Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / "Sortzaile" kontzeptuaren usurpazioaren aurka

"Sortzaile" kontzeptuaren usurpazioaren aurka

Markos Zapiain 2022/06/26 10:15

Aspaldion kulturako jendea “sormen” eta “sortzaile” hitzez eta kontzeptuez jabetu da, ia ez dizkio aplikatzen bere buruari eta jarduerari baizik, baina sortzaile ez da bakarrik abestiak, margolanak edo nobelak asmatzen dituena. Erdi ahaztua dugu sua, gurpila, inprenta eta internet ere sorkari erabakigarriak izan direla. Orobat, ospe ez hain handiko klipa, pertxa edo bonbilla. Badira oharkabean pasatzen diren sormen motak: pertsona batzuek lagun taldean edo senideen artean giro jakin bat eraginez mamitzen dute berea.

Gizakia eta sormena ezin dira bereizi: alde batetik, guztiok gara sortzaile, guztiok egiten baitugu amets. Ezin sorkari ederragoak izaten dira ametsak. Uste dut Kafkak zioela ametsak ipuin perfektuak izaten direla maiz. Eta asko zekien Kafkak bai ametsez eta bai ipuinez.

Bestetik, zientzia, ingeniaritza, medikuntza, pilulagintza, ohiturak, erakundeak, gorputzen jarrerak kirolan, torturatzeko eta hiltzeko makina sofistikatu horiek... Liluragarria da sormen erlijiosoa ere, Jainko Sortzailearen ideiatik hasi, aingeruen hierarkietatik igaro eta jatorrizko bekatuaren erruz Jainkoarengana dugun zor infinituan amaitzeko, sorkari zinez makur eta perbertsoa.

Zeren gazte euskalduna, eskuarki, sormenaren alde eta boterearen aurka baldin badago ere, ez baita komeni ahaztea sufrimendua eragiteko asmatu dela sorkari ugari, eta badirela boterearen erabilera onuragarriak; bonba atomikoaren asmatzeak sormen eta sortzaile handienak bildu zituela, eta Edisonek aldi berean bultzatu zituela bonbillaren eta aulki elektrikoaren asmakariak.

Ez gutxitan, sormen molde desberdinek elkar elikatzen dute: Kari Stefansson puntako islandiar genetistak adierazi du sormen zientifikoa behar bezala burutzeko urtean berrogeita hamar nobela irakurtzea komeni dela.

Filosofian, biziki garrantzitsua da ez soilik pentsaera eta kontzeptu berrien sortzea; baita bizimodu berriena ere, bizimodu anormalena. Diogenesek bizimodu autarkiko natural bat asmatu zuen, zakurra eredu. Epikurok, familia, politika eta hierarkia nagusi ziren Atenasen, zorionaren bila, politikan ez parte hartzea aldarrikatu zuen, polisetik ezkutatzea, eta Lorategia fundatu zuen: txiroak, aberatsak, bikoteak, bakartiak, prostitutak, etorkinak sar zitezkeen Lorategian. Adiskidetasuna zuen oinarri, eta adiskidetasuna modu librean sortzen zen han, ekonomiatik edo jatorri etnikotik libre. Ez al da sekulako sorkaria? Sartrek eta Beauvoirren ere bikote molde berri bat asmatu zuten.

Amaitzeko, goian iragaitzaz aipatu sormen mota baten adibide bi: kirolean gorputzaren jarrera eta erabilera berriak asmatzeko ahalmenari dagokionez, egundoko iraultza sortu zuen alturako jauzian Fosburyk, saltoa atzez egiteari ekin zionean; eta sortzaile izugarria izan da Bjorn Borg tenislaria ere, 70eko hamarraldian errebesa bi eskuez asmatu baitzuen. Hasieran harrituta ikusten genuen telebistan, eztabaidak piztu zituen, ez ote zen atentzioa emateko trikimailua, estrabagantzia antzua;  hala ere, orain tenislari gehienek erabiltzen dute.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.