, dig?

Butch: It certainly appears so. (takes the envelope)

Marsellus: Night of the fight, you might feel a slight sting. That's pride fuckin' with you. Fuck pride! Pride only hurts, it never helps. You fight through that shit. 'Cause a year from now, when you kicking it in the Caribbean, you gonna say to yourself, "Marcellus Wallace was right."

Butch: I got no problem with that, Mr. Wallace.

Marsellus: In the 5th, your ass goes down. (Butch nods silently) Say it.

Butch: In the 5th, my ass goes down. 

 

Vincent Vega aurkitzen duenean:

“Vincent Vega, my nigga! Get your mother fucking white ass over here!”

 

Butchek hitza jan, engainatu eta ihes egin diola jakin duenean:

“I'm prepared to scour the Earth for that motherfucker. If Butch goes to Indo-China, I want a  nigger hidin' in a bowl of rice waiting to pop a cap in his ass.”

Azkenik, Marsellusi berari emango diote popatik: hasieran besteen popak berba hutsezko mehatxurako erabiliko ditu, baina gero Marsellusen beraren popa errealean gauzatuko da. Marsellusen rola egin behar zuen aktoreak biolazio sodomita horregatik utzi zuen bertan behera, eta azkenik Ving Rhamesek onartu zuen. Marsellusi uzkia jorra diezaioten etetea lortuko du Butchek, eta horri esker salbatuko du boxeolariak bere bizia eta bere uzki-erlojua. Popatik eman diotela jendaurrean ezagutu dadila da Marsellusentzat munduko gauzarik lotsagarriena, eta horregatik baimenduko dio Butchi ihes egitea, honek larriki traizionatu duen arren. Psikoanalisian oso garrantzitsua da uzki-konplizitatea.

Zergatik erabaki zuen Butchek Marsellusen biolazioa etetea: eskuzabaltasun etikoaren adierazpen da Butchen jokabidea? (Hau da, Butch, bera hil nahi duen Marsellus salbatzera arriskatuko da, bere bizia arriskuan jarriz, errukiagatik eta bidegabekeria bat eragozteko: Butch litzateke film osoan bere bizia beste baten alde arriskuan jartzera ausartzen den bakarra, erakutsiz ez duela biziarekiko atxikimendurik, eta horrela, Mateoren ebanjelioko Jesu Kristoren hitzak parafraseatuz, bizia galtzeko beldurrik ez duenak salbatuko du hain zuzen bizia, eta, aitzitik, Vincent bezala bizia kosta lain kosta salbatu nahi duenak galdu egingo du.)

Ala kalkuluagatik hartuko du Butchek bere gain arriskua, uste duelako Marsellusek barkatu ezean munduko txokorik ezkutuenean ere ez duela lasai bizitzerik izango?

 

6-Tonyk Miari egin ei zion oinetako masajeari dagokionez, nori sinesten diozu: zurrumurruari (masajea egin zion eta ondorioz Marsellusek Tony leihotik amildu zuen) ala Miari (ez zion masajerik egin, elkar ukitu zuten aldi bakarra Miaren ezkontzan izan zen, eskua elkarri eman ziotenekoa)? Eta zeinek du arrazoia, Vincentek (oinak masajeatzean isilpean gordetzen den intimitate sentsual ilun bat sortzen da, jelosia ulergarri bihurtzen duena) ala Julesek (masajeari ez zaio garrantzirik eman behar, oinetako masajea eta sexu-harremana ez dira soilik liga desberdin bi, baizik kirol desberdinak)? Ala ez batak ez besteak?

7-Butchek eta Fabiennek elkar maite dute? Zer iruditzen zaizu Fabienneren jarrera Butchen haserre biolentoaren aurrean, ohartzen delarik Fabiennek ez diola urrezko ordularia ekarri? Ohiko bikote heterosexualetako ar/eme botere-harremanak errepikatzen dira hemen? Butchek gero Fabienne errugabetzeak eta Fabiennek berak Butchen jokabidea ulertu eta onartzeak barkagarriago egiten ote du tratu txarra?

8-Louann Brizendinek dioenez, amodioa egitean gizonek gurago dute argia piztu, ikuskizuna kitzikagarria baitzaie, eta emakumeek berriz itzali, iluntasunak usainen eta ukimenaren intimitatea babesten baititu. Ildo berean, Fabiennek dio nekez datozela bat, tamalez, ikusmenari atsegin zaiona eta ukimenari atsegin zaiona. Ados zaude? Zergatik?

