Udako postalak (eta XIX)
Honekin amaitzen dut Berria-rako udan egindako lana.
Asteartea, irailak 13
Kantabriar suminduak:
Lehorrekoa naiz eta ez dut ezagutzen estropaden araudia, baina jendeak erraz asko hitz egiten du futbolaz ere; ezin onartuko dugu alardezaleen bertako izan beharra iritzia emateko. Hortaz, nire ezjakinean aitor dezadan ulertzen dudala kantabriarren haserrea. Pedreñaren maniobra zigortzekoa baldin bazen, ordu biak arte itxaron behar al zen erabakia hartzeko? Kantabriarren tokian Orio egon balitz, eta horiak izan zortzietan azkarrenak, epai bera ematera ausartuko al ziren? Donostiako Bandera RHa bezala berez dagokigula uste al du norbaitek? Euskalduna naiz eta ez nago harro.
Asteazkena, irailak 14
Oier Gorosabel:
Irakurle gehienek ez zaituzte izenez ezagutzen, baina gogoratuko dira esanez gero zu zarela orain dela hiru urte, 2002ko irailaren 14an, Batasunaren ilegalizazioaren kontra Bilbon antolatu zen manifestaldi handi hartan, bidea mehatxuka ixten zuten ertzainen aurrean biluzik eta beso zabalik paratu zinen gizasemea. Baltzaren beltzak parean, goitik behera mozorrotuta eta armaz josita, eta aurrez aurre zure gorputz lerdena, flower power berri baten aldarrikapen mutu eta ozena. Tamalez, sumisioarekin lotzen da hemen bakezaletasuna, eta zu, Mister Euskadi izendatu beharrean, zomorroien borra-kolpe eta espetxeko bolada batekin saritu zintuzten.
Osteguna, irailak 15
Obabako maistra:
Gaur ikusiko zaitugu, azkenik, pantaila handian. Istorio bat ezerezetik sortzea miraria bada, ez da txikiagoa hitzezko sorkari bat irudi bihurtzea. Zinemaren magia dela-eta, lehengo Espainiako Joana Eroa sutsu haren itxurapean ezagutu beharko zaitugu. Eta erdaraz egingo omen duzu Manuelekin, goizetan estufa pizten zizun Mugatseko morroi ttikiarekin. Ez dakit hori zinearen magia den, edo gure ezina. Nolanahi dela, hori eta gehiago ere barkatzeko prest gauzkazu. Esango dizugu.
Ikusleen besaulkitik, muxu bat.
Ostirala, irailak 16
Yoyes gure doloretakoa:
Joan zen astean izan zen zure heriotzaren (zure hilketaren) urteurrena, eta pasa egin zitzaidan. Izan ere, inon ez nuen ikusi oroigarririk, iragarkirik, gogoan zintuela zioen afixarik. Eta hala ere, hortxe zauzkagu, gogoaren barrenean iltzaturiko arantza. Zaharraren zaharrez itxi al litezke zauriak? Ala azkura sortzen segitzen dute, orbainaren azpian? Zure izena gaizki eginen, hanka-sartzeen, harrokerien oroigarri izango dugu luzaroan. 19 urte pasa eta gero alferrik beharbada inor barkazio eske hastea, baina iritsi dadila eguna, etorkizunari lasai eta iraganari zintzo begiratzeko. Zuretzat ez bada ere, zure semearentzat eta gu guztiontzat.
Larunbata, irailak 17
Georges W. Bush:
Epelak bota dizkizute berriz ere. Zer-eta Nazio Batuetan Condoleezza Rice-ri ohar bat pasatu diozulako: Uste dut bainura joan behar nukeela. Zuk uste duzu posible dela?. Barre egiten dizute bazterretan, komunerako baimen eske ibiltzeagatik. Niri, berriz, iruditzen zait heziera ona eta umiltasuna erakutsi dituzula: han bildutakoekiko errespetuz zure beharrei eusteko prest egoteagatik, eta, zure ezjakintasuna aitortuz, gehiago dakitenei galdetzeagatik. Munduaren arazoa ez da beraz zure erokeria, sinetsarazi nahi diguten moduan, zure ingurukoen harrapaketa-gosea baizik. Edo sistema bera akaso?
