Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Kultura Plana eta dantza (II)

oier_a 2004/09/30 15:14

Kultura planaren liburuska irakurrita lehen iruzkin batzuk egitera nator orain. Behar, hutsune eta arazo batzuk antzeman eta horiek osatzeko eman daitezken urrats batzuk zeintzuk diren zehazteko balio dezakeela iruditu zait. Gero beste kontu bat izango da aurreikuspenak betetzen diren eta egitasmoak gauzatzen diren.

Planak Euskal Kultura bere osotasunean du aztergai, eta erremedio asko orokorrak dira. Baina badira espezifikoak ere, alor bakoitzari dagokionak alegia, eta horien artean dantzakoei erreparatu diet noski.

Dantzari dagozkion proposamen zehatzek ez naute erabat asetu. Nire uste apalean dagoena hain urria izanik alor hau sustatzeko ahalegin handia egin beharko da, eta planean ez dut antzeman horrelako larritasunik. Orain arteko hildoetan sakondu beharra dagoela esateaz gain, egiten diren proposamenak ez dira benetako egitasmoak, aztertu daitezkeen proiektuak baizik. Alegia, ez da esaten dantza jardueretarako espazioak (Dantza Etxeak) sortu behar direla, baizik eta kontu hori aztertu behar dela. Ez da esaten dantza konpainia bat sortu behar dela, baizik eta horretarako aukerak aztertu behar direla. Eta niri egokia iruditzen zait, ez baitut uste planaren prestaketan horrelako kontuak zehatz-mehatz aztertzeko betarik izan dutenik. Baina kontua da, horiez gain apenas proposatu dela beste ezer eta azterketa horiek egiteko presa berezirik ez dela ezarri, 2005rako utzi baita Dantza Etxeak sortzeko aukeraren azterketa eta 2006-07rako dantza konpainiarena.

Bestalde, dantza tradizionalaren kasuan zaila gertatzen zait aurkitzea zein ataletan aipatzen diren alor horri dagozkion beharrak eta proposamenak. Ez Ondare Etnografikoei dagozkienetan eta ez Arte Eszenikoen dagozkienetan, ez ditut aurkitzen dantza tradizionalaren problematikarekin bete betean bat egiten duten diagnostiko eta jarraibideak. Adibidez, niretzat dantza tradizionalean gaur egun hutsune larri bat, gabezia kritiko bat, formazioari dagokiona da. Ez dago dantza tradizionalaren inguruko formazio sistema iraunkorrik, ez dago titulaziorik, ez ikasketa curriculumik, ez irakasle ez ikastetxe homologaturik... Gabezia hori azaleratzen duen aipamen zehatzik ez dut aurkitu eta hurbilena ondokoa da, Ahulguneak atalean datorrena:

  • Akats larriak daude hastapeneko prestakuntza espezifiko, profesional eta jarraituaren eskaintzan eta arte eszenikoetako lanbide-multzoan (sortzaileak, interpreteak, teknikariak, jantzi-diseinugileak, argiztatzaileak, eszenografoak...) eta dantzan.

Baina orokorregia da, eta ez zait iruditzen dantza tradizionaleko dantzari eta irakasleek dituzten formazio hutsuneak hor jasoa geratzen denik.

Ahulguneak

Ahulguneetan aipatzen dira han eta hemen dantza kontu gehiago, adibidez:

  • Sortzaileei (literato gazteei, musikariei, dantzariei...) ematen zaizkien laguntzak edo pizgarriak, edota egiturak, ez dira behar bestekoak. Musika klasikoan, interprete gisa, zinegintzan edota dantzan ari diren gazte askok kanpora jo beharra dute, ezinbestean, bere lanean arituko badira.

Beste ahulgune hau orokorra da, baina pentsatzen dut dantza tradizionala sar daitekeela hor:

  • Ondare etnografikoari, beste ondareekin alderatuz gero, erakundeek balio txikiagoa aitortzen diotela dirudi.

