Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Prousten omenez

Markos Zapiain 2021/07/10 18:30
Gaur 150 urte Proust jaio zela. Ezin ederragoa, Denbora galduaren bila-ren gaineko Gilles Deleuzeren interpretazioa "Proust eta zeinuak" liburuan.

Luzaro izan zen Prousten Denbora galduaren bila-ko bilaketa oroimenak gorderiko sekretu sakonenen bilaketatzat hartua, harik eta Deleuzek erakutsi zuen arte, 1964ko “Proust eta zeinuak” liburuan, Proust, oroz lehen, egiaren bila dabilela. Emmanuel Macronen maisu Paul Ricoeur-ek, “Denbora eta narrazioa”ren bigarren liburukian, 1984koa, ez zuen Deleuzeren interpretazioa onartu. Eztabaida piztu nahi izan zuen. Ordea, Deleuzerentzat ez dago eztabaidarena baino giro antifilosofikoagorik. Platonen Elkarrizketetan ez omen dago eztabaida bakar bat ere.

Deleuzeren interpretazio ausartaren arabera, Prousten bilaketa etorkizunera dago zuzendua, ez iraganera. Eta Prousten egia ez da razionalismoarena, ez da egia greko klasikoa, borondate onez adostasuna bilatzen duten lagunen arteko elkarrizketan aurkitua, baizik geuk nahi gabe ere indar ezkutu kontrolagaitzek bilatzera bultzatzen gaituzten egia arraroa, esaterako maiteak sufriarazten digun jelosiak. Eta ez darabil ironia sokratiko argia, umore judutar iluna baizik, egia bilatzera beheko pasioek behartzen dituztenena, eta ez goiko Izpiritu Sainduren batek. Proustentzat, askoz ere interesgarriagoa eta sakonagoa da maitaleen arteko harreman isila, maitaleak maitearen enigmak interpretatzeko darabilen suzko tentua, ezen ez lagunen arteko solasa, lagunak hizketan hasi baino lehen ados egoten baitira hitzen esanahiaren inguruan, eta ez dituzte, horrenbestez, zentzu berriak asmatzen. 

Razionalismo klasikoaren arabera, pentsalariak egia berez maiteko luke, eta era librean erabaki duelako abiatuko litzateke haren bila; beraz, benetako egia aurkitzeko, aski luke metodo egokia erabiltzea kanpoko eragin gaiztoak saihestearren, gezurra egia bailitzan agerrarazi eta gogoeta bide okerretik leramaketenak. 

Ostera, Proustek, horrela aurkituriko egiari abstraktu eta arbitrario deritzo, ez baititu aintzat hartzen pentsatzera behartzen gaituzten alde ilun bortitzak. Oldozteko ez da aski borondate ona eta metodoa, egia ez baitzaigu eskaintzen, baizik traizionatzen; ez da desiratua, nahigabekoa baino; eta ez zaigu komunikatzen: interpretatu egin behar dugu. Razionalismoaren egiari, politikan, kontsentsua lantzea eta federalismoa dagokio; Deleuzek, aldiz, desberdintasun librearen sustatzailea izaki, independentziaren alde egiten du.

Julen Madariagaren Egiari zor (eta V)

Markos Zapiain 2021/07/10 12:15

ATURRI

Julen Madariagak Aturri enpresa sortu zuen Miarritzen. Langile guztiak etakideak ziren. GALek horietarik hiru hil zituen. Gero Sokoako paperetan Aturri agertu eta berriro giltzapetu zuten Madariaga, Fresnesen. Hantxe jakin zuen hemeretzi hilabeteko alaba, Iraia, Senpereko etxeko igerilekuan ito zela. Gorpua ikusteko baimena eman zioten. Baina jendarmeek ez zioten emaztearekin eta seme-alabekin euskaraz mintzatzen utzi. Espainolez edo frantsesez bai, bestela mutu.

 

JOSU URRUTIKOETXEAREKIN TXARTO

Josu Urrutikoetxearen eta Julen Madariagaren arteko gorrotoak  prepolitikoa ematen du, fisiko-kimikoa. Fresnesen zeuden etakide guztien artean, Madariaga zen ETAk diruz laguntzen ez zuen bakarra. Ez Julen ez bere sendia. Alta, Aturri enpresa pikutara joana zen eta Madariagaren sendia  diru-iturririk gabe gelditua. Bera espetxean. Lehenbiziko emaztearekin bost seme-alaba izan zituen, bigarrenarekin sei. Azkenik, Santi Potrosek konpondu zuen bidegabekeria hura.

Edonola ere, Fresnesen, ziega berean jarri zituzten Josu Urrutikoetxea eta Madariaga. Hirugarren preso bat ere bazen, Goizuetakoa, berehala Urrutiren alde egin zuena. Madariagak kontatzen du normalean ziegetan garbiketak eta halakoak txandaka egiten direla. Urrutik sistema demokratikoagoa asmatu zuen: bozketa. Bozketa, garbiketa nork egin behar zuen erabakitzeko. Botoetan nagusi, jakina, beti Madariaga.

Beste batean, gainera, kiroldegian zeudela, Urrutikoetxeak zartako bat eman zion.  
 

ETAREN EKINTZARIK EDERRENA

ETAren historia osoko ekintza armaturik onena, Madariagaren iritziz, Carrero Blanco garbitzea izan zen; eta ekintzarik onena, oro har, ETAren historia osoko erabakirik ederrena, armak behin betiko uztea.