Igandea, irailak 18
Ispiluko laguna:
Postalaren stakhanovista bihurtu zara uda partean, jendeak sms-ak baino bidaltzen ez dituen garai honetan batari eta besteari idatziz, irakurlerik ba ote duzun ere jakin gabe. Posta Zerbitzuak domina bat emango dizulakoan ala? Oilo-lurretik asko urrundu gabe ibili zara hala ere, paraje exotiko gutxi ikusi dugu zureetan.
Baduzu garaia, beraz, zuk ere oporrak hartzeko, jendeari bakea emateko eta zure garun gastatuak apur bat egurasteko, ez da pertsonarentzako martxa-eta aspaldi honetan darabilzuna. Horrenbestez adio, eta ez bueltatu puska batean.
Gainbehera baten telefilma
Per Fly zuzendari daniarraren "Drabet" (Nahi gabeko hilketa) da Zinemaldiko sail ofizialean larunbatean ikusi dugun bigarren filma: borroka politikoa, biktimak, adin desberdineko bikoteak, erru-sentimenduak eta beste hainbat gai ukitzen dituen lana, egikeraren aldetik telefilm bat dirudiena.
Carsten 52 urteko unibertsitate-irakasle progrea da, bere emazteaz asperturik-edo Pil bere ikasle ohiarekin dabilena; ezker muturreko militantea da Pil eta, gau batean, bera eta bi lagun arma-fabrika batean sabotaje bat egiten ari zirela, beren furgonetaz jo eta akabatu egingo dute polizia bat. Hortik aurrera datoz kartzela, epaiketa, Carsten-en dibortzioa, lana uzteko presioa...
Flyren filmak gogoeta-gai ugari plazaratzen ditu, hala nola biktimen ahaideen krisia, adin bateko gizonezkoek neska gazteekin izaten dituzten txoraldiak, delitu baten ondoren sor litezkeen kontzientziazko arazoak... Une batez badirudi zuzendaria bera galdu egiten dela eta ez dakiela istorioa nondik nora eraman, baina Carsten-engan zentratzen da orduan, gai horiek guztiek beregan bildu eta egundoko nora eza eragiten baitiote.
Kontu hurbilak gertatzen dira aipatu ditudanak, batzuk unibertsalak direlako eta beste batzuk gure artean ohiko samarrak direlako. Hala eta guztiz, filmak ez du lantze artistiko berezirik, ez argazkian, ez muntaian, ez gidoian, eta arratsalde-pasako telefilm baten itxura hartzen zaio, etika-eskoletako eztabaidaren aurretik emateko aproposa edo.
Ehizarena
Fabian Bielinsky argentinarrak ("Nueve reinas" arrakastatsuaren egileak) "El aura" aurkeztu digu, Ricardo Darín protagonista duen film berezia, lapurreta baten ingurukoak azaldu arren ia istorio intimista baten erritmo geldoan baitago kontatua.
Hasteko, filmak ez duela argentinarra ematen esan behar: ez Buenos Airesko berbaroa, ez Patagoniako zabaldiak, ez pertsonaia berritsuak ere. Darín protagonista gizon isil, barnekoi, oinazetu bat da. Ogibidez taxidermista, komunikaziorako zaila, epilepsi atakeak izaten dituena, eta, zaletasun bitxi moduan, lapurreta perfektuak pentsatzea gustatzen zaiona. Lagun batek ehizaldi batera eramango du, eta han, istripu eta txiripen sorta baten ondorioz, egiazko lapurreta baten aukera ikusiko du bere begien aurrean.
Hitzik ezean, basoetako irudi ederrek eta musika mantsoak laguntzen dute istorioa garatzen, tonu hausnarkorrean. Ehiza gizarte-borrokaren metaforatzat hartu izan duten pelikulak etorri zaizkigu gogora (Ciminoren "The Hunter", Sauraren "La caza"..., baita Txilikuren ipuin izugarri bat ere; izan ere, animalien harrapaketatik gizakienera igaroko da filma, gaizkileen munduan sartu ahala.
Ez dugu gehiegi aurreratuko nondik norakoaz, hobe norberak deskubritzea. Filmak badu indarra, kalitatea, nortasuna, baina ezin ukatu motel samarra gerta litekeela bere bi ordu eta laurdenean.
