Zure buruaren eta besteen gaineko boterea
Esanahi gehiegi dauzka “botere” hitzak. Ez da gauza bera iraganaren boterea, grabitatearen legearena, modarena, supermanena, gazteari aljebra irakasten dion irakaslearena edo bere prostituta kontrolatzen duen txuloputarena. Agintea eta boterea bereizi izan dira, boterea eta ahala, baina hiztegiek eta erabilerak erakusten dute sinonimoak direla. Ezintasunari, koldarkeriari, inertziari kontrajartzen zaie.
Gure ahalmen bat gauzatzean boteretsu sentitzen gara. Euforia sumatzen zaio umeari, ohartzen delarik gurasoaren eskua utzi eta bere kabuz ibiltzeko gai dela, edo igeri egiten edo bizikletan ibiltzen ikasten duelarik. Baita irakurleari ere, sumatzen duenean autore zail baina garrantzitsu baten obra osoa ulertzera heldu dela, hau da, menperatzera. Esanguratsua da testuinguru honetan ulertzea eta menperatzea sinonimoak izatea. Jabetzea eta konkistatzea hitzak boterearekin lotuta daude. Igeri egiten ikastea elementu berri bat konkistatzea da nolabait. Zentzu horretan, bat datoz bizitza eta boterea.
Ohikoa da boteretsu sentitzea, halaber, zure buruari balio etikoak betearazten dizkiozunean. Hipotesi absurdoa da, baina demagun egoera batzuetan egoista eta mendekatia izateko joera naturala dudala, instintuzkoa, eta hotzean pentsatuta uste dudala eskuzabala eta barkabera izan beharko nukeela kasu horietako askotan. Nire buruari eskuzabala eta barkabera izateko agindu, eta giza harremanek mendekatia izateko betiko atakan jarri eta eskuzabalki edo barkaberaki erantzuten badut, orduan ere boteretsu sentitzen naiz.
Desberdina da besteen gaineko botereak dakarrena. Botere politikoaren bila dabilen jendeak, edo besteak zerbait egitera behartzeko giltza ematen duen edozein botereren bila, sarritan ezin izaten du bere ahala gauzatu. Ahituriko ahala edo barruko ezina konpentsatzeko bilatzen du besteen gaineko botere mota hori. Horregatik izaten da hain ohikoa agintari psikopata. Eta horregatik da filosofia politikoaren helburu nagusietakoa boteretsuak kontrolatzeko mekanismoak asmatu eta bermatzea.
Botere politikoak sarritan oposizioa sortzen du, antiboterea, eta bitxia da nola botere ofizialen aurka ikaragarri sutsua den zenbait jende zeharo otzana eta sumisoa den bikotekidearen jarrera eta agindu apetatsu eta zentzubakoen aurrean, eta alderantziz.