Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Esan ala ez esan

Markos Zapiain 2021/04/22 12:24
Julen Madariagaren Egiari zor, I

Madariagak behin eta berriro dio egia gordina adierazten duela gure herriak etorkizunean huts berdinak errepika ez ditzan. Hasi eta buka, gure burujabetza berreskuratzea izan du amets, independentzia, askatasuna. Horri eman dio bizia.

“Trapu zikinak etxean garbitu behar dira” eta antzekoen aurka jotzen du Egiari zor idatzi duen Madariagak. Noski, talde klandestino bateko kide eta buruzagi gisa, maiz erabili behar izan zuen diskrezioa. Ordea, kontatzen duenez, behin eta berriz saiatu zen bere kritikak Zutabe bezalako barne aldizkarietan argitaratzen, edo zuzendaritzari aurrez aurre adierazten, baina zentsuratu egiten zizkioten, edo jaramonik ez. Beraz, kritikak bere gordinean jendaurrean aldarrikatzeko hautua egin zuen, aurreikusirik zelako zaparrada eroriko zitzaion gainera: pertsonalismoa, harrokeria, protagonismoa, hedabideetan agertzeko adikzioa, etsaiari jokoa egitekoa.

Madariagarentzat (eta bera izan zen ETAn adar militarra sortu eta bultzatu zuena, Txillardegik oroitarazi zuenez), militarrek beti egon behar dute politikoen esanetara, baina alderantziz gertatu zen ETAn. Bonba-autoaren erabilera eta hainbat atentatu ere kritikatu zituen. Gregorio Ordoñez hil zutenean utzi zuen ETA eta ezker abertzale ofiziala. Euskal Herria Bilduren antzeko zerbait oztopatzen zuena zitzaion jasangaitza, baina orain dela 35 urtez geroztik. Jose Luis Casoren hilketan, aspaldiko partez euskaldun gehienok bilduko gintuen manifestazio erraldoi baten bezperan, zerbitzu sekretuek ETAn infiltratutako sator baten eskua ikusi zuen. Manifestazioa, noski, eta euskaldunon batasun taktiko posiblea, bertan behera gelditu ziren.

Hasieran oso bakarrik sentitu zen. Bazekien ezker abertzalean jende askok pentsatzen zuela berak bezala, baina iritzi horiek etsaiak bere alde baliatuko zituelakoan, nahiago zuten isilik. Azkenik, Patxi Zabaletarekin, Iñaki Aldekoa zendu berriarekin eta beste batzuekin, Aralar sortu zuten. Sekulakoak eta bi entzun behar izan zituzten orduan ere. Analisietan asmatu zuten, haatik. Madariagak dioenez, Otegik eta enparauek haren ideiak bere egin zituzten, eta hortik etorri da irtenbidea (apaltasuna egiarekin bat ez datorrenean, apaltasuna sakrifikatzen du). Euskal Herria Bilduk Aralarren printzipioak bereganatu ditu. Hori bai, gogorra izan zen Madariagak ordaindu behar izan zuen bidesaria.

Zigorra ala egia

Markos Zapiain 2021/04/01 11:55
Naparra. Kasu irekia (eta VIII)

Suposatzen da estatu demokratiko batek hiritar guztiak berdin tratatu behar dituela eta giza eskubideen aurkako edozein delitu berdin ikertu. Ordea, Espainiak eta Frantziak estatuaren aurkako delituak ganoraz ikertzen dituzte, eta disidenteen aurkako delituen ikerketak trabatu. Ez da batere harrigarria, mundu osoko estatuek jokatzen dute berdintsu.

Hemen, gurean, disidenteen familien aurkako krudelkeria da arreta deitzen duena. Ukitu sadiko nabarmena erakusten du Naparraren familiaren aurkako grinak. Eta Frantziak eta Espainiak ez lukete berdin jokatuko, baldin eta Naparraren familiak bertsio ofiziala bere egin izan balu eta hedabideetan aldarrikatu. Benetan uste duenari uko eginik, hogeita hamabost urte lehenago lortuko zuen biktima-izaeraren aitortza.

