Aspertzeko edo kezkatzeko lain
Etorkizunean 1000 urte arte biziko garela esan omen du William Sims Bainbridge Harvard-eko soziologoak Muy interesante aldizkariak argitaratu duen elkarrizketa batean .
Inoiz aipatu dugu aurreikuspen asko daudela teknikari esker bizitza luzatzeari buruz. Ikusi beharko ... beharbada bai, baina ezin dugu ahaztu hori sinistu arazi nahiaren atzean interes ekonomiko handiak daudela. Jakina, apuntatu eta ordaindu gure tratamendu programa, eta luzaro biziko duzu!
Baina elkarrizketa horretan NBIC konbergentziari buruzko gauza interesgarriak dio Bainbridgek. NBIC konbergentzia nanozientzia, bioteknologia, informazio teknologia eta zientzia kognitiboa delakoen arteko konbergentzia joeraren ingurukoak jorratzen ditu.
Askotan eztabaida "amerikarra" dirudi, baina azken finean giza zientziak eta teknologiaren arteko harremanak estutze joera aipatzen du. Azken boladan handiagotu teknologiaren eragin sozialaren inguruko kezka Europan edo gure artean, baina oraindik asko landu beharreko arloa iruditzen zait.
Ikus NBIC wikipedian
Technorati Tags: etorkizuna, joerak, NBIC
Futur 2.0 Datozen hurrengo 20 urteak ulertzeko
Gaur kaleratu dute Futur 2.0 "Comprendre les 20 prochaines années" liburuxka, etorkizunean izango ditugun erronka teknologiko, soziokultural, ekonomiko edota ekologikoak aztertu eta plazaratzeko ikertzaile, filosofo, soziologo eta artisten artean egindako zabalkunde lana.
Liburuzka FYP Editions delakoak argitaratu du, Poitiers -ko Futuroscope -rekin batera eta egile ugari ditu, besteak beste Maxence Layet, Frédéric Kaplan edo Philippe Bultez ...
Erakargarria dirudi. Horregatik, hurrengo egunetan Internet Actu blogean Futur 2.0* liburuan ageri diren zenbait gai jorratuko dituzte. Gaur, lehena: Objektuen robotizazioa , à suivre ...
Technorati Tags: etorkizuna, liburuak, prospektiba
Maratoia Tagzanian
Joan zen astean Korrikarekin ibili ginen Eibarren eta ordu gutxi barru Cheverny -rantz noa, bertan ospatzen den Marathon de Cheverny delakoan parte hartzeko asmoarekin, disfrutatuz, espero.
Azken maratoian parte hartu nuenetik, Asturiasen, Naloi bailarako Maratoian, hamabi urte pasa dira, ez nago ondoegi prestatuta eta gainera 95an baino hamar bat kilo gehiagorekin nabil. Beraz, aste honetan Tagzanian bideak eta ibilbideak markatzeko aukera estreinatu dugula aprobetxatuz, Cheverny-ko Maratoia Tagzanian bertan egin dut.
Askoz lasaiagoa, - oraindik erosoagoa ipiniko dugu funtzionalitate berriekin laster -, eta horrela benetakoa ez badut bukatzen, behintzat Tagzanian egina izango dut maratoia :-)
Ibilbideak markatzeko tresna ondo dago zenbat metro edo kilometro egin dituzun jakiteko: automatikoki kalkulatzen ditu. Esate baterako, ez genekien zenbateko buelta egiten genuen saltaka Zarautzen , herriari ematen genion itzulian. Aztin hasi, padurak, golfa, malekoia, bigarren tuneleraino eta buelta, Salbide eta Abendañotik, autopista atzetik, berriro Aztira. Tagzaniaren tresna berriari esker jakin izan dut: 10,2 kilometro egiten genuen. Hemen markatu dut.
Hemen behean Cheverny-n egin behar dudan maratoiaren ibilibidea pegatu dut Tagzaniaren arrasto berde berriekin. Uste dut ondo dagoela, bestela aldatuko dut, baina Cheverny edo Moulinsart - Haddock Kapitaina eta Tintin-en gaztelua -, bisitatu ondoren izango da, eta bide batez Loire aldeko beste gaztelu batzuk ikusi ondoren ...
Eguneraketa: bizirik ailegatu nintzen maratoia amaitzera ...
Technorati Tags: tagzania, maratoia, ibilbideak
Azaleratzen ari diren 10 teknologiak Technology Reviewen arabera
Beste urteetan egin duten legez, Technology Review aldizkarian azaleratzen ari diren 10 teknologia aurkeztu dizkigute: 10 Emerging Technologies 2007 . Hau da, gure industrietan, enpresetan, ikerketa eremuetan edo gure bizitzan gehien eragingo duten teknologiak.