Aita-semeak
"Xiang ri kui" (Sunflower edo Ekilorea) film txinatarra ikusi berri dugu, Zhang Yang-ek egina. Zuzendari honi beste lan bat ezagutzen genion aurretik, "Shower" (Dutxa) izenekoa, orain bost bat urte Donostian bertan saritua; han bezala, familia-kontuak bihurtu ditu mintzagai, baina, han ez bezala, esango nuke saririk gabe geratuko dela hau.
Aita-seme batzuen arteko harremana kontatzen digu filmak, eta zeharka baita Txinaren historia ere, azken berrogei urteetan. 1967an jaio zen Xingyang, baina aitak ez du ia ezagutuko hamar urte pasa arte, kultur iraultzaren garaian lan-eremu batean egon baita zigortuta. Maoren heriotzaren bezperan gertatuko da obraren lehen partea (1976ko udan); handik hamar bat urteko neguan izango da bigarrena, protagonistak amodioa deskubritzen duenean eta Deng Xiao Ping-ekin kapitalismoaren hasi-masiak sumatzen direnean; eta beste hamar beranduago kokatzen da triptikoaren azken zatia, 2000 urtera bidean Xingyang-ek aita izan edo ez erabaki behar duenean, Beijing modernizatu baten erdian.
Zertzelada soziologiko eta politikoen gainetik pertsonen arteko erlazioek hartzen dute pisu nagusia. Zehazki, aita aginkoiaren eta seme egoskorraren arteko konpondu ezina da hari nagusi, amaren bitartekaritza goxagarriarekin batean. Gai guztiz unibertsala. Horrez gain, badira bigarren mailako hari politak: artearen kezka (margolariak dira aita eta semea), aitak Liu auzo eta ofiziokidearekin duen etsaitasun/laguntasuna, Alderdiaren burokratismoaren ingurukoak, katuekin egiten den jokoa... Giza izateari eta zinemari berari buruzko jakituriaz dago egina pelikula, eta gustu ona dario hamaika xehetasunetan, baina motelegia eta luzeegia gertatzen dela esango nuke.
Kaos jeniala
"Obaba"rekin zabaldu ondoren, Winterbottom britainiarraren "A cock an bull story" (Zakilaren eta zezenaren istorioa) eskaini digu Zinemaldiak, literaturazko obra batean oinarritua hau ere, Laurence Sterneren "Tristram Shandy" nobelatik abiatzen baita, oso modu berezian hala ere.
Michael Winterbottomek ondo erakutsia du, bere orain arteko filmografian, gauza guztiz diferenteak egiteko gai dela, aldaketa eta ustekabea maite dituela, eta egundoko trebezia duela produktu horiek guztiak gauzatzeko. Komedia urbano zoragarria zen "Wonderland", erdi-dokumental zirraragarria "In this world", ganberrokeria arraroa "Nine songs".
Ikonoklastia horrekin heldu dio Laurence Sterneren "Tristram Shandy"ri, literatura ingelesaren klasiko handienetakoa izan arren, bere izaera lokabeagatik filmatzeko guztiz gaitza suertatzen zen nobelari. Eta emaitza, pelikula dibertigarri eta bikaina.
Moldaketa bere kasakoa asmatu du zuzendariak, liburuaren edukitik pasadizo bakan batzuk hartuta, baina bai haren doinu jostalari eta ironikoa. Zinemaren barruko zinema formula ezaguna aukeratu du horretarako, alegia, pelikula egiten ari direneko gorabeherak, eztabaidak, azpikeriak, parrandak, zalantzak eta abar erakutsiz (Felliniren "Zortzi eta erdi", Truffaut-en "La nuit americaine" eta beste adibide ezagunen antzera).
Itxura kaotikoa du guztiak, errodajeak eurak izaten omen diren moduan, baina azpian, bizitza bera erakusten digu Winterbottomek, epika eta dramatik urrun baina, hala ere, bere poz eta miseriak iradokiz, emozio eta adimenez. Stanley Kubrick baten maisutasun teknikoarekin (haren "Barry Lindon"i egindako keinuak badira hemen)baina alaitasun bizizale eta gustagarri batekin. Iazko "Nine songs" porno-rockero hark halako gustu gazi-gozoa utzi bazigun, aurten bete-betean asmatu du. Zorionak!
