Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Euskaltel vs Orange: norbaitek ulertzen du?

Gari Araolaza 2006/12/19 23:59

Denbora aurrera doa eta laster erabaki beharko dugu: Euskaltel ala Orange?

Baina, norbaitek ulertzen du zer gertatzen den? Hona hemen bi aukerak:

Euskaltel:

  • Telefono berri bat oparitzen dute (Puntuen eta 18 hilabetez beraiekin gelditzearen truke)
  • Sei hilabetez, %5-eko (ehuneko bosteko) beherapena fakturan.

Orange:

  • Telefono berri bat oparitzen dute (Ez dakit zenbat hilabetez beraiekin gelditzearen truke)
  • Beraiekin kontratua dugun denbora guztirako %50-eko (ehuneko berrogeitahamarreko) beherapena fakturan.

Non dago tranpa? Nork du zalantzaren bat? Nik bai behintzat.

Ez dut ulertzen, hain gauza ebidenteekin beti pentsatzen dut kondizio ezkutuak daudela nonbaiten. Norbaitek badu argirik?

Nola berreskuratu zure disko zaharra

Gari Araolaza 2006/12/07 16:47

Inoiz inork beharko ez duenaren esperantzan:

Demagun

Demagun egoera posible hau:

Sistema osoa berriz instalatu nahi duzu azken Ubuntuarekin . Nahikoa izaten da

dist-upgrade
edo antzerako batekin, baina nahiago duzu behingoz garbiketa egin eta sistema garbitzea. Normalean
/home
aparteko partizio batean jartzen duzunez ez zenuke arazorik izan behar sistema osoa eguneratzeko.

Baina oraingoan partizioetan aldaketak egin nahi dituzu, makina berean dagoen fabrikako Windowsari diska apur bat gehiago jateko.

Horrela bada, kanpoko USB disko bat lotu eta Sbackup programa martxan jartzen duzu bazkal aurretik, zure /home osoa gorde dezan. Bazkaltzetik bueltan bukatuta dagoela dirudi, eta frogarako fitxategi txiki bat ekartzen duzu segurtasun kopiatik. Ondo!

Ubuntu-ren Live CD-arekin martxan jarri, partizioak berrantolatu, formateatu eta sistema berria instalatzen duzu.

Arazoak /home-a berriz ekartzean sortzen dira, bukatu gabe gelditzen baita. Zer gertatuko eta zer gertatuko, eta deskubritzen duzu kanpoko USB diskoak ez dituela 4GB baino gehiagoko fitxategiak onartzen, eta zuk 10GB inguru zenituen zure /home partizioan!

Soluzioa badago

Don't panic. Badago soluzioa, ezer gainidatzi ez baduzu behintzat. Eskerrak Aitzoli , berak lagundu dit eta.

  • Live CD-arekin jarri martxan sistema
  • Muntatu diskoko partizioak
  • Aztertu ea zein bloke taldetan ibili behar duzun bila. Normalean
    fsstat /dev/hda5
    tresnarekin egin daiteke hau. Nire kasuan banekien diskoaren azkeneko zatian zegoela nire /home partizio zaharra. Han bukaeran 12 bat GB hartu nituen:
         # fsstat /dev/hda5 
  • Orduan, TSK-ren dls tresnarekin (apt-cache search...), diskoa dagoen moduan erauzi eta beste nonbaitera eraman. Nire kasuan USB kanpoko diskora:
          # dls /dev/hda5 819200-851867 > /mnt/unalloc.dat 
  • Bukatzeko, sortu dugun fitxategi horretan foremost tresna aplikatu. Foremost honek zenbait fitxategiren patroiak bilatzen ditu eta identifikatzen ditu. Ez du esaten zein izen zuen fitxategiak lehen, baina fitxategia ateratzen digu:
           # foremost -d -i /mnt/unalloc.dat -o /mnt/output/ 

Guk hemen ikasi dugu: Why Recovering a Deleted Ext3 File Is Difficult . . .

Sustaturen sariketa eta jaia

Gari Araolaza 2006/12/04 16:42

Gehienok badakizue, baina agian badago oraindik lotsatuta gelditu den norbait eta horri zuzentzen diot gonbidapen mezu hau:

eta gogoratu, zozketan parte hartzeko biak egin behar dituzu: sariketara aurkeztu eta jaira etorri!