Haatik, Naparraren familiak ez du aurreiritzi politiko baten arabera jokatzen. Erraiak eskatzen dio benetan zer jazo zen jakitea, desagertuen ia familia guztiei bezalaxe. Eta dauzkagun datuek eraman dute Estatu aparatuen inplikazioan sinestera. Nazio Batuen Erakundeak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere ondorio bera atera dute.

Noski, beste aldekoei desagertuekin zer gertatu den argitzeko exijitzen badiezu, prest egon behar duzu zure krimenen berri emateko. Ulergaitza da arerioari eskatzea zuk egiteko inongo asmorik ez duzuna. Kontua da zure aitortzak espetxea ekartzen badizu zeharo ulergarria dela ez aitortzea. Ezohiko maila etikoa eskatzen du zigortua izateko prest egoteak desagertuaren familiak gorpua non dagoen jakin dezan.  Jon Alonsok justizia unibertsalaren alde idatzi dituen orrialde apartek garbi erakusten dute ez dela hemiplegiko etiko bat.

Hori bai, alde batean zein bestean, aitortzeko prest dagoenaren zigorgabetasuna bermatu beharra dago. Aukeratu beharra dago, zigorra ala egia. Che Guevararekin identifikazio betean egin zenituenengatik orain zigortua izatea onartzea, zure idoloak Natti Natasha eta Nietzsche direnean, ez da giza arrazaren ohiko jokabidea. Gertaerak ezagutzera emateko prest dagoenari ez bazaio zigorrik eza bermatzen, nekez argituko dira hainbat egia mingarri. Legedia zentzu horretan aldatzeak, nolabaiteko amnistiak, egiari bidea erraztuko lioke.

Etika klasikoaren eta autosugestioaren mugak

Markos Zapiain 2021/04/01 11:30
Naparra. Kasu irekia (VII)

Naparraren aita 2007an hil zen; ama 2018an. Perturren ama joan den astean. Semearekin zer jazo zen jakiteke hil zaizkigu. Nola biziko ziren semea desagerrarazi zietenez geroztik? Zer da 40 urtez egunero-egunero semeari zer egingo zioten galdetzea, zeinek eta nola bahitu eta hilko zuten, non ezkutatuko zituzten gorpuzkinak?

Estoikoek edo Epikurok aholka dezakete “askatu iraganeko kateak, iraganeko zama, lur hartu behingoz orainaldian, lehenaldian finkatzea eragozpena baita soilik orain senti daitekeen zorionerako”. Ados, baina batzuetan ezin da. Ondo dakite itsasoan desagertzen diren arrantzaleen senideek, ez dute atsedenik gorpua agertu arte. Zer gertatu zen benetan, non dago hilotza? Desagertua maite zutenek erantzunak behar dituzte. Erantzunik gabe ezin da dolua egin, eta orainaldiko poza berreskuratu ahal izateko dolua pasa beharra dago.

Postegiaren magia

Markos Zapiain 2021/03/31 17:55
Naparra. Kasu irekia (VI)

Bai Frantziak eta bai Espainiak izenpetuta dauzkate desagertuen kasuak ikertzeko hitzarmenak, baina Estatuek ez dituzte hiritar guztiak berdin tratatzen, eta komeni ez zaizkien egiak ikertzeko ez soilik ez dute ahalegin handirik egiten; gainera, trabatu egiten dituzte, eragotzi, are debekatu.