Arima salbu, film polita
Hasi da Donostiako Zinemaldia, 53.a, eta estreinaldirako "Obaba" ikusi dugu, Bernardo Atxagaren liburutik abiatuta Montxo Armendarizek egindako filma. Aretoa jendez gainezka, aurpegi ezagunak tartean, eta ikusmin handia.
Filmaz hitz egin aurretik, baina, utz iezadazue excursus bat egiten. Toribio Altzaga XX. mende hasierako antzerkigile ezaguna izan zen, beste lan askoren artean "Burruntziya" izeneko komediaren sortzailea: neska batek atzetik bi mutil dituela-eta, neskaren amak senargaien diru-poltsaren arabera erabaki nahiko du auzia, eta horren inguruan sortuko dira hainbat egoera barregarri. Momentu batean, mutiletako batek ama horri galdetzen dio: "Baina zuk zer uste duzu dela ezkontza: txerri-tratua ala?". Eta amak erantzun: "Arima salbu, txerri-tratu jator-jatorra".
Pasadizo hori izan dut buruan film honetaz pentsatzean, eta azalduko dut zergatik. Atxagaren obra miresten duen batentzat, Obaba ez da edozer gauza, kasik totem bat da; hura zinemara eramatea pozgarria da edozein euskaldunentzat, baina aldi berean askorengan sumatu dut kezka: "Jasoko al du liburuaren benetako espiritua" (halakorik balego)? Kezka horri beste galdera bat eransten zaio filma espainolez errodatu dela jakinda: "Izango al du filmak Obabak islatzen zuen euskaltasuna" (halakorik balego, errepikatu behar)?
Aretotik atera eta oraindik ez daukat erantzun garbirik; esan nezake, akaso: "arima salbu, Obaba peto-petoa da", arima euskararekin identifikatuz gero (modu erromantikoan, esango luke baten batek). Dena dela, batetik, oso zalantzazkoa da Obabaren arima euskararekin lotzea, nahiz eta hizkuntzak pisu handia izan gure (euskaldun irakurleen) irudimenean eta iruditerian; bestetik, berriz, esango nuke helburua ez zela, inondik ere, Obaba peto-petoa berreraikitzea, eta, pelikula batek asmatuko badu, jakin behar duela oinarrian duen obra literariotik behar bezainbeste urruntzen.
Alde horretatik, nire ustea da Montxo Armendariz gidoigile eta zuzendariak film on bat eraiki duela, beharbada bere filmik ausartena eta anbiziotsuena, ez agian biribilena. "Obabakoak" bezalako obra poliedriko bat zinemara moldatzerakoan, ezin zen ibili ahalik eta gehiena gordetzen eta errespetatzen; aitzitik, zirt-zart egin behar zuen, eta gidoian asmatu duela esango nuke, marko narratibo egoki bat sortuta: zinema-ikasle emakumezko gazte bat (Lourdes) bideo-kamera hartuta Obabara doa, eta han ezagutzen dituen pertsonengandik abiatuta joko du gero gibelera, zenbait atzera-saltoren bitartez, liburuko ipuinetako zenbait istorio kontatzeko, hala nola maistrarena, Esteban Werfellena, belarritik sartutako muskerrarena (ezagunenen artean), Klaus Hanhn edo lapurrarena (hain ezaguna ez dena); beste istorio batzuk laburki aipatzen dira, hala nola "Gauero aterako nintzateke paseatzera", eta besteren bat irudiz sujeritzen da: basurde ehizatuarena, esaterako.
Obaba zaharrean giroturiko istorioetan Armendarizek berezko duen esku on eta maisutasuna erakusten ditu, "Tasio"n eta "Secretos del corazon"en ongi frogatuak zituenak: herri txikia, giro estua, mendi arteko paisaia, haurren mundua... Obaba berrian, liburuaren jolas literario eta intelektuala desagertu da (eta hala behar zuen), horren ordez sexu apur bat eta misterio kutsua sartzeko, Amenabar edo Medem-en zenbait film gogorarazten dituzten detaileekin.