Errepideko GPSak: datuetan dago gakoa

Gari Araolaza 2006/11/24 18:11

Atzo TomTom One bat erosi dugu enpresan, Tagzaniarekin zein lotura egin daitezken aztertzeko eta katxarreatzeko.

TomTom aukeratu genuen, behar dugulako ahalik eta zabalduena dagoen modeloa. Adibidez, Tagzaniatik puntuak TomTom-era nola deskargatu aztertzen ari gara. Batek Arabako eliza erromaniko guztiak etiketatu eta gero TomTom-era deskargatu denak bisitatu ahal izateko.

Tresna polita, KISS estilokoa (Keep It Simple Stupid), baina hacker batentzat agian motza. Ez du egindako ibilbiderik gordetzen. Datuak hartu bai, (normalean TomTom enpresatik datozenak), baina ez dago aukera errazik datuak grabatu edo guk sortutakoak gehitzeko.

Garrantzia datuetan dago

Lankideen artean komentatu dugu, ziurrenez egun batez tresna hauek doan emango dituztela. Zeren truke? harpidetzen truke; harpidetzak mapa eguneratuak jasotzera, edo uneko trafikoaren egoeraz informatzera, bide alternatiboak proposatzeko. Azken hau egiteko, Bluetooth duen telefonoari lotzen zaio, telefonoz trafikoko azken egoera jasotzeko. Lotuta nahi gaituzte TomTom-aren saltzaileek.

Pixka bat inprimagailuen edo telefono mugikorren antzera ikusten dugu. Inprimagailua (edo telefonoa) ia doan ematen dizugu, baina gero guri erosi behar diguzu tinta (edo telefono zerbitzua).

Baina, datu hauek ez dira publikoak?

Izan ere, errepide mapak ez dituzte gobernuek gu denon diruarekin sortzen? Bai, baina normalean artelanak balira bezala gordetzen dira datu horiek, giltzapean.

Eta noski, hori aprobetxatuz, hor ari dira enpresa pila mapak sortu eta sortu eta gero TomTom eta antzerakoen jabeei saltzen. Trafikoa kontsultatzeko ere, Vocentoren medioetara joan behar izaten da Gipuzkoan.

OpenStreetMap

Beste bidea da guk geuk egitea, Wikipedia estilora.

Aspaldi komentatu nuen nola nenbilen mapa libreak sortzen, Wikipedia estilora, OpenStreetMap proiektuan. Gauzak aurreratu dira, eta oraintxe bertan guk ( Anderrek eta nik) egindako lana ikusgai ez dagoen arren, London inguruan egindako aurrerapena ikusgarria da .

Animatu eta hasi zu ere OpenStreetMap-en editatzen. Nork daki, egunen batean ez ote garen gure datuekin ibiliko TomTom-arekin.

How-To: Gasteiztik nola atera Gamarra aldera

Gari Araolaza 2006/11/15 12:03

Aurrekoan esan nizuen, ez naizela inozoa. Duela 15 urte hasi nintzen Gasteizen bizi zen neska batekin eta geroztik milaka buelta egin ditut hara, bera edo orain familia politikoa bisitatzera.

Gasteiz asko aldatu da tarte honetan, eta ni bezalako aditu batentzat ere zaila izaten da askotan N-240 autobidea (Legutiora doana) hartzera iristea, biribilguneetan nahastuta. Horri gehitu, ibilbide kafkianoak pentsatu dituztela Gasteizko trafikoaren adituek eta seinalizazioa nahiko okerra dela, eta ni bezala, astero biribilgune batean hartuko duzue oker.

Horretarako, Tagzanian prestatu dut egin beharreko ibilbidea. Erreferentzia moduan Los Herran kalean dagoen autobus geltoki nagusia hartu dut. Ikasi ondo planoa, eta zorte on!


wayout and gasteiz tagged map - Tagzania

Bost urte tortillarik jan gabe

Gari Araolaza 2006/11/13 16:34

Inoiz pasatu duzue hilabete tortillarik jan gabe? Andonik ia bost urte pasatu ditu probatu gabe, bere bizitza osoa. Hasieran buruan sartu zitzaion tortillaren itxura ez zitzaiola gustatzen, eta kitto.

Tematia da eta ez dugu hainbeste denboran ezer lortu. Are gehiago, behin ikastolako jangelan tortilla jatera behartu zuten eta ia hiru ordu egin zituen tortilla zatia ahoan zuela, ikastolatik atera eta botatzeko aukera izan zuen arte.

