Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila / Depresioa

Depresioa

Xabier Etxaniz 2015/03/26 17:15
Prakak erortzen zitzaizkidan...

DEPRESIOA

                Atzera ere berandu natorkizue. BERRIAn neukan ohiturari jarraiki, ostegunero idatziko nuela agindu nizuen, eta dagoeneko bitan egin diot kale emandako hitzari. Aitor dut inprimategia nire zain ez egoteak ez didala onik egiten, eta presiopean hobeto lan egiten dudala, baina nago aitorpen hori eskasa dela oso, eta zerbait instituzionalago bat behar dudala nire jarraitzaile andanak barkatuko badit.

                Bihoakizue, beraz, honekin batera nire barkamen eskaerarik zintzoena.

                Esan nezake, noski, idazteko asmoa izan banuela. Eta esan nezake, halaber, nire buruari agindu niola Urepeletik iritsi bezain pronto ekingo niola zutabe hau idazteari, baina, zoritxarrez, auto ilara luze batek zapuztu zituela nire asmoak. Alabaina, horiek aitzakiak baino ez lirateke. Egia esan behar badut, ez nuen idatzi depresio latz batek eraso egin  zidalako.   

                Nola definitu, bestela, Urepeletik atera bezain pronto harrapatu ninduen tristura? Nola azaldu sentimendu hura?

                Bai, ene lagunok, bat-batean deserriraturik sentitu nintzen nire herrian, isolaturik nire inguruan, abandonaturik nire familian. Bat- batean neu nintzen artaldeko ardi beltza. Ardi beltz bat zeinak, euskalduntasunaren ezaugarri behinenari muzin eginez, korrika egiteko batere aproposa ez zen kaleko arropa arrunta baitzeraman soinean. Non eta Korrikan!!

Ez Ternua, ez Quechua, ezta Kalenji ziztrin bat ere...

Korrikako hastapeneko urte urrun haiei gorazarre egin nahi niela egin nuen oihu lau haizetara  baina alferrik izan zen. 

                Euskarak batzen gaitu, bai, baina Decathlonek bereizten gaitu.

                Alabaina, okerrena etortzeke zegoen. Izan ere, 500 metro egin eta barea agertzearekin batera, txapela ezagun batek aurreratu baininduen ezkerretik. Txapelaren  azpian, Tasio Erkizia euskaltzale betierekoa, nirearen aldean supersonikoa iruditu zitzaidan abiadura batean.

                Harrapatzen saiatu nintzen baina ezinezkoa gertatu zitzaidan. Berak txapela ez ezik txandala ere bazeraman, eta niri prakak erortzen zitzaizkidan, lotsagarriki erori ere.

                Ia negarrez esan nion agur Korrikari Aldudera iritsi baino lehen...                    

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.