 

BEOLA ETXEAN

Behin batean, 2015ean edota 16an izango zen, Pello Gaztelumendi laguna eta biok Beola Etxean bazkaldu genuen, Ibardinen. Hantxe zen Madariaga, bera ere bazkaltzen, bakarrik. Nik irakurri berria nuen Egiari zor eta zalantza batzuk neuzkan, galderak, baina ez nintzen ausartu Madariagarekin mintzatzera. Pellok animatzen ninduen baina nik erantzuten nion ziur aski lasai egon nahiko zuela, anonimotasunaren bila ibiliko zela, eta galderak eginez gero patxada hautsiko geniola.  

Madariagak bazkaltzen bukatu eta on egin esan zigun, ondo ibili, adio. Guk ardoarekin bazkaldu genuen; ez nago ohituta eta "mila esker, Julen!", erantzun nion goraki, "Gora Euskal Herria askatuta!". Madariagak "Gora!" erantzun zigun eta irri egin zuen. Ziur aski pentsatuko zuen tamaina horretako txotxoloekin Euskal Herria askatzen ahalegintzea ere ez duela merezi. 

 

ZINGIRA KALEAN

Madariagak behin batean esan zuen ETAko bururik azkarrenak Txillardegi, Txabi, Beltza, Argala eta Pertur izan zirela. Gero izenen bat eransten zuen, edo bizpahiru kendu. Bazuen zerrendak egiteko eta zuzentzeko zaletasun hori.

Bilbon ofizialki Xendra edo Sendeja deitzen zaion kalean zuen etxea. Berak bakarrik deitzen zion Zingira kalea. Areatzaren aurrean dago, udaletxearen ondoko biribilguneari itsatsita. Etxe horretantxe idatzi zuen aitite On Ramonek Lizarrako Estatutua. Azkeneko urteetan, behin baino gehiagotan ikusi nuen hango atarian, zutik, bakarrik, zerbaiten zain balego bezala. Zeren zain?

 

 

 

 

 

 

Bikocrash, bikobai, lotsapro

Markos Zapiain 2021/07/04 11:50

Normalean, hizkuntza errealitatea baino pobreagoa izaten da, badira hitzik gabeko hainbat eta hainbat sentsazio eta emozio; edo hitz bakar batek oso fenomeno desberdinak biltzen ditu, hala nola "maitasuna", "maitatu": bikotekidea maite dugu, seme-alabak, Jaione Alberdiren itzulpenak, katua, Izaki Gardenak, gurasoak, zigilu-bilduma... Etsigarria da hain sentimendu desberdinak etiketa bakar baten pean hertsatu beharra.

Ikasle batzuek desoreka horiek leundu eta orain arte izendatu gabeko emozio eta aurreikuspenak bataiatzeko joera izaten dute, hitzak eta esamoldeak asmatu eta beren jargoia osatzeko ohitura, eta litekeena da kurtso-amaierako nerbioek asmakuntza mota hori sustatzea.

Asteartean, pasilloan ikasle batzuekin nengoela, gelan sartzeko itxoiten, sortu berria den bikote bat pasilloko mutur batetik agertu eta ikasle batek esan zuen,

-Bua, bikocrash.

-Zer da hori? -galdetu nion.

-Ingurukoek garbi ikusten dugu bikote hori berehala hondoratuko dela. Bikotekideek berek oraindik ez.

Ea antzeko hitz gehiago erabiltzen dituzten galdetu nien: baietz, bikocrashen kontrakoa den "bikobai": bikoteak iraun egingo du, San Roke arte gutxienez.

Hitz berri hauek Bilboko Sani eta Elorrieta inguruko kuadrilla batean erabiltzen dituzte. Asmatu duten beste hitz bat "lotsapro" da: zenbait ikasgaitan ikaskideen eta irakaslearen aurrean aurkezpenak egin behar izaten dituzte. Batzuk lotsatu egiten dira baina aurrera jotzen dute, lotsa gainditu gabe duten arren. Emozio nahasi horri deitzen diote "lotsapro". Auskalo zergatik izango diren aipatu dizkidatenak hiru silabakoak eta azentua azkenekoan.

Orain dela hogeita bost urteko ikastalde txiki batean ere ikasleek hiru silabako izenekin bataiatzen zuten elkar. Izenaren aurreneko silaba biak eta deituraren lehenbizikoa batzen zituzten: Iban Bilbao Ibanbi zen (twitterra dauka, Zital da bertan), Aitziber Lasa Aitzila, Iker Garai Ikerga, Iñaki Monasterio Iñamo, Iker Monasterio Ikermo, Imanol Betolaza Imabe, eta abar. Azentua beti ere bigarren edo erdiko silaban. Nik dakidala, ikastalde hartan baino ez zen gertatu eta ez zen zabaldu.

Ezin jakin bikocrash, bikobai eta lotsapro horiek Saloura eta Mallorcara hedatuko ote diren, edo Sarrikora bederen; ez zenbat iraungo duten. Erne egon beharko.

Erradikalen eta transaktibisten arteko ika-mika

Markos Zapiain 2021/07/01 20:26

Eztabaida mingarri horren eraginez eten zuen Irene Monterok ezustean prentsaurreko bat eta hasi zen negarrez. 

Montero legeak ika-mika bortitz bat sortu du aldekoen eta aurkakoen artean; gauzak nahasiagoak dira, barrutik ondo aztertuz gero, baina kanpotik begiratuta ematen du funtsean trans legearen alde Podemos dagoela eta aurka PSOE, alde Público eta aurka InfoLibre sozialista.