P2P bideo banaketa ; pertsonalizatutako monitore medikuak ; eguzki nano-birkargatzaileak ; irudi digital berriak gure argazkientzat, ... aukeratu dituzten 10 teknologia sortu berrien artean daude. Egia esan, nahiz eta erdia ez ulertu, merezi du begirakada ematea Technology Review-en aurkezten dituzten teknologiei. Pistak daude eta etorkizuna gertu dugu...
Info gehiagorako: las 2005ean azaleratzen ari ziren 10 teknologia eta 2006koak hemen
Technorati Tags: prospektiba, ESTE, teknologia, joerak
2020 urtea ikusmiran
Hilebete hauetan ESTEko klaseetan 2020 urtea dugu buruan aztertzen ari garen sektoreen eszenategiak burutu nahiean. Horregatik, urte epe berdina dutenez, nahiz eta gizarte eta hiri prospektibaren inguruan izan, Juan Freire irakaslearen blogean ondoko erreferentzia hauek ikusi ditudanean hona ekarri nahi izan ditut.
- Europaren etorkizunari buruz Marcel Bullingaren bideoa: So, how is life in 2020? The future of Europe in a clip . Saiakera formatoan eta Thomas Friedman , Jeremy Rifkin eta Richard Florida zuzendutako gutun ireki moduan gai berdina jorratzen du Bullingak : EUROPE IN 2020. TOWARDS A NEW GOLDEN CENTURY, A SILVER CENTURY, AND BACK TO THE MIDDLE AGES , idatzian. Hemen .pdf formatoan
- bigarren erreferentzia Stefano Boeri eta Multiplicity estudioaren lanari buruzkoa da. Gaia Milan hiri italiarraren etorkizuna 2020 urteari begira: Milano 2020: Escenarios alternativos para una ciudad europea . Hurrengo urteetarako hiru eszenategi planteiatzen dira Milan hirian.
Hiri prospektibako aipatutu ditugun beste lan batzuetan bezala (Madrid 2015 , Gipuzkoa 2020 , Atacama 2010 edo beste zenbait) plangintzari begira behar beharrezkoa da lurralde baten etorkizuna aurreikustea.
Foto: © Photo's: SpeakersAcademy.nl
Technorati Tags: prospektiba, ESTE, eszenategiak
Berrikuntzaren piramidea
Normalean Business Week aldizkariaren online edizioak dakarren grafiko argigarrien artean interesgarria iruditu zaidan erreferentzia aurkitu dut: Harvard Business School-en estrategia, berrikuntza eta aldaketaren kudeaketan irakasle espezializatua den Rosabeth Moss Kanter doktorearen berrikuntzaren piramidearena.
Deigarria iruditu zait. Ideia sinplea da, baina estrategia eta berrikuntza estu eta argi lotzen ditu eta Business Week-en diotenez, urteetan enpresa arrakastatsuetan berrikuntza nola ematen den aztertu ondoren aditzera eman du Kanter andereak.
Harvard Business Review delakoan argitaratutako "Innovation: The Classic Traps" artikuluan (salgai ), Kanterrek berak dioenez , berrikuntza piramidea enpresetarako hiru mailatan proposatzen den berrikuntza estrategia batean datza:
- Goian, piramidearen gailurrean, enpresaren etorkizunerako ildoak adierazten dituzten erronka estrategiko banaka batzuk baino ez.
- Bigarren maila batean, erdian, zenbait prototipo, frogetako start-up eta etorkizuna duten ideia eta proiektu, lan talde kualifikatuen eskuetan.
- Azkenik, piramidearen oinean, ideia jaioberriak edo gaur eguneko produktu eta prozesuak hobetzeko berrikuntzak.
Azken finean, horrela piramidean egituratuta, orekatua eta helburu estrategikoei erantzuten dion berrikuntza eraman dezakegu enpresan. Eta era berean, noizean behin berrikuntza handiak sor daitezke piramidearen oinarritik, mila aldiz aipatu den 3M etxearen Post-it Notes bezalakoak.
Beraz, bide asko irekita helburu garbi batzuen menpe. Ez da gutxi!
Technorati Tags: prospektiba, berrikuntza , klaseak
Etorkizunerako joeren mapa
Future Exploration gunearen blogean etorkizunerako joeren mapa bitxia argitaratu dute What's Next (Nowandnext.com) delakoekin batera. Mapak datozen urteetan izango ditugun joera garrantzitsuenak marraztu nahi ditu.
What's Next-en txosten osoa salmentan dute eta nahi izanez gero orrialde batzuk eskuratu ditzakegu .pdf formatoan .
