Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Euskarazko hedabideetan transfobiarentzako salbuespena? Ez

Euskarazko hedabideetan transfobiarentzako salbuespena? Ez

Luistxo Fernandez 2026/07/06 11:55
Arrazakeria edo homofobiaren aldeko aldarriak ez daude ondo ikusiak euskarazko hedabideetan, eta batzuetan ezin dira argitaratu ere egin. Baina -keria eta -fobia sorta kantzelagarritik salbuetsi nahi dute transfobia, trans jendea zabar tratatzea libre egin nahi dute transfoboek. Eta aliatuak dituzte.
Euskarazko hedabideetan transfobiarentzako salbuespena? Ez

LGBTIQ+ bandera trans-inklusiboa (erakundeetan gero eta ohikoagoa, adibidez azkenengo Harrotasun egunean Donostiako udaletxean)

Duela egun batzuk Xabier Mugarzak idatzi zuen artikulu bat Goiena agerkarian, egun batzuetara Goienak kendu duena ohar batekin. Testu transfobiko bat zen, nik ikusten dudan moduan, eta galbahea pasatu zuen deskuidoz edo ez dakit nola, baina gero Goienak ezabatu zuen, barkamen eskearekin (ondo egina, Goiena).

Amorru handia eman dio horrek Mugarzari, baina espero zuela ematen du, ze ez da harritu, idatzi duenez. Min emango zion, baina elkartasuna jaso du, jende dexente bere alde azaldu da, eta Goienaren kontra. Twitterreko mezu honen bueltan eta bertxioetan iritzi andana hori.

Nik uste dut hemen -keria eta -fobia sortatik salbuetsi nahi dutela transfobia, trans jendea zabar tratatzea libre egin nahi dute transfoboek. Kolektibo zaurgarri bat (Goienaren oharrak aipatzen duen bezala) zapaltzea da kontua. Ez da gauza berria transfoboen tema, baina pena ematen dit ze aliatu irten zaizkien hor, bereziki ezagutzen ditudan lagun batzuk, Iñaki Galdos eta Juan Luis Zabala, adibidez.

Overtonen leihoa mugitu nahi dute. Arrazakeria edo homofobiaren gaitzespena ontzat ematen da, eta jite horretako artikuluak ez argitaratzea ere bai, baina transfobia aparte saldu nahi digute.

Anti-woke erretorikaren tik sortarekin datorkigu Goienaren kontrako indignazioa: zentsura dela! Nora doa euskalgintza! Muturreko jarrera estremoak eta disparate azientifikoak (terraplanismoa, biratze ideologiko-biologiko ez dakit nongoak) inposatu nahia! Bereziki mingarria zait intsinuazio bat Juan Luis Zabala idazle eta kultura-kazetariari irakurri diodana. Joera bat ikusten du Zabalak: "ez dakit zehazki zergatik eta nola" sortu dena.

Esaldi horren zinismoa ez dut pasatzen utziko. Sinestarazi nahi digute kapritxo bat dela trans jendea defenditu eta transfobiari aurre egin nahi izatea. Wokismoak kutsatzen zaituela eta logikaz kanpokoak egitera behartzen zaituela birusak. Kontestuz aldatuta beste adibide bat emanda: Pello Reparaz showmanak trans jendearen inklusibitatearen aldeko aldarri egiten duenean eta Samantha Hudsonen ondoan agertzen denean, hori moda woke bati jarraituz eta marketin kalkulu soilez egingo balu bezala (honekin ez dut marketina gaitzetsi nahi bestalde).

Zabalak ez daki "zergatik eta nola" gertatzen den hau, baina ez da hain zaila Pipi: Reparaz dago trans jendearekin eta ez transfoboekin, benetan hori delako bere pentsamendua eta bere etika. Era berean, euskal hedabideak daude (oro har nik uste), printzipio etiko bertsuarekin konprometituta. Dirulaguntza deialdietan berdintasun printzipioekin bat egiten duzula demostratu behar duzu euskarazko hedabidea bazara, baina hedabideek horren bermea eskaintzen dietenean erakundeei, konpromisoa bete nahi dutelako da, esango nuke nik. Zinikoek pentsatuko dute tramite betetze hutsagatik sinatzen dutela hedabideek sinatzen dutena: ba pentsa dezatela eta eman diezaiotela bazka euskarafoboei. Bestalde, logikoa da EAEko erakundeek berdintasun printzipio batzuk defenditzea, eta bereziki kontuan hartu beharko genuke (kezka politikoak dituztenek hartu beharko lukete bederen), zein den Eusko Legebiltzarraren posizioa gai honetan, nola onartu zen Trans Legearen aldaketa 2024an. Iñaki Galdosen "kezka areagotzen ari da", irakurri diot. Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabalarekin onartutako legearen zioekin eta trans pertsona zaurgarrien defentsarekin bat egiten dutenean euskarazko hedabideek, orduan areagotzen da batzuen kezka? Bueno, PP eta Vox ere badaude Legebiltzarrean.

Euskal hedabideak daude transfobiaren aurka, bai. Euskarazko hedabideen Hekimen elkarteak Kode Deontologiko bat prestatu eta ontzat eman zuen 2024an. Onartu zen kontrakotasunik gabe, eta horrek ez du esan nahi gero bertako hedabide guztiek kodearen testu guztia bere egiten dutenik esplizituki ala beste modu batean, baina irizpide orokor onartu samartzat joko nuke dokumentu horretako esaldi bat: "ez da onartzen hizkera homofoborik, lesbofoborik edo transfoborik."

Ni mini-hedabide batean editore naiz, eta medio honen erabilpen baldintzetara ekarrita dago, beste gauza batzuen artean, esaldi hori. Sustatun "ez da onartzen hizkera homofoborik, lesbofoborik edo transfoborik." Eta kito. Hedabide bakoitzeko zuzendaritza edo kontseilu editorialak bere irizpideak izango ditu, eta aplikatzen ditu. Eta batek idazten duena ez bada kabitzen, ba kanpoan geratzen da. Baina lasai, transfobiarekin tabarra emateko aukera mediatikorik ez zaizue faltako: hor dago Twitter, ondo zaudete Elon Musk "adierazpen askatasunaren absolutista" ustezkoaren itzalean. Mastodon.eus-en ezin da, baina hor dago Instagram ere bai. Eusko Legebiltzarraren gehiengoa den bezalakoa da, baina hor dago Vox.

(ilustrazioko irudia Goio Arana lagunarekin sortua Wikipediarako).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2026 2025 2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004