Planean EITBk euskal kulturaren munduan jokatu behar duen (eta jokatzen ez duen) paperaren inguruan hainbat aipamen egiten dira, eta tartean ondoko hau, ETB eta dantza-txapelketak lotzen dituen irudipenarekin bat egiten duena. Gainera, kasu honetan okerra da formulazioa, bakar-bakarrik dantza tradizionala eskaintzen du esaten baita bertan, eta ETBk aretoko dantzen txapelketei (dantzaki...) eskaini ohi dien programazio tarteaa ahazten baitu.

  • ETBn oso oihartzun txikia izaten dute gaztelaniazko zein euskarazko ikusizko arteen zein arte plastikoen edukiek, literaturakoek, edo musika-kritikakoek. Dantzaren kasuan, informazio eskasarekin eta agendarekin batera, bakar-bakarrik dantza tradizionala eskaintzen du, hainbat errepikapenekin eta zeharo muturreko orduetan gainera. On litzateke EITBk edukiontzi erako kultur programazioak zabaltzea, edota espezifikoak bestelako ordutegi egokiagoetan.

Dantza ikuskizun profesionalek dituzten arazoak ere nabarmentzen dira ahulguneen artean jasotako honetan:

  • Dantzari dagokionez, batzuetan pertsona batek berak egin behar izaten ditu sortzaile, produktore eta interprete lanak bere dantza-sorkuntzan. Laguntza eskasegiak daude haur, gazte zein ikusle helduentzako ekitaldiak eta Euskal Herriko zein kanpo alderako banaketa lortzeko. Ez dago dantza edo eszena lengoaia berriei eskainitako feriarik edo lehiaketarik.

Sormenaren hamarkada

Aurrera begira planaren egileek ateratako ondorio nagusietako bat hauxe da: Datorren hamarkadak edukien hamarraldia izan behar du, bai sorkuntzari bai produkzioari dagokienez. Are gehiago, sormenaren hamarkada izango dela diote. Eta horretarako, zenbait urrats proposatzen dituzte:

  • Hirugarrenik, sorkuntzari arreta jartzeak eszena, literatura eta musika arte guztien garapena ziurtatuko du, eta horiexek dira kulturaren produkzio, erreprodukzio eta media eremu guztietarako ezinbesteko oinarria.
  • Laugarrenik, gure ondare preziatuaren adierazpen anitzak gorde eta zaindu beharra dago, desagertu aurretik. Eta zaintzeaz gain kontestua errespetuz emanez eta era sortzaile edota funtzionalean gure garaietara egokituz.

Beraz, lehenenego sorkuntza eta garapena bultzatu, eta gero ondarea gorde eta zaindu. Nik alderantziz ikusten dut ordea, lehenengo bildu eta gorde, eta gero hortik abiatuta sortzen hasi.

Jarduerak

Diagnostikoaren ondoren Jarduerak atalean bildu dituzte planaren egileen iritziz lehentasunezkoak diren egitekoak. Arestian esan bezala, dantzaren kasuan jarduera zehatz gutxi eta balizko jarduerei buruzko azterketak nagusitzen dira. Hona zuzenean dantzari egokitu dakizkion jarduerak (bakoitzaren bukaeran ageri den zenbakiak jarduera hori egiteko epea, urtea, adierazten du):

  • Musika, dantza eta antzerkiaren sektoreen egoera eta lehentasunei buruzko azterlan bat egin. 04-05
  • Lurralde historiko bakoitzean dantzaren arloko profesional eta zaleentzat zentro koreografiko bat «Dantza Etxea» eratzeko kontua aztertu. 05
  • Estilo ezberdinak jasoz dantzako gazte konpainia bat sortzea bideragarri izango litzatekeen edo ez aztertu foru aldundiekin batera. 06-07
  • Honako arlo hauetako sostengu publikoa eta dirulaguntzak areagotu: Eszenarako sorkuntza, produkzioa eta banaketa. 05
  • Dantza-zirkuitu finkoa eratzeko ahaleginak areagotu foru aldundiekin lankidetzan. 05-06

Bost jarduera horietatik hirutan aztertu egin behar dela diote eta beste bietan areagotu. Ez da emozionatzeko modukoa. Baina kontuz, beharrezkoa iruditzen zaizkit, eta gutxitxo iruditu arren, horiek aurrera egiten badute, izango da zerbait!