Dena den, Madrilgo gobernuan piztu den eztabaida horrek aise gainditzen ditu Madril eta Espainia. Mundu-mailan transaktibista batzuen eta feminista erradikal deituen artekoaren adierazpenetako bat da Espainiako gobernu barruko xextra.

Beste bat, youtuben oso jarraitua, Riley J. Dennis Amerikako Estatu Batuetako transaren eta Magdalen Berns eskoziar lesbiarraren arteko ika-mika luzea izan da. Biziki interesgarria da.

Izan ere, eztabaidaren aldeetako bat geografikoa da, Frantzia Amerikako Estatu Batuen aurka, Simone de Beauvoir versus Judith Butler. Zorionez, eztabaidaren azpian ditugun bi liburu funtsezkoak badauzkagu euskaraz: Beauvoirren Bigarren sexua eta Judith Butlerren Genero nahasmendua.

Zenbait astez feminismoaren inguruko liburuak irakurtzen ibili den euskaldunari nabarmena egingo zaio zein gogorra den Elisabeth Badinter feminista frantziarra Dworkin eta MacKinnon Estatu Batuetako feministen aurka, eta nola mespretxatzen duten Amerikako feministarik ospetsuenek Beauvoir eta Beauvoirren tradizio frantsesa. Uste dut feminista euskaldunak direla tankera ergeleko pasio nazionalista horietatik libreen dabiltzanak: Tere Maldonado, Ana Iruretagoiena, Irene Arrarats eta abar. 

BEAUVOIR ETA BUTLER

Beauvoirrek Bigarren sexuan dio emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela. Hitz horiek erabili gabe, sexua eta generoa bereizten ditu. Gizarte patriarkalak gizaki emea inongo behar biologiko, psikologiko eta soziologikorik gabe alemanen hiru k-etan itxi eta lotu nahi izan du, umeak, sukaldea eta eliza (Kinder, Küche, Kirche). Zeregin eta jarduera jakin batzuetara mugatu du, iragana errepikatzera batez ere, umegintzara eta zaintzara. Aldiz, gizona etorkizunera zabalik dago, historia egiten du, proiektuak asmatu. Beauvoirrek dioenaren azpian eskema hau dago: badira gizonak, badira emakumeak eta ni zapalduta nago emakumea naizelako. Emakumeen eskubideen alde borrokatu beharra dago.

Judith Butlerrek ez du hain argi dikotomia hori: batetik gizonak, bestetik emakumeak. Hizkuntza berez da oso zakarra, errealitatea geldiarazi eta bortxatu egiten du. Errealitatea ñabardura da, nahasmendua, etengabeko aldaketa. Inork ez du identitate sexual argi bat, behin betiko. Egun batzuetan femeninoago esnatzen naiz. Heteroa homo bilaka daiteke, eta homoa hetero (nahiz eta azken hau ez den hain maiz gertatzen, auskalo zergatik). Zenbaitetan sexua ez dator bat generoarekin. Zakila duzu hankartean baina emakume sentitzen zara.

Butlerren aldarria da "ez nazazu etiketatu, ez behartu nire burua sailkatzera, ez dakit ondo nor naizen, etengabe ari naiz aldatzen, bai nortasuna eta bai gorputza, eta utzi bakean".

Judith Butlerren osaba psikiatriko batean itxi zuten, “gorputzeko anomalia batengatik”, dio ilobak, zehaztu gabe. Hermafrodita izango zen agian, ugal-organo ar eta emearen jabe aldi berean. Butlerrek 16 urterekin jakinarazi zuen jendaurrean lesbiarra dela, baina gero, unibertsitatean, feministekin eta lesbiarrekin militatzen ari zela, ezinegona eta kezka eragin zion sasoi hartako feminismoaren oinarrian zegoen gizon/emakume binarismo gogorrak.

Hizkuntzak eta gizarteak bideratu eta erabakitzen dute sexuari dagokion gure pertzepzioa. Errealitatea askoz ere aberatsagoa da, arraroagoa, mutakorragoa. Esaten denean “hemendik honaino, gizon, handik aurrera, emakume...”, muga hori arbitrarioa da. Muga hori desegin behar da, eta desegitearen emaitza politikan mamitu. Butlerren Genero nahasmenduaren bultzadaren ondorioz kendu ditugu ikastetxeetako komunetatik "mutilak" eta "neskak" errotuluak. Zenbait jendek ez du paper ofizialetan ematen zaion sexuan preso bizi nahi.

Zure burua identitate bakar iraunkor batean finkatzea defentsazko jarrera bat da, ziurgabetasunaren eta itxikeriaren ondorio. Poliedrikoak gara, aldakorrak, atzemanezinak, eta hori politikara eta legediara eraman behar da.

MONTERO LEGEA ETA GENEROAREN AUTODETERMINAZIOA

Montero legean generoaren autodeterminazioak piztu ditu oroz gain arazoak. Legeak baimentzen du nork bere generoa erabakitzea, baita hankartekoak erakusten duenarekin bat ez badator ere, are medikuen eta psikiatren iritziaren zain egon behar izan gabe ere. Edozeinek izango du zer den erabakitzeko eskubidea, adin txikikoak barne.