Espainiak, esaterako, ikaragarri intsistitzen du aspaldion ETAk betebehar etiko bat duela, orain arte argitu ez diren krimenak argitzen laguntzeko. Ordea, Estatua bera izan denean kriminala, Naparraren kasuan bezala, ahaleginak eta bi egiten ditu ikerketak oztopatzeko. Eta Frantzia Espainia bezain zital. Naparrak zerabilen autoa agertu eta uko egin zion barruan zegoen haren arropa eta paperak aztertzeari. Ramón Arnau de la Nuez, “La araña”, CESIDeko kide ohiak jakinarazi zuen Naparraren gorpuzkinak Landetako zuhaizti batean daudela, Labriten eta Brokaren artean. Bi gune bereizi zituzten. Frantsesek bietako bat induskatzeko baimena eman zuten. Kale. Bigarren gunea miatzeko eskaera orain dela hiru urte dago egina, baina frantsesek ez dute erantzuten. Bigarren indusketaren zain hil da Celes. “Eneko –esan zion semeari hil baino aste pare eskas lehenago–, goazen baserrira, bi aitzur hartu, Frantziako toki hartara joan eta guk geuk egingo dugu zuloa”. (319 or.)

Edozein giza harremanetan nazkagarrienetakoa den joera dugu hemen: besteari exijitzea norberak betetzeko inongo asmorik ez duena.

Besteak beste, horregatik da Jon Alonso ausartagoa eta zabalagoa Fernando Reinares, Florencio Dominguez eta ETAn adituak diren gainerako idazle espainolak baino: hauek ez bezala, inpresioa ematen baitu zabalik dagoela egia berriak entzuteko, ezagutzeko eta ulertzeko, mingarriak izan dakizkionak barne, edo bere aurreiritziekin bat ez letozkeenak. Irudi du ikertzeari ekiten dionean ez dakiela zein izango den emaitza, eta edozer aurkitzeko eta ondoren erakusteko prest dagoela. Egia ezagutzeko grina Jon Alonsok dauka, ez Estatuak ez Estatu kriminal horren jopuek. Horrexek ematen dio indarra askoz ere hedabide gutxiago dituen ikuspuntu disidenteari.

Frantziako eta Espainiako Estatuek zenbait egia ez dituzte oroitu nahi, desatseginak eta politikoki ahulgarriak baitzaizkie gaur egun. Ez beraz beren nahia ez bakarrik etorkizunerantz, ohi bezala, baizik eta iraganerantz ere proiektatzen dute. Halatan, orain ez zaidanez komeni, hura ez zen gertatu. Egiaren gainetik jartzen dute borondate eta interes politikoa. Honela mintzatu zen Zaratustrako Nietzschek (Berrerospenaz, bigarren atalean), Thaliak eta Natti Natashak dioten bezala, ez baldin banaiz oroitzen, orduan ez zen gertatu. Egia-ostea ez zuen Trumpek asmatu.

Ematen du Estatu guztiek dutela berezkoa egia manipulatzeko joera. Badaude mailak, haatik. Ez da berdin Suitza eta Norvegia, edota Saudi Arabia, Turkia, Espainia eta Maroko. Mundu zibilizatuan behin eta berriro nabarmentzen da Espainia giza eskubideak batere disimulurik gabe ez betetzeagatik eta delitugileak saritzeagatik. 2021ko udaberriko ekinokzioaren ondoren ere, Espainiako Gobernuak ezikusia egiten die Galindoren ezegitekoei, ez ditu kontuan hartu nahi, are likatsuago itsatsi dizkio dominak paparrean.

Dena den, ikusiak ikusi, ez dirudi noizbait sortuko dugun Euskal Estatua etikoki zoragarria izango denik. Beharbada horregatik zen Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetakoa, anarkista edo. Aldez aurretik, ez zuen ETAk sortu nahi zuen Estatua maite, Euskal Herri independente eta sozialistaren alde eman bazuen ere bizia. Naparra ez ezik, Bakunin ere deitzen zioten.

Miliek galdetzen zuten ea zer arraio den Estaturik gabeko independentzia hori. Zutabe batean idatzi zuten ETAn edonor kabitzen zela, burgesak eta anarkistak izan ezik. Eta Naparrak anarkismorako joera zuen. Naparrak baino lehen, Marc Legassek jarraitzen zion ildo anarkoabertzale horri, eta gaur egun Iñaki Segurolak batek, edota Pablo Sastrek.