Lehenengo jarduera, sektoreen egoera eta lehentasunei buruzko azterlan bat egin funtsezkoa iruditzen zait, baina espero dut Plana egiteko dantzari buruz erabili den txostena baino zerbait serioagoa izango dela.

Dantza Etxea eratzeko kontuari buruz, proposamen interesgarria iruditzen zait, eta horren ezaugarriak ondo aztertu beharko badira ere, ea aurrera egiten duen. Dantza konpainiarena ez dut oso argi ikusten, estilo ezberdinak jasoz horrek batez ere zer esan nahi duen jakin nahiko nuke. Baina, horretarako jarritako epea (2006-07) ikusita, idatzi duenak ere oso argi ez zuela dirudi.

Beste biak Areagotu taldekoak dira, eta noski, gutxitu ez den neurrian, poztekoak.

Ondarea

Lehen esan bezala, dantza tradizionalari horietako zeinek eragin diezaioken jakitea ez da gauza erraza. Arte eszenikoen alorrean normalean gutxietsita egoten da dantza tradizionala, eta beraz, ondarearen inguruko jarduerei erreparatuko diegu. Hor bi jarduera proposamen aurkitu ditugu akaso dantzari egokitzeko modukoak:

  • Kultur ondareari dagozkion inbentarioak eta katalogatze-lanak egin. 04-05
  • Aurrekontu partidak eratu ondare etnografikoa kudeatzeko eta babesteko. 04

Benetan dantza tradizionalak hor tokia izango duenik zaila da jakitea baina, erne izan beharko gara.

Ur tanta bat dantzaren basamortuan

Dantzaren alorrean ditugun zenbait hutsune larrirentzat irtenbide garbirik ez dut antzeman planean, baina gerta daiteke ulertu edo ezagutzen ez ditudan jarduera eta egitasmoetan jasota egotea horietako batzuk.

Arestian aipatu dugu formazioaren inguruan dugun arazo larria. Horrez gain nabarmena gertatzen da dantzaren dokumentazio zentro baten beharra, musikaren alorrean Eresbil duten bezalako bat alegia. Ez zait iruditzen aipatzen diren dantzaren etxe horien lehentasunezko egitekoa izango denik dokumentazio zentroarena, beraz, ez dut ikusi hutsune hori betetzeko inolako egitasmorik.

Dantza tradizionaleko emanaldiak, tokian-tokiko jai eta ospakizunetan ziklikoki egiten direnak, ondare bezala katalogatu, eta dagokien laguntza eta zaintza eman beharrekoa iruditzen zait, eta ez dakit ondare etnografikoari dagokion ataletan horrelako asmorik jasoa ote dagoen.

Atzoko mezuan aipatzen genuen bezala, dantzaren basamartua hain da lehorra ur tantarik txikiena ere pozik hartuko dugula. Beraz, ezer baino lehen, ongi etorriak izan daitezela ekimen berri, azterketa eta areagotze nahi guztiak.

Kultura Plana eta dantza (I)

oier_a 2004/09/30 15:13

Kulturaren Euskal Planaren aurkezpenean izan nintzen atzo. Jaurlaritzak kulturaren alorrean diharduen hainbat lagun bildu zituen ekitaldirako Bilboko Euskalduna jauregian.