9-Zer dago zure ustez Marsellus Wallaceren maletan, zeri dario distira laranja misteriotsu hori? Harriturik uzten ditu Jules eta Vincent, ederra dela dio Pumpkinek, eta eragiten dion lilurari esker harrapatuko du Julesek. Hasieran, Tarantinoren asmoa izan zen diamanteak jartzea, baina baztertu zuen. Erabaki zuen enigma argitu gabe utzi eta ikusleei aukerak zabalik uztea. Ikaragarri ugaritu dira hipotesiak Interneten. Batzuek diote plutonioa dela, beste batzuek urrea, edota heroina, Rock'n'Rolla, Tarantinok irabazi nahi zuen Oskarra. Baina aspaldion beste hipotesi hau ari da nagusitzen: Marsellusen arima dago maleta barruan, eta horregatik dabil hain aztoratuta eta jendea hiltzeko prest hura berreskuratu nahian. Eta horregatik dauka esparatrapua garondoan, Erdi Aroan ziotenez Satanasek garondoa zulatu eta bertatik erauzten omen baitio jendeari arima. Gainera, 666 zenbakia erabiliz irekitzen da Marsellusen maleta, eta Satanasen zenbakia da 666. Tarantinok jakinarazi zigun maletan ez dagoela laranjaz pintaturiko bonbilla pare bat baino. Zein iruditzen zaizu hipotesirik sinesgarriena? Hipotesi berri bat asma dezakezu. Ez du balio Tarantinok jakinarazi ziguna errepikatzeak, alegia, Marsellusen maletan ez dagoela laranjaz pintaturiko bonbilla pare bat baino.

 

10-Isiltasun deserosoez:

Mia Wallace: Don't you hate that?

Vincent: Hate what?

Mia: Uncomfortable silences. Why do we feel it's necessary to yak about bullshit in order to be comfortable?

Vincent: I don't know. That's a good question.

Mia: That's when you know you've found somebody really special: you can  just shut the fuck up for a minute and comfortably share silence.

Vincent eta Mia elkarrekin irteten diren lehenbiziko aldia den arren, isiltasunak ez ditu deseroso sentiarazten. Beste norbaitekin egonda sentitu al duzu inoiz isiltasuna deseroso? Uste duzu elkarrekin luzaro isilik deserosotasunik gabe egoteko gai izateak harremana benetan sendoa dela adierazten duela, edo ez du garrantzi berezirik?

 

11-Aditu batzuek diote Pulp Fiction filma postmodernoa dela. Zergatik?

Alde batetik, zinemaren historia osoa berreskuratzen eta omentzen du: ia eszena eta elkarrizketa bakoitzak dakar aurreko filmen baten oihartzuna. Esaterako, Butchek eta Marsellusek ezustean zebrabidean elkar ikusteak, Psycho-ko topaketa ospetsua imitatzen du. Butchek Zed-en bahi-dendan arma egokia bilatzen duenean, mailua The Toolbox Murders-i dagokio, beisboleko batea Brian de Palmaren The Untouchables-i, zerra elektrikoa The Texas Chain Saw Massacre-La matanza de Texas-i eta katana, Butchek azkenik aukeratuko duena, borroka-arteen inguruko japoniar film pilo bati. Era berean, Marsellusen maletako distira misteriotsuak Robert Aldrich-en Kiss Me Deadly-koa berritzen du (barruan bonba nuklear txiki bat daukana). Vincent eta Miaren arteko dantzaldiak ere Fellini-ren “8 eta erdi”koa eta Godard-en Bande à part-ekoa imitatzen omen ditu. Dantzalekua bera, 50eko hamarraldiko kulturaren berpiztea da. Bestalde, berreskurapen eta omenaldi hori ironikoa izaten da.

Ez dago egia bakar eta osorik, baizik eta iraganean adierazi izan diren istorioen errepikapen orainaldira moldatuak. Ez du merezi, modernitatean bezala, originaltasuna eta berritasuna kosta lain kosta bilatzen ahalegintzea. Istorioz inguratuta bizi izan gara beti, eta horiek brikolaje batean berrantolatzea da kontua.

Gainera, eta postmodernismoaren beste ezaugarri bat da, ezer ez da dirudiena.  Butchek Vincent hiltzeko darabilen metraileta ez da Vincentena baizik eta Marsellusena. Ordurako, Jules joana da Jainkoaren eskutik herriz herri ibiltzera, eta Marsellusekin batera heldu da Vincent Butchen etxera. Horregatik egingo dute topo zebrabidean, Marsellus gosaria erostera atera baita. Eta Miak eta Vincentek dantza-lehiaketako trofeoa ez dute irabazi, lapurtu egin dute. Azkenik, Mia, itxuraz sexualki libre bezain ausarta, birjina da benetan, horregatik dantzatuko du hain modu desaforatuan “Girl, You’ll Be a Woman Soon”, Vincentek iniziatuko duen itxaropenaz. Izan ere, Marsellusen beldurrez, inor ez zaio hurbiltzen. Eta Marsellus bera genitalki inpotentea litzateke, uzkiari lotuegia, bere supermatxo irudi, hizkera eta jokaera gorabehera.

Alegia, alde batetik ez dago itxuren azpiko oinarri sendorik; eta bestetik itxurak berak ere engainagarriak dira. Apurtu egin da ikuspuntu klasikoaren araberako egia.

Zentzu horretan, bat zatoz Pulp Fiction postmodernismoan kokatzen duen ikuspuntuarekin?

