Maratoia Tagzanian
Joan zen astean Korrikarekin ibili ginen Eibarren eta ordu gutxi barru Cheverny -rantz noa, bertan ospatzen den Marathon de Cheverny delakoan parte hartzeko asmoarekin, disfrutatuz, espero.
Azken maratoian parte hartu nuenetik, Asturiasen, Naloi bailarako Maratoian, hamabi urte pasa dira, ez nago ondoegi prestatuta eta gainera 95an baino hamar bat kilo gehiagorekin nabil. Beraz, aste honetan Tagzanian bideak eta ibilbideak markatzeko aukera estreinatu dugula aprobetxatuz, Cheverny-ko Maratoia Tagzanian bertan egin dut.
Askoz lasaiagoa, - oraindik erosoagoa ipiniko dugu funtzionalitate berriekin laster -, eta horrela benetakoa ez badut bukatzen, behintzat Tagzanian egina izango dut maratoia :-)
Ibilbideak markatzeko tresna ondo dago zenbat metro edo kilometro egin dituzun jakiteko: automatikoki kalkulatzen ditu. Esate baterako, ez genekien zenbateko buelta egiten genuen saltaka Zarautzen , herriari ematen genion itzulian. Aztin hasi, padurak, golfa, malekoia, bigarren tuneleraino eta buelta, Salbide eta Abendañotik, autopista atzetik, berriro Aztira. Tagzaniaren tresna berriari esker jakin izan dut: 10,2 kilometro egiten genuen. Hemen markatu dut.
Hemen behean Cheverny-n egin behar dudan maratoiaren ibilibidea pegatu dut Tagzaniaren arrasto berde berriekin. Uste dut ondo dagoela, bestela aldatuko dut, baina Cheverny edo Moulinsart - Haddock Kapitaina eta Tintin-en gaztelua -, bisitatu ondoren izango da, eta bide batez Loire aldeko beste gaztelu batzuk ikusi ondoren ...
Eguneraketa: bizirik ailegatu nintzen maratoia amaitzera ...
Technorati Tags: tagzania, maratoia, ibilbideak