Kulturaren alor askotako ordezkaritza zabala zegoen han, 600 gonbidatu inguru omen ginen. Dantzarien ingurukoak ere baziren zenbait: Juan A. Urbeltz, Iñaki Irigoien, Edu Muruamendiaraz, Xabier Mendizabal, Jose Inazio Beitia, Aitor Beitia, Sabin Ipintza, Gaizka Benguria, Josu Mujika, e.a.

Hiru urtez eta kulturaren munduko 300 lagunen partehartzearekin burutu da plana. Lan horren emaitza, eta azken batean, datozen urteotan Eusko Jaurlaritzak kultur kudeaketarako erabili beharko plana aurkeztea zen helburua. Bost lagunek jardun zuten zeregin horretan aurkezle-mahaitik: Gurutz Larrañaga (Jaurlaritzako Kultura Sailburu ordea), Miren Azkarate (Kultura Sailburua), Andu Lertxundi (idazlea), Aurkene Alzua (irakaslea) eta Juan Jose Ibarretxe (Lehendakaria).

Aurkezpenean planaren ildo nagusiak aurkeztu zizkiguten, baina liburuskarekin etxera iritsi eta orriz-orri arakatu arte ezin ondorio handirik atera. Hori bai, zenbaitek genuen sentsazioa zera zen, plana egiteko jende askorekin kontatu zutela esan zutela, baina “gurekin” behintzat ez dutela kontatu, eta behin partehartzera irekitzen hasita ez dela ondo ulertzen zergatik zirkuloa ez zuten gehiago zabaldu. Bigarren barne-ustea zera da, plana bikaina izan daitekeela, baina gero hori gauzatzeko beharrezko baliabideak, dirua azken batean, jartzen ez bada, alper-alperrik dela.

Ordubete iraun zuen aurkezpenak, eta gero modako pintxo txiki-txiki horietako pila bat jateko aukera izan genuen, berriketa eta sabel-betetzea neurrian tartekatuz.

Etxera bueltan liburua irakurtzen hasteko tartea izan nuen. Oraingo egoeraren diagnosia egiten duten orrien artean diru-kontuak atentzioa deitzeko modukoak iruditu zitzaizkidan, batez ere munduari dantzaren optikatik begiratzen diogunontzat. Eusko Jaurlaritzak alor bakoitzera bideratzen duen dirua zerrendatzen zen, eta dantza, anaia pobrea dela esaten dugunontzat konfirmazioa. Handitik txikirako ordenean jarri ditut alor guztiak, eta ez dut batere kendu, hau da, azkena dagoena txikiena delako da... Hara datuok:

Eusko Jaurlaritzaren gastu publikoa (miloi euro)

  • EITB 98.60
  • Hizkuntza politika 32.90
  • Museoak, arte ederrak eta erakusketak 13,61
  • Musika 8,55
  • Zinema 4,21
  • Arkitektura eta arkeologia ondarea 3,56
  • Liburutegiak 2,09
  • Antzerkia 1,81
  • Agiritegiak 1,03
  • Liburuaren sustapena 0,83
  • Arte plastikoak 0,52
  • Dantza 0,47

Dantzaren alorrean azpiegitura, formazio-sistemak, dokumentazio-zentro, sormenerako laguntza, hedapenerako zirkuito eta beste kontu guztietan egoera penagarria dela jakiteko ez dago ikerketa handirik egin beharrik. Administraziotik orain arte bideratutako diru-kopuruak ikusita nabarmena da baita ere egoera horri buelta emateko benetako asmorik ez dela izan orain arte. Abiapuntuan gauzak horrela badaude, begibistakoa da gutxi beharko dela “hobera” egiteko. Okerrerago nekez joango baita kontua.