 

 

 

 

Batek palmondoen hoteletik hegan egin zuen

Markos Zapiain 2020/03/25 21:40
One Flew Over the Cuckoo's Nest, Alguien voló sobre el nido del cuco

0-Arazo bat dago izenburuarekin. Ingelesez One Flew Over the Cuckoo’s Nest da. Ingelesez, argotean, cuckoo’s nest psikiatrikoa da. Gaztelaniaz Alguien voló sobre el nido del cuco jarri zioten, gaztelaniaz “el nido del cuco” psikiatrikoa ez den arren. Ikusle espainolek, eta zer esanik ez euskaldunok, imajinatu izan dugu poesia zebilela tartean, misterioa, argitzeko eskatu behar ez den esaldi arraro horietako bat zela. Bermeon “Hotel Palmeras” deitzen zaio psikiatrikoari, eta nik dakidala horixe da cuckoo’s nest-en oihartzuna ondoen jasotzen duena, izenburuko “hegan” hori airean gelditzen den arren, bidean kukua galdu dugunez. 

 

1-Gurean entzerramendua, ixtea, erabiltzen dugu batez ere gaixo mentalekin. Bururatzen zaizu beste jarreraren bat? Zenbait herritan ez dago psikiatriko publikorik. Kalifornian, adibidez, gerora presidente izango zen Ronald Reagan gobernadoreak itxi zituen 1967an. Gaixo mentalak  etxeetan edo kalean bizi dira. Auskalo zelan konponduko diren orain. Agintaria bazina, zer egingo zenuke zuk halako gaixoekin?

 

2-Eroa iruditzen al zaizu Jack Nicholson/McMurphy? Esaten da eromena arrazoia galtzea dela. Chestertonek, aitzitik, den-dena galtzea dela dio, arrazoia izan ezik. Adibidez, paranoikoen eraikuntza mentalak arras logikoak izaten dira, erabat koherenteak; oinarri sentimentala da huts egiten diena. Era berean, Freuden esanetan, erlijioak neurosi kolektiboak dira: fededun ikaragarri adimentsuek arrazoibide eta liburu ezin zorrotzagoak idatzi dituzte aingeruen hierarkiaz eta gorputzen piztueraz. Nola definituko zenuke zeuk eromena?

 

3-Gogoratu Dale Harding bibotedunaren kasua: jeloskorraren susmoek, beti al dute zergatiko ulergarriren bat? Zentzuzko jelosia eta eldarniozkoa bereizi izan dira. Zer deritzozu?

 

4-Psikiatrikoan sartzean, nesketako batek dio: “Honek Institutua oroitarazten dit”. Ados zaude?

 

5-Iruditzen zaizu hitz-toteltasuna sexuaren eta emozioen errepresioaren erruz sor daitekeela? Eta larrua gozoro joz senda litekeela, Billyren kasuan bezala? Emakume goxoaren bidez, hizkera-arazoa sendatzen zaio; baina ama zapaltzailea hizpidera etorri bezain laster, toteltasuna berpiztu egiten zaio. Bilatu sarean zer lotura izan ote dezakeen gizonaren toteltasunak amarekiko harremanarekin. 

 

6-Azaldu Ratched erizainaren eta McMurphyren arteko harremanak Antigonaren eta Kreonteren artekoen argitan.

 

7-Bizitzaren zapaltzaile ageri da filmean psikiatrikoa. Psikiatrikoak eskatzen duen diziplinaren baitan, balegoke oreka biofiloagorik lortzea diziplina-beharraren eta emozioen eta sentimenduen adierazpen librearen artean?

 

8-Gaur egun lobotomia ez da erabiltzen. Elektroshocka bai, batez ere depresioak jotako emakume haurdunekin. Efektua positiboa izaten da, eta umekiari ez zaio ohiko pilulak bezain kaltegarria. Filmak txartzat jotzen ditu bai elektroshocka eta bai lobotomia. Gaur egungo psikiatriak zergatik ez ote ditu zaku berean sartzen?

 

9-Zilegi da gaixoak pilulak hartzera derrigortzea?

 

Suaren bila

Markos Zapiain 2020/03/22 08:30
1981eko La Guerre du feu testu-liburuko bigarren gaiari lotzen zaio ondo, "Nortasunaren oinarri biologikoak" deritzonari

Suaren bila youtuben

 

1-Azaldu zein den Prometeoren eta suaren arteko harremana.

2-Sua pizten era autonomoan jakitea, gurpila, inprenta, Internet jo ohi dira giza historiaren aurkikuntza nagusietakotzat. Aurkikuntza horien artean, zein lehenetsiko zenuke? Zergatik?

3-Azaldu zergatik izan zen zenbait antropologorentzat ziminotik gizakira  igarotzeko orduan erabakigarria sua. Zein esango zenuke dela beste primateetatik bereizten gaituenaren funtsa: ez gordina baizik eta egosia jatea, gorputza estaltzea, hildakoak lurperatzea, mintzamena, pentsamendua…? Zergatik?