Barkaberatasuna eta eskuzabaltasuna

Markos Zapiain 2021/03/31 17:08
Naparra. Kasu irekia (V)

Estatua ez da bere burua defendatzera mugatzen. Batzuetan Jon Alonsok “ezaxola eta zabarkeria selektibo” deritzona erabiltzen du. Klandestinoen familiak etsaitzat jotzen ditu. Adibidez, Naparraren gurasoek, semea desagertu eta handik urte askotara ere, zein hauteskunde-mahai zegokion jakinarazten zioten gutunak jasotzen jarraitu zuten, hauteskundeak antolatzen zituen Estatuak primeran zekien arren aspaldi zela hilik, itxura guztien arabera berak desagerrarazi baitzuen.

Gainera, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak, familiak diligentziak berriro irekitzeko eskatu zionean, 2004an, iradoki zuen ez zela ezinezkoa ez bahituta baizik eta nahita desagertu izana, bere kabuz. Familiak biktima-izaera onar dakion egin izan dituen eskaerei burlaizez erantzun izan diote Madrilen eta Parisen: ez dago frogatuta desagertu zenik ere, errepikatzen dute, iradokiz libre eta pozik ibiliko dela apika munduan atzera eta aurrera, Karibeko hondartzetan beharbada jairik jai. 

Nafarroako talde ultraeskuindar batek web orri bat argitaratzen du, Navarra Confidencial. Naparrari eta bere sendiari Iruñean 2017an egin zitzaien aitortza zikintzeko, bi hilketa leporatu zizkion, 1983an gertatuak. Hiru urte lehenago desagerrarazi zuten, ordea. Saltsan egondako jendeak ez ezik, Ismael Moreno epaileak berak ere garbi adierazi du Naparrak Komando Autonomoetan lan ideologikoa egin zuela batik bat, hedabideetarako testuak idatzi, atentatuen errebindikazioak, beste talde armatuekin elkarrizketak, barne antolaketaz eta taldeak hornitzeaz arduratu, eta gehienez ere atrakoren bat. Ez dago besterik. Desagertu zen garaian atxilotu eta epaitu izan balute, urte pare bateko kartzelaldia ezarriko zioketen goitik jota. Haren burkide bat metraileta batekin harrapatu zuten: lau hilabete barruan, fidantza ordainduta atera eta urte beteko kondena. Altsasuko gazteek bestelako zigorgintza ezagutu dute. Hori ere aldatu egin da, eta ez onerako.

Zaila da esatea zer den etika, etika ugari dago; beharbada etikaren musiketako bat entzuten da batek arrazoi guztiak dituelarik ere gerrako alde batean gotortzeko, hala ere etsaiaren azalean jarri, bere oinazea ulertzen ahalegindu eta oinaze hori arintzeko lan egiten duenean. Barkaberatasuna eta eskuzabaltasuna balio etiko garrantzitsuak dira, baina nekez topatuko dituzu Espainiako eta Frantziako Estatuen jokabidean. Errazago aurkituko duzu gizabanako partikularrengan. Auskalo nola interpretatuko dituen Jaime Mayor Oreja hiperkatolikoak ministro izateari utzi zionetik "maitatu etsaia" eta "ez egin besteri zuri egiterik nahi ez duzuna" bezalako agindu ebanjelikoak. Boterearen jabe direnean, katoliko ez gutxik ulertu dituzte horrela: "etsaiari eta ingurukoei egurra baino ez, akabatu arte".  

 

Nork desagerrarazi zuen?