Emaitza, gustura ikusten den filma. Literatur lanen moldatze zinematografikoek batez beste lortu ohi duten mailatik gorakoa. Istorio solteen eta osotasunaren arteko harmonia eta oreka ez dakit behar bezain biribildua dagoen, zerbait faltan edo sobran balu bezalako sentipen arraroa baitu tarteka ikusleak. Liburuarekin ahaztuz gero, igual hobeto.
Antzezleen lana, ona. Lourdesena egiten duen Barbara Lennie aipatuko nuke, ezezaguna nuelako-edo; Mercedes Sampietro beteranoa ere nabarmen. Eta aktoreez ari garela, filma ikusi aurretik planteatu dudan bigarren galdera datorkit berriro gogora: hizkuntza alde batera utzita, ba al du film honek "euskalduntasunik"? Hitz hori nola definitu nahi duzuen, noski. Baina, arduradunetako batzuen naziotasuna alde batera utziz gero, nik neuk ezetz esango nuke. Dena dela, film espainol txukun bat dela aitortzeak min ematen badigu, beti dugu esatea euskal obra literario batetik pelikula unibertsala egin dutela. Eta poztekoa da, dudarik gabe.
Uxue Alberdi: Insomnioa, depresioak, antsietate arazoak, kontsumismoa era poetikoan eta umorez kontatzen ahalegindu naiz
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) izan da 2005eko Igartza Sariaren irabazlea, "Aulki bat elurretan" izeneko proiektuarekin. Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkar-ek idazle gazteentzako zortzigarrenez antolaturiko beka honetan Suedian azken ikasturtean ikasi, ikusi eta bizitakoak aprobetxatu ditu idazleak. Hona haren hitzak.
Bekara aurkeztu duzun egitasmoa ipuin bilduma bat da, baina ipuin solteek badute elkarrekiko lotura, ezta?
Bai, ipuinek hainbat eratako loturak dituzte beren artean. Dena den, nire asmoa ez da izan ipuinak, pertsonaiak edo lekuak korapilatzea. Istorio guztiak negu berberaren azpian eta elur beraren gainean gertatzen direla adierazteko modu bat dira loturak. Lotura gehienak detaile txikiak baino ez dira, agian oharkabean pasako direnak, baina idazterako orduan niretzat asko esan nahi dute. Asko gustatzen zait detaileei kasu egitea, dibertitu egiten nau gauza txikiak letren artean ezkutatzeak eta, egia esan, askotan idazten dut detailerik txikienetik abiatuta. Gauza handiak kontatzea askoz gehiago kostatzen zait. Baina, bestalde, badira ipuin batzuk liburu osoan jarraipen bat izango dutenak, eta horiek bai, horiek lotura narratibo bat izango dute.
Suedia eta suediarrak erakutsi nahi bat nabari da. Hain berezia egin al zaizu herri hori?
Beste guztiak bezala, pentsatzen dut. Baina besteak ondo ezagutzeko denborarik ez dut izan. Gainera, herrialde eskandinaviarrek badute zerbait berezia: klimak asko baldintzatzen du haien izaera, eta paisaiak ikusgarriak dira. 20 orduko gauak bizi izan ditugu neguan, eta 20 orduko egunak udan. Bakarrik eta isilik ere ez dut sekula horrenbeste denbora pasa, etxetik urrun ere ez, inor ukitu gabe ere ez Sekulako esperientzia izan da, eta pentsatzeko denbora asko eduki dut. Dena den, Suedia eta suediarrak ere zeharo estereotipatuta dauzkagu, eta estereotipo horiek apurtzen ere saiatu beharra dago.
Neurri batean, mendebaldeko gaur egungo gizartearen ispilu bat ere egiten duzu, ezta?
Bai, Suediak badu halako nahasketa arraro bat. Alde batetik, amerikanizazio nabarmen bat igartzen da hirietan, hezkuntza sisteman, muturrera eramandako indibidualismoan Baina, bestetik, oraindik oso barneratua du ongizate sistemaren ideia, sexuen arteko berdintasunari izugarrizko garrantzia ematen diote Immigrazioa ere Euskal Herrian baino askoz nabarmenagoa da eta oso interesgarria da Suediako kurduen, palestinarren, bosniarren, indiarren eta hainbat eta hainbat herrialdetako jendearen bizitzak gertutik ikustea. Mendebaldeko herrialde aberatsetako gaitzak eta gaixotasunak ere inoiz baino gertuagotik ezagutu ditugu: insomnioa, depresioak, antsietate arazoak, kontsumismoa, itxurari ematen zaion muturreko garrantzia Hala ere, gai hauek guztiak nahiko era poetikoan eta umorez kontatzen ahalegindu naiz.