Etorkizunerako joerak hamar ardatz nagusitan batzen dituzte: gizarte eta kultura, gobernua eta politika, lana eta negozioak, komunikabideak, zientzia eta teknologia, elikagaiak, osasuna, finantzial zerbitzuak, merkataritza, eta garraioa.
Blogeko sarrera honetatik lortu dezakezue aipatutako mapa .
If -en ikusia.
Technorati Tags: prospektiba, joerak, etorkizuna
Mundua bost urte barru
Nahiz eta gaur egun egoitza nagusia Luxenburgon izan, Metro International duela urte batzuk Suedian jaiotako komunikabideen enpresa da.
Beraiek dioten moduan, doako egunkari katerik handiena eta munduko egunkari zabalduena da. Normalean metro izenpean argitaratzen dute, salbu eta izen hori ezin bada erabili, Txilen (Publimetro) edo Espainian (Metro Directo) bezala.
Metro-ren lehen edizioa Estokolmoko metroan 1995 urteko otsailean banatu zen, duela 12 urte beraz. Pixkanaka handitzen joan dira eta gaur egun 20 estatuko 100 hiritan daude, egunero 18 miloi irakurle dituzte eta hilero 38 miloi baino gehiago. Komunikabide erraldoia.
Frantzian kaleratu zirenaren 5. urteurrena bete dute aurten eta metrofrance.com webgunean mundua bost urte barru nolakoa izango denaren ikuspegia eskaintzen dute: politika, gizartea, kultura, teknologia, ... Frantsesez apur bat irakurriz gero interesgarria . Hemen kontsulta dezakezue.
Zenbait artikulu Frantziako ikuspegitik daude idatziak, nola ez, baina beste asko globalagoak dira. Horrela, Pascal Boniface, Institut des relations internationales et stratégiques delakoaren zuzendariak erronka globalei buruz hitz egiten digu: beroketa, desorekak, ...
Gainera, beste zenbait artikulutan 5 urterako 5 berrikuntza aipatzen digute: 3Dko telebistak, likido adimentsuak, ispilu magikoak, ... aldaketak gure bizitzetan , enplegua sortuko duten sektoreak , 2012, Technolandera bidaia eszenategia eta beste idatzi asko.
Technorati Tags: prospektiba, joerak, future
Jerusalem 2050
Jerusalem, Al Quds, bi nazio, hiru erreligio, ... aspaldiko gatazka, etorkizunari begira konpondu nahi dena ...
MIT - Massachusetts Institute of Technology famatuaren Plangintza eta Hirigintza Ikasketen Sailak eta Nazioarteko Ikasketen Zentroak, tolerantzia bide berriak aurkitu nahi ditu hirigintza esperientzia berrien bidetik. Horretarako Jerusalem 2050 proiektua martxan ipini dute.
MIT-ek babesten duen proiektu honetan Palestina eta Israeleko ikasle, aktibista, enpresa gizonak, gazteak, ... parte hartuko dute, elkarbizitza baketsua lortzeko hirigintza eta hiri definizio eta ideia berriak sortu nahiean. Ez da erronka makala.
Info gehiago:
- MIT-eko Jerusalem 2050
- Subtopia
Technorati Tags: ikerketak, MIT, prospektiba
Prospektiba eta erabaki estrategikoen inguruko CEPAL-en manuala
Kolonbiako ProSeres delakoaren Zuzendaria den Lucio Mauricio Henao Velezek idatzi dit Nazio Batuen (UN) CEPAL-ek ( Comisión Económica para América Latina ) argitaratzen dituen Manuales CEPAL bildumaren barruan, Javier Medina Vásquez eta Edgar Ortegón-ek egindako Manual de prospectiva y decisión estratégica: bases teóricas e instrumentos para América Latina y el Caribe argitaratu duela ILPES ek, Instituto Latinoamericano y del Caribe de Planificación Económica y Social.
Kontua da eskuliburu zabala eta betea dela - 400 orrialde inguru -, prospektiba, etokizunari buruzko ikerketak edo zelata estrategikoaren inguruko metodoak eta ezagueraren gizarte eta ekonomiarantz Latinamerikak eman behar dituen pausuen inguruko hausnarketa dakarrena.
Era berean, eskuliburuak bibliografia eta erreferentzia zabala ditu, bai ikuspegi orokor batetik, bai Latinamerika eta Karibe lurraldeetatik hurbiltzen denarentzat.
Duela urte batzuk, Cali-ko Universidad del Valle delakoak eta ILPESek (Instituto Latinoamericano de Planificación Económica y Social) egile berdinen beste liburu interesgarri bat argitaratu zuten: Prospectiva: Construcción social del futuro.
Gaian interesatuta zaudetenok ILPES-en webgunetik jaitsi dezakezue dokumentu osoa .pdf formatoan.
Technorati Tags: bibliografia, Deusto, ILPES, prospektiba