4-Suaren bila-n, aditu batzuek gizon protagonistaren taldean Neandertalak ikusi dituzte, eta andrearenean, ostera, Sapiensak. Neandertalek ez dakite sua gorde eta iraunarazten baino. Sapiensek sua pizten ere badakite. Neandertalak hainbat aldetatik itxiagoak dira, Sapiensak irekiagoak, abegitsuagoak, bizkorragoak, berritsuagoak, umoretsuagoak. Trebeagoak dira zeramika kontuetan, armagintzan, apainduran, tresnagintzan, maskaragintzan, txabolen antolakuntzan. Larrua ez dute soilik lau hankatan jotzen, zakurren gisara, neska Sapiensak nahiago du misiolariaren jarrera… Nolabait esateko, aurreratuagoak dira. Orain dela gutxi arte, antropologoek uste izan dute ez zela harremanik izan bi taldeen artean, ez zutela bikote ugalkorrik osatu. Aitzitik, duela zenbait urtez geroztik, filmaren ildotik, elkarketaren hipotesia nagusitzen ari da, eta aurkikuntza batzuek hipotesi hori sendotu dute. Bilatu Interneten zein den status questionis delakoa.

5-Neandertalek ondo hartzen dute neska Sapiensa, arrotza izan arren, eta onuragarria zaie harekiko kontaktua. Neskak bizitzaren funtsa garatzen eta hobetzen lagunduko die: besteak beste, maite kontuak, mintzamena, umorea eta sua. Suak askatasuna ematen du. Gaur egun zenbait kultura eta alderdi politiko ez dira hain irekiak etorkinei abegi egiteko orduan. Zer deritzozu? Etikak zibilizatzen lagun lezake kanpotar desberdinarekiko mesfidantza eta beldurra, zenbaitentzat naturala dena? 

6-Suaren bila-n, umorea eta barrea inteligentzia eta aurrerapenaren adierazletzat jotzen dira. Aldiz, seriotasuna, larritasuna, eboluzioko lehenagoko maila bati dagozkio. Zenbat eta humanoago, orduan eta umoretsuago. Bat zatoz?

7-Zure ustez, zein bizimodu da sakon eta ederragoa, Suaren bila-ko protagonistena ala geurea? Hobetu egin du gizakia aurrerapen teknozientifikoak ekarri dion naturatik urrutiratzeak? Betebehar etikotzat duzu naturatik ahal bezain autonomo izaten ahalegintzea?

8-Psikologian, Filosofian eta Erlijioan badira zenbait ikuspuntu Suaren bila-ko garaian sortu bide zirenak: gizakia gorputza da baina baita arima ere; gorputza hil ostean arimak bizirik jarraituko du; badago beste mundu bat, begi fisikoentzat ikusgaitza, egiazkoagoa hemengo mundu hau baino, eta beste mundu horretara doaz arimak hil ostean… Nondik nora, ideia arraro horiek? (“Arraro”, kontuan hartuta inor ez dela heriotzatik itzuli halakoak egiaztatzeko.) Nietzschek badu hipotesi interesgarri bat: ametsetik datoz ideia horiek. Laguna hil zait, gorpua usteldu da, baina ametsetan agertzen zait, hitz egiten dugu, bizirik dago. Gorputza hil arren, lagunaren arima benetako munduan bizi da. Sinesgarria iruditzen zaizu hipotesi hori? Beste hipotesiren bat bururatzen zaizu?

9-Katolikoek ez soilik denboraren amaierako arimen piztueran, gorputzen piztueran ere sinesten dute, dogma da. Gure protagonistek ez dituzte hildakoak lurperatzen. Sapiensek erre egiten dituzte. Garai hartan zebiltzan erabakitzen gorpuekin zer egin. Gaur egun ere, materialista ateoei ere, gogorra egiten zaie senidearen gorpua kontainerrean edo basoan abandonatzea, basurdeek jan dezaten. Gero eta zabalduago dago biziren batek norberaren organoak aprobetxatzearen aldeko hautua. Zer eskatuko zenieke egiteko zure hurbilekoei zure gorpuarekin?

10-Nik oraingoz ez dut halako pozik izan, baina giza haragia jan dutenek diote zerrikiaren antzeko zaporea duela. Pelikulan ageri den taldeetako bat, ilegorriena, giza jalea da, kanibala. Aditu batzuek Homo Erectusarekin identifikatu dute. Aldiz, protagonista Neandertaletako bat, ohartzen denean gizaki bat jaten ari dela, higuinduta eta ikaratuta botako du ahotik. Giza bilakaeraren une batean, kanibalismoa, intzestuarekin batera, tabu bihurtu zen, eta munduan aldi berean bizi ziren giza jaleak eta kanibalismoa debeku zutenak. Bizirik irauteko ezinbesteko baldintza balitzaizu adiskide baten haragia jatea, egingo zenuke? Zer iruditzen zaizu “Viven. La tragedia de los Andes”-ekoen jokaera? Nondik hasiko zinateke: izterretik, belarritik?