Andoniren bigarren tortilla

Azkenik, pasa den astean, ketchup pixka batekin (ketchupzale porrokatua da) tortilla bat dekoratu eta hainbeste grazia egin zion, di-da batean tortilla jan zuela!

Argazkikoa bigarren tortilla da, Laurak dekorazioan praktika pixka bat hartuta.

Ni ez naiz inozoa!

Gari Araolaza 2006/11/09 09:27

Pasa den asteetan Euskaltelek bere bezeroei ematen dizkigun tratu txarrei buruzko artikuluak idatzi ditut ( bat , bi eta hiru ). Serie hori bukatuko dut, aukera egokia aurkitu eta Euskalteleko bezero izateari uzten diodanean.

Izan ere, nik uste dut errua gurea dela, kontsumitzaileena. Gutxiegi protestatzen dugu eta edozerrekin konformatzen gara. Horixe esaten nion TDT dekodetzailedun telebista plano horietako bat erostekotan zebilen lagun bati, berak ere Euskaltelen kable bidezko telebista duenez, ez duelako dekodetzaile hori ezertarako erabiliko .

Nire ideia konfirmatzen duen beste iritzi bat dator Deambulando blogean. Yo no soy tonto artikuluan azaltzen du nola lortu duen Mediamarkteko katalogoko pagotxa eskuratzea, 99 Eurogatik 5Mpxtako Pentax argazki kamera bat.

(via Laborategi )

Irakiarrok: hona hemen demokrazia

Gari Araolaza 2006/11/06 15:33

Blog honetan ez dira normalean gai hauek azaltzen, baina asteburuan Saddam Husseinetaz pena sentitu dut. Aulki elektrikoak eta injekzio hilgarriak edo fusilamenduek ez dute gauza asko hobetzen dena den.

Banner ikustezinak

Gari Araolaza 2006/10/27 09:12

Webguneak egiten ari garenoi sarritan egiten diguten eskaera da: Aizu, portadan jarri banner edo irudi adierazgarri bat, jendea halako zerbitzura bideratzeko. (Guk kromoak deitzen diegu horiei)

Alferrik. Internetera pixka bat ohituta dagoenak ez ditu banner asko ikusten. Zerebroa horrelako publizitatera ohitu zaigu eta normalean ez diegu kasurik egiten. Hau ez da berria, hemen irakurri dezakezue Ceguera a los banners edo Loquoren kasuan gertatu zitzaiena, Best practices de un desarrollo; Loquo.com

Frogatu dugun azkena, medikuarekin hitzordua hartzeko Osanet-en zerbitzu berrian . Lantokian komentatu dugu eta han ibili gara berari begira:

Osanet-eko pantallazoa

Sinetsiko didazue esaten badizuet bi lankidek ez zekitela non klik egin behar zen medikuarekin hitzordua hartzeko? Ba, horrela da, eta oso sarri gertatzen zaigu horrelako galderak jasotzea.

Badirudi zerbitzua antolatu dutenak ere ez direla egindako soluzioarekin gustora gelditu, Klik egin eta... jarri behar izan bait dute jendeak zer egin behar zen uler zezan. Nik horrelako azalpen bat ikusten dudanean (Klik egin hemen edo ondorengo pausoak jarraitu behar dituzu) konturatzen naiz webgunea pentsatu duenak ez duela lortu sistema erraza egitea.

Izan ere, zein azalpen behar du ondoko honek?

Zure medikuarekin hitzordua egin

Bloglinesera bueltan

Gari Araolaza 2006/10/27 08:46

Pare bat aste ibili naiz Google Reader-ekin. Sistema berritua zutela eta frogatu nahi nuen (eta albokoak baino teknosexualagoa izan nahi nuen... ;-) )

Baina itzuli naiz nire Bloglines-era:

  • Google Reader askoz geldoagoa da jario baten klik egin eta albistea ekarri arte.
  • Irakurritakoak markatzeko modua (klik egin behar edo scroll-a erabili behar...) deseroso egiten zait.
  • Eguneraketak Bloglinesen baino beranduago. Zenbait jario oso berandu.
  • Bilaketen gaineko jarioak ezin lortu. Bloglines-en zenbait hitz klabetara harpidetuta nago, eta nonbaiten hortaz hitzegiten dutenean ateratzen zaizkit abisuak.
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon