Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Tene Mujika, Historia Hurbilaz idazteko beka

Tene Mujika, Historia Hurbilaz idazteko beka

xme 2005/09/13 10:40

Tene Mujika literatur lehiaketak guztiz aldatuko ditu bere funtsa eta oinarriak.

Hogei urte baino gehiago bete ditu Tene Mujika ipuin lehiaketak, eta alor horretako sari erreferentziazkoa bihurtu zela esan liteke. Lehenengoetakoa izateagatik, antolakuntzaren seriotasunagatik eta ipuin sarituak modu normalizatu eta jarraituan argitaratzeko ohituragatik. Hogeitaka urteotan asko eta nabarmenak izan dira idazle nahiz idazlan sarituak, eta hori dena historiarako geratzen da, baina orain aldatzeko ordua zen.

Izan ere, ipuin sariketek laguntza handia izan zitezkeen 80ko hamarkadan, literatura berri bat sortzekotan zen garai hartan: idazle gazteentzako trebalekua, promozioa, irakurle berrientzako entrenamendua ere bai... Garaiak aldatu egin dira: ipuinak, genero bezala, ez du halako erakarpenik, eta ipuingintza serioski lantzen dutenek ez dute sariketen beharrik; gainera, ipuin lehiaketen inflazio bat izan da, eta zaila da denetan lan txukunak topatzea; bestalde, lehiaketak oro har krisian daudela esan liteke; horrez gain, badira euskal liburugintzan gutxiegi lantzen diren generoak, bultzatzeko interesgarriagoak izan litezkeenak.

Hori guztia kontuan hartuta, lehengo sariketa hura birmoldatu eta I. Tene Mujika Beka sortu dugu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Historia Hurbilaz idazteko. Formatua eta generoa aldatzen dira. Formatuari dagokionez, obra amaituaren ordez liburu-proiektuak aurkeztu behar dira, eta horien artean bat aukeratuko du epaimahaiak. Hortik Beka izena. Generoak, berriz, narratiba utzi eta fikziotik kanpoko prosa lanak bilatzen ditu, azken aldiko Euskal Herriko historiaz idazteko: biografiak, erreportajeak, kronikak, saiakerak, elkarrizketak...

Hain zuzen, estilo horretako liburuetan hutsune handi samarra dagoela iruditzen zaigu; euskaldunok ez dugula gehiegi idatzi edo gogoetarik egin hurrean izan ditugun gertakariez. Idazle berriak xaxatuz edo lehendik ari zirenak sustatuz, Tene Mujika Bekak hutsune hori estaltzen lagunduko duela espero dugu.

Hona, interesaturik dagoenarentzat, sariaren oinarriak.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, I. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:

  1. Gure herriaren azken 50-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari eta mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez, biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak...); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
  2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
  3. Partehartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, lau aldakitan: a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere. b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa... c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.
  4. Proiektuak, 2006ko urtarrilaren 1era arte bidal litezke helbide honetara: I. Tene Mujika Beka / Debako Udaletxea / 20820 Deba
  5. Lorea Agirrek, Elixabete Garmendiak eta Pruden Garziak osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2006ko martxoaren 1a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.
  6. Bekako diru-kopuruaren erdia, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.
  7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua Debako Udalari helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.
  8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenkiro kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
  9. Diru-laguntza jasotako idazlanaren jabetza, egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez ondotik, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.
  10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea eta epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileek erabakiko dute.
etiketak: Editore lanak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.