FEMINISTA KLASIKOEN ARRAZOIAK

Feminista erradikalek diotenez, ebakuntza transexuala egin nahi duten neska-mutil eta nerabeen ehuneko laurogeitabostak iritzia aldatu egiten du hogei urte bete baino lehen. Eta egiten dutenen artean asko eta asko dira damutzen direnak.

Angeles Alvarez sozialistak dioenez, neskatxa bat futbolean ez da neskatxa bat futbolean baino, ez derrigorrez lesbiana bat edo transexual bat. Ordea, Montero legearen erruz, areagotu egingo du gaur egun sumatzen den joera: neskatxa bat futbolean ikusi eta beste barik transexualitatera bideratzeko arriskua. Gainera, emakume transek goi mailako kiroletan domina guztiak eskuratuko dituzte, aspaldi honetan gertatzen ari den bezala, emakume arruntek baino testosterona-maila altuagoa baitute.

Feminista klasiko horiek diotenez, eta orain sakonago, Montero legeak generoaren autodeterminazioa bultzatzen du, eta horrek sexu-desberdintasuna legeetatik ezabatzea ekarriko du, eta indarrik gabe utziko emakumeen aldeko edozein ekimen juridiko. Generoaren autodeterminazioak gizonen eta emakumeen berdintasunaren aldeko legediaren oinarria zapartatuko luke.


TRANSAKTIBISTEN ERANTZUNAK

Marina Sáenz transaktibista da eta lehenbiziko transexual katedraduna Espainian. Montero legean esku hartu du. Eta dio PSOEko feminista klasiko horiek mamuzko arriskuak astintzen dituztela; batetik, ez dago inongo joerarik futbolean dabilen neskatxa transexualitatera bideratzeko; bestetik, kirolarena gune ofizialek kontrolpean dute zeharo, eta azkeneko urteetan trans bakar batek ere ez du domina bakar bat ere irabazi.

Ez da katastroferik gertatuko. Aitzitik, orain arte zeharo baztertua bizi izan den kolektibo bati bizimodua erraztuko zaio.

 

LIDIA FALCÓN

Transaktibisten aurkari aktiboenetakoa Lidia Falcón da, Partido Feminista de Espainiako sortzailea. Rolando kafetegiaren aurkako ETAren atentatuan inplikatu zuten eta Billy el Niñok torturatu zuen. Ostiko bat jo zion tripan eta garrasi egin zion “ya no parirás más, puta!” Gure demokraziak hain eskuzabalki saritu duen Billy Umea, badakizu.

Beno, ba Lidia Falcón da TERF izendatu duten horietako bat, transen gorrotatzaile. Falcónek dio gizonak eta andreak daudela eta hori jaiotzean hankartean daukazunak erabakitzen duela. Beste guztia “ai, ez dakit nor naizen, zeinen poliedrikoak garen”, ez da poesia merkea baino, edo betiko gizonen aitzakia emakumeen aldalekuetan sartu eta kontuz. Transei buruz dio izaki estrainio batzuk direla. Horrelakoak esateagatik bota dute Izquierda Unidatik. 

Alexandre Kojèveren tamaina eta ahotsa

Markos Zapiain 2021/06/26 10:50

Antonio Escohotadoren ustez, Kojève  XX. mendeko bizpahiru filosofo garrantzitsuenen artean dago, garrantzitsuena ez bada. Sokrates, Spinoza edo Hegelen mailakoa omen da, gizateriak bost mendean behin sortzen duen buru horietako bat.

Gainera, XX. mendeko politikaririk garrantzitsuena izan da, Marshall jeneralarekin batera beharbada.

Hogeita hamarreko hamarraldian bere ideia filosofikoa sortu eta landu zuen, eta bigarren mundu gerraren ostean ideia hori ekonomia politiko errealean mamitu eta gizateriaren martxa birbideratu zuen.

Zaila da eminentzia gris deritzonaren adibide egokiagoa aurkitzea.

Youtube honetan entzun dezakezu ezagutu zutenek haren bizitzari eta nortasunari buruz diotena, eta, batez ere, errusiar maisua bera frantsesez hizketan, bai Hegelen Gogoaren fenomenologia atalez atal azaldu zuen seminario mitikoan, eta bai nazioarteko batzorde ekonomikoen negoziazioetan, non bere agerpen hutsak hainbeste ikaratzen baitzituen Frantziarekin negoziatu behar zutenak.  

 

Fromage ez da cheese

Markos Zapiain 2021/06/23 22:10
Claude Lévi-Strauss eta erlatibismo linguistikoa

Lévi-Straussek "Antrolopologia estrukturala" liburuan idatzia, Patxi Apalategik euskaratua:

"Frantsesak eta ingelesak elikagai beraren izenari balio fonetiko heterogeneoak eratxikitzen dizkieten momentu beretik, terminoaren posizio semantikoa ez da jada inolaz ere berbera. Niretzat, nire bizitzako zenbait denboralditan ingelesa bakarrik hitz egin baitut, halere elebiduna izan gabe ordea, fromage eta cheese hitzek gauza bera esan nahi dute noski, baina zenbait xehetasun berezirekin; fromagek nolabaiteko astuntasuna gogoratzen du, materia gantzutsua eta apur bat papurgarria, zapore lodia. Aparteko hitz egokia da guringileek  "pâtes grasses" deritzatenak izendatzeko; aldiz, cheese hitzak, arinagoa, freskoa, pixka bat garratza eta hortz artetik ihes bezala egiten duela (ik. aho-zuloaren forma), berehalaxe gogora ekartzen dit gaztanbera. Beraz  "gazta-arketipoa" niretzat ez da berbera, nola eta frantsesez ala ingelesez pentsatzen badut."