Baina ez gaitezen aurreratu, momentuz hemen utziko dut. Txostena irakurri eta jarraituko dugu hizketan. Aurkezpenean jakinarazi zutenez Internetez irakurri ahal izango da kultura plana, ondoko helbidean: www.euskadi.net/kulturaplana

Klonak eta morrisak

oier_a 2004/09/02 09:57

Ingalaterratik etorritako dantzariak zur eta lur geratu dira futbol zelaian milaka dantzari ikusita. Headcorn Morris-ak dira, Kent eskualdekoak, morris dantzariak beraz. Morris-ak 6-8 dantzarik osatutako taldetan dantzatu ohi dute, arropa txuriz jantzita, kolore biziko gerriko eta zintekin apainduta, eta belaun azpian txintxarriak dituztela. Entzuna zuten Euskal Herrian beraien oso antzeko dantzak zeudela, eta Getxora iristean, Itxas Argia taldeko dantzariak ikustean berretsi dute morris dantzek eta euskal dantzek dituzten antzekotasunak. Biharamunean, Abadiñon daude Headcorn Morris dantzariak. Bizkaiko Dantzari Eguna ospatzen da bertan eta ikusminez jarraitu dute Astola futbol zelaian bildutako milaka dantzarien emanaldia. Hasteko dantzari kopuru handiak harritu ditu. Baina taldeek zelaia hartu eta dantzari-dantzari ekin diotenean, kopuruak baino dantzari guztiek dantza berberak eta modu berean egiten dituztela ikusteak eragin du morris dantzarien harridura.

Kent-era bueltan Euskal Herrian ikusitakoaren berri eman diete beste morris dantzariei. Morrisen eta ezpata-dantzen arteko antzekotasunak, makilak elkar jotzeko euskal dantzariek erakutsitako abiadura eta trebetasuna, eta zerurantz jaurtitako ostikada indartsuak izan dituzte mintzagai. Baina zerbaitek harritu baditu, dantza talde guztiak errepertorio bera eta modu berean dantzatzen ikustea izan da. Haien buruan ez da kabitzen horrelakorik, zer zentzu du herri guztietako talde guztiek dantza berberak egiteak? Non dago talde bakoitzaren nortasuna? “Hori anatema da!” adostu dute. Madarikazioa, gaitzesgarria erabat.

Tradiziozko dantzen ulerkera desberdin horien atzean kezka politiko oso desberdinak dituzten herriak daudela iruditzen zait. Politikan gauzatu ez den nazio batasuna folklorean bideratu nahi izan dute batzuk hemen. Ingelesek ez dute horrelako kezkarik eta herri eta auzo bakoitzak beren nortasuna aldarrikatzen du dantza tradizionalaren bidez. Hortik herri guztietako dantzariak elkarren klon bihurtzeak eragiten dien eskandalua. Niri milaka dantzari dantza bera egiten ikusteak ez dit eskandalurik eragiten, baina asperdura bai.

Badira dantza propioak dituzten herri eta auzoak. Dantzari klonen oihanean nortasun berezi horiek sendotzen ari dira azken urteotan. Ospakizun eta errepertorio propiorik ez dutenak berriz noraezean dabiltza, hangoak eta hemengoak kopiatuz, baina dantzari pilaketa klonikoetan tokia aurkitu ezinda. Beste zenbaitek, bide berriak jorratu behar direla eta, koreografia berrien modari heldu dio. Tradizioak etengabeko berrikuntza eta egokitzapena berezko dituela kontuan hartu gabe, eta tradizioaren txoko eta jira-bira aberatsak gozatzeko aukera izan aurretik, sormen lanetara emanak dabiltza.

Abuztuaren 10ean, San Lorentzo eguna dela eta Iruñera hurbildu gara. San Lorentzo kaleko jaietan kaleratzen den dantzari taldea ikustera joan gara. Dantza berriak plazaratu dituzte orain bost urte auzoko jai egitarauan txertatuta eta arrakasta erabatekoa izan da. Dantza berriak dira bai, baina ikusi ditugun dantza horietan zenbait mendez han eta hemen dantzatu izan diren, eta oraindik hainbat tokitan dantzatzen diren, dantzen erroak, sustraiak eta arima bizirik daude. Berri-berriak izanagatik erabat tradizionalak dira. Izan ere, dokumentazio zorrotzean eta tradizioaren ezagutzan oinarrituta eraiki dituzte dantza berriak. Eta dantza horiek gozatu eta maitatuko dituen auzoko jaien babesean plazaratu dituzte.