Markos Zapiain 2021/03/31 11:15
Naparra. Kasu irekia (IV)

Naparraren desagertzearen erantzule Batallón Vasco Español GALen aitzindaria jotzen da hasieratik, bost bider erreibindikatu baitzuen. Gero, ordea, EFE agentziak zabaldu zuen autonomoek berek egin zutela. Eta gero autonomo batzuek zabaldu zuten ETA izan zela. Naparra hitzordu batera joan zen, ETAkide batzuekin omen, eta akabo. Jon Alonsok, Naparraren familiak eta tragediara modu desinteresatuan hurbildu den ia jende guztiak bezala, talde parapolizialen hipotesiaren alde egiten du. Alonsok hainbat arrazoi ematen ditu “Escaleras” ezizena zuen Julio Cabezas Centeno errenteriarraren egiletzaren alde. Komando Autonomoetan infiltratua, Jean Pierre Cheriden bikotekide Teresa Riloren lehengusua zen Escaleras.  

Badira haatik miliak jotzen dituztenak erantzule, besteak beste Beltza militante, historialari eta idazle handia bezalako pertsona fidagarriak, edota Naparraren neska-lagun ohi Sagrario Eseverri “Tito”, Naparra bera zein testuinguru hura bertatik bertara ezagutu zutenak.  

Alonsok zintzo jokatzen du hemen. Ez da ohikoa zure ikuspuntuaren kontrakoa dutenen argudioak hain modu zabalean azaltzea, hainbesterainoko errespetuz. Lortu dituen datu guztiak mahai gainean ipini eta, ikuspuntu bakoitzaren arrazoiak garbi adierazi ondoren, erakusten du berak zergatik hobesten duen indar parapolizial espainolen hipotesia. Edozelan ere, irakurleak liburuan dauzka Alonsoren ustearen aurkakoa elikatzeko datu guztiak.

Eta Beltzak orain, berriki argitaratu duen "Borroka armatuaren historia Euskadin" mardulean, Jon Alonsoren "Naparra. Kasu irekia" ezagutu gabe amaitu zuena, Naparraren desagertzeaz hamar orrialde mardul idatzi ostean, ez dagoela deus ziur jakiterik ondorioztatu du, ETAren erantzukizuna ez dela hipotesia baizik, dena dagoela airean.  

Sektarismoa

Markos Zapiain 2021/03/31 10:55
Naparra. Kasu irekia (III)

Gerora bai, ikaragarri mikaztuko ziren ETAren eta Autonomoen arteko harremanak. Ezker abertzale ofizialak baztertu egin zuen desagertuak gogoratzeko eta omentzeko ekitaldietatik Naparraren izena. Aita Patxiku sumindu egiten zen. Jon Alonsoren ustez, kalte itzela egin dio sektarismoak ezker abertzaleari, nekea eta blokeoa eragin dizkio. Talde armatuen kupulek militanteen eta ingurukoen artean zabaltzen zituzten kontsigna asko ez ziren egian oinarritzen. Ezin argiago azaltzen du Alonsok berak:

“Horrela (eta nahi diren desitxuratze eta distortsio guztiekin), informazioa eta kontsignak geruzaz geruza eta mailaz maila filtratzen ziren gizartean, piramide baten erpinetik botatako olio-txorrotadak balira bezala, eta azkenean, oinarrira iristen zirenean, erabakitzen zuten jende arruntaren mobilizatzeko gogoa eta prestasuna.

Alde horretatik, okertzeko beldur handirik gabe esan daiteke erakunde armatuen kupulen arteko liskar giro horrek ekarri zuela, une jakin batetik aurrera, herriaren zati handi baten desmobilizazioa.

Noraino ginen horretaz –eta ohikoa zen “masen” erabileraz edo, nahiago bada, manipulazioaz– kontziente, bakoitzak jakingo du.

Errealitatea da familiak, une horretatik aurrera, geratzen zitzaion laguntza eta berme bakarra galdu zuela, hein batean bederen: ezker abertzaleko jendearena, alegia. Parte batena, bederen; egia delako beste batzuek beti lagundu dietela eta elkartasunez jokatu dutela.” (103 or.)