Herriari kendu, elizei eman

Markos Zapiain 2021/06/21 22:55

Iaz pandemiagatik atzeratu eta joan den asteburuan izan dugu EAEn Bigarren Hezkuntzako irakasleak hautatzeko oposizioetako lehen atala, idatzizkoa. Irailean ebaluatuko dira idatzizkoa gaindituko dutenen programazioak, lehenagotik egin behar izan dituztenak. Ziurrenik, urriaren amaiera arte ez da bukatuko azkeneko azterketa: hirurogeita hamar gai inguruko zerrenda batetik zozketaz ateratako bat mintzoz aurkeztu beharko dute izangaiek, epaimahaien aurrean, irizpide inpartzial eta zentzudunen bidez osatutako epaimahaiak. Oposizio gogorrak dira, ia urte bi kirioak dantzan. 

Erlijioko irakasleek lanpostu finkoa lortzeko ez dute sekula oposiziorik gainditu behar izan. Gotzaindegiak aukeratu ditu missio canonica delakoan jarduteko, eta ez bide zaio erosoa jendaurrean aitortzea zein irizpide zehatz erabili duen. Gotzaindegiaren webguneko “Erlijio katolikoko irakasleen baremazioa” esteka sakatu eta hutsik ageri da. Hori bai, diru publikotik ateratzen dira haien soldatak, irakasle misiolariak Gotzaindegiak proposatu eta Eusko Jaurlaritzak izendatzen eta ordaintzen baititu. 

Era berean, Jaurlaritzak lege-proiektu bat onartu berri du “erlijio-aniztasuna babesteko eta kultu-zentro berriak irekitzeko”, bi helburu horiek elkarri derrigorrez lotuak baleude bezala. Izan ere, egon zaitezke erlijio-aniztasuna babestearen alde; baina aldi berean uste izan dezakezu ez dela Jaurlaritzaren zeregina ez udalak ez beste edozein erakunde behartzea kultu-zentro berriak irekitzera, eta mugatu beharko lukeela ziurtatzera inor ez dela bere fedeagatik edo fedegabeziagatik saritua edo zigortua.

Lege-proiektu honetan guztiak dirudi arraro samarra. Ezagutarazi dizkigun EAEko fededunen eta fedebakoen kopuruak txundigarriak dira. Katolizismoa ei da EAEko konfesio nagusia, 1.489.864 sinestun. Nola zenbatu dituzte? Mezetara ez doaz hainbeste. Isilean otoitz egiten dutenak izango dira menturaz 1.489.864?

515.771 omen dira sinesgabeak. Ez 515.770, edo 500.000 inguru, baizik eta 515.771. Pentsa liteke neurgailu kuantikorik sofistikatuenak baliatzen hasiak garela. Ez da sinesgaitza zehaztasun hori?

Ez horrenbeste, kontuan hartuz gero datu horien iturria CIA dela, eta Deustuko Unibertsitateko erakunde batek ere lagundu duela datuok plazaratzen; eta Gotzaindegiak Batxilergoko Erlijio-irakaslegaiak Deustuko Unibertsitatean gradu garesti bat egitera bultzatu izan dituela, hots, Baccalaureatus in Scientiss Religiosis ikasketa kanonikoahezkuntzaren eta irakaskuntzaren bidez fedea transmititu nahi duten sinestunentzat” eskainia. Matematika edo Filosofia sinestunek zein sinesgabeek irakats ditzakete, eta Erlijioa, berriz, sinestunek baino ez. Noski, gradu hori ez dago gaztelaniaz baino. Tankera horretako diskriminazioak kontrolatzen kontzentratu beharko luke Jaurlaritzak. 

Lege-proiektua udalen aurkako eraso bat da; arreta deitzen du elizei dagokienez darabilen mintzamolde goxoaren eta udalen aurkako kontu-eskearen eta errietaren arteko kontrasteak. Elizak eta fedeak “babestu” eta “bermatu” behar dira; ostera, udalei exijitzen zaie “zuzeneko edo zeharkako bereizkeria edo murrizketa arbitrario bat eragin dezaketen alderdiak saihestea”, aditzera emanez orain arte bereizkeria eta arbitrariotasuna erabili dutela. Jaurlaritzak zaindu egiten ditu elizak, udalak behartu: “udalek hiri-antolamenduko planak eguneratu beharko dituzte”; “erlijio-erabileretarako ekipamenduetara bideratutako lurzoru-erreserbak aurreikusi beharko dituzte”.

Lege berriak estaldura juridikoa eman nahi dio “kultu-zentroak edo lekuak irekitzeko eta erabiltzeko oinarrizko eskubideari”. EAE, alabaina, Espainiaren zati da, eta Konstituzioaren arabera Espainia akonfesionala da. Estatu akonfesionaletan, definizioz, diru eta lurzoru publikoz lagundu beharreko oinarrizko eskubideak etxebizitza, hezkuntza, osasuna, lana eta gisakoak dira; ez sinesmen partikularrak. Zergatik?