San Lorentzoko dantzarien proposamenak bat egiten du Ingalaterrako morris dantzariek tradiziozko dantzak ulertzeko duten moduarekin. Auzo edo herri bakoitzak bere dantza taldea izatea gauza ederra da, baina oraindik hobea talde horrek bere janzkera, dantza eta ospakizun propioak baldin baditu. Iruñea zaharraren bihotzean, San Lorentzoko dantzariei begira, morris dantzariak ikusi ditut dantzan.

Oier Araolaza

Akabo Jazzman-eko akondia berdeak

oier_a 2004/08/02 12:02

Bukatu dira akondia berdeak Jazzmanean. Azken aldian gero eta aukera gutxiago izaten genituen hanburgesaren ogitartean jarritako oilasko paparra plantxan, pipar berdea, gazta, letxuga eta maionesa konbinazio ikaragarria gozatzeko, baina oraindik irekita harrapatzen genituenean ez genuen barkatzen. Ba bai, udako hustualdiaren babesean, ixilpean itxi ditu bere ateak betirako Jazzman-ak. Eibartarrak posta zerrendara Asier-ek bidalitako mezu baten bidez jakin dut. Eibar.org-en ere irakurri dezakezue Albistea. The Jazzman itxi da.

Eibarko San Juan kaleko hanburgeseria txikia zen The Jazzman. Garai batean kalearen beste aldean zuen izen berarekin diska denda ezagutu genuen. Harek gutxi iraun zuen, baina hanburgeseria betirako zela uste genuen.

Termita kuadrilla batek etxea jan du barrutik eta etxea botatzeko asmoekin bat eginez itxi dute taberna. Termiten kontu horrek Julian Barnes-en liburu bat, A History of the World in 10 1/2 Chapters gogorarazi dit, nik gazteleraz irakurri nuen, Una historia del mundo en diez capitulos y medio, liburu ederra eta gozagarria. Bertan bada termitekin lotutako ipuin zoragarri bat. XVI. mendean, termita bati egiten dioten epaiketa baten berri ematen du, gizonek eraikitzeko 2-3 mende behar izan dituzten katedral handia urte gutxitan barrutik jan baitute termitek. Fiskalak ahalegin handiak egiten ditu frogatzeko termitak ez zirela Noe-ren arkan baimenduta sartu eta beraz ilegalki (papelik gabeko etorkinak bezala) daudela mundu honetan.

Baina desbideratzen ari naiz. Egia da The Jazzman umetatik ezagutu dudala eta koadrillakoekin maiz izaten ginela bertan zerbait jateko asmotan. Baina orain 12 urte Eibartik Elgoibarrera dantzan ikastera joaten hasi ginenetik toki berezia bihurtu zen guretzat Jazzman-a. Ostiralero Elgoibarren ensaioa egin, 9.30etan hasita eta gaueko 12.00ak aldera iristen gara Eibarrera, zuzenean San Juan kalera, afari tenorea egiteko asmotan. Maltzagari iritsi aurretik Akondia berdearekin ametsetan etortzen ginen. Aitortu behar dut Elgoibarrera joaten hasi ginenean, bueltan, Robertok esaten zidala goazen Jazzmanera zerbait jatera! eta nik ezetz etxera nihoala. Gero Enrike hasi zenean hau persuasiboagoa izaten denez konbentzitu ninduen behin eta betirako.