Eta liburuaren amaiera aldera:

"Jose Miguel Etxeberria desagertu zenean, edo, esan dezagun argiago, bahitu eta hil zutenean, asko ez ginen behar bezala portatu. Fenomeno orokortu eta sozial bati buruz ari naiz, ez banakako ardura jakin bati buruz. Egia da oso urte nahasiak zirela, eta egia da batzuk gazte txoro batzuk baino ez ginela, baina piramide baten erpinetik behera botatzen den olio-zurrusta bat balitz bezala, oinarri guztia blaitu zuen sektarismo umel, lika eta erraldoi batek blaitu gintuen gu ere, orduko ezker abertzaleko oinarriok, eta ez genion kasuari merezi zuen arretaren laurdenaren laurdena ere eskaini, norbaitek nonbait, gu guztion ordez, “ez zela gutarra” erabaki omen zuelako. Eta guk sinetsi. Hartaraino geunden itsu: ez ginen gauza izan injustiziaren tamainaz konturatzeko, ekintzaren ankerkeriaz jabetzeko, Jose Migueli ez ezik, haren familiari eragiten zion sufrimenduarekiko enpatiaz jokatzeko. Hartaraino geunden une politikoaren urgentziak menderatuta." (323-4)

ETAtik Autonomoetara, amultsuki

Markos Zapiain 2021/03/28 11:25
Jon Alonsoren "Naparra. Kasu irekia" (II)

Gazterik ekin zion Jose Migel Etxeberriak bere ibilbide ihardukitzaileari. Alonsok azpimarratzen duenez, mutil nerabe eta gazte gehienek gaur egun Messi izan nahi duten bezala, 70eko hamarraldian Che Guevara nahi zuten izan. Ez da zilegi egungo talaiatik orduko militantzia moralkeriaz kondenatzea, testuingurua kontuan hartu gabe. Etxeberria, ikasle-komiteetan ibili ostean, LKIren inguruan aritu zen, troskoekin; ondoren, ETAn; ETAtik kanporatu egin zuten, “kanporatze amultsua” inondik ere, Kike Zurutuza autonomo-ohiak dioen bezala; eta 1978ko abuztuaren amaierarako Komando Autonomoetan zebilen. 1980ko ekainaren hamaikan desagerrarazi zuten. Ziburun ikusi zuten azkenekoz.

Milien eta autonomoen arteko eztabaidek oinarri filosofikoak zituzten; independentzia eta sozialismoa zuten biek xede, baina ez zituzten berdin ikusten ez giza izaera, ezta pertsonaren eta jendartearen arteko harremana ere. Praktikari begira, desberdintasun horiek azaltzen ziren talde armatu klandestino baten barne antolakuntza ulertzeko moduan. 1978ko udan bilera bat egin zuten. ETAren aldetik Argala, Yoyes eta hirugarren bat; Autonomoenetik, Bernardo Azpitarte “Kabra” eta Kike Zurutuza. Batzuek diote Naparra ere han egon zela, baina bileran egon zen batek dio ezetz.

ETAkoek pentsatzen zuten talde armatu klandestinoak egitura hierarkikoa eta zentralizatua behar duela. Kupulatik datoz aginduak eta behekoek obeditu behar dituzte, eta goikoen aurrean erantzun. Goitik behera eta zorrozki behar da diziplina ezarri.

Aldiz, Naparrak ezin zituen hierarkia eta zentralismoa eraman: komando bakoitzak erabateko autonomia izan behar zuen bizimodua antolatzeko eta helburuak erabakitzeko, ez zion inori azalpenik zor. Gizarteari dagokionez ere, ordezkaritzaren eta autoritatearen aurkakoa zen, eta beraz ez zituen alderdi politikoak eta sindikatuak maite; demokrazia zuzena aldarrikatzen zuen, autogestioa. Herria behar da pixkanaka matxinadan engaiatu, ez soilik bere burua abanguardia izendatzen duen elite bat.