Pandemian ikusten ari garenez, Osakidetzan berdin artatzen dituzte katolikoak, ateoak, musulmanak, edonor. Hezkuntza Publikoa ere nornahirentzat da, inor ez du baztertzen sinesmenengatik edo diruagatik. Joera unibertsal hori duten erakundeak dira estatu akonfesionaletan oinarrizko eskubideak. Aldiz, eliza bakoitzak bere fededunekin duenez oroz lehen lotura, aldez aurretik baztertzen du bere burua oinarrizko eskubide akonfesionalen zerrendatik. Kultu erlijiosoak gauzatzeko lurzoruak eta eraikinak ez dira oinarrizko eskubideen artean izan, harik eta Jaurlaritzak gure erkidegoaren egitezko konfesionaltasunari bultzada berri hau eman dion arte. 

Jaurlaritzak udalak hertsatzen ditu elizek nahi dutena gauzatzera; baina gainera, lege-proiektuaren esanetan, udala bera izango da elizen gurari horiek behar bezala betetzen direla jagon beharko duena. Erabakia, Jaurlaritzarena; onurak, elizentzat; erantzukizuna, udalena baino ez. Garbi ikusten da jokaldia: elizek, gauzak ez badira berek nahi bezala irteten, udala salatu ahalko dute, udalari ordainarazi, ez Jaurlaritzari, are gutxiago beren buruari. Ez al dago beste biderik erlijio-aniztasuna babesten ahalegintzeko, udalak horrela umiliatu gabe?

Historiak hainbat bider erakutsi duenez, estatua eta eliza bereiztea  lagungarri zaio elkarbizitzari. Eusko Jaurlaritzak, kontrara, diru publikoa ikaragarrizko hutsuneak dauzkaten eskola edo osasun publikoan erabili beharrean, elizak bezalako erakunde pribatuetara desbideratzea erabaki du berriro. Ohitura itsusia inondik ere, guztion sosa minimo demokratikoak betetzen ez dituzten talde pribatuei oparitzea.

Testu hau Berrian agertu da

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Udalei kendu, elizei eman

Markos Zapiain 2021/06/19 15:40

Iaz pandemiagatik atzeratu eta asteburu honetan daukagu EAEn Bigarren Hezkuntzako irakasleak hautatzeko oposizioetako lehen atala, idatzizkoa. Irailean ebaluatuko dira idatzizkoa gaindituko dutenen programazioak, lehenagotik egin behar izan dituztenak. Ziurrenik, urriaren amaiera arte ez da bukatuko azkeneko azterketa: hirurogeita hamar gai inguruko zerrenda batetik zozketaz ateratako bat mintzoz aurkeztu beharko dute izangaiek, epaimahaien aurrean, irizpide inpartzial eta zentzudunen bidez osatutako epaimahaiak. Oposizio gogorrak dira, ia urte bi kirioak dantzan.

Erlijioko irakasleek lanpostu finkoa lortzeko ez dute sekula oposiziorik gainditu behar izan. Gotzaindegiak aukeratu ditu missio canonica delakoan jarduteko, eta ez bide zaio erosoa jendaurrean aitortzea zein irizpide zehatz erabili duen. Gotzaindegiaren webguneko “Erlijio katolikoko irakasleen baremazioa” esteka sakatu eta huts-hutsik ageri da. Hori bai, diru publikotik ateratzen dira haien soldatak, irakasle misiolariak Gotzaindegiak proposatu eta Eusko Jaurlaritzak izendatzen eta ordaintzen baititu. 

Era berean, Eusko Jaurlaritzak lege-proiektu bat onartu berri du (euskaraz ere badago, baina esteka euskalduna sakatu arren, Jaurlaritzaren webguneko automatismoak gaztelaniazkora zaramatza) "erlijio-aniztasuna babesteko eta kultu-zentro berriak irekitzeko", bi helburu horiek elkarri derrigorrez lotuak baleude bezala. Izan ere, egon zaitezke erlijio-aniztasuna babestearen alde; baina aldi berean uste izan dezakezu ez dela Jaurlaritzaren zeregina ez udaletxeak ez beste edozein erakunde behartzea kultu-zentro berriak irekitzera, eta mugatu beharko lukeela ziurtatzera inor ez dela bere fedeagatik edo fedegabeziagatik saritua edo zigortua.

Lege-proiektu honetan guztiak dirudi arraro samarra. Ezagutarazi dizkigun EAEko fededunen eta fedebakoen kopuruak txundigarriak dira. Katolizismoa ei da EAEko konfesio nagusia, 1.489.864 sinestun. Nola zenbatu ditu? Mezetara ez doaz hainbeste. Isilean otoitz egiten dutenak izango dira menturaz 1.489.864?

515.771 omen dira sinesgabeak. Ez 515.770, edo 500.000 inguru, baizik eta 515.771. Pentsa liteke neurgailu kuantikorik sofistikatuenak baliatzen hasiak garela. Ez da sinesgaitza zehaztasun hori?

Ez horrenbeste, kontuan hartuz gero datu horien iturria CIA dela, eta Deustuko Unibertsitateko erakunde batek ere lagundu duela datuok plazaratzen; eta Gotzaindegiak Batxilergoko Erlijio-irakaslegaiak Deustuko Unibertsitatean gradu garesti bat egitera bultzatu izan dituela, hots, Baccalaureatus in Scientiss Religiosis ikasketa kanonikoahezkuntzaren eta irakaskuntzaren bidez fedea transmititu nahi duten sinestunentzat” eskainia. Matematika edo Filosofia sinestunek zein sinesgabeek irakats ditzakete, eta Erlijioa, berriz, sinestunek baino ez. Noski, gradu hori ez dago gaztelaniaz baino. Tankera horretako diskriminazioak kontrolatzen kontzentratu beharko luke Jaurlaritzak. 