Elgoibarko dantza saioekin batera gure lagunartea sendotzen, pitzatzen eta berriz sendotzen ezagutu du The Jazzmanek urte guzti hauetan. Roberto, Aresatz, Enrike, Virginia eta Oier izaten ginen lehen urteotan, gero Ainhoak, Josuk eta Anek osatu zuten taldea, baina ordurako aurreko taldeko Virginiak utzita zuen, eta gerora Aresatz eta Robertok ere, dantza kontuetatik piskat aldendu ahala.

Argazkia: Azken urteotako laukotea, Ane, Enrike, Ainhoa eta Oier Jazzmanean. 2001ekoa da argazkia.

Azken aldian gero eta lehenago ixten hasita ziren Jazzman-a ostiral gauetan, eta gu 12.00ak baino lehen iristea milagroa izaten denez, gero eta gutxiagotan lortzen genuen akondia berde berdinezinarekin gozatzea. Orain urte batzuk egindako argazkia geratuko zaigu dozena bat urtez ensaio osteko ostiraleko gure afaria bikaina zein izan den gogoratzeko.

Hona Jazzman-eko Akondia berdea. XX. mendeko sukaldaritzaren gailur handienetakoa:

Soka-dantza Azurtzan

oier_a 2004/07/27 19:42

Toki ederra da Azurtza. Goimendi ere deitzen diote. Eibar, Elgeta eta Soraluze artean dago, eta administratiboki Elgetari dagokio.

Honela ikusten da Eibar Azurtzatik.: Uztailaren 25a, Santiago eguna, auzoko jaiak ospatzen dira eta bertako ermita ederrera eraman gintuen Josuk soka-dantza egitera.

Josu aurresku zela, Aiert atzesku eta Enrike eta biok zerbitzari lanetan auzoko gizonekin osatu genuen soka.

Auzoko emakumeak atera genituen sokara. Hemen Josu Agurra dantzatzen haietako bati.

Eta Aiert eta Josu Aita SanMigel dantzatzen.

Soka gizon eta emakumez osatuta.

Bukatzeko dantza soltean.

Txistulari lanetan Andonik jardun zuen eta argazkiak Ainhoak egin zituen.

Erromerien erokeria

oier_a 2004/07/10 02:00

Argia, Oier Araolaza, 2004/07/09.

Aurretik eta ondoren beste hainbat ekimen izan badira ere, nabarmendu nahiko nuke badirela ia 15 urte Gasteizko Folklore Eskolak hiri handi bateko plaza eder bat fandango, arin-arin eta larrain-dantzen dantzaleku bihurtzeko estrategia interesgarria bideratu zuela. Ekimen hori arrakastarekin kopiatu da plaza batzuetan eta porrotarekin beste zenbaitetan.

Gasteizko eskarmentuak bazituen zenbait irakaspen interesgarri. Adibidez ekimen xumeek ondo funtziona dezaketela, eta interesgarria dela sistematizatua izatea, alegia, ohitura errotu ahal izateko maiztasun egokian gauzatzea. Piezak tentuz aukeratu eta dantzatzeko moduko erritmoan eskaintzea komeni dela, eta dantzarako prest dagoen nukleo txiki bat egonez gero, xaxatzaile lana beteko duen dinamizatzaile on batek plaza osoa jar dezakeela dantzan. Aurten Zerain-en bideratu denak antzeko ereduari jarraitu dio.

Horien ondoan egun bakarreko erromeria erraldoiak sortu dira. Dantza bat "dantza nazionala" bataiatzearen txapelkeriaz oraindik osatu gabe gaudenean, orain "erromeria nazionalak" sortu ditugu. Jai mundialak izan nahi dute, handik eta hemendik hurbildutako dantzazaleen elkartoki, baina, su artifizialak bezala, eztanda egin orduko itzaltzen dira, tonaka erregai xahutuz eta zeruan izarrak ikustea eragotziko digun kea utziz. Erromeriak plaza eta herri guztietan sustatu, eta horiek funtziona dezaten oinarriak jartzen saiatu beharrean, dantzazale konbentzitu apurrak egun eta toki batean biltzeak erromeriaren ghettoa sortzeko lehen urratsa dirudi. Erromeriak folklorizatu, fosilizatu, eta urtean egun batera zokoratzeaz haratago, zaila da irudikatzea zein emaitza eskain dezaken horrelako ekitaldi batek.

