Xabier Mugartzaren artikulua
Aurreko baten Luistxo Fernandezek hamentxe esandakotik jakin juat Goiena.eus-en Xabier Mugartzak argitaratutako artikuluan polemikiana. Pasa dan astian ez najeutsan kaso haundirik egin (bestelako zeregin larregi buruan...); baiña hurrengo egunetan, fedibertsuan eztabaidia bolo-bolo zebixala ikusitta, zorixoneko artikuluorrek zer ziñuan esateko gogua sartu jataan. Baiña ezin! Goienatik ezabatu zanez gero, ezin zeikialako iñun be irakorri (bueno, twitterren bai baiña ni ez nauk ibiltzen estolda horretan).
Hauxe idatzi najuan Mastodonen, mezu honen erantzunen harixian (pare bat estekakin osatuta): "Ez dut esango zentsuraren alde edo kontra nagoenik, modu maximalistan, hori ez delako erreala (ez niretako, ez inorendako; nahiz eta kontrakorik esan). Esate baterako: @eibarorg blog komunitatean bertan iritzi emaile kontrakostream xamarra dugu, kristorenak eta bi botatzen dituena lurraren lautasunaz, konspirazioez, txertoez, plandemiaz, chemtrailez, eta zer ez. Askok bekainak altxaturik irakurtzen ditugu horrelakoak, baina nik dakidala, inork ez du orain arte proposatu haren bloga kentzerik edo moderatzerik. Noski: hogeitik bat da. Horrelako iritzi emaileen kopurua handia balitz, seguraski jarrera aldatu beharko genuke. Nora heldu nahi dudan? Disidenteak isilaraztea, berez, ez zaidala gustatzen. Ez besteek guri egiteak, ezta "gutarrok" besteei egiteak ere. Inoiz egin izan dut, bai, baina salbuespen bezala. Ezin da araua izan. Nik, nonbaiten, Xabier Mugartzaren artikulu hori irakurri nahiko nuke. Barbaridadea iruditzen zaidan edo ez esan ahal izateko".
Ba, hara, "samariar on batek" paperezko aldizkarixan argazki bat bialdu jestak; hauxe dok artikuluori.
Irakorri juat ba. Nere inpresiñuak zeintzuk dirazen? Hasteko, nahikua inofentsibua begittandu jatala. Argudixuak, oso superfizialak; tabernako barran botatzeko morokuak (zutabe baten enkajatzeko, ezin dok bestela izan).
Terraplanismuan kontuari heltzia, ostera, ke-kurtiña batekin babesteko ahalegin zikin xamarra begittandu jatak ("zuek, wokeak, terraplanismuan kontra itsuki zoiazien zezenak zarienez, ea hau irakorritta trans-queerreri be adarra bide batez sartzen detsazuen"). Baiña... no cuela.
Artikulo hau hamen argitaratu edo ez, duda batzuk izan jittuadaz (asko ez). Egixa dok artikulua demagogikua dala: sinplia, zuzena, argixa... TERFen artian hedapen haundixa lortzeko aproposa. Baiña lehendik transfobo dana, ez dok transfobuago bihurtuko hau irakorritta. Eta kontrara egin nahi dogunok, barriz, ZERI kontra egin behar jakon irakorri beharko geunke.
Biharbada Mugartzari falta jakona (etxakixat, berak esan biharko lajeukek hori) trans eta queer jente gehixago ezagutzia dok. Horretara gauzia asko aldatzen dok-eta. Arrazismuan kontrako txertorik onena be, lagun baltzak, ijittuak, moruak etabar egittia dok: euren bizitzetan sartzia, eguneroko kezka eta pozak partekatzia. Horretara, neuretako, genero-dibertsidadia bertatik bertara ezagutzia mundu ezezagun bezain ederrerako atetik kuku egittia morokua izan dok. Euskal redneck-ak (= antxiñako moldeko gizarte integrista xamarrian dirauen jentiak) bide hori esplorauko balebe, seguraski desbardinttasunan aldeko enpatia gehixago izango lajeukiek.
Hain zuzen be, lehen esan doten Eibar.org-eko gure abots disidentiakin be horixe pasatzen jatak neuri: Asier Arregi neure laguna dok; Matrallako Irratixan alkarrekin ibilli giñuan; eta, gaur egunian, gure ikuspuntuak bata bestiangandik asko urrindu dirazen arren (sozialki, profesionalki, zientifikoki, politikoki...), ulertu ez, errespetatu bez batzutan, baiña espazio bat konpartitzen dogu, sikieran gure disidentzieri buruz modu zibilizatu baten berba egin ahal izateko. Hau, duda barik, pertsonalki alkarri detsagun estimuangaittik dok; ezezagun batekin seguru ez neukiala halan jokatuko.
Zelan ez, Mastodoneko elkarrizketa horretan Ana Galarragak esandako beste hau be ulertzen juat: "ulertzekoa —eta beharrezkoa— da komunikabide batek iritzi-artikulu bat erretiratzea, irakurleek ohartarazten badiote bere kode deontologikoaren kontra doala". Horregaittik, etxaukat atxakixarik Goiena.eus-ek hartutako erabagi horrekingo (artikulua webgunetik kentzia). Linea editorialak horretarako egitten dittuk.
PD: leihaketa-kirolan kontuan, sartu be ez nauk egingo. Mundu zikin horretan gertatzen dirazen zentzubakotasunak zuritzeko bigurrixetan sartzia etxatak interesatzen. Aldatu biharko litzakena ez dalako araudixa, leihaketa-kirol kontzeptua bera baiño.