Lege-proiektua udalen aurkako eraso bat da; arreta deitzen du elizei dagokienez darabilen mintzamolde goxoaren eta udalen aurkako kontu-eskearen eta errietaren arteko kontrasteak. Elizak eta fedeak “babestu” eta “bermatu” behar dira; aldiz, udalei exijitzen zaie “zuzeneko edo zeharkako bereizkeria edo murrizketa arbitrario bat eragin dezaketen alderdiak saihestea”, aditzera emanez orain arte bereizkeria eta arbitrariotasuna erabili dutela. Jaurlaritzak zaindu egiten ditu elizak, udalak behartu: “udalek hiri-antolamenduko planak eguneratu beharko dituzte”; “erlijio-erabileretarako ekipamenduetara bideratutako lurzoru-erreserbak aurreikusi beharko dituzte”.

Lege berriak estaldura juridikoa eman nahi dio “kultu-zentroak edo lekuak irekitzeko eta erabiltzeko oinarrizko eskubideari”. EAE, alabaina, Espainiaren zati da, eta Konstituzioaren arabera Espainia akonfesionala da. Estatu akonfesionaletan, definizioz, diru eta lurzoru publikoz lagundu beharreko oinarrizko eskubideak etxebizitza, hezkuntza, osasuna, lana eta gisakoak dira; ez sinesmen partikularrak. Zergatik?

Pandemian ikusten ari garenez, Osakidetzan berdin artatzen dituzte katolikoak, ateoak, musulmanak, edonor. Hezkuntza Publikoa ere nornahirentzat da, inor ez du baztertzen sinesmenengatik edo diruagatik. Joera unibertsal hori duten erakundeak dira estatu akonfesionaletan oinarrizko eskubideak. Aldiz, eliza bakoitzak bere fededunekin duenez oroz lehen lotura, aldez aurretik baztertzen du bere burua oinarrizko eskubide akonfesionalen zerrendatik. Kultu erlijiosoak gauzatzeko lurzoruak eta eraikinak ez dira oinarrizko eskubideen artean izan, harik eta Jaurlaritzak gure erkidegoaren egitezko konfesionaltasunari bultzada berri hau eman dion arte.

Jaurlaritzak udalak hertsatzen ditu elizek nahi dutena gauzatzera; baina gainera, lege-proiektuaren esanetan, udala bera izango da elizen gurari horiek behar bezala betetzen direla jagon beharko duena. Erabakia, Jaurlaritzarena; onurak, elizentzat; erantzukizuna, udalena baino ez. Garbi ikusten da jokaldia: elizek, gauzak ez badira berek nahi bezala irteten, udala salatu ahalko dute, udalari ordainarazi, ez Jaurlaritzari, are gutxiago beren buruari. Ez al dago beste biderik erlijio-aniztasuna babesten ahalegintzeko, udalak horrela umiliatu gabe?

Esperientzia propioen eraginez jo dugu irakasle askok laikotasuna aldeztera. Behin batean, ikastetxe bateko zuzendaritzan nengoela, agindu ziguten halal janaria ere eskaintzeko, musulmanengatik. Beste buruhauste bat, batez ere jantokiko langileentzat, baina tira. Handik pixka batera, bikote judu bat etorri zitzaigun. Eskatu ziguten inori ez esateko juduak zirela, beldur ziren Palestinan zerbait gertatuz gero islamdarrek ez ote zuten mendekua beraien aurka hartuko, baina hala ere ea molda gintezkeen seme-alabei modu diskretuan kosher emateko. Aztertu genuen ea zer egin zitekeen, eta jantokiko langileak kexatu egin ziren: bikoiztu beharra zegoen hozkailu kopurua, kosher elikamoduak debeku baitu okela, arraina eta esnekiak toki berean edukitzea, horrelako zerbait. Azkenean, Institutuko zuzendaritzan hitz bakar bat ere ez pedagogiaz eta hezkuntzaz; dena zen odoloste eta urdaiazpiko, eta eztabaidak ea karramarroa eta txipiroia, are kroketa, kosher edo halal ote diren. Zentzu horretan, laikotasunaren abantailetako bat da zure lanean zentratzea errazten dizula.

Elkarbizitzari begira estatua eta eliza garbi bereiztea ona dela pentsatzea ez da berez ez fede txarra ez inoren kontra jotzea. Aitzitik, bide egokia dirudi saihesteko historian eta gaur egun ere erlijioek edo derrigorrezko ateismoak eragindako liskarrak, sarritan odoltsuak. EAEn ez dago sinagogarik, eta guraso horien beldurrak erakusten du zergatik. Salbuespenak dira fede desberdinak elkarrekin bakean bizi izan diren boladak. Ohiko egoera gatazka da, eta ezin da eragotzi, erlijio bakoitzak egia bakar osoa duela aldarrikatzen baitu, beste erlijioen egiarekin bateraezina.

Egia da laikotasuna batez ere frantsesek jorratu dutela, baina frantsesei bururatzen zaien guztia ez da derrigorrez txarra. Inportatzeko moduko metodoa da. Eusko Jaurlaritzak, kontrara, diru publikoa ikaragarrizko hutsuneak dauzkaten eskola edo osasun publikoan erabili beharrean, elizak bezalako erakunde pribatuetara desbideratzea aukeratu du berriro. Ohitura itsusia inondik ere, guztion sosa hartu eta minimo demokratikoak betetzen ez dituzten talde pribatuei oparitzea.