Zure Erasmus urtea emankorra izan dela ematen du; beste inon eman bazenu, zer uste duzu izango zela desberdina?
Desberdina, dena. Segur aski Suedian bezain emankorra izango zen munduko beste edozein txokotan ere; urtebete etxetik kanpo ikasten ematea, askatasun osoarekin, lagun, paisaia, hizkuntza, usain eta kultura desberdinekin Hori beti da pasada bat. Baina Suediak bere usain eta kolore propioak ditu, eta esperientzia hori nirekin batera bizi izan duen jendeak ere bai, eta horrek egin du berezia nire esperientzia.
Bertsoa, gutunak, ipuinak, kazetaritza... Zeure arloa aukeratu nahian ari zara, ala denean segitzeko asmoz zabiltza?
Aukeratu nahian ez, gozatzen ari naiz! Bertsoa eta literatura nire pasiorik handienak dira, ezingo nituzke inoiz albora laga. Kazetaritza gustuko dudan jarduera bat da, kuriositate handiko pertsona naiz eta kazetaritzak istorioak, historiak, pertsonak, lekuak eta abar ezagutzeko aukera ematen du. Dena den, ez dut nire burua ikusten erredakzio batean zortzi orduz lanean; denbora luzean ez, behintzat. Sortzea da betetzen nauena, zentzua ematen dio bizitzen dudanari.
Jotak Tafallan
(Argian argitaratutako artikulua)
Abuztu erdialdeko igande goiz zozo bat. Ezer taxuzkorik egiteko ganorarik ez eta telebista piztu dut. Katerik kateko erromesaldi azkarrean, jota-kantariak ikusi ditut ETB-2an: Tafallatik ari dira, Nafarroako herrietako txapeldun gazteen arteko txapelketan, eta hortxe utzi dut irudia. Ohikoa da giro intelektual ustekoetan halako emanaldi folklorikoen lepotik barre egitea, baina niri gustatu egiten zait jota-kantua, bere basatasun eta sinpletasun horretan. Sinple samarra naizen seinale, beharbada.
Saioa ikusten nengoela, gogora etorri zitzaidan Josemari Esparzaren "Jotas heréticas de Navarra" liburua, nola idazle tafallarrak komentatzen zuen jotaren tradizio herrikoia (lotsagabea, subertsiboa, bizia) guztiz bahitu duela agintean dagoen jendeak, eta gaur egun kantaera erritual esklerotizatua bihurtu dela. Horren adibide argia ziren emanaldi hartako kantuen hitzak: ama, entzierroa, San Fermin, mi navarrico, mi navarrica eta enparauak.
Esklerosiak esklerosi, atsegin dut gure ondare kulturala bere osoan aintzat hartzea, Euskal Herri lehor eta horikoa barne. Los Arcos, Azkoien, Corella edo Faltzesko kantari haiek aditzen nituela, sentsazio infantil samarra irudi dakioke norbaiti baina, neure herrikide nituela sentitzen nuen; kontua ez da, ordea (berehala ohartu nintzen), nik zer sentitzen dudan, haiek ni herrikidetzat hartzen nauten baino. Eta hor izango dira seguru asko komeriak.
Tafallatik Finlandiara joan zitzaidan gogoa. Seguru asko, Helsinkin ari zirelako jokatzen, egun haietan, Munduko Atletismo Txapelketako probak. Gutxi ezagutzen dugun herria da Finlandia, urrun dagoelako-edo, Eskandinaviako puntan. Errazago aipatzen ditugu Irlanda, Flandria, Korsika Hala ere, historia jakingarria du herrialde horrek: bi nazio indartsuagoen menpean egon da mendez mende (Suedia eta Errusia), hizkuntza ere galzorian omen zuten XX. mendearen atarian, nekazarien mintzaira bihurturik, eta halaz guztiz, hainbat borroka eta liskarren ondoren independentzia lortu zuten, eta ahalegin handiekin suomierak burua altxatzea ere bai.