Aitzitik, milien ustez komando bakoitzak berak bakarrik ezin ditu premia guztiak ase  (logistika, hornidura, ekonomia…), eta autonomoenen tankerako jarrerek poliziaren eta zerbitzu sekretuen infiltrazioak errazten dituzte. Eta edozein talde klandestinoren lehenbiziko betebeharra da satorrak detektatu eta uxatzea. Garai hartan ETAren buruzagietako bat zen Eugenio Etxebesteren esanetan, autonomoen planteamenduak koherenteak ziren haien ideia libertarioekin, baina legez kanpoko praktikak, epe luzera, erakunde armatu klasikora eramaten du, hierarkikoa, zentralista eta diziplinatua, efikazagoa delako.  

Gainera, konplikatua da ulertzea zer den autonomoek aldarrikaturiko Estaturik gabeko independentzia hori. Azkenik, Zutabe batean adierazi zuten ETAn edozeinek zuela tokia, burgesek eta anarkistek izan ezik. Kike Zurutuzak Jon Alonsori kontatu dionez, 1978ko abuztuko arratsalde batean, bera eta Kabra Hendaiako Ocean apartamentuetako sotoko aparkalekuan zeuden. Auto bat etorri eta bi mili atera ziren, Donibane eta Gogor. Naparra auto barruan gelditu zen. Eta miliek autonomoei: “Honek ez dik guk bezala pentsatzen; honek zuek bezala pentsatzen dik”. Horrelaxe igaro omen zen talde batetik bestera, leunki.

Jon Alonsoren "Naparra. Kasu irekia" (1)

Markos Zapiain 2021/03/27 12:40

Aste honetan Jose Migel Etxeberria "Naparra"ren familiak aitortza instituzionala jaso du Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Berrogeita bat urte igaro dira desagertu zenez geroztik. Nafarroan 2017an egin zioten aitortza hori, desagertu eta hogeita hamazazpi urteren buruan. Txalo-zaparrada hunkigarria jaso zuen Naparraren ama Celesek. Nazio Batuen Erakundeak zabaldu zuen bidea 2014an. Ordurako aita, Patxiku, hilik zen. Ama 2018an hil zen, ez du Eusko Jaurlaritzaren aitortzaren berri jakiterik izan, ez du irakurtzerik izan Bertha Gaztelumendik ohikoa duen esku fin eta sendoaz idatziriko txostena. Perturren ama ere pasa den astean joan zen.

Iaz argitaratu zuen Jon Alonsok “Naparra. Kasu irekia”. Kasuari buruz orain jakin daitekeen guztia jarri du mahai gainean.  

Liburua bikaina da, izugarria, ekarpen gogoangarria kontakizunen mosaikoari. Indio eta bakeroena da irabazten ari den errelatoa, hedabide gehienen jabeena, irabazleena, eta eskertzekoa da ulermen desberdin baten plazaratzea, grisez eta ñabardurez josia eta argitasunez adierazia.

Alonsok ez du bere burua ezkutatzen, ez du disimulatzen ikuspuntu jakin batetik idazten duela. Bere bizitza eta Naparrarena gurutzatu baldin badira, aipatu egiten du, naturaltasunez, egolatria zipitzik ez. Klinika berean jaio ziren Iruñean 1958an, auzo berean hazi, San Ignacio eskolan gelakide izan ziren 10-12 urte zituztela, bizpahiru ikasturte egin zituzten elkarrekin. Aita espiritual bera zuten, Ladislao Etxeberria josulagun torturatua. Hogei urte zituzten 1978an, Etxeberriak Iruñetik alde egin zuenean. 