 

 

 

 

 

 

 

 

Agnostiko eta ateook ere lurra behar dugu

Markos Zapiain 2021/06/08 14:25

Beste bultzada bat fededunek hezkuntzan eta edonon dituzten abantailei, fedegabeon kalterako: orain Eusko Jaurlaritzak udaletxeak behartuko ditu lur eremu batzuk uztera gurean bizirik dauden fede erlijiosoek beren tenpluak eraiki ditzaten. Fedebakooi galdetu ere ez digute egin, nahiz eta Jaurlaritzak ondo dakien behar izanez gero nora jo.

Fedegabeok ere baditugu gure tradizioak, gure eskolak, eta hori dena behar bezala transmititu nahi diegu gazteei. Eskola publikoan gero eta zailagoa da, batik bat katolikoen intrusismoagatik. Eskubide-berdintasunaren izenean, guk ere metro koadroak eta eraikin dotoreak exijitzen ditugu.

Ziur naiz Eusko Jaurlaritzak gure eskaerak aintzat hartu eta ez gaituela bigarren mailako hiritartzat jo eta baztertuko, orain arte bezala. 

Julen Madariagaren Egiari zor, IV

Markos Zapiain 2021/06/03 13:26

LIZUNIAGAKO ABENTURA, JOSEAN AGIRREREN “NOBELA ERREALISTA BAT”eko TAXILARIAREN HITZETAN

“ETAkoek Loiolako santutegiaren ondoan dagoen Gogartetxean egin behar zuten laugarren asanblada, eta Ipar Euskal Herrian bizi ziren ordezkariek mendizalez jantzita igaro zuten muga Lizuniagako lepotik. Berako elizaren inguruan itxaroten zituzten kide batzuk, autoetan Azpeitira bidaiatzeko. Berara iristen ari zirenean, ordea, altoa eman zien Guardia Zibilak. Batek Venezuelako pasaportea zuen, besteak frantsesa, hurrengoak Belgikako nortasun agiria, bostak herrialde ezberdinetakoak zirela ematen zuen. Kide horietako baten motxila arakatzen hasi eta pistola baten muturra sumatu uste izan zuen kaboak, eta metrailetarekin apuntatu zituen. Handik bizikletan igaro ziren mutiko batzuei agindu zien kuartelera joan eta guardia gehiago ekarrarazteko. Guardia zibilak bi eta ETAko kideak bost zirela kontuan izanik, haien kontra oldartzeko agindua eman zien bere lagunei Madariagak. Borrokaldia bukatu, bi guardiak lurrean konorterik gabe utzi, eta altxatu zenean ohartu zen Julen betaurrekoak galdu zituela eta ez zuela zipitzik ikusten. Beste laurak mendian gora abiatu ziren ihesi mugarantz, baina berak, berriki horrelako ihesaldietan erabili beharreko eskuliburu bat idatzia zuenez, etsaiak pentsatuko zuenaren kontrakoa egitea erabaki zuen eta, Sara aldera abiatu ordez, Lesakarantz jo zuen.

Gaua zetorren eta betaurrekorik gabe ez zuen ezer ikusten. Guardia zibilen eskuetan erortzeko zorian egon zen behin eta berriz, eta, mila kalapita igaro ondoren errepidean auto bat geldiaraztea lortu zuelarik, Pauetik zetorren bilbotar batekin egin zuen topo. San Anton auzokoa zen eta, beste hainbat lagunen artean, Julen Madariaga ezagutzen zuen. Bidean adiskide komunari buruz hizketan joan ziren. Iheslariak ez zion, noski, Madariaga bera zenik aitortu.”


NAZIO-ASKAPENA, KLASE-BORROKA

ETAren lehenbiziko bultzada nazioa askatzea izan zen, independentzia erdiestea. Batzuek leporatu diote Franco hil bezain laster borroka armatua utzi ez izana, baina Madariagak dio ETAri berdin zitzaiola Espainian Franco, Juan Carlos, demokrazia edo komunismoa izatea: Espainiatik eta Frantziatik askatu eta independentzia lortzeko sortu baitzen, ez frankismoa eraisteko. Edonola ere, berehala bereganatu zituen ezkerreko balioak. Etakideak hasieran jeltzaleen artean agertu baziren ere bizitza publikoan, nolabait esateko, segituan apurtu zituzten harremanak eta hasi ziren langileen grebekin eta manifestazioekin bat egiten, akonfesionaltasuna eta laikotasuna aldezten, eta abar. Fundatzaileetako bat, Eneko Irigaray, esan bezala, marxista zen.

Hori bai, Madariagak ez zuen PCErena bezalako ezkerra onartzen, eta 66rako garbi zegoen PCE ETAn infiltratzen ari zela. Santiago Carrillok telebistan kontatu zuen, frankismo betean Espainian sartzea lortu eta Bartzelonako kaleetan azkenik etxean sentitu zela, qué maravilla, todo el mundo hablando en español. Rambletan urte batzuk lehenago gizon bat tiroz hil zuten, soilik katalanez mintzo zelako. Internazionalismoa ondo dago, baina batzuetan ez da betiko inperialismoaren mozorro merkea baino, eta horrela ikusten zuten Madariagak, Txillardegik eta ETAren gainerako fundatzaileek.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.