Historia polit horrek badu bere arantza ere: Karelia. Finlandiaren ekialdeko lurralde handia, Sobiet Batasunaren esku utzi behar izan zuten mugak finkatzeko tratatuetan. Eta, gaur egun guztiz errusiarturik dagoen arren, bere aberriaren muina zen suomitarrentzat: han bildutakoak dira, esaterako, "Kalevala" finlandiarren epopeia nazionaleko kantu eta istorioak.
Ez dut konparazio errazik egin nahi Karelia eta Nafarroa Garaiaren artean. Izatekotan, Ipar Euskal Herria genuke gaurko Karelia, zentralismo itogarriaren eta kolonoen presioz etnozidio atzeraezinezkoa nozitzen ari dena. Hego Euskal Herrira etorriz, duela hogeita bost urte ezarri ziguten gaur ere indarrean dirauen zatiketa administratiboa. Orain, badirudi negoziazio, normalizazio, baketze edo dena delako fase berri bat etorriko ote den, eta hor, besteak beste, hitz egin beharko da gure lurraren osotasunaz, haren instituzionalizazioaz eta zatien arteko harremanez.
Ez dut berealdiko itxaropenik; besteak beste, ez dudalako ikusten horren inguruko kezka nabarmenik. Eta hala ere, baitezpadakoa da aurrerapen esanguratsuren bat lortzea euskal lurren arteko loturan; ez dut esango lurraldetasunaren aitortza garrantzitsuagoa denik autodeterminazioa baino. Aita edo ama maiteago dugun galdetzea bezalatsukoa litzateke hori. Baina irudipena dut bigarren arlo horretaz ari direla politikariak hizketan (subiranotasuna, erabaki-ahalmena, burujabetza), lehenengoa ia ahazturik.
Ez iezadazue esan, arren, Arrano Beltzaren amets esentzialisten lilurak edo Nafarroa maritimoaren birus historikoak jota nagoenik. Nik, besterik gabe, anai-arreba sentitu nahi ditut Tafallako jotariak, eta haiek ere ni haurridetzat hartzea.
Tene Mujika, Historia Hurbilaz idazteko beka
Tene Mujika literatur lehiaketak guztiz aldatuko ditu bere funtsa eta oinarriak.
Hogei urte baino gehiago bete ditu Tene Mujika ipuin lehiaketak, eta alor horretako sari erreferentziazkoa bihurtu zela esan liteke. Lehenengoetakoa izateagatik, antolakuntzaren seriotasunagatik eta ipuin sarituak modu normalizatu eta jarraituan argitaratzeko ohituragatik. Hogeitaka urteotan asko eta nabarmenak izan dira idazle nahiz idazlan sarituak, eta hori dena historiarako geratzen da, baina orain aldatzeko ordua zen.
Izan ere, ipuin sariketek laguntza handia izan zitezkeen 80ko hamarkadan, literatura berri bat sortzekotan zen garai hartan: idazle gazteentzako trebalekua, promozioa, irakurle berrientzako entrenamendua ere bai... Garaiak aldatu egin dira: ipuinak, genero bezala, ez du halako erakarpenik, eta ipuingintza serioski lantzen dutenek ez dute sariketen beharrik; gainera, ipuin lehiaketen inflazio bat izan da, eta zaila da denetan lan txukunak topatzea; bestalde, lehiaketak oro har krisian daudela esan liteke; horrez gain, badira euskal liburugintzan gutxiegi lantzen diren generoak, bultzatzeko interesgarriagoak izan litezkeenak.
Hori guztia kontuan hartuta, lehengo sariketa hura birmoldatu eta I. Tene Mujika Beka sortu dugu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Historia Hurbilaz idazteko. Formatua eta generoa aldatzen dira. Formatuari dagokionez, obra amaituaren ordez liburu-proiektuak aurkeztu behar dira, eta horien artean bat aukeratuko du epaimahaiak. Hortik Beka izena. Generoak, berriz, narratiba utzi eta fikziotik kanpoko prosa lanak bilatzen ditu, azken aldiko Euskal Herriko historiaz idazteko: biografiak, erreportajeak, kronikak, saiakerak, elkarrizketak...