Morris dantzariak eta euskal dantzak

oier@dantzan.com 2004/07/10 02:00

Ez dut ezagutzen dantza munduan beren dantzen jatorriaz morris dantzariak baino jakinmin handiagorik duenik. XX. menderen hasieran morris dantzak ia erabat utzita zeuden Ingalaterran, baina Cecil Sharp eta beste ikertzaile batzuen ekarpenen ondoren beraiek "revival" bezala izendatzen duten berpizkunde prozesua eta loraldi izugarria burutu da. Gaur egun, morris dantza taldeak Ingalaterra osoan errotuta daude, baina AEBtan, Kanadan eta Australian ere ehunka morris dantzari eta talde daude. Eta azken hauetan gainera Unibertsitatean ikertzaile dabiltza zenbait, beraz, beste inon aurkitzerik ez dagoen publikazio, mintegi eta informazio truke dinamika aberatsa dute morrisek. Horien bizkarhezurretako bat The Morris Dancing Discussion List (MDDL) da, morris dantzen inguruan hitzegiteko posta zerrenda. Aste honetan Euskal Dantzen eta morris dantzen arteko loturaz galdetu du norbaitek. Euskal dantzetaz hasi dira hizketan, eta ezin aguantatu ezer esan gabe. Hitzegin badut hitzegin dut. Erotuta dauzkat orain, galderak eta hipotesiak eginez, nik erantzun ditzadan.

Kontua zera da, morris dantzen ezaugarri asko, euskal dantzen berberak direla: 6-8 dantzaritako taldeak, bi hilaratan antolatuak, txuriz jantzita, txintxarriak belaun azpian, koloretako bandak eta apaingarriak paparrean, ezpatak eta makilak elkar joz egiten dute dantza... Argazkiak ikusten hasi eta familia bereko emaitza desberdinak dirudite. Horretaz aspaldian konturatu ziren XX. mende hasierako folkloristak, eta ez alperrik euskal dantzei buruz idatzi zuten Violet Alford eta beste zenbait ikertzailek.

Baina begirada irekiz gero Europako lurralde askotan aurki daitezke antzeko dantzak. Espainian makina bat dira. Aragoan, Gaztelan, Extremaduran... Kataluniako Bal de Bastons, Rumanian, Austrian, Alemanian... Baina XX. mendeko folklorizazioak estalita utzi ditu askotan dantza horiek eta horien ordez sartutako beste batzuk (jotak, kontradantzak e.a. ) eta erritorako eta kalerako jantziak nahasiz egin diren jantzitegiekin tradizio horien erreferentziak ezkutuan geratu dira. Baina hor daude, eta begibistan begirada piskat behartuz gero.

Kontua da XX. mende hasierako lehen ikertzaileen ekarpenez gero euskal dantzak beti izan direla ingelesentzat erreferente, lotura, eta beren buruaren jatorria ezagutzeko ezinbesteko urrats. Ez ziren alperrik 1920ko hamarkadan Berrizko dantzariak Londresen dantzan izan.

Morris dantzariek galdera asko egiten dizkiete beren buruari. Zergatik dute izena morris beren dantzek? Mairuen erreferentzia ote da? Nola liteke hori? HOrren erantzuna ere Iberiar penintsulan aurkituko dutela espero dute.

Guzti honen inguruan hipotesi iraultzailea dauka Juan Antonio Urbeltzek, baina momentuz bere lanak euskaraz eta gazteleraz argitaratu direnez morrisek ezin izan dute horren berri izan. Bitartean hemen nabil ni galderak erantzun eta erantzun morrisen posta zerrendan. Nire ingeles makarronikoarekin!

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter