Dena azkarregi doa
DENA AZKARREGI DOA
Azken bolada honetan triste nago. Nekaturik eta makal. Ez kezkatu, pasako zait. Ez da lehenengo aldia horrelako zerbait gertatzen zaidana. Zeinek daki! Agian joan den astean kolpatu ninduen depresioaren azken arrastoak dira. Agian neguaren luzeak tristurara bultzatzen nau egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Edo, bestela, agian dena errazagoa da eta arazo bakarra zera da, zahartzen ari naizela…
Ez dakit. Batzuetan pentsatzen dut hemendik aurrera ezer ez dela izango behinola izan zena. Dena azkarregi doala, eta ni, ordea, egunetik egunera mantsoago. Aldaketa gehiegi gertatzen ari direla eta daukadana baino garun malguago bat behar dudala berrikuntza horiek guztiak ulertuko eta onartuko baditut.
Ez dakit…
Berriki bi gertaerak eman didate atentzioa. Bata euskaltegian lanean ari nintzela gertatu zitzaidan. Halako batean zera galdetu nien ikasleei, ea parrandan ateratzen direnean zenbateko “botea” jartzen duten. Ez dutela boterik jartzen erantzun zidaten alai asko. Nik sinetsi ezinik geratu nintzaien begira, ulertu gabe, nork bere zorrotxoa patrikatik aterata eta zerbitzariari zenbat zor duen galdezka imajinatu nahi eta ezinean. Gazteak direla erantzun zidaten, baina nik begiak itxi eta, larunbatero Trintxerpeko Harpo taberna ixten genueneko garaiak gogora ekartzen ditudanean, ezin dut horrelako irudirik topatu. Kataluniarrengandik gauza asko ditugu ikasteko baina ez zehazki hori…
Bigarrena Korrika 19 abuztuaren 31 kaletik pasatzen ari zela ikusi nuen. Halako batean lagun bat ikusi dut lasterka. Lagunak egurrezko makil bat darama eta makil horren puntan euskal preso baten argazkia. Haren ondoan ezagutzen ez dudan beste korrikalari bat doa. Honek ere makil bat darama eskuineko eskuan, baina berea ez da egurrezkoa. Makilaren puntan bideo kamara ñimiño bat. Bata bestearen ondoan hainbat metro egin dituzte, nork bere makilari helduta. Lagunak ia 60 urte ditu. Ezezagunak 20 inguru.
Ni erdian nagoela pentsatu nahiko nuke baina pentsamendu horren ordez beste pentsamendu bat datorkit burura.
Ezer ez da behinola izan zena izango.
Eta, jarraian, beste pentsamendu bat: nire aitaren gero eta antz handiagoa daukat.