Hain zuzen, estilo horretako liburuetan hutsune handi samarra dagoela iruditzen zaigu; euskaldunok ez dugula gehiegi idatzi edo gogoetarik egin hurrean izan ditugun gertakariez. Idazle berriak xaxatuz edo lehendik ari zirenak sustatuz, Tene Mujika Bekak hutsune hori estaltzen lagunduko duela espero dugu.
Hona, interesaturik dagoenarentzat, sariaren oinarriak.
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, I. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:
- Gure herriaren azken 50-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari eta mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez, biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak...); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
- Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
- Partehartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, lau aldakitan: a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere. b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa... c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.
- Proiektuak, 2006ko urtarrilaren 1era arte bidal litezke helbide honetara: I. Tene Mujika Beka / Debako Udaletxea / 20820 Deba
- Lorea Agirrek, Elixabete Garmendiak eta Pruden Garziak osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2006ko martxoaren 1a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.
- Bekako diru-kopuruaren erdia, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.
- Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua Debako Udalari helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.
- Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenkiro kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
- Diru-laguntza jasotako idazlanaren jabetza, egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez ondotik, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.
- Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea eta epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileek erabakiko dute.
Udako postalak (XVIII)
Osteguna, irailak 8
Indigena maite hori:
Badirudi zure egunak direla hauek. Non-nahi ospatzen baitira Euskal Jaiak edo Fiesta Vasca izenekoak, batean estropada bestean ardi-gazta, aizkol jokoak ez badira euskal arrazako behien txapelketak, eta denok dotore asko, modako arropak aramairuan utzi eta arrantzale zein baserritarrez jantzita. Ez dakit kasualitatea den baina, aste honetantxe egokitu dira, halaber, trikitiaren inguruko jardunaldiak eta bertsolaritzaren gaineko erakusketa, Donostian biak ere. Ez naiz hasiko etnoexotismo hauetaz gaizki-esaka, baina nahiago nuke urtearen gainerakoan zeure etxean arrotz sentiaraziko ez bazintuzte.
Ostirala, irailak 9
Arantzazu:
Jaieguna zor dizugu gaur zure seme-alaba giputzok, sinestun nahiz fedegabeok. Hor goiko zure harkaitz haietara begira, pentsakor geratu naiz, garai batean hemengo nesken artean ugariena zen Arantxa izena galtzearekin bateratsu nola etorri den behera zure ardura duten frantziskotarren kopurua, 60 urteko Pello Zabala pralle gaztea izateraino. Otoitzaren tenplu izandako etxea zaintzeko, Oteitzaren apostoluak geratuko ote dira bakarrik? Ala, tibetarren antzera, euskaltasunaren Lhasa berri bihurtu behar ote zaitugu? Gandiagaren berraragiztatzea behar genuke, Dalai Lamatarako.
Larunbata, irailak 10
Lizardi:
Udazken sasoiaz idatzi zenuen harako ahapaldi gogoangarri hura: Oi zein dan ituna / behera behar hau / nik ez nahi eguna / bihurtzerik gau, eta geroztik zurekin gogoratzen gara irail oro, egunak laburtzen doazelarik, arratsak freskatzen, zerua beruntzen, hostoak ihartzen September of my years Frank Sinatra-rena hauta genezake doinutzat, malenkoni giroa biribiltzeko. Bidetxidorretako orbela ez baizik hirietako espaloi bustiak zapaltzen ditugu orain, neguko moda iragartzen duten eskaparateen artean, baina zurea bezalakoa dugu galera-sentimendu esan ezinezko hau
Igandea, irailak 11
Els nostres amics:
Urteurren sonatuak egokitu zaizkizue parean, New Yorkeko hori, edo Chileko hura, baina zuekin gogoratzen naiz Diada egun honetan. Gogo berezia zenuten zerbait berria lortzeko, Putaespanya dontsua betiko gainetik kentzeko ez bazen harekiko menpekotasuna gutxitzeko behintzat. Sinets ezazue zuen irrika horren tamainakoa zela gure ilusioa, zerbaiten beharrean baikara gu ere. Halaz guztiz, ez dirudi erraza daukazuenik: zuen gozotasunarekin nahiz gure zakarkeriarekin, amaorde erretxinak muturra okertzen segitzen baitu. Zuek hor edo guk hemen eskuratutakoak balio dezala bestearentzat.