11-Bi kasutan erakusten dizkigu Suaren bila-k erlijiosoak dei ditzakegun jarrerak: batetik, suaren aurrean, ahalbidetzen baititu berotasuna, janari egosi goxoa, piztiak uxatzea, osasuna, irautea eta bizipoza; eta, bestetik, mamuten aurrean. Protagonistak ahalegintzen dira gizakia hainbat aldetatik gainditzen duen piztia arrotz ulergaitz baten indarra beraien alde jartzen, menpekotasuna erakutsiz eta opariak eginez; fededunek ere antzera funtzionatzen dute Jainkoaren aurrean monoteismoetan. Islam hitzak “sumisio” esan nahi du, eta kristauak, halaber, uko egin behar dio bere buruari, bere barrualdea hustu, Jainkoa bere baitan sartu ahal dadin,  Jainkoak eta ez fededunak goberna dezan bere bihotza, bere adimena eta bere bizitza. Sinesgarria iruditzen zaizu erlijioa eguzkitik eta sutik eta piztiek eraginiko izutik eratortzen duen teoria?

12-Hartzaren erasoa, mamutaren laguntza, suaren jabetza… gure beldur eta pozaldi sakonenak filmak erakusten dituen milaka urte haietan erabaki eta finkatu ziren. Ordea, ez dago garbi gaur egun zentzurik ote duten. Adibidez, filmeko garaian praktikoak ziren beldurrak eraginiko gure erreakzio fisiko askok, gaur egun ez dute ez hanka ez bururik: esaterako, piztia bat atzetik dugunean kaka egiteak, kiratsaz uxatzearren, edo izerdia botatzeak, eskua, besoa edo hanka harrapatu nahi badigu irrist egin diezaion. Gaur egun pantailaren aurrean sentitzen ditugu beldurrik handienak, eta gure gelan eserita izerdi eta kaka horiek ez dute zentzu handirik. Eboluzioak eragindako desoreka horiek omen dira hain orokorra den gizaki modernoaren neurosiaren kausa nagusiak. Bat zatoz?

13-Gure amets asko ere, dirudienez, garai hartatik datoz, besteak beste hainbat amesgaizto: lehoiak edo deabrua atzetik ditugu lasterka gu hil eta jan nahian, baina izterrak astun ditugu eta ezin aurrera jo, harrapatuko gaituzte… Kontatu horrelakoren bat. Ez bazara oroitzen, asmatu.

14-Arma berriak oso garrantzitsuak izan dira beti botere-borrokak irabazteko: zenbait historialarik iradoki dutenez, euskaldunek irabazi duten gudu bakarrean, Orreagan, erabakigarria izan zen frantsesek ezagutzen ez zuten arma berri baten erabilera. Filmean ere, gure protagonistei suagatik eta botereagatik lehiatzen zaizkien taldekideek galdu egingo dute, gure protagonistei neska Sapiensak Neanderthalek ezagutzen ez duten arma ekarri dielako. Ordu arte, gorputzez gorputz borrokatzen ziren, baina Sapiensak urrutitik jaurti daitekeen lantza bat eskuratzen die. Uste duzu zure belaunaldia gai izango dela euskaldunak garaitezin egingo gaituen arma kuantiko bat asmatzeko? Edo zuen garunak alferrik galtzen ari zarete Soy una Pringada eta Ibai Llanosekin? Indartsuagoa ote da desobedientzia zibil ez-biolentoa edozein arma baino?

15-Zergatik aukeratzen du tribuko zahar jakintsuak suaren bila joateko gure protagonista, eta ez zeregin hori bete nahiko lukeen lehiakide beltzarana? Azken horri larregi nabarmentzen zaio agian botere-irrika? Platonek dio agintaririk egokienaren ezaugarrietako bat izaten dela ez duela agintea nahi. Ados zaude?

16-Ametsa, oihartzuna, birusa, gertaera ulergaitzak: gizakiak zentzua behar izaten du, hasieratik ahalegindu da zentzuz hornitzen itxuraz zentzubakoa dirudiena. Kontrolagaitzak urduri jartzen du. Tenporak, astrologia, erlijioa, psikologia… ez al dirudite sarritan helduleku ahulak, oinarri-oinarrian dagoen absurdoari ihes egiteko asmaketa frakasatuak?

17-Protagonistek borroka egiten dute arrautza batengatik, jatekoagatik: hor amaitzen dira adiskidetasuna eta lankidetza, behar fisiologiko oinarrizkoak kooperazioaren gainetik daude, nahiz eta, kooperatuko bagenu, hobeto aseko genituzkeen agian behar fisiologiko primario horiek. Darwinek elkarren aurkako borroka eta indartsuenen hautespen naturala nabarmendu zuen eboluzio naturalean, baina giza eboluzioan une erabakigarri batetik aurrera egoismo hutsagatik kooperatzea komeni omen zaigu. Zer deritzozu?

18-Filmeko protagonisten aldean, oso ahulduta eta atrofiatuta daukagu guk usaimena; usaimenak erabakitzen zuen adibidez sexu-harremanak izan zitezkeen ala ez. Zer iruditzen zaizu erakargarriagoa, garai hartako gardentasun primarioa, ala gaur egungo konplikazio berritsua?

19-Neandertalak mamutengana bezala, neska Sapiensa oparien bidez hurbiltzen zaie lehenbiziko aldiz Neandertalei, Erectusak protagonistari barrabiletan eragin dion zauria sendatzeko enplastu bat eskainiz. Opariaren funtsezko zeregina iruditzen zaizu bestearen borondatea gure alde jartzen ahalegintzea? Bestela?

20-Hans Blumenberg: gizakiaren historian, gertaerarik erabakigarriena izan zen igarotzea oihanean zuhaitzetan ibiltzetik sabanan hanka bien gainean ibiltzera. Basoan ez bezala, ordokian agerian gelditzen zara, begien bistan, etsaien esku. Egoera horretan, garrantzi handia izan zuen asmatzea ea hurbiltzen ari zitzaion beste gizakia, edo gizakiak, intentzio ona zekarten, ala erasotzeko eta hiltzeko asmoa. Filmean neska Sapiensa asmo onez hurbiltzen zaie eta Erectusak asmo hiltzailez. Horrelako sentimendu indartsuz inguratzen zaizkizu ikaskideak Institutuko pasilloetan, ala indiferentzia da nagusi?

21-Filmaren arabera, lehenagokoa eta oinarrizkoagoa da sexua maitasuna baino. Larru-jotze asebetegarri baten ondorio litzateke maitasuna, sentimendu bilakaturiko ariketa fisiko bat. Bat zatoz?

22-Neskak alde egiten duenean, gizon protagonistari hats-beherapenak jo eta frustrazioa sentituko du, jausi egingo da, maitemindu. Usaimenaren bidez sentitzen du batez ere neskaren nostalgia. Ez du bakerik izango harik eta neskarekin berriro elkartuko den arte. Romeo eta Julietarenaren antzekoa da neska Sapiens eta mutil Neandertalaren arteko amodioa, biak baitira Homo espeziekoak baina leinu desberdinetakoak, elkarrekin batzeko tradizio eta ohiturarik ez dutenak. Baldintza errealek zaildu egiten dute maitasun hori. Sapiensen buruzagi-apaizak, herriko aginte patriarkalak, debekatu egiten dio neskari gizon arrotzarekin biltzea. Ordea, maitasuna  indartsuagoa da taldeko debekua baino, eta protagonistak konpondu egingo dira elkarrekin jarraitzeko. Zer iruditzen zaizu indartsuagoa, maite mota jakin bat baztertzen duen taldearen debekua, ala maitasuna bera?

23-Endogamiaren eta exogamiaren arteko tentsioa nabari da filmean. Sapiensen buruzagi espiritual antzeko batek, xamanak, apaiz-alkateak, Neandertal arrotzari herriko emakumeak eskaintzen dizkio, ernal ditzan. Neska protagonistak herria eta endogamia ala maitea eta exogamia aukeratu behar du. Mutilak, berriz,  herrikide-lagunak ala maitea. Biek lehenesten dute maite arrotza. Maitasun biologikoa kolektibitatearen exijentziei nagusitzen zaie. Maitasunak apurtzen du gutar-arrotz bereizketa zurruna, maitasunak zeharkatzen ditu taldeak ezarririko muga estuak. Hala uste duzu zeuk ere?

24-Abenturak bizi ondoren sutondoan talde-kideei kontatzeak, eta entzuteak, beti eragin izan dio gizakiari gozamen handi bat, horixe ei da literaturaren ernamuina. Kontatzeak ematen dio zentzua bizi izandakoari. Gainera, norberaren irudia hobetzeko benetako gertaera apain daiteke, biribildu. Iruditzen zaizu gaur egun, ikus-entzunezkoen kontsumitzaile pasiboak izaten garenez, kontu-kontari aritzeko trebetasuna eta poza galtzen ari garela? Edo nostalgia faltsua deritzozu sutondoan elkartutako familia zoriontsuaren postalari, zaharren istorioak jakin-minez entzuten?

Laranja mekanikoa

Markos Zapiain 2020/03/19 09:15
Bai Laranja mekanikoa eta bai Metodo arriskutsu bat programazioko lehenbiziko gaiari dagozkio. Metodo arriskutsu bat psikoanalisia aurkezteko da egokia; Laranja mekanikoa, berriz, konduktismoa aurkezteko

 

1-Laranja mekanikoa, Londresen filmatu bazen ere batik bat, zehazten ez den Ingalaterrako hiri batean dago kokatua, etorkizun lauso batean. Distopia bat da. Zer da distopia? Zeri kontrajartzen zaio?

 

2-Zilegi da kriminaltasuna gutxitzeko gizakiari aukeramen librea artifizialki kentzea, alegia, laranja mekaniko bilakaraztea, kanpotik organiko baina barrutik mekaniko? Alex protagonista bezalako sadiko soziopatek ere merezi dute askatasuna, edo gobernuak zilegi du horrelako joerak dituen jendea espetxeratzea ez ezik, haien garunak eta nahiak aldatzea ere? Agintaria bazina, kartzela kendu eta Ludovico metodoa ezarriko zenuke delinkuentziaren aurka borrokatzeko, giza askatasuna ezabatzen duen arren? 

 

3-Gizakiak erremediorik gabe baldin badu ongirako joera, dei diezaiokegu hala ere gizaki? Edota, Laranja mekanikoa-ko abadeak dioen bezala, funtsa du gizakiak ongiaren eta gaizkiaren artean aukeratzeko askatasuna, eta beraz ahalmen gaizkilearekin batera gizatasuna ere erauzten zaio?

 

4-Sotilkeria moralak ote dira horiek, poliziak dioen bezala? Sufrimendua apaltzea da helburu zentzudun bakarra, kriminaltasuna gutxitzea, nahiz eta askatasuna bezalako giza ezaugarri garrantzitsu bat desagerrarazi?

 

5-Zer iruditzen zaizu, politikariek benetan nahi diotela Alexi lagundu? Edo mugatzen dira hauteskunde-emaitzak hobetzeko Alex erabiltzen ahalegintzera? Zentzu horretan, ba al dago alderik gobernuko kontserbadoreen eta oposizioko ezkertiarren artean?

 

6-Bilatu Psikologiako liburuan zer den Konduktismoa edo Behaviorismoa, eta azaldu. Simpsondarren Skinner-ek Behaviorismoaren  pentsalari nagusietako batengandik jaso du izena. Nor izan zen Skinner psikologo konduktista? Nondik nora kritikatu zuen Noam Chomsky-k?

 

7-Zakurrei, autoei beldurra hartzeko txikitan kurpila isatsaren gainetik pasatzen diete Beran; eta ardiei errespetua hartu eta ez eraso egiteko, txiki-txikiak direla ardien kortan sartzen dituzte, ardiek jipoitu ditzaten. Konduktistentzat, gizakiok animaliek bezala ikasten dugunez, estimulu-erantzun, hezteko orduan gizakiekin ere Laranja mekanikoa-n bezala deskarga elektrikoak eta gisakoek funtzionatuko omen dute ondo. Bat zatoz?

 

8-Ludoviko tratamenduak gaizkilea behartzen du bortizkeriazko eta sexuzko irudiak lotzera nazka eta beldur sentipenekin, horrela benetako bizitzan biolentziatik eta biolaziotik uxatuko duelakoan. Zer iruditzen zaizu, Anthony Burgess (“Laranja mekanikoa” eleberria idatzi zuena) eta Stanley Kubrick (filmaren zuzendaria) behaviorismoaren alde daudela, ala kontra? Efektiboa iruditzen zaizu Ludovico tratamendua buru-eritasunak sendatzeko orduan? Eta, burutik jota egon ez arren, gaiztoak direnak on bihurtzeko, edo gaiztakeria erauzteko, Ludovikoren gisako ezinikusi edo nazka terapiak onargarriak dira etikoki?

 

9-Uste duzu bizitzak bumeran-efektua dakarrela, hots, txarto eginikoak lehenago ala beranduago ordaindu egiten direla?

 

10-Psikologiari begira, anbibalentea da kuadrilla: zer alde on eta zer txar aurkitzen dizkiozu?

 

11-“A” partikula ezeztatzailea da grekeraz: ateoak Jainkoaren (“theós”) existentzia ukatzen du, amnesia oroimena (“mnésis”) galtzea da, anarkia ukoa da hierarkiari, arauari, printzipio zuzentzaileari (“arkhé”). Latinez legea “lex” da. Halatan, Anthony Burgessek “legeari ukoa” adierazi nahi izan zuen Alex izenaren bidez. Egokia iruditzen zaizu protagonista horrela bataiatzea?

 

12-Nobelan hamabosna urte dituzte Alexek eta bere lagunek. Billy Boyren manada biolatzen ari den neskak, berriz, hamar baino ez. “Manada” izena zabaldu da aspaldion mutil eta gazte kuadrilla biolatzaileak izendatzeko. Batzuek uste dute horrela animaliak iraintzen direla, animaliak ezin direlako gaiztoak izan. Zer deritzozu?

 

13-Anthony Burgess idazlearen emaztea haurdun zenean lau gaztek bortxatu eta ondorioz umea galdu zuen, horixe izan zuen Laranja mekanikoa nobelak abiapuntu. Zure ustez, eragin terapeutikoa izan dezake horrelako traumak arte-obra bihurtzeak? Edota alderantziz, nobelaren eta filmaren arrakastaren erruz izugarrikeria hartaz behin eta berriro mintzatu beharrak oinazearen apaltze, sendatze eta ahazte posiblearen aurka jokatuko luke?


14-AEBen filma zentsuratu zuten. Ingalaterran, berriz, gazte talde batzuek Alexen kuadrillaren jokabideak imitatzen hasi zirenez, Kubrickek berak eskatu zuen filma zinema-aretoetatik erretiratu eta hogeita zortzi urte barru arte ez proiektatzea. Iruñeko manadako kideetako batek Alex eta bere lagunen irudia du gorputzean tatuaturik. Ulergarria egiten zaizu Laranja mekanikoa filmak Alexen kuadrillaren jokaera imitatzeko gogoa piztea?  