Jon Alonsok zertzelada bizien bidez pintatzen digu joan den mendeko Iruñea, eta batez ere Jose Migel Etxeberria eta Alonso bera hazi ziren karrikak. Nola aldatu diren ohiturak, eraikinak, gauzak. Lehen zinema-aretoak zeuden tokian orain Zara. Behin eta berriz eraberritu dute Yoldi hotela, sasoi batean toreatzaileen eta frankismoaren OPIen etxe (geroxeago UEUko hiruzpalau hizlarirena ere bai, hori ez dakar Alonsok). Naparraren aita, Patxiku, Gipuzkoako Alegiatik Iruñera iritsi zen egunean, 1945ean, Euskal Jai frontoian erremontista aritzeko, zerua garbi zegoen arren halako batean zipriztin batzuk erori zitzaizkion. Ume bat zen, balkoitik kalera txiza egiten. Garai hartan etxe gutxik zuten komuna etxe barruan. Ia guztia aldatua duen Iruñea hartatik, Jose Migel Etxeberriaren desagertzea da tinko dirauen bakarra.

Desberdinak dira Amazon Video eta Netflix?

Markos Zapiain 2021/03/19 15:05

Lehen begiratuan ematen du Netflix, HBO, Amazon Video eta gisako plataformen helburu bakarra dirua irabaztea dela. Eta hala izango da ziurrenik funtsean. Dena den,  ez al zaio bakoitzari zenbaitetan besteetatik bereizten duen kutsu bat sumatzen?

Amazon Videon The Callenge-El desafío dago, torturatzaile baten ikuspuntuan oinarritua. Gainera, Aquí no hay quien viva, 7 vidas… Tele 5-ekin lotura zuzena. Jeff Bezos da Amazonen jabea; baita The Washington Posten jabea ere. Eskuindar petoa dirudi, eta ez du boteretsu nagusiek zabaldutako ideologia zalantzan jarriko duen ezer zabaltzen, are gutxiago ekoizten.

Netflix irekiagoa da: euskaldunak/espainolak harremanera mugatzeko, La casa de papel eta Akelarre dauzkagu, eta bai serieak eta bai filmak izugarri lagundu dute munduan barrena lan pedagogikoa egiten, Espainia zer den. Esanguratsua da Espainiako diplomaziak ezer egin ahal ez izatea horien hedatzea eragozteko. Plataformen globalizazioak aldaketa handiak ekarri ditu XX. mendean agintarien eta  hedabideen artean ohikoak ziren botere-harremanetan. Begira bestela zelako eragin xixtrina duen gaur egun El Paísek enbaxadetan. Aldiz, Katixa Agirreren hitzetan esateko, Itziar Ituño, bera bakarrik, Super-Etxepare Institutu bat da. Txioak euskaraz idazten dituenez, eta Nekane Beitia euskaraz mintzo zenez, unibertsoko bazterrik arraroenetako jarraitzaileak ere euskaraz ikasten jarri ditu. La casa de papeli esker, bestalde, munduko eta bereziki Brasilgo ikusle askok badakite Espainiako poliziak eta zerbitzu sekretuak berezko joera dutela tortura, baita ETArik gabe ere (hondarribiar nagusiak ongi oroitzen dira nolako amorruz jipoitzen zituzten estraperloan atzematen zituztenak, ETA sortu baino askoz ere lehenago), eta komikotasun deskontzertante bat (La casa de papelen Tamayo Coronelak mamitua, serieetatik at Nikolas Txikik, Villarejok edo emerituak); eta Akelarren ikasi dute Espainia beti inperialaren grinetako bat izan dela gaztelaniaz bestelako hizkuntzak darabiltzaten emakume errugabeak sorgintzat jotzea eta bizirik erretzea; eta izan zenaren izpirituak, garai berrietara egokiturik, bizirik dirauela (oroit 2017ko urriaren lehena Katalunian, amatxi haiek odoletan, "¡a por ellos!"). Eta Akelarre onartu ez ezik, diruz lagundu ere egin du Netflixek.

Egiari zor, onartu beharra dago, Espainiaren gaiztakeria eternoaren teoria biribila kordokatzen badu ere, TVEk ere diruz lagundu duela Akelarre. Ordea, ez da ahaztu behar Podemos ere Gobernuan dagoela, eta Pablo Iglesias dela Madrilgo politikaririk zibilizatuena, maizegi ematen duen arren mesias maritxuli bat.    

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.