Metodo arriskutsu bat

Markos Zapiain 2020/03/16 23:20
Psikologia ikasgaiko telelanean erabiltzeko galdetegia. Ikasleek badakite nola harrapatu filmak sarean. A Dangerous Method ikus dezatela eta erantzunak irakasleari bidali

1-Freuden ustez, sexua da guztiaren oinarri; hori ukatzea, suizidioa litzateke psikoanalisiarentzat. Telepatia, parapsikologia, edozein mistizismo, umekeria irrazionalak iruditzen zaizkio, psikoanalisiaren zientifikotasuna barregarri utz lezaketen superstizioak. Jungek onartzen du sexuaren garrantzia, baina ez dio erabateko determinismoa aitortzen. Material klinikoaren interpretazio soilik sexuala leporatzen dio Freudi. Zabaldu egiten da telepatia, parapsikologia eta oro har mistizismora. Misterio asko dago, sexualitatearen teoriak eta oro har arrazoiak azaltzen ez dituenak; besteak beste, sinkronikotasuna. Halakoak ikertu nahiko ditu Jungek. Freudena ala Jungena, zein jarrera iruditzen zaizu egokiagoa, Freud ateoarena ala Jung mistikoarena?

2-Egia ote da amets batzuek etorkizuna aurreikusten dutela, Jungen ametsetako odolezko uholdeak Lehen Mundu Gerra igarri zuen bezala?

3-Gross: terapiaren helburua da pazienteari libre izaten laguntzea. Eta horretarako arauak hautsi behar dira. Askatasuna nahi duzuna egitea da, zure desirari uko ez egitea. Gross: ez ezazu inoiz ezer erreprimitu. Pazienteekin sexu harremanak, bai. Freud: inolaz ere ez. Beti bete behar da legea, distantzia egokiari eutsi. Jung: ez baina bai baina ez. Zein da zure iritziz jarrera zuzena?

4-Otto Gross: monogamia eta sexuaren errepresioa da gizarteko neurosi orokorraren erruduna. Grossen eraginez apurtuko ditu Jungek Freudek ezarritako arauak eta oheratuko da Spielreinekin. Eta litekeena da horri esker sendatu izana Spielrein. Ordea, Freuden iritziz, kalte handia egingo dio Grossek psikoanalisiari. Zer deritzozu?

5-Zure ustez, esan daiteke Jungen maitasunaren bitartez sendatzen dela Spielrein? Haien arteko transferentzia eta kontratransferentzia basatiei esker? Amodioa da sendabidea?

6-Badago sormenari buruzko ikuspuntu erromantiko antzeko bat, Spielreinek adierazten duena: soilik bekatutik sor daiteke sublimea, intzestutik heroikotasuna. Behar bezalako astronauta aurretik meatzari izan da. Barne-muinetan sufritzen ez duena ez da ganorazko ezer sortzeko gai, axalkerian geldituko da. Gainera, edozein sorkuntzak behar du aurkakoen igurtzia, hala nola juduarena eta ariarrarena. Sexu harremanean indibidualtasuna suntsitzen da, eta hortik sortzen da umea. Suntsitze demoniakoa eta sorkuntza batera doaz. 

Badago bestelako ikuspuntu bat, lasaiagoa, sormen artistikoa eta artisautza identifikatzen dituena: sortzaileak teknika ondo menderatu behar du, pazientzia izan, lan egin. Balizko inspirazioak lanean harrapatu behar zaitu. Ematen du zahartu ahala sortzaileak gero eta gehiago egiten duela bat bigarren jarrera honekin. 

Zein iruditzen zaizu egiazkoagoa?

7-Sabineren aurkako aitaren joera biolentoak neskaren haurtzaroan, Sabineren sexubidea eta bizitza osoa erabakiko du. Horrela funtzionatzen dute benetan maitasun grinek? Amarenganako edo aitarenganako haurtzaroko sentimenduak errepikatzen ditu gaztaroko eta helduaroko maiteen segidak?

8-Freuden kontzeptu garrantzitsuenetako bat, “heriotza-irrika”, Spielreinen ideietan oinarritu zen. Gozamena bilatzea baino sakonagoa du gizakiak errepikatzeko grina, nahiz eta errepikatutakoa mingarria izan. Bat zatoz?

9-Jungek dioenez, plazera konplikatua da; Grossen ustez, berriz, plazera oso sinplea da. Artifizialki konplikatzen eta gaixotzen du gizarteak. Gaixotasun horri deitzen zaio heldutasuna. Grossek dioenez, “heldutasun” deitzen dena onartzea errendizioa da, koldarkeria. Ados?

10-Spielrein: bada zerbait maskulinoa emakume ororen baitan, eta halaber zerbait femeninoa gizon ororengan. Jungek gerora ideia hori garatuko du: emakumearen baitan animus maskulino bat dago, eta gizonaren baitan anima femenino bat. Zer deritzozu?

11-Jungen emaztea eta amorantea gai dira era zibilizatuan hitz egin eta adostasunetara iristeko. Errazago onartzen ote du, filmak iradoki bezala, andreak bere senarraren amorantea, gizonak bere emaztearena baino?

12-Kontatu amets bat eta interpretatu filmean Freudek Jungen ametsak interpretatzen dituen moduan. Ez baduzu ametsik gogoratzen, asmatu.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.